226 Zenbakia 2003-10-17 / 2003-10-24

Herriak

Arrasate Iruditan: herria ikusgai

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Menu HERRIAK Arrasate Inicio > EM 226 > Herriak -->

2003/10/17-24 Arrasate Iruditan: herria ikusgai Zuriñe Velez de Mendizabal

Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Arrasate Argitan Kultur Elkarteak Arrasate Iruditan liburua aurkeztu zuen irailaren 9an eta hurrengo egunean salgai jarri zuten herriko hainbat liburu dendetan.

Liburuaren izenburuak dioen bezala, argazkiak dira batik bat liburuko protagonistak: jendea, arkitektura, natura, lana eta festa. XXI.mendeko Arrasate islatu nahi izan dute liburuan. Argazkilariak herrikoak bertakoak, ingurukoak edota bertan lan egin edo bizi izandakoak dira; herriarekin nolabaiteko harremana izan dute guztiek. Baina argazkiekin batera, hainbat testu ere jasotzen dira liburuan. Herriaren gaineko bakarra aurki daiteke, Joxe Aranzabal kazetari arrasatearrak egina. Gainerako testuek Euskal Herria dute mintzagai. Koldo Izagirre, Antonio Alvarez-Solís, Eduardo Manet eta Selma Huxley dira horien egileak, eta lau hizkuntzatan aurki daitezke testuak: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Aipatzekoa da argazkiek ere azalpen testuak jasotzen dituztela lau hizkuntza horietan. Jose Felix Diaz de Tuestak egin du liburuaren sarrera, eta bere esanetan, liburua beharrezkoa zen. Orain arte ez zegoen herriaren gaineko horrelako libururik, eta kontuan hartzekoa da milaka lagun etortzen direla Arrasatera bisitan; ez zegoen horiei herriari buruzko ezer oparitzeko. Enpresei saltzeko pentsatutako liburua da, hauek kanpora doazenean edo bisitariak jasotzean, herria ezagutu dezaten eskainitako oparia. Hala ere, ale gutxi batzuk jarri dituzte salgai, eta salmentak oso ondo joan dira.