307 Zenbakia 2005-07-01 / 2005-07-08
Basque Research, euskal ikerketaren web gunea, 2002an sortu zen. Garai hartarako, euskal ikerketa dibulgatzeko beharra sumatzen zen Elhuyar Fundazioan, eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzaren 2001-2004ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, ikerketa gizarteratzeko ildo estrategikoa aipatzen zen. Ideia hura aintzakotzat hartuz hasi ginen ataria diseinatu eta programatzen.
Ez zen lan erraza izan, edukietan zegoen gakoa.
Helburua argi geneukan: Euskal Herrian egiten zen ikerketa bildu eta ezagutzera eman nahi genuen. Horretarako, ikerketa-albisteak lortu, argitaratu eta zabaldu egin behar genituen. Eduki guztiak, gainera, lau hizkuntzatan egotea nahi genuen: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Frantsesa Ipar Euskal Herriko erabiltzaileei begira sartu nahi genuen, baina, azkenean, batetik, iparraldeko lankiderik topatu ez genuelako eta, bestetik, Europako finantziaziorik ez genuelako, ez genuen aukerarik izan. Hala ere, hori lortzeko ahaleginetan jarraitzen dugu.
Beraz, albisteak hiru hizkuntzatan eskaintzen hasi ginen: euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Horretarako, itzulpen-lanak egin behar genituen, testu teknikoek dituzten zailtasunak kontuan hartuta. Hala ere, hori ez zen zailena. Zailena Euskal Herri osoko ikerketa-albisteak biltzea zen.
Euskal Herrian, eta baita beste tokietan ere, batez ere enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateetan egiten da ikerketa. Baina ikerketa hori neurri handi batean ez da zabaltzen, ezagutzera ematen. Beraz, nola lortuko genituen albiste horiek? Horixe zen gure kezka nagusia. Enpresak, zentro teknologikoak eta unibertsitatea
Bisitak egiten hasi ginen. Enpresetara egindakoetatik ondorioztatu genuen konfidentzialtasuna zela arazoa. Konfidentzialtasuna zen eta da oraindik haien muga. Lehiakideek produktuak kopiatuko dizkieten beldur dira enpresak, informazio gehiegi zabalduko duten beldur. Beraz, enpresetan egindako ikerketen berri izateko, produktua merkaturatu zain egon behar genuen.
Ondoren, zentro teknologikoak zeuden. Haietan, enpresekin alderatuz, jarrera nolabait aldatzen zela sumatu genuen, batzuek oso positiboki erantzun baitzioten Basque Research ataria sortzeko ideiari. Akaso, zentro teknologiko askotan marketin-saila dagoeneko sortua zutelako, eta, horregatik, hainbatetan bazituzten baliabideak ikerketa horiek prentsa-oharren bidez bada ere jakitera emateko.
Eta, azkenik, unibertsitatea falta zen. Unibertsitatea ikerketaren sorleku garrantzitsuenetakoa dela esango nuke nik. Han, jakintza, ezagutza bera, dute helburu nagusietako bat; baina, zoritxarrez, gehienetan ikertzaile espezializatuen artean zabaltzen dute lortutako ezagutza hori. Baliabide berezirik apenas zegoen ikerketa-andana hori gizarteratu eta ezagutzera emateko, Nafarroako unibertsitateen kasuan izan ezik. Beraz, hor ere ez zen erraza ikerketen informazioa lortzea, aldizkari espezializatu guztietan bilaketak egiten ez bagenituen behintzat.
Hala ere, moldatu ginen eduki horiek lortzeko, eta, egun, enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitateetako 135 berriemaile baino gehiago daude izena emanda Basque Research-en. Geroz eta gehiago dira komunikazioari garrantzia ematen dioten erakundeak, publizitatea, izen ona eta negozio-aukera berriak ekartzen dituelako horrek.
Baina gure kezkak ez ziren hor amaitu. Euskal Herriko ikerketaren berriak biltzea lehenengo pausoa zen. Ondoren, bertako nahiz atzerriko komunikabideetan zabaldu behar ziren albisteak. Beraz, lehen-lehenik, bertako komunikabideekin elkartu ginen eta gure asmoa azaldu genien. Emaitza kaskarra lortu genuen; askok argi eta garbi esan ziguten ikerketa-albisteak ez zitzaizkiela gehiegi interesatzen. Gure bigarren helburuari ekin genion orduan, nazioartera begira jarri ginen. Nazioarteko harremanak
Nazioartean euskal ikerketaren informazio gutxi zuten, eta, horregatik, Basque Research ataria Europako beste hainbat web gunerekin harremanetan jarri zen. Hasieran, Europako ikerketa-albisteak biltzen zituzten Ingalaterrako Alphagalileo.org web gunea eta Cordis Wire Europako Batzordearen web gunea izan ziren gure jomuga.
Horiekin elkarlan oparoa hasi genuen, eta, hala, guk argitaratutako berriak haietara bideratzen hasi ginen. Emaitzak oso positiboak izan ziren, eta euskal ikerketa Europan zabaltzen hasi zen berehala. Aldi berean, informazio eske gugana jotzen zuten kazetariak gure web gunean erregistratu ziren. Egun, atzerriko 90 kazetari daude izena emanda Basque Research-en.
Nazioarteko harreman-sare hori pixkanaka handitzen joan zen; Alemaniako innovations-report eta Espainiako Madri+d sartu ziren gure lagunartean eta, azkenik, Eurekalert! atarira iritsi ginen.
Guretzat oso garrantzitsua izan da atari horrekin elkarlanean hastea. Alde batetik, Estatu Batuetara egin dugulako salto, eta, bestetik, Eurekalert! erreferentziazko ataria delako zientzian.
Hain zuzen ere, Eurekalert! American Association for the Advancement of Science erakundeak kudeatzen du. Erakunde horrek berak argitaratzen du Science zientzia-aldizkari ospetsua.
Horrek eragin nabarmena izan du euskal albisteek lortzen duten inpaktuan eta gizarteratzean; batez ere, nazioarteari begira. Izan ere, Basque Research atariarentzat mugarri izan diren informazio-eskaerak jaso ditugu.
Esaterako, Discovery Channel kateak deitu zigun urtarrilean albiste baten gaineko informazioa eskatzeko. Beren albistegietan, euskal ikerketa-zentro batek egindako aurrerapenen berri eman nahi zuten. Elkarlana hasi genuenetik jaso ditugun informazio-eskaeren adibide bat besterik ez da hori.
Hala ere, oraindik badira kezkatzeko arrazoiak, nahiz eta, esan bezala, aurrerapauso nabarmenak eman ditugun. Hausnarketarako beharra
Bada, gure ustez, Basque Research-en ikus daitekeen datu esanguratsu eta, aldi berean, kezkagarri bat: nazioartetik informazio-eskaera askoz gehiago jasotzen ditugu bertako hedabideetatik baino. Nola da posible hori? Normalean, gertuko gauzek interes handiagoa pizten dute gugan, ezta? Bada, badirudi hori ez dela betetzen ikerketari dagokionean, eta, nire ustez, hori gertatzen da ikerketa ez delako behar beste komunikatzen hemen.
Hain zuzen ere, 2003an eta 2004an ikerketa-lerro bat zabaldu zuen Elhuyarrek zientziak egunkarietan duen presentzia aztertzeko. Zientziaz ari garenean, mundu mailan egiten den ikerketaz ari gara. Iaz, esaterako, % 3ko presentzia izan zuten ikerketa-albisteek egunkarietan, eta horietako gehienak AEBetakoak ziren. Datu esanguratsuak dira.
Beraz, zer ondoriozta daiteke? Alde batetik, gure eguneroko bizitzan ikerketa-albisteek ez dute apenas tokirik betetzen. Egunkarietan % 3ko presentzia izatea eta telebistetan are gutxiagokoa oso adierazgarria da. Gizarte-alarma sortzen duten gaiak eta beste zenbait aurkikuntza garrantzitsu kenduta, ez dugu ikerketen berri izaten hedabideetan, nahiz eta etxeko ikerketak izan. Horretan, pixkanaka bada ere, jarrera aldatu beharko lukete komunikabideek.
Eta, bestetik, ikertzaileak ere ez daude ohituta beren lanak zabaltzera eta, maila apalean, edonork ulertzeko eran, azaltzera. Askotan uste dute beren ikerketak adituek soilik ulertzeko modukoak direla, eta badirudi hizkuntza espezializatutik at komunikatzeko zailtasunak dituztela. Badakigu ez dela erraza zientziaz aritzea eta hain gauza konplexuak modu sinple eta ulergarrian agertzea, baina gizarteari beren ikerketek duten garrantzia azaltzen ez badiote, gizarteak ez du interesik izango ikerketan. Ezagutzen ez duena ez du bultzatuko gizarteak. Beraz, oraindik bide luzea dugu egiteko Basque Research-en; batez ere, ikerketa-albisteak komunikatzea garrantzitsua dela ohartarazteko, horrek gizarte jantziagoa egiten laguntzen duela jabetzen laguntzeko, ikertzaileen arteko harremanak eta elkarlana sustatzeko, enpresa, unibertsitate eta ikerketa-zentroen sinergiak bultzatzeko eta nazioartean euskal ikerketaren berri emateko. Eta, nola ez, euskara, ikerketa, garapena eta berrikuntza uztartzeko.