314 Zenbakia 2005-09-16 / 2005-09-23

Efemerideak

Efemeridea. 1748 urteko irailaren 17an Joakin Lizarraga jaio zen



Joakin Lizarragaren etxea. Elkano (Nafarroa) 1969. Joakin Lizarraga idazle nafarra 1748ko irailaren 17an jaio zen Elkanon. Jesusen Lagundian burutu zituen ikasketak: Iruñean eta Villagarcía de Camposen (Valladolid). 1767. urtean Jesuiten aurkako esetsaldia gertatu zenean, Lagundia utzi, apaiz egin, eta bere jaioterriko erretore izan zen hirurogei bat urtez, hil zen arte. Lizarragaren idazlanak bera bizi zela ez ziren argitara eman. Garrantzi handia du, Lizarraga jaio eta bizi izan zen lekuetan gaur egun euskara galdua delako. Zenbait obra XIX. Mendean argitaratu ziren: Urteco igande guztietaraco Plactikcack edo Itzaldiak (1846, gipuzkerara egokitua), Jesus. Copla guisa batzuc molde gutitacoac, celebratus Jesus Jaunaren amoreac eta favoreac (1868) eta Jesus-Cristoren evangelio sandua Juanac dacarran guisara (1868). Azken biak L.L. Bonaparte printzeak argitaratu zituen Londresen. Azken hamarkadetan Lizarragaren obra gehienak idatzi ziren bezala argitaratu dira. Euskaltzaindiaren babespean: Doctrina Christianoarén Cathechima (1979); Koplak (1983); Ongui iltzen laguntzeco itzagaiac (1984); Urteko igande guzietarako prediku laburrak (1990), Juan Apecechearen eta Frantzisko Ondarraren eskutik. 1978 urtean Juan Apecechea Perurenak Joaquin de Lizarraga, Un escritor navarro en euskara izeneko ikerketa liburua argitaratu zuen.