300 Zenbakia 2005-05-13 / 2005-05-20

Efemerideak

Efemeridea. 1921eko maiatzaren 15ean Federiko Krutwig Sagredo jaio zen Getxon



Federiko Krutwig. Federiko Krutwig Sagredo idazle eta politikaria Getxon jaio zen 1921 urteko maiatzaren 15ean. Jatorriz veneziarra bazen ere, aita alemaniarra zuen eta ama bizkaitarra. Euskaldun berria izanik, 1941 urtean R.M. Azkue ezagutu zuen eta haren laguntzaile gisa aritu zen lanean. 1943an euskaltzain oso egin zuten, Euskaltzaindia nahiko itzalita zegoen garaian, eta Azkuerekin batera suspertu zuen. Garai hartan Mikeldi pintore taldea eta Julio de Urquijo Ikerketarako Institutua sortu zituen. Euskara batzearen aldeko pertsona eraginkorrenetakoa izan da. Horretarako Lapurdiko literatura tradizioa oinarritzat hartu zuelarik (Leizarraga, Axular, Etxeberri, Haraneder...), hizkuntza landuenetako maileguak onartuz, eta ahozko tradizioak baztertuta. 1952an, Luis Villasante Euskaltzaindian sartu behar zen egunean, hitzaldi bat eskaini zuen Bizkaiko Aldundian, elizak euskararekiko zuen jarrera salatuz. Orduko aginpide frankistak haren hitzaldia separatistatzat jo eta atzerrira joatera behartu zuen. Donibane Lohizunen Lezo de Urreztieta eta Parisen Jon Mirande ezagutu zituen. 1961ean, Miarritzera itzulita, bere idazlanik ezagunena prestatzen hasi zen: Vasconia (1963). Liburu hark eragin handia izan zuen belaunaldi gazte antifrankistarengan, EAJaren burubideak zalantzan jartzen zituztenen artean. EGI mugimenduko kide ohiekin borroka armatuari buruz teoriak lantzen hasi zen. Frantziatik kanporatu zuten 1964an eta Brusselera joan zen. Han ETAko kideekin harremanetan jarri eta txosten pare bat idatzi zituen erakunde horrek Lapurdiko Getarian egin behar zuen V. Biltzarrerako (1966-1967). ETArengandik bereizten hasi zen pixkanaka, harik eta 1975ean erabat hautsi zuen arte. Krutwigen artikuluak Egan, Gernika, Euskera, Euzko Gogoa, Branka, RIEV eta Deia agerkarietan aurki daitezke, besteak beste. Vasconia liburuaren arrakastaren ondoren saio liburu asko eman ditu argitara: La cuestión vasca (1965); Vasconia y la nueva Europa (1976); Garaldea (1978), euskaldunen jatorriari buruz, guantxe herriarekin lotuta; La nueva Vasconia (1979); Mikelditarrak (1979); eta Computer Shock Vasconia (1984), XX. mende hondarrean Euskal Herriak daukan erronka informatikoari buruzkoa. Eleberriak eta kontakizun laburrak ere idatzi izan ditu: Ekhaitza (1980); Igibarziaren iphuiak (1981); Jakintza-baitha, Erroten Burgiko mystêrioa, Harbelnoren amazônak, Mystagintza zaharra (1982, Belatzen baratza sailekoak); Otsoaren bidea (1983), Ortziren zaldiak (1983), Garaziko oihanaren thauma, Sua ez da hiltzen.