19 Zenbakia 1999-01-29 / 1999-02-05

Gaiak

Herri-sendakuntzaren etnologiazko ekarpena

PEILLEN, Txomin

Herri sendakuntzaren etnologiazko ekarpena Herri sendakuntzaren etnologiazko ekarpena * Txomin Peillen Euskal Herriko herri medikuntzaz, ez da ikerketa eskazik, batzuk onak, besteak ez hain, baina gehienak gaztelaniaz. Arauez ez zen J.M. Barandiaranen mezua ongi igaro. Txarrena gaurko eusko etnologia hain emankorra bada, etnografoek, maiz, euskarazko testuak ere ez dituzte argitaratzen. Neronek hirur ausartzia hartu ditut, lehena berriemaileen ama hizkuntza errespetatzea, nahiz frantsesa(behin) nahiz zuberera izan. Bigarren ausartzia argibideak, azterketak ere euskara batuan ematea. Gaineratu nahi nuke, erdarak ez dakizkigulakoan hala gabiltzala idazten duten azpi jalei, frantsesez, hirur ikerketa liburu argitaratu ditudala, jadanik Hirurgarren ausartzia izan da erizain eta biologilari izan, eta ez mediku, sendagileen egin ez dutenaren egitera bortxatua izan naizela. Horiekin guztiekin, Anuario de Eusko Folklore 1994 1995. en eman dut, 1998.an Herri sendakuntza eta sendagingoa Zuberoan nire ikerketa luzea. Barandiaran fundazioaren laguntzaz egin nuen inkesta eta urtekari hori nire ikerketarekin bete nuen. Zer ondorio ateratu dudan eta denborarekin zer dakusadan.? Lehenbizikorik oraindik bizi dela herri sendakuntza mota bat, hots herri sendatzaile edo petrikilloena. Gero, batzutan, sendatzaile mota horrek orain osakidetzan edo para osakidetzan ikasketak egiten dituela konturatu naiz. Halaxen daunatuek, ezur zuzentaileek, fisioterapia diploma daukate, azken hirur belaunaldietan mediku erradikalekin auzirik ez izateko. Beren ezagutzak ere, orain aberatsago direla. Batzutan diot ikasketak egin dituztela, baina larrumin, azalmin sendatzaileek aztikeriaz eta otoitzez sendatzen jarraitzen dute. Berriz elizak onartu otoitzak eduki arren, apez sendatzaileek ez dirudi erabiltzen dituztela gehiago. Bigarrengorik etxe sendakuntza galtzen ari dela konturatu naiz, edozein katarruren gatik sendagilearena doa jendea Gizarte Asegurantzarekin, dohainik dela baidakite. Halere hirurjende mota aurkitu dut. Zahar zaharrak, antzinako herri medikuntza eta azti erremedio batzu eman dizkidatenak, bigarrenik adinez artekoak medikuek irakatsi etxekandereek, XX.mendeko hiri medikuntzaren higiene eta botigak ezagutzen dituztenak, sendabelarrak osoki ahaztu gabe. Azken mota batean gazteak daude, aintziñako gaitzen, eritasunen ideiarik ez daukatenak, etxe erremedio gutti ezagutzen dutenak eta batzutan azti botiga baten bitxikeriaz ohartu direnak. Gogoera berdinarekin farmazeutiko bati eta mediku bati galderak egin dizkiet, eta azkenik erizain talde bati zeinek Zuberoan gaixoak beren etxeetan edukitzeko lana baiderama. Andere horiekin ikusi dut nola eriaren euskal kultura eta gizarte egitura kontutan hartu behar den duinki zahar dadin, bortxazko zahartetxe batean sartu baino lehen, batik bat zaharrari gauero norbait etxera erretiratzen bazaio. Hirurgarrengorik euskarazko zuberotar testuetan XVI. mendeko atsotitzekin hasita, XVII. jendeko eliza liburutan ediren dudanarekin eta XVIII. mendean alde batetik 90 orrialdetako liburuxka batean eta mende berdineko zuberotar komedietan bildu aipamenekin uzta eder bat egin dut, gizaldi hartako osakidetzaren argigarri. XIX.mendeko sendabelar liburuxka bat erabili dut. Idazki horien garrantzia ez da nolanahikoa izan ezen herri sendakuntza ez delako esparru edo alor zerratua, mugatua, irekia baizik. Gainera gure Euskal Herria, Santiago bideko gurutzean izanki, erakutsi dut hezur zuzentzaileen kasta hori XV. mendean hasirik Nafarroa Beherekoko Santiago bide kurutzean dagoen Izuran izan dela ; oraindik ondokoak daudela, Baionan, Ezkozen, Hazparnen, Izuran, Maulen, Sen Gladin Bestalde, sarritan, herri medikuntza hori da, jakintsunena baina zaharkitua : halatan XVIII. mendeko euskaraz idatzitakoa, gehienak, lapurtar Alberto Magno baten zuberotar adaptaketa dugu, eta lapurtarra gaztelaniaz XVI. mendean argitaratu zenarena. Horregatik ez da harritzekoa azti erremedioen irakurtzea, sendabelar on batzuekin batean, konplexioneiburuzko idazki batekin, eta harri preziosekin sendatzeko, osatzeko errezetekin nahasian, biltzaileak naski medikuak ez zirelako. Beste adibide batez XIX. mende azkean Althabegoity zuberotar apezak idatzi sendabelar bilduman konturatu gara, Kneipp alemanaren botanikaren frantsesezko itzulpen baten eragina agertzen dela. Sendabelarrak lehengoak eta oraingoak aipatzen edota irakurtzen nituenanean ahalik eta beren benetako latin eta erdal izenak ematen nituen, eta beren kimikagaiak, zein ziren aztertzen. Ez dut uste hor gauza berririk ekarri dudala medikuntzako etno botanikari, baina ehun ta laurogei landareen erabilera ez da bilketa makala. Azkenik zatika eta osatzearekin baino ez gaixotzearekin,ez eritzearekin erdietsiak diren ariketak erakutsi zaizkigu, hala nola oinaze doloren eztitzeko, jabaltzeko euskal digitipunktura baten aztarna, baita artzain eta laborari zaharren jokaeran lasaialdi zaharren azken ohiturak ere. Agian nire lana besteek sakon dezaten gaia corpus bat izango da ea gure sendagile diplomadunek euskaraz egiten diguten lan hobea? Txomin Peillen Karrikaburu, ikerlaria.