31 Zenbakia 1999-04-30 / 1999-05-07

Gaiak

Euskararen egoera gutxitua lan munduan

ZENDOIA, José Mari

Euskararen egoera gutxitua lan munduan Euskararen egoera gutxitua lan munduan * Jose M. Zendoia Hizkuntza gutxitu batez ari garenean, bere esparru naturalean dagoen beste hizkuntza nagusi batekiko erlazioa aipatzen ari gara. Ondoren, hizkuntza batek "gutxitu" egoera horretara iristeko jasan dituen baldintza batzuk aipatuko ditugu. Hauen artean berebiziko garrantzia du lan harremanetan eta, orohar, jarduera ekonomikoan hizkuntz tresna izateari utzi eta beste hizkuntza indartsuago batek ordezkatua izateak. Euskararen kasuan, ordezkapen prozesu hau desberdina izan da ekonomi sektore bakoitzean, eta garai desberdinetan gertatu da, indar gehiagoz eskualde batzuetan besteetan baino. Honela, XVIII. mendearen erdialderako euskara gainbeheran zegoen Araban eta Nafarroako hegoaldean, hiri giroko merkatarien hizkuntza gaztelera izatearen ondorioz. Kostaldean ere elebitasun prozesua hasita zegoen, besteak beste, untzigintzaren eta burdingitzaren ondorioz sortu berriko hirietako burgesiarentzat euskara baserritarren eta kualifikazio gutxiko langileen hizkuntza baitzen. Iraultza industrialaren garaian, erdalduntze prozesua oso azkar hedatzen da. Industrializazioak egitura demografiko, ekonomiko eta sozialak irauli zituen heinean, ekonomiaren lehen sektorearen pisu erlatiboa jaitsiaraziz, euskararekiko bi joera desberdin eragin zituen. Alde batetik, industriaren garapena, Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki, etorkin masa zabal baten sorrerarekin batera gertatu zen. Era berean, irakaskuntza eta hedabideak kanpoko edo kanpotarren aldeko burgesiaren esku zeuden. Horretaz gain, aipatu denez, ordurako euskara arloteen hizkuntza gisa ikusia zegoen, erdarenganako lilura goi klaseen hizkuntza izatetik datorrela. Erdararen nagusitasun tasa industrializazio eta hiritartze tasaren arabera gertatzen da, modu zuzenean. Baina era berean, ezin da ahaztu industrializazio prozesuak indartu zuen hiri giroan euskarak eduki duela bere babesik nagusienetakoa. Euskararen zuzpertze mugimendua hirietakoklase herrikoiak bultzatu du: langile, administrari, teknikariak etabar izan dira euskararen aldeko ezinbesteko bultzatzaileak. Inmigrazio mugimendua mende honetako 60 70 hamarkadetan eten bazen ere, aurkako norabidea duten bi joera hauek areagotu egin dira zerbitzuen gizarteak gizarte industriala ordezkatu duenean. Dena den, euskararen iraupenerako aldaketa itxaropentsuak gertatu dira azken urteetan, batez ere euskararen presentzia handiagoa den eskualdeetan: mugimendu herrikoiaren indarra areagotu egin da, etorkin multzo handi batek seme alabak euskaldunak izatea nahi du, eta klase buruzagian euskararen aldeko jarrera sortu da. Hala ere, ekonomiaren, eta bereziki, lan munduaren eragin linguistikoa erronka handia da euskararentzat, arlo honetan euskara egoera gutxituan baitago. Eta gorago aipatu nahi izan dugunez, lan harremanetako esparruan gaztelera hasi bazen euskara ordezkatzen, jarduera ekonomikoan eta lan harremanetan euskararen egoera normaldu arte, beherakada berri baten arriskua sahiestezina izan daiteke. Hau da, euskarak lan mundua berreskuratu behar du bere iraupena bermatu nahi badu. Zein da, orduan, gaur egun euskarak lan munduan duen egoera, eta nolako joerak antzeman daitezke aurrera begira? Egungo egoera nahikoa ezaguna da: zenbait sektoretan euskara lan tresna eta lan harremanetarako hizkuntza da (euskarazko hedabideak eta irakaskuntzaren zati handi bat, bereziki) baina gainerako sektore guztietan (industria eta zerbitzuetako gehienetan) euskararen erabilera hutsaren hurrengoa da. Salbuespena lirateke jendaurreko lanpostuetan gertatzen dena, non bezero euskaldunei arreta emateko langile euskaldunak kontratatzeko politika darabilten zenbait enpresak. Egin izan diren azterketa soziolinguistikoetan (Siadecok egindakoetan, adibidez), argi ikusten da eremu euskaldunenetan ere, euskararen erabilera oso urria dela industri enpresetan. Gehienera ere, langile euskaldunek euskara erabiltzen dute, baina normalean lan esparrutik kanpoko gaiei buruz hitz egiteko,hau da, jarduera profesionalerako erabilitako hizkuntza gaztelera edo frantsesa dira. Antzera, enpresetako administrazioan eta zuzendaritzan euskarak leku gutxi eduki ohi du, batez ere enpresaren jarduerari berari lotutako gaiak tratatzeko. Hizkuntza idatzi gisa ere euskarak leku gutxi edukitzen du. Egoera honelakoa izanik, enpresetako arduradunen jarrera ezagutzea ezinbestekoa izanik, bi inkesta burutu genituen 1997 eta 1998 urteetan, hurrenez hurren. Lehena Oarsoaldean egin genuen (Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo industri enpresetan), eta bigarrena Urolaldean (Azkoitia, Azpeitia eta Zestoako industri enpresetan). Lehen inkesta Oarsoaldean egin genuen Euskal Herriko egoera soziolinguistikoaren adierazgarri izan daitekeelako, bai euskaldunen kopuruari, bai eskualdearen egitura ekonomikoari dagokionean. Espero genezakeen moduan, euskararen erabilpen idatzia, zein ahozkoa ere, oso txikia da enpresa hauetan. Enpresetako arduradunen arabera enpresen jarduera euskalduntzen joatea positiboa izan badaiteke ere, horrelako ekimenetan sartzeko borondate gutxi dagoela ikusi genuen. Datu horiek ikusita, inkesta bera errepikatu genuen Urolaldean, gune industrialen artean euskaldunena baita. Kasu honetan euskararen erabilpena enpresetan zertxobait handiagoa bada ere, eskualdeko euskaldunen portzentaiatik oso urrun geratzen da. Euskararen aldeko jarrera, hala nola enpresetako jarduera euskalduntzen joateari buruzko jarrera orohar positiboak badira ere, hemen ere ez genuen horren aldeko benetako aposturik egiteko indarrik somatu. Hala ere, pentsa daiteke euskararena lehentasunezko arazo ez izateak eta informazio faltak, besteak beste, eraginik edukitzea horrelako erantzunetan. Hain zuzen ere, beste zenbait enpresetan euskararen erabilpena areagotzeko plangintzak indarrean jarri izan dira azken urteetan, eta honelako kasu guztietan oso esperientzia interesgarritzat hartuak izan dira, bai langileen aldetik, bai enpresetako zuzendaritzetatik ere. Honela aipa daitezke aintzindariizan diren Antzuolako Elay taldea eta Beasaingo CAF, eta beranduago antzeko ekimenak burutzen hasi diren Alecoop, Arlan, Fagor, Ikerlan, Irizar, JMA, Labein, Maier edo MCC. Gogoratu beharra dago ere Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak prestatu zuen Euskara Biziberritzeko Planean, lan munduari aipamen berezia egiten zaiola, orain arte erabili den metodologia egokitzat eta eredugarritzat hartuz. Plan horretan bertan esaten da euskal gizartea ez dela jabetu enpresa munduan euskara ez erabiltzeak duen garrantziaz. Era berean, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak arlo honi garrantzi berezia eman dio, "Lanordu bat euskararen alde" kanpainak dituen helburuen artean, langilegoak gai honetan duen papera ezagutzea baitago. Noski, aurrerapauso asko egin beharko dira. Esaterako, Gipuzkoan bertan, lurralderik euskaldunenean, ikastetxe publikoetan eskaintzen diren erdi eta goi mailako 50 lanbide heziketa zikloetatik 5 euskaraz soilik egin daitezke, 13 euskaraz zein gazteleraz, eta gainerako 32ak gazteleraz soilik ikas daitezke. Lanbide desberdinetarako eskaintzen den formakuntzan euskararen presentzia ez bada areagotzen, langile euskaldunak trebatzea zaila izango da. Edozein modutan ere, etorkizuneko langileak diren ikasleek geroz eta gehiago burutzen dute beren heziketa euskaraz, bezeroek euskarazko zerbitzuak eskatu eta jasotzeko joera gorantz doa eta langile euskaldunek lan harremanak euskaraz egitea, enpresaren kohesiorako bidea izan daiteke. Gaur egun, enpresa askorentzat euskara integratzeak aukera gehiago edukitzea suposa dezake, bai barne jardueran zein kanporako irudian. Hala bada, behintzat, azken mendeetako tendentziak aldatzen ari direla esan dezakegu, agian euskararen gutxitze prozesuan behin betiko inflexio puntura iritsi garelarik. Jose M. Zendoia Sainz, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua I saileko irakaslea