269 Zenbakia 2004-09-24 / 2004-10-01

Artisautza

Aitor Egibar. Miniaturagilea: Sarrera

AGUIRRE SORONDO, Antxon

GARMENDIA YARZA, Koro

SARRERA

Tradizionalki, dimentsio txikietan eginiko irudiei deitu izan zaie MINIATURA. Gehienak Erdi Aroan egiten ziren, goma-urez prestatutako koloreekin. Eta miniaturak egiten zituenari, berriz, MINIATURAGILE deitzen zitzaion.

Azken urteotan, baina, terminoaren esanahia zabaldu egin da, eta beste objektu askoren erreprodukzioak ere sartzen dira miniaturismoaren baitan. Horrela, hainbat azpitalde topa ditzakegu MINIATURISMOAN: ferromodelismoa (tren, bagoi eta geltokiak eskala txikian egitearen espezialitatea), aeromodelismoa (gauza bera, baina hegazkinekin), jaiotzen modelismoa, itsasontzien modelismoa, modelismo militarra, edota irudien modelismoa. Azken honi hurbilduko gatzaizkio gaurkoan.

Miniaturismoaren azpitalde bakoitzean, gainera, adar batzuk bereiz ditzakegu. Aeromodelismoaren kasuan, adibidez, batzuek miniatura motordunak egiten dituzte, beste batzuek motorrik gabeak; batzuek material batzuekin, beste batzuek besteekin; eskala batean edo bestean; garai jakin batekoak, etab.

Arlo hauetako bakoitzak bere artisauak, bere denda espezializatuak, bere aldizkariak, bere azokak, bere lehiaketak, bere kongresuak eta abar dauzka.

Ez dira gehiegi aurreko aldietan sail honetara ekarri ditugun artisau miniaturagileak, baina apur batzuk bai. Gogora ditzagun: Euskonews-eko 176. zenbakian: Juan Antonio Guisasola Ortiz de Villalba, ohialezko panpinen miniaturak egiten dituen artisaua. 211. zenbakian: Ángel Santos Ruiz Moraza, batik bat nekazaritzan erabiltzen diren tresnen miniaturak egiten dituen artisaua. 225. zenbakian: Iñaki Gorostidi, euskal kiroletan erabiltzen diren harrien miniaturak egiten dituen artisaua. 253. zenbakian: Julián Louville, itsasontzien modelista. Gaurkoan, Aitor Egibar Aranjuelo ezagutuko dugu, “irudi estatikoak” egiten dituen miniaturagilea.