315 Zenbakia 2005-09-23 / 2005-09-30
Joseba Zubimendi. Zubimendi’tar Joseba, Errepublika garaiko poeta ezaguna, Donostian jaio zen 1898 urteko martxoaren 12an, mendea amaitzeko zorian zegoela. Gaztea zenean hasi zen, han eta hemen, bere poematxoak argitaratzen: Euskal Esnalea, Argia eta Aurrezki Kutxaren Juventud aldizkarietan eta Euzkadi edo El Día egunkarietan. 31 urte zituela, 1929an, lau sari eman zizkioten, bai poema bai prosa lanengatik. Hiru urte beranduago, 1932an, argitaratu zuen Olerkiak bere lehen poema liburua, J.A. Agirreren hitzaurreaz. Bigarren liburua, Zumalakarregi, poematxoak, izenekoa 1935an kaleratu zuen. Olerkigintzaz gain, itzulpenak egin zituen, besteak beste, A. Etxaberen Mirentxu antzerki lana (1934). Aldizkari eta egunkari ezberdinetan ere askotariko artikuluak idatzi zituen. Honetaz gain, Donostiako El Pueblo Vasco egunkariak igandero argitaratzen zuen euskal saileko arduradun gisa aritu zen lanean eta Eusko-Abesbatza sortzen laguntzeaz gain, Donostiako Orfeoian tenore bakarlaria izan zen. Beste hainbatek bezala, Francoren gudarosteak Donostia hartu zuenean ihes egin behar izan zuen. Lapurdiko Kanbon hil zen 1939ko irailaren 29an, berrogeita bat urte zituela.