310 Zenbakia 2005-07-22 / 2005-07-29

Efemerideak

Efemeridea. Jesus Altuna 1932 urteko uztailaren 27an jaio zen



Gipuzkoako Berastegin jaio zen Jesus Altuna 1932ko uztailaren 27an. 1960an lizentziatu zen Biologia Zientzietan Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta 1971 urtean “Fauna de Mamíferos de los yacimientos prehistóricos de Guipúzcoa” izenburua zeraman doktore tesia aurkeztu zuen, urte bat beranduago Munibe aldizkarian argitaratu zena.

Altunak 1952-1972 urteak bitartean jardun zuen Aita Barandiaranen laguntzaile gisa; ondoren, ikerketa talde bat sortu zuen Aranzadi Zientzia Elkartean. Hala, kargu anitz bete ditu Elkarte honetan; aipagarriena, 1979-1985 artean bertako presidente izan zela, eta baita 1991-1997 artean ere. 1966az geroztik, Munibe aldizkariko zuzenaria da, hots, Euskal Herrian Arkeologia, Aurrehistoria zein Paleontologiaren arloan dauden argitalpenen artean ezagunenekoa. Berak zuzendutako indusketa lanei buruzko artikulu ugari idatzi ditu; aldizkari espezializatu nagusietan argitaratu dituen askoren artean gutxi batzuk nabarmentzearren, aipatu “El yacimiento prehistórico de la cueva de Ekain (Deba, Gipuzkoa)” eta “La cueva de Amalda (Zestoa, Gipuzkoa). Ocupaciones Paleolíticas y Postpaleolíticas, Eusko Ikaskuntzaren eskutik, 1984ean eta 1990ean hurrenez hurren; eta “Cazadores Magdalenienses en la cueva de Erralla”, Munibe aldizkarian 1985ean argitaratua. Jesus Altuna eta Juan Plazaola 1998ko Eusko Ikaskuntza - Caja Laboral Saria jaso zuten. (Argazkia: Arantza Cuesta) Honetaz gain, hainbat eta hainbat elkarteetako kidea da. Besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkartekoa; bertan, gainera, Aurrehistoria Saila zuzentzen du, eta bilduma osteologiko garrantzitsu bat osatu du. Halaber, Eusko Ikaskuntzako bazkidea da (Ohorezko Batzordekoa, zehazki), Barandiaran Fundazioko presidentea, Real Sociedad Española de Historia Natural-eko kidea, Euskalerriaren Adiskideen Elkartekoa, Paleontologiaren Nazioarteko Elkartekoa, ICAZekoa (International Council for Archaezoology), Society for Archaeological Sciences-ekoa, ICOMOS-CARekoa (International Committee on Rock Art), eta Centre de Recherches d’Ecologie Souterraine-ko ohorezko bazkidea.