265 Zenbakia 2004-07-30 / 2004-09-03

KOSMOpolita

Euskaldunak eta balearen arrantza Brasilen. Globalizazioaren hastapenak

ORMAZABAL, Estebe

Euskaldunak eta balearen arrantza Brasilen. ?Globalizazioaren? hastapenak Estebe Ormazabal

“(...) vendo andar as baleias, que são a mesma graxa, por toda esta Bahia, sem haver quem as pescasse, ao que acudiou Deus, que tudo rege, e prova, movendo a vontade a um Pedro de Orecha, Biscainho, que quisesse vir fazer esta pescaria; este veio com o governador Diogo Botelho do reino no ano de mil seiscentos e três, trazendo duas naus e seu cargo de Biscainhos com os quais começo a pescar, ensinando os portugueses (...)”

“(...) baleak dabiltzala ikusiaz, koipe bera direnez, Bahia guzti honetan, inor arrantzan egiteko ez zegoelarik, eta Jainkoa hurbildu zen, dena agintzen duen Hura, froga da, Pedro de Orecha baten borondatea mugituz, Bizkaitarra, nahi izan zuelarik arrantza hori egitera etorri; Erreinutik etorri zen bera Diogo Botelho gobernariarekin mila seirehun eta hiruko urtean, bere gain Bizkaitarren bi untzi ekarriz zeinekin hasi zen arrantzan, portugesei erakutsiaz (...)”

Frei Vicente do Salvador, “Historia do Brasil”, Salvador de Bahia, 1627.

Euskaldunen eta balearen arteko historia luzea eta ezaguna da. Kantauri itsasoko kostaldetik Ternuaraino zabaldu ziren euskaldunen arrantza tokiak eta aktibitate ekonomiko honek mugitzen zuen aberastasunak Euskal Herrian eragin handia izan zuen mendeetan zehar.

Euskaldunon eta balearen arteko historia honetan nahiko ezezaguna den kapitulu bat Brasilgo kostaldean balearen arrantzan aitzindariak izan ziren bizkaitarren historia da. Balearen berriak Brasilgo kolonian

Brasilera heldu ziren lehenengo europarrek bertako kostaldean aurkitu zuten bale ugaritasunak lilura izugarria sortu zuen, hauen artean Jean de Léry frantziarrak Guanabarako badian (Rio de Janeiro) 1557an arkabuzez hondartzatik baleak ehizatzen zituztela kontatzen du, edo Anthoine Knivet, XVI. mendeko azken hamarkadan, São Sebastian-go irlan galdu ondoren balearen haragiaz elikatu zela kontatzen du erreskatatu zuten bitartean.

Aita José de Anchieta berak ere, “Informação da Provincia do Brasil para o nosso Padre” idatzian, 1583 ingurukoa, Salvador de Bahiako Colegio da Bahia ikastetxeko leihotik bale ugari ikusteko aukera zutela kontatzen du:

“(...) andar saltando, (...) havendo muitas por tôda a costa”

“(...) saltoka dabiltzala, (...) kostalde guztian asko daudelarik”

1587 urtean Gabriel Soares de Almeidak Bizkaiatik arrantzaleak bidaltzeko eskatu zion Espainiako gorteari izan ere “(...) inon ez da aurkitzen horrenbeste balerik, bertan sei hilabetez geratzen direlarik, eta horrenbeste koipe sortuko dute ezingo baita nahiko itsasontzi lortu dena Hespanhara bidaltzeko”.

Frei Vicente Salvadorrekoak bere “Historia do Brasil”en dioenez balearen arrantza XVII mendearen lehenengo urteetan hasi zen Brasilen bizkaitarren (“biscainhos”) eskutik. Balearen koipea etxebizitzak eraikitzeko, argia egiteko eta esklaboak elikatzeko erabiltzen zen, eta Brasilen horren ugariak izanik, etzegoen nork arrantza eginik, beharrezkoa zena Cabo Verde eta Bizkaiatik inportatzen zelarik. Balearen arrantzaren hastapenak Brasilen

Felipe IIak “penintsularen batasuna” lortu eta Espainia eta Portugaleko errege zelarik, 1602an Pêro de Urecha edo Orecha kapitainari eta Julião Miguel bere kideari, biak bilbotarrak, urte hartako San Juan egunetik aurrera Brasilgo kostaldean hamar urtez baleak arrantza egiteko abantaila eman zien.

Baleak arrantzatzeko urtean hiru itsasontzi bidaltzeko baimena izango zuten, Bahia eta inguruneak bale koipez hornitzeko konpromisopean, eta ondoren, zuzenean Portugalera bueltatu beharko zuten bertako portuetan Brasildik zekarten bale koipea eta beste edozein salgai deskargatzeko bere gain zeuden zergak ordaindu ondoren. Honela zion 1602an Brasilen balearen arrantzari hasiera eman zion emate-agiriak:

“Eu el-Rey faço saber aos q´este meu alvará vire ey p.r bem de dar licemça a Pero de Urecha e a Julião Miguel Biscainhos vezinhos de Bilbao da provincia de Biscaya que por tempo de dez anos cõtados des do dia de São João passado deste pressente de seis cemtos e dous em diante, (...) possão ir cõ tres navios as costas de Brazil a pescar Baleas (...)” Arquivo Historico Ultramarino de Lisboa

Pêro de Urecha kapitainaz ezer gutxi dakigu: hainbat tokitan Pêro de Orecha edo Pêro Fernão de Urecha bezala azaltzen da idatzita bere izena, bizkaitarra zen eta Bilbon bizi zela besterik ez dakigu.

Bere kidea, Julião Miguel edo Julien Michel, nahiz eta bilbotarra bezala azaldu, Nanteseko burgesa zen. François Pyrard de Laval bidaiari frantziarrak Bahian ezagutu zuen 1610ean eta “gizon oso atsegina” bezala deskribatzen du, negozio gizon aberatsa eta gaztelarra bezala aurkezten zuen bere burua (Frantziak Brasileko lurretan zituen kolonizatzaile mugimendu eta borrokek, negozioetan gutxi lagunduko baitzioten). François Pyrard de Laval bidaiari frantziarren informazioetatik pentsa genezake Julião Miguel izan zela kapitalista nagusia Brasilen balearen arrantzari hasiera emango zion ekintzan, Pêro de Urecha berriz alde teknikoaren arduradun izan zelarik. Bilbon bizi zen eta bertatik Bahiara joaten zen urtero 1602an Pêro de Urecha eta Diogo Botelho Brasilgo Gobernari-orokorrarekin (koloniako kargurik altuena) batera lehenengo bidaia egin ondoren.

Nahiz eta Brasilgo kostaldea erabat debekatua egon atzerritarrei, Julião Miguelek Espainiako erregeari eskainitako zerbitzu onengatik lortu zuen balea arrantzatzeko abantaila.

1602 eta 1612 bitartean urtero Bizkaiatik Bahia de Todos os Santosera bi edo hiru itsasontzi irtetzen ziren Pêro de Urecharen komandopean. Bertan, ekainetik iraila bitartean balearen arrantzari ekiten zioten, koipea eta beste etekin guztiak bilduz eta bide batez Brasilen bale arrantzaren teknikak zabalduz. Ez ziren ontzi oso handiak, ehun edo ehun eta berrogeita hamar tonatakoak gehienera. Tripulazioa, berrogeita hamar edo hirurogei gizonez osatua gutxi gora behera, gehienak baionarrak ziren. Arrantza garaia bukatu ondoren Europara bueltatzen ziren.

Bi itsasontziak eta fabrika edo balearen etekinak ateratzen ziren gunea (etxebizitza, tresneria e.a) 10 edo 12 mila cruzadoko kapitala osatzen zuten. Langile ugariek berriz, garaierako oso altuak ziren 3 mila cruzadotako soldatak jasotzen zituzten. Kapital inbertsiorik gabe ez zegoen bale arrantzarik antolatzerik.

Badirudi 1602ko emate-agiriak 1612 arte iraun zuela eta Pêro de Urecha eta Julião Miguelek bere lana bete zutela. Ondoren bizkaitarrak mantentzea pentsatu zuen erregeak baina proiektu honek ez zuen aurrera egin eta bizkaitarren misioa bukatutzat eman zen.

Ondorengo mendeetan balearen arrantzaren negozioa handitzen joan zen benetako industria baten sorkuntzarekin eta era berean baleen kopurua murrizten joan zen pixkanaka. Hogeigarren mendearen hasieran balearen arrantzaren aurkako lehen mugimenduak sortu ziren eta mendearen erdialderako legez debekatua izan zen balearen arrantza Brasilgo kostalde osoan.

Gaur egun, euskaldunak lehenengo aldiz balearen arrantzari ekin zioten ur berdinetan, berriz ere baleak igeri egiten ikus daitezke, oraingo honetan turisten gozamenerako. Bibliografia eta loturak

· “Aspectos da pesca da baleia no Brasil colonial” , Myriam Ellis, Coleção da “Revista de Historia”, São Paulo, Brasil, 1958.

· “A baleia no Brasil colonial”, Myriam ellis, Edições Melhoramentos, Editora da Universidade de São Paulo, São Paulo, Brasil, 1969.

· “História e paisagens do Brasil; coqueirais e chapadões”, L. F. Tollenare, Salvador de Bahia, Brasil, 1817. http://www.irdeb.ba.gov.br/bahiahistoriadocpescabaleia.htm

· “Grito de Alerta”, Everaldo Queiroz, Correio da Bahia, 2002.

· http://geocities.yahoo.com.br/whalesonlinebr/pescabrasil1.htm

· http://www.cce.ufsc.br/~pescador/hbaleia.html

· “História do Brasil, Capítulo Quadragésimo”, Frei Vicente do Salvador, 1627.

· “Memória Sobre a Pesca das Baleias, e extração do seu azeite, com algumas reflexões a respeito das nossas pescarias”, Memórias Econômicas da Academa Real das Ciências de Lisboa. T. II, 1790. · http://www.baleiafranca.org.br Menua KOSMOPOLITA Aurreko Aleetan Inicio > EM 265 > Kosmopolita -->

2004/07-30/09-03