Manuel Agud "Julio Urkixo" Euskal Filologi Mintegian Manuel Agud "Julio Urkixo" Euskal Filologi Mintegian * Joseba A. Lakarra Badira hamazortzi hogei bat, lizentziaturako lehen urtean edo, Manuel Agudekin, Urkixo Mintegiaren Gipuzkoako Diputazioko n garren egoitzan, hizkuntzalaritzaz eta filologiaz, euskal linguistika historikoaz, batipat, mintzatu nintzela. Entzun niola, jakina: Betolatzaren hiztegitxo bat, eskola lanen osagarri egina ASIU n argitaratzeko zuen honentzat ez da esateko nolako zirrara izan zen haren ezagutza egitea. Pare bat urte lehenago, Gipuzkoako Enparantzako Bibliotekaren bigarren solairuan (ikertzaileena orduan...) igaroa nuen udara osoa bakar bakarrik (uste dut behin Akesolo eta besteren batean Irigarai ikusi nituela) ezin pozago Etxeberri Ziburukoaren lanak fitxatzen eta Urkixoren altxorretan kuxkuxeatzen; opari gisa Milagros Bidegain zuzendariak 1985an Koldo Mitxelenak eta Don Manuelek prestatutako Nicolao Landucciren Dictionarium Linguae Cantabricae luzatua zidan eta, urteak igaro direnean, ene jardunean emaitza hark eraginen bat izan duela deritzot. Geroztik, hurrengo urteetan nire lotura Mintegiarekin eta honen aldizkariarekin areagotzen zen neurrian, Don Manuelekin izandako tratua oso aberasgarri gertatu zait ezinbestean: arkeologia zaharkitutzat edo euki izan delarik linguistika historikoa (orain esan behar!) Lafon, Irizar, Tovar, Corominas, Bouda... solaskide izan zituenak haien lanarekiko interesa sortzeaz landa, lan horren hainbat alderdi argi zitzaketen zertzeladak eman zitzakeen; inorako presak kolpaturiko garaian filologia zaletasuna baino hiztegigintza gramatikagintza salbaziogintza (dirugintza?) zaletasuna hedatuago genekusan gazte hasi berriontzat eredu etiko ere bilakatu zen 1935az geroztik, Mintegiaren hasieratik bertatik, ondoko belaunaldientzat, txintik kobratu gabe, egunoro lan isil eta etenik gabean ziharduen Don Manuel. Bestelako lanak, pertsonalagoak nahi badira, toponimiaz, antroponimiaz, historiaz eta bereziki latinekiko maileguez egin eta eragin ditu ia mende erdi honetan; alabaina, besterik da bere kutunena eta haren izena gure artean irauneraziko duena. "Erregimen Zaharreko" (ez nahas "Aurreko Errejimeneko" rekin) gizon honek bere gain hartua zuen, ez soilik duela urte dozena Antonio Tovar lankidea Koldo Mitxelena baino lehentxeago zendu zenean, baina hamarkada askoz lehenagotik, euskal hitzen jatorriaz han eta hemen, honek edo horrek, arrazoi honengatik edo besterengatik esanak astiro biltzea, sailkatzea, antolatzea eta miatzea; hori da, izan ere, Materiales para un Diccionario Etimológico de la Lengua Vasca, 1988tik hona hainbat liburukitan O letrara iritsi dena eta hurrengo urteetan, Jainkoa eta hurbilagokoak lagun belaunaldi berrietako jende prestatuak barne, bere bide luzea burutuko duena. Ez soilik euskaldun edo euskaltzale gisa, baizik eta euskalari legez ere, berari zorko diogu hein handi batean dirudienez errotik datxekigun lan deslanean etorkizunean ez aritzea sail honetan. Urkixo kide bati, are Urkixori berari ere, begitanduko bide litzaioke bizitza oso baten aldeko ohore aski. Joseba A. Lakarra, "Julio Urkixo" Euskal Filologi Mintegiko kidea
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.