251 Zenbakia 2004-04-23 / 2004-04-30
Traducción al español
Goi-Erdi Aroan hiruzpalau familia Artibai ibaiaren ahoan kokatu ziren Berriatuko Elizatearen barrutian. Hasieratik arrantzan ziharduten kolonizatzaile hauek XIII. mendean indartze ekonomiko izugarria bizi izan zuten eta ondorioz, 1327ko irailaren 28an Bizkaiko Andere zen Maria Diaz de Harok “Logroño Forua” eskaini zien, Ondar-Ahua hitz elkarketaz Ondarroa herria sortuz.
Herri honen eraikinik gailentsuenak Zubi-Zaharra eta Andra Mari Eliza ziren. Zubi-Zaharraren inguruan mugitzen zen portuaren bizitza, ibaiaren eskuinaldean kokatzen ziren sareak garbitzeko gune publikoak, untziolak eta ur-edangarridun iturri bakarra, eta ezkerraldean berriz, etxebizitzak. Andra Mari Elizaren papera bestalde, ibaiaren azken meandroan kokatuta, herria eta batez ere portua itsas ekaitzetatik babestea zen. Babes hori zela eta, Ondarroak bere hedapen demografikoa Elizaren inguruan garatu zuen.
Ondarroa herri zaharraren hutsune eza zela eta, portu inguruko eraikinez aparte herria ondoan zituen magal gogorretan eraiki zen, inguruko guztia Artibai ibaiaren padurak eta ihitzak baitziren (1.Irudia). 1911. urtean Ondarroako paduren saneamendu eta hiritartze proiektua plazaratu zen (AGCAPV, exp. 555) eta 1919.ean hiritartze proiektua (AGCAPV, exp. 871). Proiektu hauei esker, XX. mendeko hedakuntza guztiak Artibai ibaiaren uhertzetan gertatu ziren, urtez urte paduraren hedadura murriztuz.
Halaber, Artibai ibaia urte askoz, etxebizitzetarako egur eta materialen garraiorako erabili zen, ibaian gora ia Berriatuaraino zamatzeko hainbat gune zeudelarik. Baina garaiko udal artxiboan ondarrutar askoren kexa bat agertzen da, herritar batek padura zati bat itxi eta kultibo-lur bilakatu zuelako zamatzeko tokia ezabatuz (BFAAH, 10. Liburua).
Herri bizitzak aurrera egin ahala, padurak atzera egin zuen eta egun, 2.4 hektareatakoa da ibaiaren goiko aldean Arrabeta legez ezagutzen den padura arrastoa. Ondarroa 1846. urtean Blanche Hennebutte-ren arabera (Iturria: Bizkaiko Foru Aldundiko Artxiboa).
2001. urtean Arrabeta paduraren landarediaren azterketa bat egin zen Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Paduretan landare-espezieak gradiente bat erakusten dute marearen eraginaren arabera, gazitasun maila eta korronteen indarra jaitsi ahala ezaugarri ezberdinetako bandak agertzen direlarik (Benito & Onaindia, 1989). Joera ekologiko hau aztertu asmoz, itsasgoraren mugatik hasi eta paduran barrena ikertu ziren landareak.
Arrabeta paduran hainbat landare-komunitateren presentzia falta da. Adibidez, behe-itsasbazterreko espezie diren Zostera noltii, Suaeda maritima eta Salicornia rammosisima falta dira besteak beste. Halaber, erdi-itsasbazterreko komunitatean, hots itsas gora arruntetan urperatuta gelditzen den gunean, Spartina maritima edo itsas espartina agertzen da soilik. Landare dibertsitate esanguratsuena erdi-goi itsasbazterreko komunitatean aurkitu da, Aster tripolium, Halimione portulacoides, Inula chritmoides, Juncus maritimus edo ihia, eta Phragmites australis edo lezka bezalako landareak aurkitu direlarik. Lehen hiruak gazitasuna jasaten duten arren, ezin dute urperatuta sasoi luzean egon. Ihiak eta lezkak bestalde, ur gezaren presentzia nabarmena adierazten dute, beti ere paduraren azken muga izango direlarik.
Behe-itsasbazterreko hainbat landare ez agertzearen arrazoia, topografia eta hidrologiaren arteko elkarrekintza eskasa izan daiteke. Landareen banaketa egokia eman dadin, padurak altuera era jarrai batetan hartu behar du eta Arrabetan itsasgoraren mugan ia metro erdiko jauzi bat ematen da (2.irudia). Antzina padura kultibo-lur bilakatzeko egin zen isolamendu prozesuan, lezoiak eta betelanak egin ziren, padura ur-dinamikatik bereiztu eta jauzi fisiko bat sortuz. Jauzi hau landareentzat oso oztopo garrantzitsua da eta ondorioz, ez da paduraren zonifikazio ekologikoa ematen, behe eta erdi-itsasbazterreko espezie gehienak desagertaraziz. Ondarroako Arrabeta padura 2001. urteko irailean eman ziren marea bizietako itsas-beheran. Argazkia: Nahia Gartzia Bengoetxea
Landare espeziea Estaldura (%) Aster tripolium 15 Atriplex hastata 15 Corylus avellana + Elymus pycnanthus 5 Festuca rubra ssp. pruinosa + Frankenia laevis ssp. laevis + Halimione portulacoides 15 Inula chritmoides 15 Juncus maritimus 5 Mentha aquatica + Oenanthe crocata + Paspalum paspaloides 5 Phragmites australis + Scirpus maritimus ssp. maritimus 5 Scirpus sylvaticus + Spartina maritima 5 Spergularia maritima 2 Triglochin martima 15 1.Taula: Arrabeta paduran aurkitutako landare-espezie garrantzitsuenak eta bakoitzaren estaldura %tan adierazita.
+ = espeziearen presentzia adierazten du, baina bere estaldura padura osoan ez dela oso esanguratsua.
Landarediaz gain, marearen eragina Arrabeta paduran ere aztertu zen. Horretarako padura osoan banatuta bederatzi hesola ezarri ziren itsasbeheraren mailan eta irailaren 17-19 bitartean izandako itsasaldi bizietan itsasgoran urak hesoletan utzitako arrastoa neurtu zen, horrez gain, urak estaldutako azalera ere kalkulatuz. Itsasaldi hauetan paduraren 700 m2 geratu ziren itsasgoraren sasoian urpetu gabe, 2.44 hektareako hasierako azaleratik. Itsasaldi biziak ematen direneko garaian paduraren %97a urpetu egiten da, honek paduraren hedadura txikiegia dela adierazten du, landareek ez baitute behar adina leku fisikorik aurkitzen. Hala ere, itsasgora arruntetan paduraren erdia urpetu gabe gelditzen da, hori dela eta, goi-itsasbazterrekoak diren Phragmites australis eta Elymus pycnathus bezalako landareen garapena ahalbidetzen da.
Oro har, giza eraginak andeatutako padura baten ezaugarriak erakusten ditu. Landare komunitateak ez du bere zonifikazio naturala jarraitzen, ekosistemaren ahultasuna agerian utziz. Ahultasun hau nabariagoa egiten da azaleraren hedadura murritza eta Berriatutik behera Artibai ibaiak jasaten duen kutsadura antropikoa kontsideratzen bada (Eusko Jaurlaritza, 1998).
Azken hitzetan, Ondarroako herriaren mugetan kokatzen den padurak egun erakusten duen egoera ekologikoa oso latza da, baina Euskal Autonomi Erkidegoko Hezeguneen Sektorekako Lurralde Planaren Aurrerapidean (1998) berreskuratu beharreko gune bezala definitzen da. Antzina kultibo-lur bilakatu ziren lur sailak padura legez berreskuratzearekin, hedadura 8 hektareatara igoko litzateke. Horrez gain, bere sasoian eraiki ziren dike eta lezoien erauzketaz, padura osoan zehar ur-dinamika berrezarriko litzateke, habitat dibertsifikazio bat eraginez. Era honetan, landare eta lurzoruko ornogabe komunitate ezberdin ugariren garapena baimenduko litzateke, azken hauek paduretako hegaztien eta batez ere limikolen agerpenaren estuki erlazionaturik daudelarik. Ahalegin honen helburua, padura batek herriari eskain diezaiokeen gune sozial eta kultural bat berreskuratzea litzateke. Bibliografia
Archivo General de la Comunidad Autónoma del País Vasco (Vitoria-Gasteiz). Fondo Puertos de Bizkaia. Concesiones. Exp. 555.
Archivo General de la Comunidad Autónoma del País Vasco (Vitoria-Gasteiz). Fondo Puertos de Bizkaia. Concesiones. Exp. 871; AGA. Leg. 1.786.
Benito, I. & Onaindia, M. 1991. Estudio de la distribución de las plantas halófitas y su relación con los factores ambientales en la marisma de Mundaka-Urdaibai. Implicaciones en la gestión del medio natural. Cuadernos de sección Ciencias Naturales (8), Eusko Ikaskuntza.
Departamento de Ordenación del Territorio, Vivienda y Medio Ambiente. 1998. Avances del Plan Territorial Sectorial de Zonas Húmedas de la Comunidad Autónoma del País Vasco. Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco. Vitoria-Gasteiz. Euskal Autonomi Elkarteko Ibaietako Uren Kalitatea eta Ingurunearen Egoera Zaintzako Sarea, 1998. Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro saila. Eusko Jaurlaritza. Lotutako artikuluak Menu GAIAK Inicio > EM 251 > Gaiak -->
2004/04/23-30