Elkarrizketa: Julia Otxoa Julia Otxoa, olerkari eta narratzailea "Neure burua eta inguratzen nauena ulertzeko idazten dut, munduak osatzen duen enigma itzulpen sinbolikoaren bidez adierazteko" * Teresa Sala Julia Otxoak "Cartas a Mr. Gardener" liburuan dioenez, "olerkiak zerikusi handiagoa dauka itsasoan galduta dabilenarekin, nabigatzailearekin baino". Izan ere, idazle donostiar honentzat, olerkia "bizitza bera bezala, galderak behin eta berriz egiten aritzeko txoko bat da, mundua erlatibotasun osotik ikusteko". Hamabi urterekin hasi zen idazten, eta hogeita bostekin argitaratu zuen bere lehen liburua, "Composición entre la luz y la sombra" alegia. Egunero eskaintzen dio tarte bat lanari, olerki eta kontakizun laburrak idaztera bultzatzen duten inspirazio une horiek erakartzeko. Oraingoz ez dauka eleberri edo liburu luzerik idazteko asmorik, oso gustura baitabil olerki laburren artean. Noiz eta nola jarri zinen literaturarekin harremanetan? Hamabi urterekin hasi nintzen idazten. Orain berrogeita bederatzi dauzkat, baina arrazoi berberak bultzatuta jarraitzen dut idazten: nire buruari existentziaren enigma edo misterioa azaltzeko beharragatik. Irakurtzeari izugarri garrantzia ematen diot. Nerabezaroan hasi nintzen irakurtzen, nire galderen erantzunak Sartre, Camus eta Simon de Beauvoir bezalako existentzialista frantsesen liburuetan aurkitu nahian. Jakina, urteetan aurrera joan ahala beste galdera batzuk sortzen hasi zitzaizkidan, eta beraz beste liburu mota batzuk irakurtzen hasi nintzen. Hamabi urterekin idazten hasi nintzenean, adierazteko prozesu primario bati helduko banio bezala egin nuen. Prozesu hori, irakurtzen, trebatzen eta esperientzia biltzen joan ahala, garatzen joan zen. Hogeita bost urterekin nire lehenengo liburu depuratua izango zena idatzi nuen: "Composición entre la luz y la sombra" (1978) argitaratu nuen. Gero, "Luz del aire" (1982) (Ricardo Ugarte eskultorearekin batera), "Cuaderno de Bitácora" (1985), "Antología Poética" (1988) eta "Centauro"(1989) argitaratu nituen. "La edad de los bárbaros" (1997) idatzi nuenean, berriz, olerki laburren munduan sartu nintzen: "La Nieve en los manzanos" (2000), "Taxus Baccata" (2001), "Al Calor de un lápiz" (2002) eta "Cartas a Mr. Gardener" (2002). Zerk bultzatu zintuen zure olerkiak argitaratzera? Ez dut arrazoi jakinik gogoratzen, baina badakit poz handia ematen zidala nire idatziak ezagutzera emateak. Oraindik ere ilusio hori berbera mantentzen dut gainera. Espiritualki, miresten ditudan idazleen liburuak irakurtzeak transmititzen duen edertasunak asko lagundu dit beti, eta nik ere, apaltasun guztiarekin, nire obraren bitartez irakurleei horrelako zerbait transmititzen diedala sentitzen dut. Horregatik, norbaitek nik idatzi dudan zerbaitekin identifikatuta sentitu dela esaten didanean, ikaragarrizko poza hartzen dut. Zure olerki eta kontakizunak oso laburrak izaten dira... Askotan galdetzen didate zergatik diren nire kontakizunak hain laburrak. Ni beti izan naiz hizkuntza sintetikoaren aldekoa. Gauzak ahalik eta modurik zehatzenean kontatzea gustatzen zait. Hori intentsitate espresiboarekin eta abstrakzio poetikoarekin dago lotuta. Erretorikak eta barrokismoak ez ditut usaindu ere egin nahi. Espresioari ahalik eta indarrik handiena ematen saiatzen naiz, soiltasunaren bidez tentsioa areagotzeko. Edozein literatur dimentsiotan, hiperlaburtasun narratibo edo diskurtsiboaren zale amorratua naiz. Oso gustukoak ditut mikrofikzioa, aforismoak, prosa poetiko minimoak, saiakera laburrak... Nire ustez, aldaera horiek guztiek mugez gaineko literatur identitate baliotsu bat daukate, eta konbinaketen aldetik milaka aukera ematen dituzte. Niretzako, inguruan gertatzen dena ulertzeko modurik onena, aditu batzuek "absurdoaren literatura" izenarekin bataiatu duten narrazio modua da. "Permanecer en la inquietud, permanecer en la inquietud. No quiero ser sorprendida. Apaciento mi sombra en los lugares más inseguros del pensamiento. Oigo crecer mi osamenta cada día, mi infancia, noha terminado" Nolatan erabaki zenuen olerkira jotzea? Generoa ez du norberak aukeratzen; generoa da zu aukeratzen zaituena. Egun batean olerkiak idazten hasi nintzen. Postmodernitatearen kultura astintzen duen ziurgabetasunak oso modu berezian eragiten dio hizkuntzari kaosaren eta labirintoaren inguruan hitz egiteko orduan. Nire olerkiaren oinarrian behin eta berriz aldatzen eta zalantzan jartzen ditudan dogmak, formak eta kontzeptuak daude, erlatibitatea behar bezala adieraziko duen hizkeraren eta katastrofearen estetikaren bila nabil. Gauzen ordena paradoxikoak sorrarazten didan harridurak idaztera bultzatu nau beti, eta enigma hori hain sakonean sentitzeak pentsaeraren diziplina desberdinetan arakatzera bultzatu nau: olerkian, narratiban, filosofian, artean, botanikan... Olerkia, bizitza bera bezala, galderak behin eta berriz egiten aritzeko txoko bat da, mundua erlatibotasun osotik ikusteko. Zein idazle hartu dituzu eredutzat? Denborarekin aldatu egiten da idazleekiko daukazun preferentzia. Gaztetan irakurri nituen lehenengo liburuek zirrara handia eragin zidaten: Dostoievsky, Chejov, 27ko Belaunaldia, idazle frantsesak... Baina gaur egun beste batzuk interesatzen zaizkit, Italo Calvino adibidez. Hain nahasi eta aztoratuta dabiltzan denbora hauetan, oso idazle adierazgarria dugu. Galdera hau bera zortzi urte barru egingo balidate, ziur aski memento honetan interesatzen zaizkidan idazleekiko interesa izaten jarraituko dut, baina beste batzuk ere interesatuko zaizkit, beste galdera mota batzuentzako erantzunak bilatzen arituko naizelako. Honetan gabiltzala, gauza bat esan nahiko nuke: olerkariaren edo idazlearen ekipaje kulturalaz mintzo naizenean ez naiz literatur ekipajeaz bakarrik ari. Ekipaje kultural hori oso gauza konplexua da, ezagutza intelektualek, artistikoek eta bizipen desberdin pila batek osatua, eta eragin handia dute idazteko orduan. Jaioterria bera ere oso faktore garrantzitsua da inguratzen zaituena ulertzeko eta modu sinboliko batean itzultzeko. Euskalduna eta emakumea zaitugu, zure lanean eragin handia izan duten ezaugarriak biak. Nire ustez, idazle guztiek egon behar dute bizi diren denborarekin konprometituta. Ezinezkoa da Chejoven literaturan bere garaiko ezer ez aurkitzea. Hainbeste maite ditut gure herria, gure paisaiak eta gure kultura, ulertezina egiten zaidala garaiz kanpo dagoen estetika. Logikoa da nire obran hainbeste denboran arrastaka daramagun indarkeriaren zauria presente egotea. Ezin dut nire sorterriarekin beste harreman motarik imajinatu. Zure herria, maite duzun pertsona bat bezalakoa da: kezkatu egiten zara beregatik, eta gaizki dabilenean lagundu egin nahi diozu. Maitasunagatik egiten duzu. Eta, maitatzen duzunean, sufritu ere egiten duzu. Julia Otxoa eta bere senarra, Ricardo Ugarte eskultorea, Cincinnatiko geltokian (Estatu Batuak). "Asistiendo a la barbarie cotidiana, el instante tiene la turbulenta inseguridad de lo inestable y amenazador. En mi inexperiencia del horror futuro, me reconforta pensar que también a mis antepasados les tocó vivir un tiempo semejante. En su recuerdo me fortalezco. La Historia como ser circular, el presente como resistencia poética en la repetición" Gustatuko al litzaizuke euskaraz idaztea? Bai, gustatuko litzaidake euskaraz argitaratzea eta nire lagunen lanak irakurri ahal izatea. Justizia kontu bat da: beraiek nireak irakurtzeko gai badira, ni ere gai izan nadila beraienak irakurtzeko. Zein da zure iritzia euskal idazle gazteei buruz? Oso ondo ikusten ditut. Perspektiba daukate, eta oso kezka sanoak dauzkate. Teknologia berriek, gainera, asko laguntzen diete: Donostiako idazle gazte bat munduko edozein lekutan dagoen beste batekin jar daiteke harremanetan. Euskal Herrian literaturarekiko zaletasun handia dago. Beharbada, bizi dugun egoera ezegonkor honek ikertzera eta erantzunak bilatzera bultzatzen gaituelako. Olerkaria, jaio ala egin egiten da? Nire ustez, ijitoek esango luketen bezala, "aingeruen ukitu bat" behar da, baina hortik aurrera intelektualkiprestatzen aritu behar duzu. Asko irakurri eta ikertu behar da. Lanaren aldetik, egonezin handikoa naiz: alde guztietan beti gauzak kontsultatzen aritzen naiz. Eta ez olerki eta literatura liburuetan bakarrik, baizik eta baita ere filosofia, botanika, eta arteari buruzkoetan, eta tratatu medikuetan, hizkera hori asko interesatzen zaidalako olerkietarako eta fikziorako. "No pertenezco al mundo de los gigantes, mi territorio no es el de la seguridad sino el del movimiento infinito de la duda, equilibrista sobre un fino cordel entre la niebla, tan sólo hallo certidumbre exacta, exacerbada, en la sensación de permanente culpabilidad que me acompaña siempre. Vivo bajo una constante súplica de perdón al igual que otros pasean bajo un paraguas, sólo que el mío tal vez sea un pobre paraguas agujereado que no impide que la lluvia me presente ante los otros como un pobre payaso mojado y tartamudo" Ikusten al duzu zure burua idazten ez den beste zerbaitetan? Ez, inolaz ere ez. Oso pozik nago idazle bezala. Julia Otxoa, Ricardo Ugarte, Jorge Oteiza, Juan Garmendia Larrañaga, Michel Perales, Iñaki Etxeberria arkitektoa eta Antxon Elosegui Zarautzen. Ikuspegi praktikotik, zaila al da literaturatik bizitzea? Behin batean, hemen inguruko idazle eta artisten biografiak aztertzerakoan, konturatu ginen ia inor ez zela literaturatik bizi. Beste zerbait egin beharra dago: hitzaldiak eman, enpresa argitaratzaileekin harremanetan egon, kolaborazio eta itzulpenak prestatu... Ba al duzu liburu ala idatzi kuttunik? Ez dut uste. Bere mementoan, idatzi duzun azken liburua iruditzen zaizu denetan ederrena, baina gero aurrera egiten duzu. Ni oso zorrotza naiz nire lanarekin, eta eskuartean dudanarekin guztiz konbentzituta egon arte ez dut argitara ematen. Horregatik, beti gustura egoten naiz egindako azken lanarekin. Oso pozik nago "Taxus baccata" liburuarekin. Jendeari asko gustatu zaio. Aurreko edizioa gaztelaniaz eta italieraz kaleratu zen, eta jada agortuta dagoenez, gaztelaniaz berrargitaratzekoasmotan dabiltza. Euskaraz kaleratzeko eskaintza bat ere jaso dugu. "Taxus baccata", haginaren izen botanikoa da. Laburtasuna, mikrofikzioa. Hain leku txikian hainbeste esan nahi izateak kondentsaziora eramango zaitu, hitzak ondo baino hobeto hautatzera... Hain zuzen ere. Hitz bakar batek ere ezin du soberan egon. Narrazioak biribila izan behar du, ahalik eta biziena. Eta horrek berdin balio du kontakizunerako zein olerkirako. Nire kontakizun laburrak abstrakzio poetikotik gertu dabiltza. Nolakoa izaten da Julia Otxoaren lanegun bat? Buruak 24 orduetan adi adi egon beharra dauka, inspirazioa eta ideiak edozein unetan etor daitezkeelako. Egunero aritzen naiz zerbait idazten, arratsaldero, eta noizean behin gau partean ere bai. Nire kasuan, inspirazioari laguntzeko modurik onena, diziplina guztiarekin lanari egunero tarte bat eskaintzea da. Olerki eta kontakizunak, normalean, aldi bakar batean idazten ditut, ez zatika. Baliteke hurrengo egunean aldaketa txikiren batzuk sartzea, hitz baten ordez beste bat ipintzea eta abar, baina olerkiari edo kontakizunari gorputza ematen dion oinarrizko egitura inspiratuta nengoen unean idatzi nuen bezala gelditzen da. Julia Otxoa, Ricardo Ugarte, José Hierro, Luisa Etxenike, Olvido Garcia Valdes eta Asier Muniategi. Inoiz planteatu al diozu zure buruari literatura luzeagorik idaztea, eleberriren bat akaso? Ez. Bakoitzak bere espazioa behar du: pintore batzuk espazio txikietan aritzen dira lanean, eta beste batzuek, berriz, metroka eta metroka behar izaten dituzte. Ni espazio txikietan mugitzen naiz, laburtasunetan. Hala ere, ez dakit hemendik denbora batera gauza luzeagoak idazten jarriko ote naizen. Oraingoz behintzat, gustura nabil laburtasunean. Zer sentitzen duzu atzera begiratu eta egin edo lortu duzun guztia ikusten duzunean? Pozik nago egin dudanarekin, eta jakin mina daukat geroan egingo dudanaren inguruan. Ez daukat inolako penarik zerbait egin ez izanagatik... Nire helburua nire garaia islatzea da, eta irakurleei edertasunahelaraztea, beste autoreek niri helarazi didaten bezala. Uneotan zer daukazu mahai gainean? Brasilen euskal olerkiari buruz argitaratuko duten antologia baterako olerkiak hautatzen ari naiz. Bestetik, "Un león en la cocina" liburuari buruzko iruzkin bat prestatzen ari naiz Deia egunkarirako. Eta Jacako argitaletxe batek nekazaritzan aritzen ziren nire arbasoei buruzko memoria idazteko eskatu dit, Rosa Regás, Carmen Sarmiento, Soledad Puértolas, Espido Freire eta beste idazle batzuekin batera. Izugarri gustura ari naiz kontakizun hori prestatzen, alde batetik horrela omenalditxo bat eskaintzen diedalako nire arbasoei, nire amonari eta amari, baina, horrez gain, gaurko gizarteari euskal errito eta kondairen berri eman diezaiokedalako. "Sé que moriré extranjera" Ulertzeko idazten duzula esan duzu lehentxeago. Zer da urteotan ulertu ahal izan duzuna? Urteak betetzen zoazen heinean, gero eta gutxiago ezagutzen duzu zure burua, eta hori oso ona iruditzen zait, egun bakoitzak berriz jaiotzeko aukera ematen dizulako. Egonezin horrek sorpresaz sorpresa bizitzeko aukera ematen dizu gainera. Literaturan islatzen dudan arlo ezegonkor horrek misterioan murgiltzeko aukera ematen dit. Misterio hori zoragarria edo gogor eta latza izan daiteke, baina behintzat nire jakin mina piztea lortzen du. Niri mundua beti iruditu zait ulertezina. Paradoxa ulergaitzez beteta dago. Bizitzan funtsezkoak diren gauza zoragarri batzuk ditugu (maitasuna, adiskidetasuna edo elkartasuna adibidez), baina baita ere basakeria, krudeltasuna, gezurra, elkartasun eza, desberdintasuna eta gosea bezalako errealitate beldurgarri eta onartezinak. Julia Otxoa (Donostia, 1953) Julia Otxoa olerkari eta narratzaileak, olerki esperimentalera eta arte plastikoetara ere zabaldu du bere sormenezko lana. Duela zenbait urtetik, gainera, haurrentzako irudiak ere egiten ditu. "Diario Vasco", "Diario Bilbao", "El País" eta "Diario de Córdoba" egunkarietako ohiko kolaboratzailea da, eta baita honako aldizkari literario hauetakoaere: "Rosa Cúbica", "Turia", "Leer", "Texturas", "Litoral", "Lateral", "Zurgai", "Prima Littera", "La Manzana Poética", "Paréntesis", "Agulha" (Brasil), "Journal de Poesía" (Brasil) eta "La Galerna" (New York). Hainbat unibertsitatek bere obrari buruz mintzatzeko gonbidatu du: Sevilla, Zaragoza, Smith College (Massachussets), Connecticut eta Cincinnati EEBBetan. Smith College eta Cincinnatiko unibertsitateetako literatura hispaniarreko klaseetan bere olerkiak aztertzen aritzen dira. Bibliografia: . Olerkia: "Composición entre la luz y la sombra" (1978), "Luz de aire" (1982), "Cuaderno de Bitácora" (1985), "Antología Poética" (1988), "Centauro" (1989), "L´eta dei barbari" (1997), "La Nieve en los Manzanos" (2000), "Al calor de un lápiz" (2001), "Taxus Baccata" (2001), "Cartas a Mr. Gardener" (2002). . Narratiba: "Kiskili Kaskala" (1994), "Un león en la cocina" (1999). . Saiakera: "Poetas Vascas" (1990), "Narrativa corta en Euskadi" (1994) . Haur narratiba: "Lucas y el búho" (1997), "Historia de unos bigotes" (1998), "El bosque de las zanahorias" (1997), "La canción de Mister Popoff" (1998), "El mundo en una manzana" (1998), "El sueño de Hakam" (2000). Argazkiak: Julia Otxoa Euskonews & Media 175.zbk (2002 / 7 / 12 19) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.