233 Zenbakia 2003-12-05 / 2003-12-12
2003/12/05-12 Asteartetik erabilgarri dago Goiena.net Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net
Asteartean, abenduaren 2an, Goiena.net, Debagoieneko herriek Interneten duten atari berria inauguratu zuten Garagartza auzoko Arteaga Landetxean. Goienkaria, telebista eta irratiaren osteko laugarren atala da ibarreko herri guztiak bere baitan hartzen dituen webgune berria. Goiena taldearen barruan dago ataria, eta hainbat zerbitzu desberdin eskaintzen dizkio erabiltzaileari: eztabaidak, albisteak...
Aurkezpen ekitaldian hainbat pertsonek hartu zuten hitza: lehendabizikoa, Goienako Presidente Esteban Plazaolak. “Bailarako eragile guztion bilgune” bezala aurkeztu zuen zerbitzari berria Plazaolak. Ondoren, Iban Arantzabal, enpresa bereko Telematika arduradunak hitz egin zuen, eta adibide praktiko baten bitartez, eskaintza berriaren nondik norakoak azaldu zizkien han bildutakoei.
Hainbatek hartu zuten hitza astearteko aurkezpen ekitaldian: Miren Azkarate, Ignazio Lakuntza... (Arg. Josemari Velez de Mendizabal)
Xabier Retegi, Eusko Ikaskuntzako Presidenteak ere hitza hartu eta, eta bere esanetan, “teknologia berriak oso plataforma egokia dira gure kulturaren hedapenerako”. Horrekin batera, Eusko Ikaskuntza eta Goiena Elkartearen arteko lankidetza onuragarria litekeela aipatu zuen.
Iban Arantzabal, Goiena Telematika arduradunak adibide praktiko bidez azaldu zuen zerbitzu berriaren nondik norakoak.
(Arg. Josemari Velez de Mendizabal) Xabier Huitzi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Zuzendariak bailarako kemenaz hitz egin zuen. Ignazio Lakuntza Debagoieneko Mankomunitateko Presidenteak, zerbitzu berriak Internet bidezko kohesioa ekar dezakeela aipatu zuen, eta “etorkizunera begira laguntzen jarraitzeko konpromisoa” hartu zuen. Miren Azkarate Kultura Sailburuak ere zerbitzu eskaintza berriari buruzko bere iritzia azaldu zuen. Horrela, euskal kulturak bere garapena teknologiak ahalbidetzen dituen plataformetan oinarritu behar duela azpimarratu zuen.
Behin aurkezpen ekitaldia eginda, hara gerturatutakoek hamarretako goxoa zuten zain, eta elkarrizketetarako txanda iritsi zen.