AGATE DEUNA BIZKAIA ALDEKO GORBEIA INGURUAN Agate Deuna Bizkaia aldeko Gorbeia inguruan * Juan Manuel Etxeberria Ayesta Agate Deuna, mendebaldeko lehenegotariko birgina martiria dugu. Sicilian jaio zen 230ean eta Catanian martirizatu 251eko otsailaren 5ean, kristautasuna zaintzearrean Quincianoren ezkontza proposamenaren aurrean. Euskal Herrira etorririk, Agate Deuna patronatzat hartu zen beste martiri asko bezala eta herri batzuetan leiendarekin nahastu ere bai. Gaur egun ere, hainbat parrokia eta ermitatan ospatzen dugu Agate Deunaren eguna. Bezperatik ospatzen da egun hau eta gaur egun zabal dabil Agate Deunaren koru edo abesbatzak etxerik etxe, kalerik kale eta herritik herri kantuz aritzea. Gorbeia ingurura etorririk eta batean besteango ohiturak laburbilduz, koru bi aipatuko ditugu. Bata Arratiakoa eta bestea Zeberiokoa. Arratiako korua inguruko herri askotako abeslariez osatuta dago eta batzen den dirua, beharrizanean daudenentzat izaten da. Goizean, Zeanurin hasten da, Arratia osoan zehar ibili eta gero Bilbon sartzen da. Egun osoan dabil abestu eta abestu, abots askotara abesten du eta horregatik letrak ez dira hain ugariak. Zeberioko korua edo koruak, txikiagoak dira. Umeak ere ibilten dira baina batez ere kintoak dira ezagunenak. Umeak, egunez ibilten dira eta kintoak ostera arrasti edo gauiluntzean. Batzen den dirua bazkaria edo afaria egiteko izaten da normalean, baina azken urteotan ermitak berriztatzeko ere erabiltzen da. Agate Deunaren bezperan, parrokiako kanpabueltakoak joaten dira inoizkorik gehien eta kanpaiots eta kantuekin alaitzen da egun haundi hori. Agate Deunaren abestia dela eta, Zeberioko ohitura hauxe da. Korua, abeslari, makila, otzara eta abarrekin osaturik joaten da etxerik etxe eta agurra kantatzen hasi baino lehen, galdera bat egiten du koru solista edo aurrelariak: Kantatu ala errezatu? Errezatzearenak badauka bere zentzuna. Etxeren baten hilberri edo ezbeharren bat gertatu bada, errezatzea nahiago izaten dute eta herriaren aurreanere hobeto ikusita dago. Arratiakoak abotsetara kantatzen duela esan badugu, Zeberiokoak abots batera bakarrik baina Agate Deunaren bizitza osoa egiten du eta horretarako musika melodia bera ere arina izaten da, bertso guztiak denbora gutxian kantatzeko. Agate Deunaren bizitza bertsoak era askotakoak ezagutzen dira eta gaurko honetan ez gara horiekin sartuko. Egun honetako kantatzearen helburuetariko bat aginaldoa lortzea denez, martiriaren bizitza kantatzea gain, etxe bakoitzean, bertso berezi bat kantatzen da, baina ez edozein modutakoa. Lehenengo, etxe bakoitza aztertzen da eta ikusi ia nor den aipagarriena, ondorioz etxekoen bihotza bigundu eta aginaldo hobea lortzeko. Horretarako herri bertsolariak zuhur ibiltzen dira bertsook apaintzen, bakoitzari berea botateko. Gaurko honetan, bertso hauek aipatuko ditugu. Egilea, Zeberioko Manu Ayesta (g.b). Egilea ezeze, koruko aurrelaria ere izan genuen bere biziz. Mota bakoitzeko hainbat bertso dira berak eginak baina hemen batzuk baino ez ditugu aipatuko. Denak nahi izanez gero, laster Auspoan agertuko dira A. Zabalaren eskutik. Euskalkiari dagokionez, bizkaieraren barruan Zeberioko aldakikoak dira eta, jakina, ez daude ortografia batuan. Dena den, ulerbidean, zertxobait egokiturik agertuko dira literario mailara bidean. Bertsoak direla eta, zortziko zein kopla nagusiak dira, banaka zein konbinaturik. HASIERAKO AGURRA Oles ta oles bakean kantetan asi gaitean Agate Deuna kantetan gatoz etxe ontako atean. Kantauko badu esan deiskula iñor badago etxean iñork ezetzik eztiño eta kantetan asi gaitezan. Kristau maiteak gogoan artu nortzuk gagozan atean aurtengo urteko kinto gazteak Santa Agedantzat batzean. Kantauko bada esan deiskula iñor badago etxean iñok ezetzik ez diño eta kantetan asi gaitezan. Soldadu goaz soldadu amaren seme sobradu borondaterik baldin badago limosna bila gatoz gu. Limosneruok, Santa Ageda ez da astean astean urtean baten eta beratan zezeilaren bostean. AZKENEKO AGURRA NAGUSIARI Errotapean arria dago arenganean txoria etxe ontako nagusi jauna propietario andia propietario andia eta diru askoren jaubia guri limosna emongo deusku eun errealeko barria. ABADEARI Izar ederrak zeruan dagoz mundua argitutzeko etxe ontako abade jauna erligiñoa zaintzeko Aita Santua Erroman dago Jesukristoren ordeko jauna berori eskogiduta dago aren lekureko. ALKATEARI Alkate onak erri askotan batean eta bestian Zeberiokoalangorik ez da bat bera bere Bizkaian tabernan meatz allegatzen da eleizan aal dauanian jaun ori ona dala guk letxe dakie mundu guztian. ETXEKO ANDREARI Ondo andratxu preparadea etxe ontako andria erri onetan onena dauka baita berorrek ondria ondo andratxu kariñosea biotza limosneria gaur guretzako emongo deusku limosna guztiz andia. ALARGUNARI Armarioan sagua ari begira katua etxe ontako etxeko andrea alargun bedeinkatua. Bere senarra gizon ona zan egoanean munduan orain gloriak gozatzen dago Santa Agedagaz zeruan. ZALDUN GAZTEARI Ortxe goitxuan iturri ura txorrotik etorri etxe ontako zaldun gazteak amalau urre txintxarri. Amalau urre txintxarrirekin zazpi damaren eguzki guzti orreri gitxi eretxita geiago ditu merezi. SEME ALABEI Ortxe goietan ardiak dagoz mendian arran soñuan etxe onetan seme alabak ezkonduteko moduan euron doteak andiak dira danok dakigun moduan seme alabok ezkonduteko askok gura dauz munduan. DAMA GAZTEARI Lore ederra guztiz argia udabarriko loria duda bagarik axelangua emeko dama gaztia klabelinatxu guztiz polita ganera dote andia ori logratzen gau ta egun dabil erri guztiko jentia. TXIKERRENARI Ortxe ortuan aza bi bata besteari adi etxe ontako txikerrentxuak urrekurtzea dirudi Etxe ontako txikerrentxuak edertasuna ugari bere aurpegi eder orretan merezi dituz mosu bi. TABERNEREARI Geuri entzuten ementxe dauka taberna ontan gentea eta guk ondo kantau eiteko sikurik dogu samea samea freskatu egiteko uts utsik dago botea len baño len ba bete egizu taberneratxu maitea. LIMOSNARIK EMOTEN EZ DAUANARI Erbia dago azatzan erbikumea babatzan etxe ontako uzaba jaunasamarañoko kakatzan. Juan Manuel Etxebarria Ayesta, Deustuko Unibertsitatea.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.