257 Zenbakia 2004-06-04 / 2004-06-11

KOSMOpolita

Québec-en sortu eta bizi diren euskaldunak ! (1/2)

ARIZTI, Maitane AZURMENDI, Naroa BASURKO PÉREZ DE ARENAZA, Adur GARAT, Etor HARLOUCHET, Xabier MAZIZIOR, Haritz RODRÍGUEZ, Urko USEREAU, Michel

Québec-en sortu eta bizi diren euskaldunak ! (1/2) Maitane Arizti, Naroa Azurmendi, Adur Basurko Pérez de Arenaza, Etor Garat, Xabier Harlouchet, Haritz Macicior, Urko Rodriguez, Michel Usereau

Traduction au français

Kosmopolita saioan jada 6 testok aipatzen dituzte Euskal Herriak eta Québec-ek dituzten harremanak. Datorren bi testoek ber helburua dute... bide berezi eta ezberdin bat hartzen badute ere ! Hara nola, « Québec-en sortu eta bizi diren euskaldunak ! 1/2 & 2/2 » testoetan Québec-tar batzu dituzue ezagutuko ! Hain xuxen ere Michel Usereau, Nicole Lefebvre, Éric Barrette eta Marc Sardi izenekoak. Hemen gaindi familia izen hauek asko aurkitzen badira ere Québectar gutti dira lau pertsona hauek bezala elkarrizketa oso bat euskaraz egiteko gaitasuna dutenak !

Beraz, ondorengo bi testoetan euskal hizkuntza eta herriarekin izaiten ahal diren harreman berezi batzu ezagutzeko parada ukanen duzue ! Dudarik gabe irakurle euskaldunek preziatuko dute ikustea Québec-tar hauek zein ederki euskara erabiltzen duten. Bestalde, erdaldunek arrazoi ezin hobeak aurkituko dituzte euskararen ikasten hasteko edo segitzeko !

Irakurketa on bat opatzen dizuegu ! Michel Usereau :

Elkarrizketa osoa euskaraz bakarrik izan zen, bai entrebistatzailearen galderak eta bai Michelen erantzunak. Aurkezpena

Michel Usereau, 1974an jaio zen Ormstown-en (Montréalen hegoaldean dagoen 2000 biztanleko herri batean). 1992an Montréalera joan zen bizitzera. 1996an hizkuntzalaritza ikasketak hasi zituen Université de Montréal-en. Gaur egun frantsesa eta quebectarra (Québeceko frantseskia) irakasten egiten du lan, Québeceko gobernuak etorkinentzat antolatutako kurtsoetan.

Hizkuntzalaritza ikasketen lehenengo urtean irakasle bretoi batek Europako hizkuntzak aurkeztu zizkion. Euskararen ezaugarriak aipatu zituenean, hauetariko batzuk oso interesgarriak iruditu zitzaizkion ; mementu horretan sortu zitzaion euskararekiko interesa eta hortik aurrera ikasteari ekin zion. Nola ikasi duzu euskara ? 1999an hasi nintzen euskara ikasten neure kabuz liburutegian aurkitu nuen liburu batekin, Alain Kingek idatzita. Gero, 2001ean, Euskal Herrira lehen aldiz joan nintzen, lau hilabetetarako. Urepel eta Lazkaoko barnetegietan egon nintzen, bost astez, eta barnetegiko esperientzia nire euskararentzat aurrerapen handia izan zen. Ordurarte euskara niretzat liburuetan bakarrik ageri zen hizkuntza bat zen; han, lehen aldiz entzun nuen euskara eta komunikatzeko era praktiko bat bihurtzen hasi zen. Ondoren, Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere egon nintzen. Bigarren bidaia 2003an egin nuen eta Lesakako eta Urepeleko barnetegietan egon nintzen. Orokorrean oso harrera ona izan nuen eta jende biziki interesgarria ezagutu nuen. Zergatik euskara ikasi duzu ? Esan nezake ikasi dudala hizkuntzak interesatzen zaizkidalako, baina ez da hori bakarrik izango. Banekien gure bi herriak egoera antzekoetan direla - hau da, herri handi eta indartsuek inguratuta, beren nortasuna babestu behar dute, eta haien hizkuntza indartu behar dute, bestela desagertuko dira. Uste nuen ere - frogarik gabe, baina azken finean arrazoia neukan - halako egoera larri batean kulturak - musika, literatura, eta abar - oso bizi indartsua izango zuela. Hori izan zen uste nuen baino askoz hobeki ere : oso ondo nahastuta, aintzinako tradizioak eta gaurko berritasunak bazter guztietan aurkitzen dira, biak oso aberatsak. Gauza berri eta interesgarri asko ezagutu nahi nituen ; euskararekin, nire asmoa betea izan zen. Zer ekarri dizu euskarak ? Euskara herriaren giltza izan zen. Kanpotar batek hizkuntza bat ikasteak herria ezagutzeko gogoa daukala esan nahi du, eta jendeak badaki hori. Beraz, hizkuntza horren bidez jendea ezagutu dut, eta hauen bidez, kultura bat (hau da, pilo bat gustatzen zaizkidan musika eta bertsolaritza, edo eguneroko bizimodua, adibidez), itzulpenik gabe. Zer gustatzen zaizu Euskal Herrian eta zer ez ? . EH eta QC-en arteko desberdintasunak eta berdintasunak ? Euskara eta frantsesaren egoerek (Québecen), nahiz eta antzeko samar izan, ezberdintasun handiak dituzte. Adibidez, frantsesak izugarri babes handiagoa dauka, eta guztiok (independentzia nahi dutenok eta nahi ez dutenak) ados gaude hizkuntza babesteko erabaki politikoak hartzerako garaian. Beste gauza bat : askoz eskubide gehiago ditu Québecek Euskal Herriak baino, gure herriaren geroari buruzko erreferanduma egiteko eskubidea, adibidez. Jakin nuenean erreferenduma egitea legez kanpo zela Euskadin (Espainiako estatuaren legearen arabera), harrituta gelditu nintzen. Québeceko hizkuntzaren egoera Euskal Herrikoarena baino egoera larri gutxiagoan zela aipatu dut. Baina hori da frantsesa batuaren egoera. Bai, denak ados gaude frantsesa batua babesteko. Baina gure artean ez dugu frantsesa batuaz hitz egiten, quebectarrez baizik (frantseski bat). Eta quebectarra jende askok ez du errespetatzen. Oraindik, gaur egun, gizakiek bezala ezin dugula pentsatu eta buruko gaixotasunak ditugula Québectarrez hitz egiten dugulako esaten duten liburuek izugarri arrakasta handia dute, eta liburu hauen kontra inor ez doa. Oraindikan Quebectarra abereen hizkuntza omen da, pentsalari eta media guztien ustez. Euskal Herria miresgarria da ikuspuntu honetik, euskalkiak goraipatuak direlako. Arlo hortan, Euskal Herria Québec baino 50 urte aurreratuago da ! Beste ezberdintasun bat : Euskal Herrian Quebec-en gutxi dugun elkartasuna ikusten dut gizartean. Euskal Herrian herri mugimendua handiagoa da. Euskaldun egoiteko zer molde dituzu QC-en : . Euskal herria eta Québec-en arteko harremanak (bidaiak, internet-a, EH-tik bisitak, etab...). Montréaleko euskaldunekin kontaktuan egonez eta euskaraz irakurriz atxikitzen dut euskara. Gainera, nire pisukidea euskalduna da, eta ez dugu kasik frantsesez hitz egiten elkarrekin, bakarrik euskaraz. . Euskal Elkartea eta Euskara Ikastaldiak Montréal-en ? 2001eko udaberrian Montréaleko "Euskaldunak" elkarteko kide bat ezagutu nuen eta euskara kurtso bat antolatzea bururatu zitzaigun. Horretan dihardugu azken bi urteotan eta 20 ikasle inguru ditugu. Kurtso hau antolatzeko, astean behin bilkura bat egiten dugu, euskaraz. Beraz bi orduz euskaraz hitz egiten dugu elkarrekin egun honetan. Gero, bada kurtsoa bera. Beraz, hori guztiarekin, oso errexki atxikitzen dut euskara Montréalen, arazorik gabe. Nicole Lefebvre : "Euskaraz hitz egitean, gizonen eta emakumeen artean ba ote da diferentziarik ?"

Galdera honi Nicole Lefebvre-n tesiak erantzun bat atxeman nahi du ! Euskal Herrian bi aldiz bidaiatu duen antropologo ikerlariak ordu bat eta erdiz, telefonoz eta euskara argian, ondorengo galderei erantzunak eman dizkigu !

Hara hemen beste Québec-tar euskaldun baten experientzia eta harremana euskal hizkuntzarekin. Aurkezpena

Nicole Lefebvre, Châteauguay-tarra da. Montréalen hego mendebalean den herri hortan sortu da eta gaur egun ere han bertan bizi da. Hala ere ikasketa eta ikerketak direla medio Frantzian eta Estatu Batuetan bizi izan da.

Euskal Herriarekin eta euskararekin lehen kontaktua kasualitatez izan zuen. Hain zuzen ere 1996an, Nicole, Université de Montréal-en, Maîtrise-a egiten ari zelarik. Haren gaia frantses hizkera kantuetan ikertzea zen eta haren erakaslea/koordinatzailea georgiarraren espezializta zen. Horiek hola Nicole-en ahizpak informazio bat erakutsi zion : Georgiarra eta Euskal hizkuntza anai arrebak omen zirela... Maîtrise-eko erakasleak ez zuen sakonago bultzatu nahi jada ezeztatua zen hipotesi hori. Hala eta guztiz, Nicole-i proposatu zion euskal ipuinen eta leienden grabaketen egiteko lan bat. "Zergatik ez ?" erran ondoren Nicole Euskal Herrirako bidaiaren preparatzen hasi zen !

Hasiera batean, haren erakasle batek aipatu zion Bilbotar ikerlari bat. Harek Université de Montréal-en egina zuen bere tesia ! Bestalde, Nicole-ek informazio batzu hartu zituen Euskal Herriari buruz. Ikasi berria zuen españolaren lantzeko Hego Euskal Herria hautatu zuen. Baina, euskal hitzkuntzari buruz ukan zituen zonbait irakurketek euskararen ikasteko gogoa eman zioten.

Holaxe zituen Nicole-ek lehen harremanak ukan euskararekin ! Nola Ikasi duzu euskara ? Ni Bilbon egon nintzen hamabost egunez 1996-ko azaroan. Han neukan kontaktoak lagundu ninduen ikerketarentzat behar nuen baserriaren aurkitzen ! Ez zen edozoin motako baserria : euskalduna eta ardi gasta egilea izan behar zuen ! Bilbotar lagunaren ezagunek esan ziguten ba omen zela horrelako baserri bat Gipuzkoako herri batean eta zuzenean harremanetan ipini ginen ! Hilabete batez baserri honetan egon nintzen, aitona, amona, semea eta haren emaztea bizi ziren han.

Gero, 4 urtez Montréalen egon nintzen nire ikasketak jarraitzen. Ikasketan garaian, euskara lantzen egon nintzen, 5 hilabetez astean behin, Montréalen bizi zen euskaldun batekin (Bilbotar lagunaren beste kontaktu batekin !). Hala ere euskara ikastaldiak utzi nintuen doktoradoko klaseengatik. 2000 urtean berriz hasi nintzen Alan King metodoa lantzen eta ia bukatu nuen erdiko maila !

Azkenean 2001 urteko irailaren 11-an nire bigarren bidaiaren hegalaldia finkatu nuen... Aldi honetan, 10 hilabeteko ikerketa egin behar nuen : 50 bat elkarrizketa egin nituen biztanleen bizi moldea, kultura, harramemanak eta ezkontzak, belaunaldien barnean eta artean ezagutu nahiz ! Hori guztia emakumeen eta gizonezkoen arteko hizkuntzaren berdintasun eta ezberdintasunak ikertzeko ! Elkarrizketak ondo egiteko euskaltegian egondu nintzen lehen hilabetean. 3. garren mailako talde batean ikasi nuen. Euskaltegian harremanak oso onak eta sakonak ziren ikasle eta irakasleekin. Maila altuegia bazen ere 6 ordu egunero eta pausak euskaraz eginez hilabete batez nire euskara hobetu zen ! Zergatik Euskara Ikasi duzu? Imertsio experientziaren ezagutzeko nuen aukera ezin hobea izan zen hizkuntza honen ikastea ! Gainera, euskal leienda eta ipuinak grabatzeko hobe da euskara jakitea. Aitortu behar dut hasieran imertsioaren gatik informazio guttiago bildu nituela... euskara ez nuen ulertzen eta ! Gero azken astean herri osoa nere laguntzen egon zen ! Azpimarratzekoa da galdezkatuak ziren guztiek Barandiaran-en liburua aipatzen zidatela, esanez dena han zela... bainan poliki poliki lortu nituen erakasleak itxoiten zituen grabaketak !

Azken finean, Euskal Herriko lehen egon aldi hortan (45 egunekoa) erabakia hartu nuen nire tesia euskarari buruz egitea ! Zer ekarri dizu euskarak ? Jadanik esan bezala nere tesiaren gaia !

Bestalde, bizi modu diferente baten ezagutzeko parada : Euskal Herrian jendeen arteko harremanak baditu berezitasun asko ! Elkar bizitza modu ezezagunak ezagutu ditut : kuadrillak, jendartean harreman hestuak, etab. Asko sentitu dut jendeak kontuz egiten duela beste jendeei. Gainera nolabaiteko berdintasuna bizi moduan eta gizon eta emazteen arteko harremenatan senditu dut.

Niretzat ere oso impresio haundia izan da bi egon aldietan jendeek zuten arreta eta niri ematen zidaten garrantzia emakume gisa.

Azkenik, harreman sare bat ekarri dit : astero baserrira deitzen dut eta Québec-en gero eta gehiago euskaldun jende ezagutzen ditut ! Zer gustatzen zaizu Euskal Herrian eta zer ez ? Baserriko bizitza asko gustatzen zait. Han ezagutu dut nolabaiteko lasaitasuna eta elkartasuna. Asko lan desberdin egin dut baserriko lanetan : ikusi eta ikasi moduan!

Modu berdinean, jendeek haien artean elkarrekin pasatzen duten denbora ere oso luzea da ! Québec-i konparatuz Euskal Herrian beti bada (edo hartzen da !) denbora elkarrekin egoteko. Askotan egoera bitxi hau aurkitu dut : lagun batek ez du denborarik zurekin egoteko baina 40 minutu goxo hartuko ditu hori esplikatzeko ! Québec-en laburrago da harremana eta 10 segunduko "Ez da posible deituko zaitut !" erantzuna laster lortuko duzu !

Euskal Herrian jendeak beti baditu arrazoiak besta egiteko : ondo jan, edan, eta kantatzeko !

Québec-en ez bezala kontaktu eta harreman fisikoak asko dira. Gizonak gizonekin eta andreak andrekin asko ikutzen dira... Orain nik ere oitura hartu dut eta gustatzen zait.

Beste arlo batean, Québec-en emakume bakoitzak bere sukaldea badu... eta mundu hori ez da kanpokoei irekitzen ! Euskal Herrian 5 andre ikusi nituen ber sukaldean eta denak etxeko andre ziren... bakoitzak bere lana egiten zuen, koregrafia eta dantza bat bezala ! Arazorik gabe eta inork ordenik eman gabe bazkaria prestatua izan da... Eta hoberena hori guzia tentsio edo haserre oso gutxirekin ! Esperientzia oso polita iruditu zait ! Egoera honek gizonekin ere balio du !

Azkenean, alde onetan elkar laguntza asko egoeratan sumatzen da ! Jendartean elkartasuna sentitzen da !

Noski, aitortu behar dut familiatik urruntasuna senditzea ez dela neretzat beti errexa izan Euskal Herrian pasa dudan urtean ! Bestalde, humitatea oso zaila da jasaitea mendietan ! Euskaldun egoiteko zer molde dituzu Québec-en : Nik astero baserrira deitzen dut ordu erdi bat gutxienez ! Nere Euskal Herriko familia bilakatu denarekin hitz egiten dut : hango aizpa eta artzain lagunarekin !

Bestalde, tesirako lanarentzat elkarrizketen grabaketak entzuten ditut eta horrek euskararekin asko kontaktu emaiten dizkit !

Gaur egungo komunika bideek ere euskararen erabiltzen laguntzen naute : e-mailak idazten ditut duela 7 urteko bidaian ezagutu nituen lagunei ! Den dena euskaraz eta haietarik batekin euskaratik frantsesera itzupen lan bat egiten ari naiz : Euskaldun bat Marten liburua hain zuzen ere !

Azken bi urteetan Montréaleko Euskaldunak Euskal Elkartearen bidez hemengo euskaldunekin harremanak baditut ! Gaur egun ostiralero Euskara Ikastaldiak badira Montréal-en ! Gainera, Euskal Astea 2003 ekitaldian parte hartu dut konferentziak eginez nire experientziari buruz !

Oraino ez badakigu ere "Euskaraz hitz egitean, gizonen eta emakumeen artean ba ote den diferentziarik ?"... tesiaren ondorioak urte erditsutan lortuko direlako... Ez dugu dudarik Nicole-ek, etxeko andre eta artzain andrea bilakatu den Québec-tarrak, euskara erabiltzeko parada asko ukanen dituela geroan !!!

Michel Usereau eta Nicole Lefebvre-ek beren unibertsitateko ikasketen bidez euskararen ezagutza egin dute. Euskara bakarrik ezagutzea aski ez zela ikusiz, euskara ikastea erabaki zuten beren kabuz ! Datorren artikuluan, Éric Barrette eta Marc Sardi, beste bi euskaldun berri aurkeztuko dizkizuegu… Ohartuko zirezten bezala, haiek ez dute ber abiapuntua ukan euskararen ikasketa hasteko ! Menua KOSMOPOLITA Aurreko Aleetan Inicio > EM 257 > Kosmopolita -->

2004/06/04-11