233 Zenbakia 2003-12-05 / 2003-12-12
2003/12/05-12 Akordeoi akordeak entzungai
“Arrasate Hiria “ txapelketan Zuriñe Velez de Mendizabal
Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net
Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteak, Arrasateko Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, “Arrasate Hiria” Nazioarteko XI. Akordeoi Lehiaketa antolatu du. Asteazkenean, abenduaren 3an hasi zen, eta hilaren 8an emango zaio amaiera. Lehiaketa publikoa da, eta nazionalitate desberdineko bakarlari guztiei egin zaie deialdia. (Arg. antiguedades-argentinaiespana.es)
Hogeita lau pertsona gerturatuko dira Arrasatera, horiek hiru taldetan banatuta: haur, gazte eta nagusien kategoriatan, bakoitzean zortzina pertsona arituko direlarik. Bost egun hauetan bi fase emango dira: lehenengoa kanporaketatzat har daitekeena, eta hiru musika pieza jo beharko dute parte hartzaileek. Horien %50a igaroko da lehiaketako azken fasera. Interpretatuko duten musika-pieza guztiak buruz edo partituraz jo ditzakete. Astelehenean, hilak 8, txapelketako azken ekitaldia eta sari banaketa egingo da goizeko 11,30etatik aurrera. Sariei dagokienez, lehenengoak 3.600 euro irabaziko ditu; bigarrenak 1.800 euro; hirugarren geratzen denak 700 euro; laugarren eta bosgarren postuak lortzen dituztenek, 300 euroko bidaia poltsa bana. Sariez gai, datorren urteko Nazioarteko XII.Akordeoi Lehiaketara gonbidatuko dute antolatzaileek aurtengo irabazlea, kontzertuak eskain ditzan.