Elkarrizketa: Roge Blasco Roge Blasco, kazetaria "Nik batik bat adimenarekin bidaiatzen dut, entzuleek kontatzen dizkidaten istorioen bidez" * Estibalitz Ezkerra Roge Blasco betidanik aritzen omen zen bidaiei buruzko kazetaritzarekin ametsetan, baina inoiz ez zen egia bihurtzen. Muskaria euskal rockari buruzko aldizkariko zuzendari izanik, musikaren inguruko lanak besterik ez zizkioten eskatzen. Oso gogoko du musika, baina une hartan aspertzen hasia zen. Beraz, egun batean bidean topatzen zuen bidaiari oro elkarrizketatzea bururatu zitzaion, eta ideia bitxi hartatik sortu zen Levando anclas. Lanak bidaiatzeko denbora gutxi uzten dion arren, adimenarekin munduko txokorik ezkutuenetan ibilia dela aitortzen digu. Zer bultzatu zintuen kazetaritza ikastera? Beti gustatu izan zait kazetaritza, txikitandik. Hamaika urterekin komikiak marrazten nituen, eta aldizkari bat egiten nuen, lehengusuei saltzeko. Beti aritu naiz elkarrizketak egiten. Nik uste dut bokazio kontua dela. Gainera, ez dakit beste ezer egiten jakingo ote nukeen. Eta patuak bidaiei buruzko kazetaritzara eraman zintuen. Bi gauza gurutzatu ziren nire bidean: kazetari izateko bokazioa, eta bidaien erromantikotasuna. Lehen oso jende gutxik ematen genien eduki bat bidaiei. 1984ean Levando anclas saioa aurkezten hasi nintzen, 87an ETBtik deitu zidaten, eta han 95era arte egon nintzen. Gero TVE2n hasi nintzen, Tierra a la vista izeneko saio batean. Orain arte egon naiz Levando anclas saioarekin, igandez igande jendea elkarrizketatzen. Horiek dira nire bi zaletasunak: kazetaritza eta bidaiak. Nondik datorkio Rogeri bidaiatzeko zaletasun hori? Nik uste dut denok daramagula zaletasun hori barruan, nahiz eta beharbada nik beste batzuek baino garatuagoa izan. Gure arbasoak nomadak zirelako izango da. Gizakia, oinez ibiltzen hasi zenetik aritu da bidaiatzen. Bidaiatzeko ez da ahalegin berezirik egin behar, eta gainera barru barruan denoi gustatzen zaizkigun alderdi erromantikoak ditu: askatasuna, mugez haratagojoatea, jakin mina asetzea. Niri txikitandik interesatu zait geografia. Mapak ikusi orduko ametsetan jartzen naiz. Tibet, Bhutan eta horrelakoak entzun orduko, bor bor jartzen zait irudimena. Txikitan, beti egoten nintzen Himalaya, Andeak, Vietnam, etabar bezalako lekuetara joatearekin amesten. Pentsamendu horiek irudimena pizten zidaten. Zein izan zen bisitatu zenuen lehenengo lekua? Nire gurasoekin bisitatu nuen lehenengo lekuetako bat Sevilla izan zen. Gero, ikaslea nintzenean, asko gustatzen zitzaidan Inter rail ez ibiltzea. Erromara eta Amsterdamera horrela joan nintzen. Beste batean, lagun batzuekin furgoneta hartu eta Londresa joan nintzen. Eta 1984an, kontinentetik lehenengo aldiz atera eta Kubara joan nintzen. Ikaragarri inpaktatu ninduen. 1986an Nikaraguan izan nintzen, garai sandinista bete betan. Eta gero Ladakh en Himalayan, India iparraldean eta Sri Lanka n. Une haietan amaitzear neukan Doctor Livingstone, supongo saioko kontratua, eta uda zenez, lagun batekin Javier Angulo kameralariarekin Ugandara joatea erabaki nuen, gure kontu dokumental batzuk egitera. Nilo ibaiaren iturburuak bilatzera joan ginen. Benin en ere izan ginen, Ginea Ekuatorialean, Manuel Iradier esploratzaile gasteiztarraren pausoak jarraituz vodoo ari buruzko erreportaje bat egiten gainera, bere birbilobarekin egon ginen, Alvaro Iradierrekin . Iradier izan zen Munik ibaiera iritsi zen lehenengo europarra. Sarritan, bidaiak idealizatzeko daukagun joeraren ondorioz, topatzen dugun errealitatea ez da espero genuena bezalakoa izaten. Inoiz gertatu al zaizu horrelakorik? Ez. Behin kanpoan egonda, niri perspektiba zabaldu egiten zait. Beharbada, ezagutu ditudan leku guztien artean Sri Lanka izan da apur bat desilusionatu ninduena. Zergatik? Haien pentsaera eta gurea guztiz desberdinak direlako. Ordurako ezagutzen nituen Afrika eta Amerika, baina Asiara nindoan lehen aldia zen. Afrikako jendea desberdina da, baina nola edo hala lortzen duzu haiekin konektatzea. Sri Lankan, ordea,ez zegoen konektatzeko modurik. Hasteko, iritsi orduko atxilotu egin nindutelako. Aduanatik sartzeko, kazetaria nintzela ipini nuen paperetan, eta hori bai izan zela hankasartzea. Ateratzen utzi zidaten, baina baldintza batekin: bidaia guztian zehar militar batek joan beharko zuen nirekin. Lekua zoragarria iruditu zitzaidan, eta ikaragarria da haien arbasoen kultura, baina bertako jendea denbora guztian turistez aprobetxatzen ari zela iruditu zitzaidan. Behin ere ez nuen sentitu beste herrietan sentitu dudan abegia. Hala ere, disgresio txiki bat besterik ez zen izan, gainerako herrialde guztiek uste baino askoz ere gehiago txunditu nautelako. Lehentxeago Kubak sortu zizun zirrara aipatu duzu. Ikaragarrizko zirrara. Kontinente amerikarrera nindoan lehenengo aldia zen. Urte haietan Kubako sozialismoa bere onenetan zegoen: gizartea garatzen ari zen, jendea behe ertain mailan baina ondo bizi zen, oso heziketa ona jasotzen zuen, eta ikaragarrizko kultura zuten. Ia ideala iruditu zitzaidan gizarte hori. Baina zazpi urte geroago itzuli nintzenean, 1991n, oso aldatuta ikusi nuen. Berlingo harresia eroria zen ordurako, eta Sobiet Batasuna desagertua. La Habana nola zegoen ikusi nuenean, negargura sartu zitzaidan. Hala ere, ez nintzen atsekabetu. Gerora beste hirutan itzuli naiz Kubara. Peruk ere zirrara handia egin zidan. Magikoa iruditu zitzaidan. Ez nuen ulertzen gauza batzuk zergatik gertatzen ziren, baina asko gustatu zitzaidan. Onurarik ekarri al du leku exotiko horietan turismoa masifikatu izanak? Txanponaren beste aurpegia dela pentsatzen dut. Esate baterako, oporretan Kubara doazen turistek ohi baino diru gehiago xahutzen dute. Ez dira konturatzen gizarte hura sozialista dela, eta han dirua ez dela gizarte kapitalistetan bezainbeste mugitzen. Gu pribilegiatuak gara bidaiatzeko aukera izatean. Nolako irudia ematen diegu? Haiek ikusten dutena da gure gizarteak diru asko xahutzen duela, eta nahi dugun lekura joateko aukera daukagula, haiek inora joaterik ez daukatenean.Hori, Kubari dagokionez, baina beste herrialde askotan ere gauza bera gertatzen da. Turistek dirua xahutzearen irudia ematen dute, baina guk hemen ez dugu horrela jokatzen. Hala ere, haiek ikusten duten irudia, dirua soberan duen turistarena da. Azpigaratuta dagoen herrialde batentzat hori oso gogorra da, eta gainera txarra. Dena den, Kubaren kasuan turismoa onuragarria da, ekonomiaren zutabeetako bat delako. Txanponaren bi aurpegiak izango lirateke. Nire iritzian, bidaiatzerakoan zenbat eta arrasto txikiagoa utzi, hobe: aztarnarik utzi gabe, ezeren itxurarik egin gabe, eta haiek baino gehiago garela sinistu gabe ez garelako haiek baino gehiago . Herriari eta gizarteari begirune bat zor diegu. Hori funtsezkoa da. Bestela, hobe etxean geratzea. Ez ote da bidaien ikuspegi erromantikoa galtzen joatearen ondorioa? Izan ere, jendeak, gaur egun, doan lekura doala, erosotasuna besterik ez du bilatzen. Niretzat, paisaiari bideokamera edo argazki kamera bateko bisoretik begira joatea ez da bidaiatzea. Ez dakit Dominikar Errepublikara joan eta egun guztia hondartzan ematea bidaiatzea ote den. Karibean egon zarela esan nahi baldin baduzu, horretarako agian bai, balioko dizu. Baina gehiago bidaiatuko du Mexikori buruzko liburu bat irakurtzen etxean gelditzen denak. Bidaiatzearen kontua oso erlatiboa da. Marketing asko dago horren inguruan, eta ez dizu benetako bidaia bat egiten uzten. Hala ere, ez nago bidaia antolatuen aurka. Zein izango litzateke Roge Blascoren bidaia ideala? Leku askotara joango nintzateke. Esate baterako, Mozambikera. Aspaldidanik daukat hara joateko gogoa. Txikitan Kubarekin gertatzen zitzaidan gauza bera gertatzen zait: irla exotiko horretara joateko irrika neukan. Ba Mozambikerekin gauza bera gertatzen zait. Behin izan nuen joateko aukera, baina bisarik gabe nengoen, eta ordutik beti izan dut hara joateko gogoa, arrazoi askogatik: Afrikan dagoelako, turismoa oraindik ez delako haraino iritsi, kilometro eta kilometrotako kostaldea duelako, eta portugalerahitz egiten dutelako hizkuntza erraza elkar ulertzeko . Izena bera oso erakargarria iruditzen zait. Mapa batean izen bat topatu eta hara joateko beharra sentitzen duzunean bezala gertatzen zait: izenagatik eta kokalekuagatik besterik ez bada ere, hara joan nahi duzu. Hori gertatzen zait Mozambikerekin. Baina ez dakit noiz joango naizen. Bidaiei buruzko saio bateko aurkezlea izan arren, ez dirudi gehiegi bidaiatzen duzunik. Ni ez naiz bidaiaria. Nik adimenarekin bidaiatzen dut, entzuleek kontatzen dizkidaten istorioekin. Irratsaioko entzuleek ulertuko dutenez, ia urteko igande guztietan emititzen dudanez, adimenarekin egiten ditut bidaia gehienak. Noizean behin izaten dut inora joateko aukera, baina turista bezala, ez kamera lepoan hartu eta abenturak nire kabuz bizitzera joaten nintzen garaietan bezala. Hala ere, pentsatzen dut egunen batean berriz ere egingo dudala horrelako bidaiaren bat. Telebistan ibili zinen garaiko oroitzapen asko gordeko dituzu ziurrenik. Asko, bai. Batez ere zer gertatuko den ez jakitea zeinen arriskua zen gogoratzen dut. Ez zegoen jakiterik hurrengo egunean zer gertatuko zen. Oso egoera delikatua zen. Bi alditan ia atxilotu egin gintuzten. Ginea Ekuatorialean estupefazienteekin trafikatzea leporatu ziguten, eta hor bai atxilotu gintuztela. Han protokolo bat bete behar denez, etxean hartu gintuen anfitrioiari bi whisky botila oparitu genizkion, baina antza denez tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari zen, eta alkoholak kalte egin zion. Benin en dirurik gabe gelditu ginen, eta afaldu bakarrik egiten genuen. Ugandan, oihana zeharkaezina den leku batean gorilak topatu genituenekoa ere oso une berezia izan zen. Eta Doctor Livingstone saioa egiten aritu ondoren Nilo ibaiaren iturburura iristea ere oso polita izan zen. Kasualitatea da, baina Livingstone bera inoiz ez zen haraino iritsi. Perun barna ibili ginen berrogei egunak ere gogoratzen ditut. Ordu erdi bakoitzero abentura berri bat bizi genuen. Egin ditudan bidaia guztien artean gogorrenaizan zen. Eta La Habanako hotelean, transformadoreak salto egin eta gelak sua hartu zigun. Kameralaria ito egin zen ia. Beste batean, Antillatan, itsasontziz gindoazela, ur tanta bat sartu zen kameran, eta hondatu egin zuen. Ikaragarrizko amorrazioa eman zidan, oso gogorra egin zitzaidan. Bizitza arriskuan jarri dudanean bizitu ditut esperientziarik zirraragarrienak, baina oso ondo pasatu dut. Gauza batek bestea darama lotuta. Kazetari izateak ere aldatuko du gauzak ikusteko modua. Bai, buru belarri ibili beharra daukazu. Bidaiari moduan zoazenean, nahi duzuna egin dezakezu, baina kazetari moduan zoazenean eskatzen dizutena bilatu beharra daukazu: urruneko lurraldeak, jende interesgarria, etab. Bisitatzen duzun herrialdean murgildu behar duzu. Zure kontura zoazenean, berriz, ondo pasatzera zoaz. Zaila izan behar du hobby a eta lana uztartzeak, batzuentzat ofizioa dena besteentzat afizioa denarekin bateratzea. Ni asko dibertitzen naiz, asko gustatzen zait nire lana. Alde horretatik, pribilegiatua naizela esan dezaket. Niretzat plazer bat da bidaiak egiten aritzen den jendea elkarrizketatzea. Oso atsegina da. Jende jatorra izaten da, eta gauza berriak ikasten dituzu. Duela 18 urte baino gehiago, zorioneko egun batean bururatu zitzaidan bidaiariak elkarrizketatzen hastea, eta horretan jarraitzen dut oraindik ere. Sinestezina, baina hala da. Beraz, erantzukizun handia daukazu. Ez dakit hainbesterainoko erantzukizuna ote daukadan, nik hau guztia lasai hartzen dudalako. Baina baliteke erantzukizunik izatea, igandez igande saio desberdina egiten saiatzen naizelako. Zer gelditzen zaizu egiteke? Dena. Bai bidaietan, bai bizitzan. Pozik hasiko nintzateke hutsetik. Oraindik mundu guztia daukat ikusteke. Eta pozik itzuliko nintzateke ezagutzen ditudan lekuetara ere. Hori da honek daukan ona: beti berria dela, eta beti desberdina. Roge Blasco (Bilbo, 1956) Kazetaritzan lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean. 1980an, Oscar Amezaga eta Pedro Mari Azkorraga ikaskideen laguntzarekin,euskal rockari buruzko Muskaria aldizkaria sortu zuen. 1984an Radio Euskadin sartu zen, eta handik gutxira Levando anclas irratsaioa aurkezten hasi zen, bidaien inguruan, eta oraindik ere horrekin jarraitzen du. Hedabide horretan bertan, Marea gora musika saioa eta La casa de la palabra aurkeztu ditu, azken hau emititzen jarraitzen delarik. 1987tik 1995era bitartean Doctor Livingstone, supongo saioa aurkeztu zuen ETBn, eta TVE 2n Tierra a la vista. Egin (Rock and Klik), Deia, Diario Vasco eta Gara aldizkarietan kolaboratu ohi du. Argazkiak: Estibalitz Ezkerra Euskonews & Media 177.zbk (2002 / 7 26 / 9 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.