217 Zenbakia 2003-07-04 / 2003-07-11

Artisautza

Lander Urkia. Zurezko tailak

AGUIRRE SORONDO, Antxon



Lander Urkia ARTISAUTZA Español Lander Urkia: Zurezko tailak . Sarrera . Produktuak

Lander Urkia, lau anai-arrebetan zaharrena, 1963an jaio zen, Errenterian. Bere aitak, izen berekoa, 1936an jaioa, kautxuzko piezak egiteko tailer bat zeukan, baina asko gustatzen zitzaion zurezko maketak eta pirograbatuak egitea, gero familiari edo lagunei oparitzeko. Hortxe hasi zen gure gaurko artisaua zurarekin zaletzen. Aita izan zuen lehenengo irakaslea.

Landerrek zurezko lanak egiteko zaletasuna izaten jarraitzen zuela ikusirik, Eibarko Paulino Larrañagarekin jarri zen harremanetan, zeinak eskopeten kulatak eta altzariak zizelkatzen zituen, kutxak batez ere. Lander ikasle modura sartu zen bertan. Noizean behin bakarrik joaten zen, baina pixkanaka gero eta maizago joaten hasi zen. Zenbaitetan etxera eramaten zuen zizelkatzeko lana, eta gero Paulinok zuzentzen zion. Aldi berean, bere aitaren tailerrean aritzen zen lanean.

Pixkanaka, gutxiago bidaiatzen hasi zen. Jada ez zeukan kontseiluak jasotzeko hainbesteko beharrik. Lanbide Heziketan Kimika ikasten hasi zen, aitaren tailerrean jarraitzeko asmoarekin. Zura hain gustuko zuenez, ondoren zuraren bidetik jo zuen Lanbide Heziketan (maila ertaineko trebakuntza zikloan).

1991n Errenteria Xenpelar eskolan zizelkatzen irakasteko proposamena luzatu ziotenean, dena utzi eta irakasle bihurtu zen. Eskolak arratsaldez ematen ditu, eta goizez zizelkatzen lanetan aritzen da. Horrela jarraitzen du gaur egun ere.

Begoña Irazurekin ezkonduta dago, eta bi haur dauzkate: 11 urtekoa bata, eta 8koa bestea. Zaharrena hasia da gubia eta mailua erabiltzen, eta txikia, berriz, oso marrazkizalea da.

IKASTAROAK

Arte Plastikoen Xenpelar Tailerrak Errenteriako Udalaren diru-laguntza jasotzen du, eta honako ikastaroak ematen dira bertan:

· Zura modu tradizionalean zizelkatzeko tailerra.

· Zeramika kreatiboa.

· Marrazki eta pinturen tailerra.

· Altzarien zaharberritzea.

· Zuraren dekorazioa.

· Argazkigintza tailerra.

· Koadernaketa artistikoa.

· Haurrentzako plastika tailerra.

Ikastaro hauek urtebetekoak edo hiru hilabetekoak izaten dira, eta arratsaldez izaten dira, urritik ekainera bitartean. Ikasleak matrikula bakarrik ordaindu behar izaten du, udalaren tarifaren arabera. Errenteriakoek prezio berezia izaten dute, eta kanpokoek pixka bat garestiagoa. Taldeka ematen dira, astelehenetik ostiralera. Lehenengo eskolak 15,30etan hasten dira, eta azkenak 21,30etan amaitzen dira.

Landerrek zura zizelkatzeko ikastaroak ematen ditu.

Zura eskolak berak ipintzen du, eta gero ikasleak ordaindu egin behar izaten du, baina, nahi izanez gero, ikasleak berak eraman dezake. Emaitza beraientzat izaten da.

Taldeetan gutxienez 15 lagun egoten dira, eta gehienez 20. Aipatu dugun bezala, bi ordutegi ezberdin egoten dira.

Adin guztietako jendea joaten da, 14 urtekoetatik hasi eta 80 urtera bitartekoak, gizonak zein emakumeak (azken hauek gutxi gorabehera %20 dira). Batzuk beren etorkizunari begira aukera bat ezagutu nahian joaten dira, eta beste batzuk denbora-pasa gisa. Baina guztiek dute gauza bat komunean: zizelkatzea atsegin dutela.

Ikastaroak plan bat jarraitzen du, eta beraz ikasleei pixkanaka irakasten zaie, bai marrazten, bai zizelkatzen.

Ikasleek, normalean, bi urte egiten dituzte, baina bada 12 urte daramatzanik. Taila posible ezberdinak ilustratzeko panela.

Zenbaitetan elkarrekin afaltzera joaten dira ikasleak eta irakaslea. Erosi Zurezko taila QUIENES SOMOS Política de privacidad Avisos Legales ? 1998 Eusko Ikaskuntza