18 Zenbakia 1999-01-23 / 1999-01-30

Gaiak

Donostiako hizkera

CAMINO, Iñaki

Donostiako hizkera Donostiako hizkera * Iñaki Camino Donostiako euskararen gainean idazten hasi aurretik geure hizkuntzak duen baino egoera arruntagoa eta osasuntsuagoa duten hizkuntzen artean hizkera urbanoek ezaugarri bereziak dituztela esatea oinarrizkoa iruditzen zait. Hurrengo hauek izan daitezke ezaugarri horietako batzuk: 1)herri txikietako hizkuntz ereduak zaharragoak eta, beraz, jatorragoak diren arren, hizkera urbanoek prestijioa eduki ohi dute; hirikoak diren hizkuntz aldaera edo formak kopiatzera jo ohi dute aldameneko eta urrunagoko herri txikietako hiztun goranahiek. 2)hizkera urbanoetan maiz sumatzen da aldameneko herri edo ibarretako hizkeretarik apurtxo bat bederen bereizteko borondatea. 3)aldakortasun maila handikoak dira hizkera urbanoak, halakoxe koine edo hizkeren nahasketa gertatzen da hirietan. Aldakortasuna ez da hiztun batetik bestera bakarrik gertatzen, hiztun batek berak hizkuntz forma edo aldaera desberdinak erabiltzea ere litekeena da. Donostiako euskara nolakoa den, ea berezia den galdetuko baligute, ezezko erantzuna eman beste biderik ez genuke izango, ez baitu ezaugarri deigarririk edota inguruko herrietako hizkerek ez duten ezaugarri bere berezkorik. Ezker eskuin eta azpiko aldetik dituen herrietako hizkerekiko koherentea da, geografian zehar mailaz maila gradualki gertatzen den hizkuntz jauzien arloan maila ertaina ematen du, trantsizio handirik gabe. Aldeak Aranon eta Errenteria Oiartzun aldean agertzen hasten zaizkigu; Donostiatik ezker joaz gero, oso "despasiyo" eta oharkabean bezala agertzen zaizkigu herri batetik bestera gertatzen diren hizkuntz aldaketak. Ikusi batera, ez du ematen Donostiako euskara inguruko herrietarako erreferentzia izan denik, hizkeraren aldetik Donostiako auzoak zein bere bidetik baitoaz, hurbilen dituzten herrietako hizkeretan aurkitzen ditugun ezaugarrietarako isuria eta joera dutela. Bestalde, ez da aztertu zer nolako eragina eta ospea duen Donostiako hizkera "kaxkarrak" inguruko herrietan, baina ezdirudi berebiziko eragina izan duenik. Ospea ere ez du oso ona izan, guk dakigula, bederen. Administrazioaren eta merkatuaren aldetik bai, baina paradojikoa baldin badirudi ere, linguistikoki ez dirudi Donostia hiri izan denik. Donostiarren euskara kaxkarra eta solezismoren bat edo beste duena dela esatea ohiturazkoa bihurtu da, baina kaxkariñ kaletarrak dira egiazki salaketa hori merezi dutenak, baserrietako donostiarren euskarari ez baitio eramaten oriotar edo hernaniar batenak. Donostiako euskararen beste ezaugarri bat, leku jakin bateko hizkera izatetik hizkera sozial izatera iragan izana da. Egun, Donostiako bereko euskara Igeldo, Altza, Añorga eta antzeko bazterrak izan ezik hirurogei urtetik gorako hiztun ez ikasiena da soilik. Kontua ez da, gainera, donostiar gazteek ez dakitela bertako "folk speech" delakoan mintzatzen, baizik eta erdiek ez dakitela ezta hizkera hori nolakoa den/zen ere. Gazte hauei eskatuko bagenie beren hizkera Donostiakora egokitzeko eta emaitza horretako Donostiako ezaugarriak Marzelino Soroaren antzerkietako hizkerarekin aldera bagenitza, idazlearen ezaugarrien kopuruaren erdira ere ez lirateke iritsiko gure gazteenak. Arrazoiak askotarikoak dira: erdaldun asko dago Donostian eta euskaldunak zokoratuxe gertatu dira. Egun beren hizkuntz erreferentziak herri txikietan bilatzen dituzte gazte donostiarrek. Euskarazko irakaskuntza arautuak indar handia izan du Donostian eta aurre egin ziezaiokeen eredu ahozko ez landuaren presentziak ez zuen duela hogeita hamar urteko Donostian aldameneko herri txikietan zeukan indarrik. Egungo gazte donostiarren mintzoa aski aseptikoa eta koloregabea izatea ez da, beraz, harritzekoa. Bartzelonan ere berdin gertatzen da, esaterako. Bilintx aipatzen zaigu beti idazle donostiar gisa, baina gogora ekartzekoa da XIX. eta XX. mendeetako euskarazko antzerkian Donostiak garrantzia eduki duela. Donostiako hizkera koxkeroa ezagutzeko Marzelino Soroaren lanak dira ziur aski egokienak. XVIII. menderako Jose Vicentede Etxagarairen neurtitzak ditugu, jai girokoak gehien bat eta baita bi gazteren arteko maitasunezko gutun batzuk ere. Iñaki Camino, filologoa.