195 Zenbakia 2003-01-17 / 2003-01-24

Gaiak

Literatur Kazetaritza Euskal Herrian

RAMÍREZ DE LA PISCINA, Txema

Literatur Kazetaritza Euskal Herrian Literatur Kazetaritza Euskal Herrian Txema Ramirez de la Piscina Gaur egun "Literatur Kazetaritza" bezala ezagutzen dugun fenomenoa duela 40 urte hasi zen garatzen AEBetan, 60ko hamarkada berezi hartan, alegia. New Journalism edo Kazetaritza Berria bataiatu zuten orduan. Kazetaritza eta literaturaren artean zebilen praktika izan zen eta, fenomeno berritzaile guztiekin gertatzen den moduan, hasiera hasieratik izan zituen bere aldeko sutsuak eta aurkari irmoak. New Journalismek Literaturaren zurtoinak ikaratu eta Kazetaritzaren ukitu ezinezko printzipioak iraulitako piramidearen eskema, lakonismo espresiboa… hankaz gora jarri zituen. Kazetari jardun probokatzaile, iraultzaile eta ikonoklasta izen zen. Tom Wolfe Tom Wolfe fenomeno honen teoriko ezagunena da eta berea ere da New Journalism izeneko liburua (1972). Kontakizun deskriptibo hutsa egin ordez, Literatur Kazetaritzan beste zerbait zen helburu: "zer" gertatu den esatea baino, egitatea "nola" jazo den erakustea, alegia, norberaren interpretazioa eta subjektibismoa ezkutatu gabe. "Kazetari berriak" gertakariak jazotzen ziren tokietan murgildu egiten ziren, lekuko ezezagunak elkarrizketatuz, euren bizitzetan sartuz, galdera lotsagabeak eginez. Kazetari berriak pertsonaiak haragizko egiten zituen, jazoeren ezkutuko arrazoiak agerian utziz, intimitatea eta sakontasuna uztartuz. Psikoanalisiaren gorakadak eta barne bakarrizketaren teknikaren garapenak ere erreportarien lana erraztu zuten. Pixkanaka pixkanaka, idatz molde berri hauen baitara kazetari idazle dezente biltzen hasi ziren: ohiko kazetaritzaren zurruntasunarekin nazka nazka eginda zeuden berriemaileak, underground izeneko prentsaren inguruan zebiltzan idazleak, baita prestigiodun zenbait saiogile ere. Kazetaritza Berria edo Literatur Kazetaritza garai baten espresiobidea izan zen, espontaneitatearen eta inkonformismoaren emaria, testuinguru baten lekuko, inolako zalantzarik gabe. 60ko hamarkada eroa eta xarmangarria zetorren,urte lizun eta zalapartatsuak, abiada ikaragarri azkarrean zetozen urteak ziren. Hunter S.Thompson ek (1971) ederki asko azaldu zuen hamarkada hartan bizi zen giroa: Norabide guztietan, ordu guztietan eromena zegoen… Edozein tokitan txinpartak atera zenitzake. Bazegoen gure artean halako zentzu unibertsal eta zoragarria, zeinak gu egiten ari ginen guztia bidezkoa zela esaten ziguna, momentu hartan irabazten ari ginela adierazten ziguna… Helduleku indartsua genuen: Antzina eta Gaizkiaren indarrak garaitzen ari ginelako sentsazioa agerikoa zen. Ez termino militarretan; guk ez genuen horren beharrik. Gure energia, berez, nagusituko zen… Uhin handi eta eder baten gorenean zamalkatzen ari ginen. Literatur kazetaritza landu nahi duen erreportariak, lehenengo eta behin, jakin behar du lan sakona egin behar duela, beren artikuluak ohikoak baino luzeagoak eta zehatzagoak direlako: pertsonaien iragana aztertu behar du eta gertakarien backgrounda arakatu. Era horretan bakarrik egin dezake idazlan txukun eta egokia. Funtsean lau dira Literatur Kazetaritzan ageri diren teknikak; honakoak, alegia: Kontaketa, eszenaz eszena eraikitzen da, literaturan egiten den bezala. Ez dira fikziozko lanak benetan gertatu diren jazoerak baizik. Informazio iturriak protagonista bilakatzen dira. Kazetariaren eta beraien arteko solasaldiak tartekatu egiten dira testu barruan, literaturan egiten den antzera. Kazetari lan hauetan narrazioa ikuspuntu desberdinen arabera egituratzen da (lehenengo zein hirugarren pertsona erabiliz). Elementu sinbolikoen presentzia nabaria da (pertsonaien nortasunari dagozkion keinuak eta iritziak, besteak beste). New Journalism sortu zen garaian berritzailea eta arau hauslea izan zen, dudarik gabe; baina horrek ez du esan nahi idazteko era hura "berria" zenik. Badira antzeko teknikak erabili zituzten hainbat idazle literaturaren historian. Mundu anglosaxoniarrean, adibidez, honako hauek: Daniel Defoë, John Reed, Ernest Heminguay eta George Orwell, besteak beste.Oriana Fallaci Hegoamerikan ere teknika hauek erabili dituzten kazetari idazle famatu asko ditugu: Gabriel García Marquez kolonbiarra eta Mario Benedetti uruguaitarra. Europan, korronte horren adierazle dira, adibidez, Günter Wallraff alemaniarra eta Oriana Fallaci kazetari italiarra. Eta gure artean zer? Euskal Herrian Literatura eta Kazetaritza batera garatu direla esan daiteke (I. Aranbarri, 2002). XX. mendearen hasieran, adibidez, hainbat izan ziren kazetetan euren idazlanak argitaratu zituzten idazle handiak (Lauaxeta, Lizardi…). Dena den, eta Literatur Kazetaritzaren teknikaren erabilerari gagozkiolarik, bereziki aipagarria deritzogu Oh! Euzkadi aldizkariak 80ko hamarkadaren hasieran egindako ekarpenari (1980 83) Izan handiko idazleak trebatu ziren berton: Koldo Izagirre, Andu Lertxundi, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria eta Ramon Etxezarreta, besteak beste. AEBetan loratu zen inkonformismo bera agertu zen hogei urte beranduago Oh! Euzkadi aldizkarian ere. Oh! Euzkadi aldizkaria Bertan plazaratzen ziren idazlanak ez ziren "ohiko" kazetari lanak, beste "zerbait", baizik. Euskal gizartean orduan bizi zen momentu bereziak ere Francoren heriotza nahiko gertu zegoen zerikusi handia izan zuen aldizkariaren edukietan eta formatuan. Egile guztiak gorri samar izanagatik, aldizkari horretako erdiko orrialdeetan, beti agertzen zen erlijioso batekin egindako elkarrizketa sakon bat. Literatur kutsua zuen elkarrizketa izaten zen. Horietako bat Plazido Mugika euskal idazle eta elizgizon gipuzkoarrari egin zioten 1981ean, hau da, hil baino urtebete lehentsuago. Galdera erantzunen tarteari hasiera eman aurretik, kazetariak (idazlan haien egiletasuna kolektiboa zen, elkarrizketena behinik behin) bere solaskidearen deskribapena egin zuen. Honatx Plazido Mujikari egokitu zitzaiona. Bertan nabari nabariak dira, lehen aipatu ditugun teknika horiek: Oraindik ere antojuak sudurrean ongi kateatzen ez dituen jendeak, brometakoa ez den beldurra ematen digu zenbaiti. Ez dakigu zer adierazinahi duen antiojuzorro horrek. Baina jenio bizia, bizia edo txarra, kazkagorkeria edo kazkajokeria, edota bakarbizian edo bakarlanean hartutako insoziabilitatea eta maniakotasuna adierazten zuten sindrome hoiek, ttikitan amaren konfesorea bisitatzera Loiolara joaten ginenean eta han beste askoren artean bisitak errezebitzera saloiratzen zen aita Plazido Mujika. Plazido Mujika Ordutik hona euskal kazetaritzan idazleek duten presentzia handituz joan da, bai kuantitatiboki, baita kualitatiboki ere. Asteburuetako gehigarriak eta iritzi orrialdeak dira, zalantzarik gabe, horrelako idazlanen tokirik berezkoenak. Maila batean periferikoak dira idazlan horiek, nekez topa baitaitezke horrelakoak hard newsen artean (politika eta ekonomia). Baina maila batean bakarrik, iritzi saila, adibidez, gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan baita kazeta guztietan azken urteotan. Egungo kazetetan punta puntako euskal idazleen iritziak ditugu irakurgai: Pako Aristi, Iñigo Aranbarri, Kirmen Uribe, Unai Elorriaga, Arantza Urretabizkaia, Jon Alonso, Ana Urkiza, Hasier Etxebarria, Edorta Jimenez, Harkaitz Cano eta beste hainbat. Alde horretatik Euskaldunon Egunkariak euskal idazleak kazetagintzaren plazara hurbiltzeko egin duen ahalegina bereziki azpimarragarria da. Aurrera begira, pentsa liteke joera hori hurrengo urteetan ere sendotuko dela euskal kazetagintzan. Agian idazlan horiek ez dute zentraltasuna lortuko Karmelo Landak azpimarratu duen bezala; baina, prentsaren munduak oso garbi eduki beharko luke, ikus entzunezko hedabideekin daraman lehia estu horretan, bere irakurleei beste "zerbait" eskaini behar diela; hau da, telebista eta irratiak eskaintzen ez dieten zerbait. Eta idazleen ekarpena, zalantzarik gabe, komunikazio beroa lortzeko tresna ezin egokiagoa izan daiteke. Bibliografia eta erabilitako dokumentazioa ARANBARRI Iñigo, Kazetaritza Berria Euskal Herrian; Kazetaritzatik Literaturara jardunaldiak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioa, 2002. OH! EUZKADI aldizkariaren12. zenbakia (azaroa, 1981). LANDA, Karmelo, "Kazetaritzatik Literaturara: Joan etorriko bidea"; Kazetaritzatik Literaturara jardunaldiak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioa, 2002. RAMIREZ DE LA PISCINA, Txema, Literatur Kazetaritza, arau hausle eta bidegile; Kazetaritzatik Literaturara jardunaldiak, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Leioa, 2002. THOMPSON, HUNTER S. Gonzo (http:// WOLFE, Tom, El Nuevo Periodismo, Bartzelona, Anagrama, 1976. Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea. Argazkiak:http:// http://eta Auñamendi. Euskonews & Media 195. zbk (2003 / 01 / 17 24) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria