193 Zenbakia 2002-12-20 / 2003-01-10

Gaiak

Jon Mirande Aiphasorho hogeita hamar urte.

PEILLEN, Txomin

Jon Mirande Aiphasorho hogeita hamar urte. Jon Mirande Aiphasorho hogeita hamar urte. Txomin Peillen Parisen sortu, Parisen hil; ez zen etxekoen herrian bizitu, baina aberria bihotzean eduki. 1948.an euskaraz idazten hasirik ez du beste mintzairetan inoiz literatura lanik eman. Bere bizitza, bere nortasuna, jatorriaren (Zuberoa), ideien, eta eduki zuen eta duen eraginarengatik ezohikoa, arraroa izan zen. Jatorria. Aitamen Zuberoa, bere txikian herri horrek, jende bereizi eta bitxien emailea izan da: XVII.mendean Allande Oihenart katoliko historilaria, Jakes Belakoa protestante lege gizona eta humanista; XVIII.mendean Joan Felipe Belako zalduna, frantses artileriaren modernizatzailea, Pierre Topet Etxahun erromantiko gaizkina, Agosti Xaho, erromantiko ameslaria. Azkenik Jon Mirande zuberotar gaitz eta bereizi horien ohituratik heldu da. Politika ideiengatik bakartia izan zen. Erregezaleek eta euskaldun abertzale lokartuez etsiturik, asperturik jarri zen, urte haietan hegoaldea fazismo ipurtxuri baten eta Iparraldea ipurtxuri demokraten menpean zeudenean. Horrela Jon Mirande psikastenikoa, ziklotimikoa nazi berriekin ibiltzen hasi zen, ezen gaztegia izan zen nazi zaharrekin ibiltzeko. Norekin eta nola sartu zen haiekin ? Bretoin nazi batzuekin harremanetan sartu zen eta osoki liluratua, ezen gizon horik kultura handiko jendeak ziren. Jon Miranderen obra, bizpalau polemika artikulu bazter utzita, ez da fazismoz kutsukoa. Euskal olerkietan eta narratiban, gai berriak erabiliz, sekulako hauskura ekarri zuen: erotika, paganismoa, bazterkinen (eskeko, mozkor, hiltzaile, homosexuala, prostituta delakoen) « herri santu eta demokratikoan » eta « euskaldun zintzoen artean » irudi debekatuak . Lauaxeta eta Lizardi zerbaitetan saiatu arren modernitatean sartzea Miranderei zor diogu eta Arestik esan zidan « Mirande irakurri ez banu santa sekulan ez nuen euskaraz idatziko ». Garaiko literatura kostunbrista zen, kristau dotrinaren parafrasia, maitetasuna ere ez zen gaia eta Argiakohumoristek idatzi bezala euskal liburu laburrena izango zen gerrate aurreko euskarazko erotika idatzia. Nik uste, portadaz, azalez eta margolari ausarten bizpalau irudiz kanpo horrelako liburua egin daitekela. Jon Mirande saiatu zen, Beaudelaire olerkariaren « Fleur du Mal » gisako, euskarazko erotika olerki zenbaiten argitaratzen; alabaina 1953.an hori aipatu zuenean klerikalak, gure aiatolah txikiak ez zeuden lotan, berehala Lafitte, Chabagno eta Mocorroa orroaka hasi ziren, gazteria ustelduko zuela, ez zela argitaratzera utzi behar, Espainian debekatu behar zela, Vaticanoko Indexean sartzekoa zela. Haren olerki ederrek, haren olerki berrien bildumak hogeita hiru urte igurikatu zuen 1976.an, Orhoituz tituluarekin, egilea hil ondoren argitaratzeko. Miranderen eta Pariseko Igela aldizkarian argitaratu idazkiak berriz irakurtzean Napartheid eta Ostielaren ondoan, monagilloak, beretterak ginela ematen du.Halaber 1949.an idatzi Haur besoetakoa, egilea hil baino bi urte lehenago,1970.an baizik ez zen agertu; anartean Donostian eta Ameriketan, euskaldunen zentsuragatik ez zen inor argitaratzen ausartu. Gabriel Aresti gure adiskideak izan zuen horretarako bekokia. Jon Mirande Argazkia: Auñamendi Ulergarria da jadanik depresiboa zen Mirande, Iparraldeko ipurtxuriak eta apez integrista batzuek egin zankartekoen ondotik euskal literaturaren geroarekin etsitua izatea eta estimatzen zuten aita Nemesio Etxaniz edo aita Salbatore Mitxelena ez ziren haren alde agertu ahal izan. Haren filosofia pentsamendua Joxe Azurmendik ongi aztertu zuen, erakutsiz Schopenhauer, Spengler eta Nietscheren irakurketez haren ezezkortasuna, haren bortiztasuna berotu zela. Haren mundu ikusmoldea argi da: amets egin zuen meritokraziaz, erran nahi baita gizarte batean elite bat, aristokrazia bat sortu eta berritu daitekeela ez diplomen arabera, ez diruaren indarrez, baina merezimenduz eta benetan aditua izatez. Bestalde kapitalismoari eta komunismoari aiherra zien, materialismoaren eta zientismoaren frutuustelak zirelako. Frankismoa aldiz beretzat ipurtxurien fazismoa zen. Euskaldun abertzaleen ezaxolaz haserre 1948.an borroka armatua antolatu nahi izan zuen eta hortaz Gernika aldizkarian, idatzi eta argitaratu 1953.a . Ez zuen horretarako ez eta adiskideen artean, inor aurkitu. Era berean literatur jaso baten alde eta garaiko populismo folklorezalearen aurka idatzi bazuen, ez zuen lehen garaietan arrakastarik izan. Materialismoari aiher ziola berriz diot eta hain zuzen ez zen ateua, baina pagano izpiritualista. Arimagan, izpirituaz beste den zerbaitetan, sinesten zuen. Bere erotikaren ulertzea hori lotua zen gorputzekin batean arimak bat egin, elkarri lotu behar zuten, bestelan joko hutsa zelako. Ikuspundu horrek ez du ezer ikusteko, orain ezkerreko nafar argitaletxe batek eskaintzen duen eta modan dagoen, humore gabeko pornografia gogorrarekin, animaltasunezko eta kirolezko erotomania horrekin. Finantzetako Ministerioan, Parisen lan egiten zuen. Eta depresibo gisa bulego giro astoa nekez eroaten zuen. Ez zuen bere promoziorako ahalegin handirik egin, nahiz zeukan hizkuntza ezaguera zabalagatik kanpo finantzetan postu hobea eman zioten. Euskararenganako amodio eta nazienganako lilura itsu horrez kanpo, jatorrizko testuen irakurtzeko hizkuntzen ikastea pasioa zeukan. Honelaxe Europako bospasei hizkuntza mintzatzen zituen eta beste hamar bat irakurtzen. Irlandera zaharraren, aleman zaharraren, grekera zaharraren aditu izatera iritxi zen eta munduko aditu askorekin gutun harreman handiak zituen, Alemanian, Austrian, Gales herrian, Ipar Amerikan, Irlandan eta Italian, baina berak ukan zituen eskutitzak galdu dira. Ez da harritzeko Euskaltzaindian, orduko Euskaltsaindua, ez bazuten iparraldekoek euskaltzain oso bezala sartzera utzi, baina zertan ibili behar zuen, jende horien artean? Ez al da hobeki egon kanpoan Jon Etxaide, Txillardegi eta hainbeste idazle hoberenekin. Bixtan da politika eta erotismo gaiak gogoan Larousse Universel hamabost aletan egin duen ipurtxuriakez diola barkatu eta Mirande izena ez da alfabetoaren lekuan agertzen, are gutxiago euskal literaturaren historian. Hiztegi berean Mirande baino fazistago izan ziren Céline eta Brasillach beren lekuan daude. Euskarazkoan Miranderen lekuan kazetariak. Hitlerismoak eta stalinismoak horrelako bazterketak egin zituzten. Hogeigarren mendeko bospasei handien artean izan den idazle hori, mendekuz eta apalkeriaz baztertu da, nahiz bere obra osoa hiru aldiz argitaratu den. Iparraldeko txuriek oraino ere gorroto dute eta poztu ziren 1972.an Eguberrian bere buruaz beste egin zuenean. Jon Miranderen eragina hogeigarren mendeko bigarren erdian handia izan zen, hala nola Gabriel Arestik Bilbon deklaratu zidan "Mirande ez bazuen irakurri ez zukeela santa sekulan euskaraz idatziko". Jon Mirande hipokresiaren euskal oihala urratu baitzigun, gure idazlearen ohoretan, Hegoaldean, hamaika omenaldi egin zaizkio, eta bi Zuberoan; literatura sari bati haren izena eman zitzaion eta jadanik haren bizitzaz eleberri bat eta antzerki bat idatzi dira. Ez da, orain, olerki loretegirik egiten Miranderen poemarik gabe. Bestalde depresibo askoren gisa bazuen humorearen zentzu bereizia, ez beharbada hanbat herrikoia, nahiz Zuberoako txikitoetan eta ingelerazko limerick delakoekin, "eder" izeneko koplak idatzi. Jadanik politika eta literatura utzi zuen azken bi urteetan etxera zetorkigun gurekin irribarre egitera eta ongi jatera, hori harentzat, andrekin batean, pagantasunaren oinarrizko osagaiak zirelako. Duela hogeita hamar urte hil zinen. Ez nuke esango goian bego, baina Euskal Herrian gure artean egon bedi. Txomin Peillen Euskonews & Media 193. zbk (2002 / 12 / 20 2003 / 01 / 10) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria