195 Zenbakia 2003-01-17 / 2003-01-24

Gaiak

Euskararekin interneten

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Euskararekin interneten Euskararekin interneten * Josemari Velez de Mendizabal Bere bosgarren urtera sartu da Euskonews & Media aldizkaria eta atzo izan zela dirudi. Joko xehe baten antzera hasi zenak dimentsio ederra hartu du, eta asteroko kultura edukia sarera ateratzeko konpromisoa hartu genuenok badakigu jakin zein nolako zailtasunak… eta satisfazioak izan dituen erronkak. Iritsiko da eguna balantze bat egiteko, baina gaurko ekarpen txiki honek beste bide batetik narama. Hain zuzen ere, aspalditik kezkatzen nauen gai bati heldu nahi diot, gain girotik bederen, Euskonews & Media ren bitartez nire usteetan tinkoagotu nauena. Ezagutzen nautenek badakite aspaldiko aldarrikapena dudala euskaratik edozein hizkuntza maioritario batera itzultzearen beharra, euskarak bizirik iraungo badu. Urteak daramatzat lelo berdinarekin eta gero eta konbentzituago nago horretaz. Ezinbestekoa zaio gure hizkuntza idatziari beste mintzairetara itzulia izatea, hartzaileen kopurua handitzeko eta, horrela, euskararen osasuna suspertzeko. Euskaldunen pelotoia, munduko biztanle guztion arteko sailkapenean, %0'01 izatera ozta ozta helduko litzateke. Ez gara, ez, gizateriaren zilborra, ezta hurrik ere! Eta beste bizidunekin harremanak eduki ahal izateko, derrigorrezkoa zaigu hizkuntza desberdinetara jotzea. Ahozko hartu emanetan mekanika zein den garbi dago, eguneroko praktikan mintzaira bat baino gehiago erabiltzen baititugu euskaldunok, batere arazorik gabe. Automatikoki aritzen gara beste lanabes desberdinaren bitartez gure mezua ulertarazteko. Euskara idatziari dagokionez, esparru berdinak irabaztearren ez ezik baita euskal sortzaileek euren buruak, hiztun ugariko sortzaileenak bezain baloratuta ikus ditzaten, itzulpena dugu ezinbesteko plataforma. Eta uste horri eman nahi izan genion aukera Euskonews & Media n, euskaraz sortu lanek itzulpena baitaramate alboan, euskaldun ez diren internautek ere jakin dezaten zer ikertzen den eta zer esaten den gure hizkuntzan. Eta formulak balio izanduela deritzait, batez ere laneko herramienta euskara hautatu zutenak irabazten amaitu direlako. Euskaraz ikerketa zein dibulgazioko lanak aurkeztean irakurle tipoa, gutxienez, bikoiztu egiten da Euskonews & Media n eta, zer esanik ez, abantaila dakarkio ekarpenaren sinatzaileari. Baina bitxia bezain normala da, sareko irakurleen tipologiak euskarazko lan baten aurrean jasaten duen bilakaera. Lau urte luzeko esperientziak, estatistiketan oinarritua, honako datu hauek ematen dizkigu: Euskarazko Itzulpenaren bertsioaren irakurleen % irakurleen % Artikulua 50 50 sarean jartzen den astean Hiru 10 90 hilabetera Urtebetera 5 95 Hiru 0'01 99'99 urtetara Hau da, aurreneko datetako abantaila erlatiboa kenduta, denbora aurrera doan heinean euskarazko bertsioa bere ubide naturalera itzultzen da, hots, Interneteko hizkuntza maremagnumean galtzera. Guztiz normala. Baina euskararen bitartez, sortzailearen ekarpena emari handiagoko ildoetara heltzen zaigu eta hori eskertzekoa da. Portzentaiaren bilakaerak, noski, adierazpen garbi eta erreza du: aldizkariaren ekarpena euren helbide elektronikoan jasotzen dutenen artean euskaldunen kopurua oso altua da. Eta asteko artikuluak aurrez aurre agertzen zaizkie irakurleei. Beraz, aukera aukeran dute euskarazko bertsioa irakurtzea, bila ibili gabe. Baina hurrengo astean, aurrekoak "biltegira" pasatu dira, "aurreko aleak" deritzan sailera. Eta orduantxe hasten da alanbiketa naturala euskarazko bertsioarentzat, aldizkariaren edukia egunero errebisatzen dituzten makina bilatzaileen aginduetara. Baieztapen garbia dut, adibidez, astero ehunka aldiz irakurtzen diren "artikulu zahar" batzuk euskaratik itzulitako espainiera zein frantsesera edo ingelesezko bertsioak direla. Esaterako, astekoaz aparte, joan den hilaren bigarren hamabostaldian gehien irakurritako elkarrizketa, 1998ko Gabonetan Juan Garmendia Larrañaga etnologoari euskaraz eginikoa izan da… espainierazko bertsioan. Bertaraino iristeko lasterbideak"Navidad" eta "vasco" izan dira, Interneteko bilatzaileetan hitz horiek tekleatu baitituzte interesatuek. Eta iaz argitaratu nuen Pedro Ignacio Barrutiari buruzko artikuluaren erdal orria ere oso bisitatua izan da, "Nochebuena" giltzarriari esker. Abenduaren 16 eta 23 bitarteko estatistiketan, hamargarrena gertatu zen "Actto para la noche buena" artikulua, 6458 dokumenturen artean. Eta nire artikuluaren euskarazko bertsio originala ez zait azaltzen, estatistikek eskaini erabilpenetako laukian. Zeharo normala. Erdal irakurleak, bilatzen ari zen gaiaz jabetzeaz gain, euskarazko erdal bertsioei ipintzen zaien "Traducción al español (francés/inglés…) del original en euskera" formulari esker badaki, irakurtzen ari denaren jatorrizko ekoizpena euskaraz egin dena… agian, existitzen zenik ere ordura arte ez zekien hizkuntza batean burutua. A! Eta batere zalantzarik gabe, euskal artikulu egilea gustura geratzen da, bere artikulua erabilia dela jakitean, berak gehien maite duen hizkuntzaz sortutako bertsioan izan ez den arren…, edo, hain justu, horrexegatik. Dena den, gertatzen da ere, hain normala ez dena, hots!, hainbat euskal internautak erdal orrietara jotzea, samur aurki dezakeen euskarazkoaren kaltean. Hortxe bai, euskara galtzaile ateratzen ari zaigu, geuk behintzat erabilpenaren hedapena sustatu beharko genukeelakoan bainago. Ustekabe galanta desatsegina jaso dut azken urteotan zenbait euskaltzale "pope" rengandik, euskararekiko euren jarrera desegokia dela eta, beren ikerketa lanen dibulgaziorako hizkuntza arrotza aukeratu baitute, euskararen kaltetan. Azkenik, diodan, euskara idatziari itzulpena beharrezkoa zaiola azpimarratzen dudan modu berean, itzulpengintzakoa sektore "ukiezina" bilakatzen ari zaigula iruditzen zait. Orain dela gutxi faktura bat iritsi zitzaidan Euskonews & Media ko lankide batengandik, eta bertan bi kontzepturengatik fakturatzen zuen: sortzezko lana eta, aldi berean, sortzaileak berak bere lanari eginiko itzulpenarengatik. Gezurra dirudien arren,150 eurotan baloratzen zuen bertsio originala eta 160 eurotan itzulpena! Hain burugabekeria iruditu zitzaidan… non atzera bidali nion kargu agiria. Josemari Velez de Mendizabal Euskonews & Media 195. zbk (2003 / 01 / 17 24) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria