281 Zenbakia 2004-12-17 / 2004-12-24
Euskal Herri osoan makila erabiltzeko ohitura handia dago. Egile asko eta mota askotako makilak nonahi antolatutako eskulangintza azoka edo erakusketetan ikus ditzakegu.
Baina nahiz eta gai honen inguruan azterketa asko egin izan diren, erabilpen guztiak ez dira hain sakon ikertu. Hartu eredutzat euskal makila izendatzen dena, itxura ikusi eta besterik gabe borrokarako makila bat dela esan daiteke, beheko muturra berunez beteta eta kiderrean ezkutuko ezten bat duela, argi dago horren helburua ez dela gelditzen paseatzeko tresna hutsean. Koskorrez betetako gorosti makilak ikusita ere gauza bera esan daiteke. Hala ere, makilak borrokarako aplikazio horretan ez dira sakon aztertu izan1.
Batzuetan begien aurrean dugun hori izaten baita ikusteko zailenetakoa. Lehendabiziko aztarnak
Neu ere ez nintzen sekula makilaren erabilpen horretaz jabetu kanpotik, askotan bezala, hariaren muturra eman zidaten arte.
Siziliar batzuk ezagutu ondoren eta herri maiteak zirelarik, bakoitzaren jaioterriko ohiturez hitz egiten ari ginela, bat batean, makilaren gaia bota zuten mahai gainera. Ba zegoela beren lurraldean makilarekin borrokan egiteko modu bat eta gaur egun ere talde batzuek gordetzen zutela erabilpen hori, ia gure lurraldean ez zen hori bera gertatzen. Ezezko erantzuna bota nien, baina haiek, harrituta, nahi eta nahi ez egon behar zuela erantzun zidaten, beren borroka mota horren jatorria gure herritik zetorrela eta Euskaldun batek irakatsi ziela beraiei honela borrokatzen.
Guzti hau baieztatu nahian hasi ginen hari honen korapiloari tiraka, eta hona hemen atera zitzaidana... Gure Herrian egindako azterketa
Bertan egindako lana bi eremutara zuzendu nuen, bata liburu eta artxibategi zaharretan aurki daitezkeen datuetara, bestea, berriz, bertako biztanleen oroitzapenetan gorde litezkeen informazioetara. Bilduma bibliografikoa
Zenbait artxibategitan makila eta honen inguruan sortutako epai eta gatazkei buruzko orri asko aurki ditzakegu2. Baina hauek guztiak ez datoz bat geure ikerketaren helburuarekin, edozeinek har dezake makila bat eta beste norbait egurtzeko erabili. Ez da hori guk nahi duguna, gure helburua ia makila erabiltzeko, Euskal Herrian, teknika garatu bat zegoen ala ez jakitea da, hau da, makila erabiltzeko teknika kodetu bat sortu izan dugun ala ez.
Erantzuna baiezkoa da eta horren lekukotzat, beste datu askoren artean, liburu hauetan agertzen zaizkigun pasadizoak har litezke: Aita Larramendik idatzitako “Corografía de Guipúzcoa”3, Iztuetaren “Gipuzkoako dantzak”4 edota Juan Benantzio Arakistainen “El Basojaun de Etumeta”5.
Azken bi liburuetako pasadizoetan, makiladun eta ezpata erabiltzen dutenen arteko borrokak aipatzen dira. Gainera ezpatak zituztenak gudari profesionalak ziren kasu guztietan eta borroka horietako baten aurkaria esgrima maisua zela aipatzen da. Beste kasuetan berriz bi edo hiru gudariren kontra borrokatzen ziren makilkariak eta kasu guztietan garaile atera ziren.
Iparraldean ere begiratu izan dut eta han Rene Cuzacq-ek egin du gai honi buruzko bilduma nahiko orokorra6. Makilaren erabilpenari buruzko zenbait pasadizo agertzen dira eta borrokak nonahi eta noiznahi gertatzen zirela agertzen zaigu. Baita ere makilaren erabilpena esgrima mota bat zela adierazten digu eta besteen antzera beren maisuak eta erakusteko lekuak zituztela ere agertzen zaigu. Ahozko tradizioa
Aurrez, idazkietan, makilkari ugari agertzen diren lekuetara jo nuen, ia oraindik arrastorik gelditzen zen ikustera. Borroka ohitura hau Euskadiko barnealdean hedatu zen eta kostaldeko herrietan ez da agertu ere egiten. Berez artzain munduan murgilduta azaltzen zaigu.
Honela borrokari gehienak inguru hauetan azaltzen zaizkigu: Azpeitia, Azkoitia, Errezil, Beizama eta Amezketa, Zaldibia, Hernialde, Zizurkil edo Markina-Xemeinen. Tamalez Nafarroan ez dut arrastorik aurkitu.
Aipatutako leku horietan jendeak oraindik zenbait pasadizo oroimenean gordetzen ditu eta haien testigantzak jasotzen saiatu naiz.
Pasadizo horietatik zera esan liteke, XX. mende hasieran oraindik bizi bizirik zegoela borroka mota hau. XVIII eta XIX. mendeetan bizi izan zuen momenturik oparoena eta hor izandako gerra eta gatazka askotan parte hartu zuten makilkariek, adibidez karlisten lehendabiziko gudan ala San Luisen 100.000 semeen guda garaian. Napoleonek ere makilkari erregimentu bat omen zuen aurrez aurreko borroka hasten zenean parte hartzeko.
Dena dela XX. mendea aurrera zihoala ere baziren borroka honetan adituak, 70. hamarkadan oraindik izan ziren borroka batzuek eta 1940-1945 urte inguruan aurki genitzakeen oraindik makilkari trebeak.
Iparraldean, berriz, makila motza erabiltzeko ohitura nabarmenagoa zegoen. Ainciart-Bergara familiako makilagile ospetsu den Joanes Bergararekin hitz egin nuen eta borrokalari batzuen izen eta pasadizoak kontatu ondoren borroka teknikei buruzko datu batzuk ere eman zizkidan. Ondorioak
Erabiltzen ziren teknika batzuk jasotzeko parada izan dugu, eta Siziliarrek gordetzen dituztenarekin bat datoz. Bestalde ezpata duten gudariei aurre egiteko adina garapen tekniko zuen makilaren erabilpen mota horrek.
Teknika gehienak birakariak dira eta gorputz guztia babesteko erabiltzen dira, adibide bezala teknika hau jartzen dugu:
Heltzeko modua ere bitxi xamarra da, baina biratzeko erraztasun handia ematen digu:
Bestalde, bi makila mota erabiltzen ziren bata luzea, 1, 3m. -1,5m. , eta bestea motzagoa, 90cm. inguru. Azken hau erabiltzeko teknika bereziak ere badira:
Hemen kolpeak errebesez emango lirateke eta esku bera erabil liteke edo eskuz esku aldatzen joan.
Bestalde eta beste borroka moduetan gertatzen den bezala, ikasteko lekuak eta irakasleak bazeuden, ez agian gaur egun bezain modu formalean baina bai kodetutako teknika horiek erakusteko moduan. Datu hauekin eta Siziliarrek gordetzen duten gai teknikoa erabiliz, gure herrian sortutako altxor martzial hau berreskuratzeko moduan gaude, nahi izanez gero behintzat... * Marrazkiak: Enrike Santxorenak dira, lan honetarako propio egindakoak. 1 Hurbilketa batzuk egon dira, adibidez: Aguirre Sorondo, A. “Palos, bastones y makilas” Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 1992, 60, 203-235 edo publikazio honetan bertan http://www.euskonews.com/0148zbk/gaia14806es.html 2 Protokolo artxibategia, XVII. mendeko auziak. 3 Larramendi, Manuel de, S.J. “Corografia o descripción general de la muy noble y muy leal Provincia de Guipuzcoa” Arduraduna: J.I. Tellechea Idigoras, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, San Sebastián, 1969, 234. orri. 4 J.I. Iztueta “Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia, beren soñu zar eta itz neurtu edo versoaquin” Donostia 1824, 181 orri. Gauza bera beste liburu honetan ere aurkitu genezake:”Gipuzkoako dantzak eta pillotari, makilkari eta palankarien jostaketa gaineko itz bi” Biblioteca de autores vascongados. 3. Tomoa, Donostia, 1896. 5 Hemen erabilitako bertsioa 1999an Azpeitiko Udalak berrargitaratua da. Bereziki eskerrak eman nahi nizkioke liburu hau euskaratu zuen Enrike Zurutuzari, datu hauek berak jarri baitzizkidan agerian. Jatorrizko bertsioaren datuak hauek dira: J.V. Araquistain “El Basojaun de Etumeta”. Imprenta de Francisco Muguerza. Tolosa, 1882. 6 R. Cuzacq “Makhila et Agulhade”, Marrimponey Jeune, Pau, 1950