251 Zenbakia 2004-04-23 / 2004-04-30
Traducción al español Plentziako itsasadarra. Andrakatik. Junkerako padura. Argazkia: Mikel Estonba
Euskal Herriko orografia malkartsua dela eta, gure kostalderaino ibilbide txikiko ibai ugari iristen da. Ibai hauen guztien bokaleetan, itsas mareen eraginpean daudelako, itsasadar izenez ezagunak diren hezegune aberatsak eta askotarikoak eratzen dira.
Itsas mareen eraginpean dauden ibaien zatiei itsasadar izenez ezagutzen zaie. Horien jatorria ulertzeko denboran atzera egin behar dugu, Würm izeneko azken glaziazioa amaitu zen arte. Orduan, glaziazioaren amaierak ekarri zuen izotz-kantitate handiak urtzeak itsasoko ur-maila igotzea eragin zuen eta horren ondorioz, ordura arte ibai-haranak izandako zati luzeak itsasoaren azpian edo itsas mareen eraginpean gelditu ziren.
Itsasadarretan itsasoak, ibaiak eta lehorrak bat egiten dutenez, ur gaziaren, ur gezaren, lehorraren eta atmosferaren arteko elkarrekintza gertatzen da. Ondorioa, padura da, hezegune-ekosistema konplexua, dinamikoa, aldakorra, eutrofikoa eta biodibertsitate handikoa.
Hala ere, itsasadarrak hezegune-mota bezala definitu beharrean, hezegune-mota desberdinen mosaiko modura definitu beharko genituzke; izan ere, itsasadar bakoitzaren hedadura osoan, haien artean erlazionatuta egon arren, nahiko desberdin izan daitezkeen azpisistema heze ugari agertzen da: ibai eta ibaiertzak, padurak, limo-hondartzak, marea-kanalak... Leako itsasadarra. Mariarrota padura.
Argazkia: Mikel Estonba
Berez, dagoeneko aipatu den moduan, itsasadarrak oso ekosistema aberatsak dira. Hainbat ikerketak frogatu duen moduan, itsasadarrak, biosferan azalera unitateko ekoizpen-tasarik altuenetakoa azaltzen duten ekosistemak dira. Ekoizpen altu horren arrazoi nagusiak hurrengo hauexek dira: Ekoizle primario ugari agertzen da (planktonikoak, bentonikoak, halofitoak...). Gure latitudeetako tenperatura epelek ekoizpen altu hori urte osoan mantentzea ahalbidetzen dute. Ibaietatik, itsasotik eta lehorretik elikagai mineral ugari iristen da itsasadarretara. Itsas mareen gorabeherei esker, elikagai horiek guztiak era eraginkorrean banatzen dira itsasadar osora. Mikroorganismoen etengabeko jarduera eta sakonera urriaren ondoriozko uren eta hondoen arteko erlazio estua dela eta, elikagaiak oso azkar berreskuratu eta asimilatzen dira.
Baina itsasadarretako aberastasun biologikoaren arrazoiak ez dira ekoizpen-tasa altuetan bakarrik bilatu behar. Itsasadarretan, ibaien ur-lasterra, itsasoaren ur-sarrera dela eta, geldiarazi egiten da. Horrek, esekiduran garraiaturiko partikula arinenen sedimentazioa eragiten du eta hondar-banku eta lohi-hondartza emankorrak eratzen dira. Materia organikoaren kontzentrazio handia izaten duten lohi horietan, ornogabe-populazio jori eta interesgarriak bizi dira. Lohi-hondartza horien loditasuna itsasgora hilen mailara iristen denean, landare baskularrak agertzen hasten dira, eta kolonizazio horren amaieran, padura izenez ezaguna den ekosistema heze aberatsa eratzen da. Urolako itsasadarra. Beduako padura.
Argazkia: Mikel Estonba
Ezaugarri horiek guztiak direla eta, itsasadarretan eta paduretan elikatze-kate eta -sare konplexuak eta oso aberatsak osatzen dira, oparotasun horren lekukorik ezagunenak bertako arrain- eta, batez ere, hegazti-komunitate joriak izanik.
Hala ere, elikadura-ikuspegitik apartekoak izan arren, bertako bizi-baldintzak oso gogorrak dira, substratuaren ezegonkortasuna eta oxigeno urritasunaz gain, itsas mareen ondoriozko uraren eta gazitasunaren etengabeko gorabeherak bizidun gehienentzat jasanezinak baitira. Ezaugarri gogor horiei aurre egiteko, bertan bizi diren animalia eta landareek moldaera bereziak garatu behar izan dituzte, eta ingurune horietan bizitzeko hertsiki espezializatutako espezie bihurtu dira. Horrek itsasadar eta paduren balio ekologikoa eta biologikoa areagotu egiten du, aipatutako espezieek ezin baitute beste inon bizi. Beraz, itsasadar eta paduren egoera naturalari eustea nahitaezkoa da milioika urtetako eboluzio biologikoaren ondorio diren espezie horiek irauteko. Itsasadarrak eta padurak Euskal Herrian Aia. Oria ibaiaren itsasadarra. Portuetxeko padura.
Argazkia: Mikel Estonba
Hasieran aipatu den moduan, gure kostalde labartsua ibilbide laburreko ibaien itsasadar txiki ugariz ebakita agertzen da. Aurreko lerroetan argi gelditu da itsasadarrak balio natural eta ekologiko handiko inguruneak direla, hala ere, Euskal Herriko itsasadar eta padura gehienek, azken hamarkadetan, eraso gogorrak jasan dituzte gizakiak eraginik. Mendeetan zehar osasunaren kalterako ingurutzat onartu izanak, XX. mendeko bigarren zatian Euskal Herriak izan zuen industrializazio-prozesu azkarrarekin eta horrek eragin duen hazkunde demografikoa ikusgarriarekin batera, garai batean gure itsasadar txikietan padura- eta areatza-eremu zabalak zeuden lekuetan, gaur egun kale, etxe eta industrialdeak egotea eragin du. Horren guztiaren ondorioz, Euskal Herriko itsasadarretan paduren hedadura ez da iristen XX. mendearen hasieran izango zutenaren erdira. Gainera, itsasadarren balio natural eta ekologikoak ezagutzen ez ziren garaian egindako lehorketak eta betelanak ulergarriagoak izan badaitezke ere, inolaz ere ulertu eta onartu ezin dena da gaur egun oraindik gure itsasadarretan padura-eremuak suntsitzen jarraitzea.
Mendetan zehar jarraitu zaion dinamika suntsitzaile horren ondorioz, gaur egun ongi kontserbatutako itsasadar bakar bat dugu Euskal Herrian, Urdaibai. 1984 urtean Biosfera Erreserba izendatu zen Urdaibai, eta horri esker, Bizkaiko itsasadar zoragarri horren egitura naturala eta padura-eremu zabalak suntsituko lituzketen egitasmoak geldiaraztea lortu zen. Urdaibain euskal kostaldeko ekosistema guztiak ordezkatuta daude: padurak, hondartzak eta dunak, itsaslabarrak, artadi kantauriarrak, ibaiak eta ibaiertzetako basoak... Hala ere, Urdaibaik bere baitan hartzen dituen herri guztien adostasunak lortzeko zailtasunek eta Bilbo aldetik jasaten dituen bisitari-andana ikaragarriek izugarri zailtzen dute alderdi pribilegiatu hori babesten eta berreskuratzen aurrera egitea. Beltzeniako padura. Txingudi badia.
Argazkia: Mikel Estonba
Beste itsasadar batzuek, gizakiaren erasoak pairatu badituzte ere, padura-eremu zabalak gorde dituzte orain arte, hala nola, Txingudi, Orio eta Zumaia Gipuzkoan eta Lea, Plentzia eta Barbadun Bizkaian. Horietan guztietan, azken urte hauetan talde ekologistek gogor borrokatu behar izan dute hainbat padura suntsituko luketen egitasmoak gelditzeko. Batzuetan, borroka horiek bere fruituak eman dituzte, eta hainbat hezegune babestea eta zenbait kasutan errekuperatzea lortu da; baina beste batzuetan ez dira arduradun politikoen itsukeria gainditzeko adinakoak izan eta, tamalez, gure ondare naturalaren zati garrantzitsua osatzen duten hainbat padura-eremu hormigoiaren azpian desagertzen ikusi behar izan dugu.
Bestalde, nahiko degradatuta egon arren, bada oraindik padura-eremu txikiak dituzten hainbat itsasadar: Urdazuri eta Sokoa Lapurdin; Inurritza eta Deba Gipuzkoan eta Ondarroa Bizkaian. Azken horietan gordetako zenbait padura txiki, hain zuzen ere, komunikabideetan etengabe hizpide izaten dira, zenbait kasutan, suntsitu egin dutelako eta bestetan hainbat egitasmok biodibertsitatearen altxor txiki horien iraupena mehatxatzen dutelako. Kasu guztietan, padura txiki horiek betiko desagertaraziko lituzketen proiektuak “ezinbestekoak” eta “aldaezinak” balira bezala aurkezten zaizkigu, eta kasu guztietan, talde ekologistek bitxi ekologiko horiek gordetzeko aukerak badirela frogatzen ari dira, baina ingurumena inoiz kontuan hartu ez duten politiken inertzia handiarekin topo egiten dute behin eta berriro.
Azkenik, ingurumenarekiko oso erasokorra izan den garapen-ereduaren biktima izan den zenbait itsasadarretan, ez da lehengo paduren arrastorik gelditu, hala nola, Ibaizabal itsasadarrean, Bakioko badian, Pasaiako senaian, Urumearen bokalean eta Atturriko itsasadarrean. Sokoako padura. Donibane-Lohizuneko badia.
Argazkia: Mikel Estonba Azken urteetan gertatzen ari den kostaldearanzko barne-migrazioa hirigintza-presio gehigarria da gure itsasadarretan gorde diren hezegune gutxi horientzat, eta horrek, nagusiki, padura-eremu txikiak gorde dituzten lekuetan du eragina, hezegune horien osperik ezaz baliaturik, dagoeneko ahaztuak izan behar genituzkeen padura-suntsiketak egiten ari baitira. Alderdi horretatik, gune horiek guztiak kate baten modura elkarloturik daudela aipatu behar da eta, horregatik, kontserbazio-estrategiek ez dute padura-eremu zabalak gorde dituzten itsasadarrak babesteko bakarrik izan behar, ekosistema horien dinamismo handia dela eta, gizatiartutako itsasadarretan gorde diren padura txikiak ere antzinako aberastasunaren lekuko biziak baitira. Lotutako artikuluak (1,16 MB) Menu GAIAK Inicio > EM 251 > Gaiak -->
2004/04/23-30