286 Zenbakia 2005-01-28 / 2005-02-04

Gaiak

Hiri eramangarrien balio berriak eta hiriak suspertzeko estrategiak: Bilboren kasua

MARTÍNEZ CEARRA, Alfonso

Bilbao Metropoli-30eko zuzendaria GARMENDIA IARTZA, Koro



Aurreko hamarkadaren bukaeran, kontsolidatu egin zen Bilbo Metropolitarreko azpiegituren garapena. Izan ere, Bilbo Metropolitarra Suspertzeko Plan Estrategikoan zehaztutako egitasmoek eraldatu egiten dute hiriaren ingurunea, eta nabarmen egin dute hobera bertako enpresen lehiakortasunak eta biztanleen bizitzaren kalitateak.

Bilbo Metropolitarra suspertzeko prozesua kontsolidatzen joan den heinean, hiriaren garapena interpretatzeko orduan joera aldatzen hasia dela ikusi du Elkarteak: azpiegiturak eraikitzeko esfortzu estrategikoa mantendu egin behar bada ere, oso kontuan izan behar dira pertsonak eta beren balioak, azken batean prozesu horren hartzaile eta indar bultzatzailea baitira.

Arreta azpiegiturei eskaini beharrean balioei ematen hasten zaien tartean kokatu behar da inflexio puntua. Datozen urteei begira, lehentasuna ez du azpiegiturak sortzeak izango, baizik eta balioekin lotutako arloak lantzeak. Gizarte moderno batek ezin du aro industrialeko balioen eskala berbera mantendu. Modernitatea balioen eskutik etortzen da, funtsean etika, aitzindaritza eta kalitatea bezalako balioek gidatzen dutelako ingurunea.

Aldaketen garaian gaude, gizartea, industriala izatetik, balioen gizartea izatera igarotzen ari baita. 90eko hamarkadan erabat defizitarioa zenez azpiegituren egoera, eta hiriak elkarren artean lehian hastean okerrera eramaten zuenez egoera, sustapen prozesuak alderdi horri eskaini zion bere arreta. Maila jakin batetik aurrera, ordea, pertsonen jarduerak sortzen ditu balioak. Jendearen ahalmena eta jarrera erabakigarriak izaten dira, hain zuzen ere horiek ematen dutelako balio erantsia. Hortaz, balioak, pixkanaka, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira hiriaren estrategian, eta oinarrizko faktore bihurtzen dira gizartea garatzeko helburuak finkatzeko orduan.

Hausnarketa estrategikoak egin ostean, hainbat balio funtsezkotzat jo dira Bilbo lehiakortasunaren eta eramangarritasunaren bidean garatzeko, eta hain zuzen ere horien inguruan jardun beharko du Balioen Foroak: berrikuntza, profesionalitatea, erkidegoa, nortasuna eta kanpora begira egotea. Balio hauetako bakoitzak, halaber, beste hainbat biltzen ditu bere baitan: Berrikuntza: aldaketak edo jarduteko modu berriak sartzea.

Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: aldaketei irekita egotea, arriskuak hartzea, ugaritzea, jardutearen aldekoa izatea / espiritu lehiakorra izatea, porrota onartzen jakitea, epe luzerako kultura izatea, ezagutzak biltzea, gizartearen partaidetza bultzatzea / aitzindaritza.

Profesionalitatea: lana txukun eta ardura bereziarekin egiten duen pertsonaren kualitatea.

Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: zintzotasuna, eraginkortasuna, objektibitatea, erantzukizuna, ebaluazioa / neurketa, ahalegina, aukeren berdintasuna, kalitatea.

Erkidegoa: interes berberak partekatzen dituzten pertsonen multzoa.

Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: lankidetza, enpatia, errespetua, gizartearen edo hiritarren parte-hartzea, segurtasuna, elkartasuna, gizartearen erantzukizuna, asoziazionismoa /koordinazioa.

Nortasuna: norbanako edo talde bat besteengandik bereizten duen ezaugarrien multzoa.

Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: kultura, irudia / proiekzioa, hizkuntza, metropolia, aniztasuna / pluraltasuna, kide izatea, integratzea.

Kanpora begira egotea: beste kultura, izaera eta jarduteko moduak onartzean datzan jarrera.

Berari lotuta dauden balioak honakoak genituzke: kulturaniztasuna, mugikortasuna, tolerantzia, elkartasuna gizartean eta lanean, harrera, perspektiba / unibertsalitatea, lankidetza, aniztasuna.

Balioak gizartean txertatzen joateko, pixkanakakoa behar du izan estrategiak. Horretarako, etengabe hobetzeko prozesu bat planteatu beharko da, zeinaren helburuak izan behar baituen gero eta jende gehiagok identifikatu, ulertu eta bereganatzea oinarrizko balioak. Komenigarria da mugarri batzuk ipintzea, eta hain zuzen ere asmo horrekin antolatu da Hiriak Garatzeko Balioen Kongresua (City & Values), 2006ko udaberrian ospatzekoa. Foro honen helburu nagusia, Bilbo Metropolitarra garatzeko balio estrategikoak erakutsaraztea izango da.

Elkarteak, bere jarduera eta ekimen guztietan, atxikita dituen erakunde eta enpresen babesa jaso du beti. Hauen guztien ordezkariak biltzen dira ekintza estrategikoak aztertu eta bultzatzen dituzten batzorde tekniko eta lantaldeetan. Foroko jardunak bazkideen eta nazioarteko aditu ospetsuen ideia zein proposamen berritzaileak jaso behar ditu, bai hiria bera suspertzeko, bai eta Bilbo Metropolitarreko eta, luzapenez, Euskal Herriko gizartea, hiriak eta ekonomia modernitatearen eta elkartasunaren bidean garatzeko.