171 Zenbakia 2002-06-14 / 2002-06-21

Elkarrizketa

Jacques Pavlovsky: "Ez da gai handirik edo txikirik, gai ororen aitzinean egon behar duzu beti ere"

BUTRÓN, Ainize

Elkarrizketa: Jacques Pavlovsky Jacques Pavlovsky, argazkilaria "Ez da gai handirik edo txikirik, gai ororen aitzinean egon behar duzu beti ere" * Ainize Butron Jacques Pavlovsky Donibane Lohizunen sortu zen. Argazkilaria lanbidez, prentsa argazkian espezializatu da, bereziki Iraki dagokionez, herrialde horretan hamar urtez egin baitu lana. Gaur egun erretiroa hartu du eta Urruñan bizi da. Zergatik ekin zenion argazkilari lanbideari? Donibane Lohizunen sortua naiz, aita arkitektoa nuen. Hasieran, jakina, aitak ni ere arkitektoa izatea nahi zuen, baina nik ez nuen nahi. Funtsean, aitak berak irakatsi zizkidan fotografiaren hastapenak, asko egiten baitzituen berak. Fotografia laborategi txiki bat genuen, eta igandeetan arratsaldeak ematen nituen nik argazkiak errebelatzen ikusten. Errebeladorea, papera, bat batean agertzen zen irudia... niretzat horiek guztiek bazuten halako alderdi magikoa. Gainera, garaiko gazte gehienek bezala, liburu anitz irakurtzen nituen nik, hala nola Kesselenak, eta horiek egun batean kazetari izateko gogoa ematen zuten. Zergatik erreportaiako argazkia? Arte Ederrak ikasten hasi nintzen nire aitak hala nahi zuelako, atsolutuki, baina hartaz asper eginik, dena alde batera utzi nuen. Donibane Lohizune, garai hartan, aski lasaia zen, eta bertan nintzela ez nuen ideiarik ere kanpoan gertatzen zenaz. Parisera iritsirik, hiri eta herrialde baten bizitza ezagutu nuen, eta hori guztiz kilikagarri gertatu zitzaidan. Arreta handiz begiztatzen nituen gertakari guztiak. Hala beraz, fotografia eskolan ikasi nuen, eta gero soldadutza egin nuen. Gero, argazkilari prestakuntzari esker, publizitateko argazkilari gisa jarri nintzen lanean. Nire estudioa oso ongi zihoan, baina aspertu egiten nintzen. Egun batean, halako burrunba bat aditu nuen nire estudioaren azpian. Leihotik begiratu eta manifestazio handi bat ikusi nuen. Ez nuen nik material aproposik aldean; argazki denda batera hurbildu eta 24 x 36ko kamera txiki bat erosi nuen. Izan ere, 68ko maiatzarenhasiera zen hura. Egun hartarik goiti, dena alde batera utzi eta kaleko kontuei ekin nien. Denborarekin Sigma agentzian sartu bazinen ere, beti beti ez zen erraza izango. Agentzia batean ezagutzen ninduten. Horiek ikustera joan nintzen nire lana proposatzeko, eta haien gustukoa gertatu zen. Lehen lan horri esker, lehen bi agerraldiak egin nituen hala Frantziako prentsan nola nazioartekoan. Halaxe abiatu zen kontua, beraz. Gerora, argazkilari bizitzaren neke guztiak ezagutu nituen. Ez nuen inor ezagutzen, ez nuen egunkarietan lan egiteko biderik. Nolanahi den, lasai lasai nire bidea egin dut nik ere. Garai hartan Gamma agentzia zegoen, baina ni ez nintzen hartan, Rapho n bainintzen, batez ere ilustrazioa, ez informazioa, egiten zuen agentzia eskerga hartan. Eta Sigma agentzia sortu zutenean, berentzat lan egin nezan eskatu zidaten, eta nik baietz esan. Hura muntatu eta hiruzpalau hilabete geroago sartu nintzen hartan. Une hartan, Sigma agentzia guztiz etxe egokia zen, gizatiarra oso. Erreportaia handiak egiten genituen. Aita santuak garaitsu hartan, Erroman, Pazkoan egindako hitzaldia izan zen nire lehen gaia. Zertan zen berezia Sigma agentzia? Aldizkarietara zuzenduriko nazioarteko gaurkotasun agentzia zen Sigma, kalitatera bideratua beraz. Aldizkaria ez da egunkaria. Bitartekoak genituen, erredakzioa guztiz eraginkorra genuen, erreakzionatzeko azkartasun handikoa, eta guztiz prestaturik. Gaur egun teknologia berriak asko aurreratu dira. Lanak zailagoa izan behar zuen garai hartan? Hori ez da horrenbeste aldatu. Transmisioa, bai, hori aldatu da, duela bi edo hiru urtetik hona. Horrek, bestalde, asko harritu nau, zeren eta funtzionamendua ez baita horrenbeste aldatu. Argazkilari zarenean, gertakaria nonahi den eta hara joateko, teknika bakarra dago, ahalik eta agudoen iristea alegia, bai eta gure kasuan, gaurkotasunaz egunkariek ematen duten ez bezalako ikuspegi batetik jarduten saiatzea ere, aldizkarientzako lana baita gurea. Alde batetik, fitexko erreakzionatu beharrazegoen, jakina, irudiak egin eta horiek bidali azkenik. Egunkariko lana egiten zuenak laster ibili beharra zuen, baina guk denbora gehiago genuen. Bobinak hegazkinez igortzen genituen. Errebelatu eta, Paris airekoen bidegurutzea zenez, Estatu Batuekiko sei orduko desberdintasuna alde genuela, argazkiak, bidali, errebelatu eta Estatu Batuetara bidaltzeko denbora genuen. Kontratu asko genituen Estatu Batuekin, benetan pagatzen zuten bakarrak ziren eta. Zuk espezializazioren bat zenuen. Halako entzute profesionalera iritsirik, argazkilari bakoitzak bere espezialitatea zuen. Nirea Irak zen. Iraken zerbait gertatuz gero, hara nindoan ni, eta amerikarrek gehienetan gastuen parte bat ordaintzen zuten. Erdialdeko Ekialdean handiagoak ziren gastuak, batez ere segurtasun zerbitzuengatik. Sigmak asmatu sistemari esker, gastuak argazkilariak eta agentziak ordaintzen zituzten erdi bana; geroago, beste bi edo hiru agentziek imitatu zuten prozedura hura. Egiatan, agentziak aurreratzen zuen diru guztia, eta argazkiak saltzen zirenean, salmenten %50 kobratzen genuen. Ez ginen soldatapekoak. Beraz, ongi saltzen bazen, dena ondo zihoan; aldiz, saltzen ez bagenuen, gure kontura. Alabaina, gehienetan argazkilariek lan egiten zuten, eta oso ondo saltzen zen. Errazagoa zen zuretzat argazki agentzia batetik igarotzea, ezen ez zure buruaren jabe egunkari baterako lan egitea. Ezin da alderatu ere. Agentzia batekin lan egiten denean, euskarri morala, finantzarioa eta teknikoa dituzu. Ez zaude abandonatua. Bakarrik lan egiteak ezin kudeatuzkoa gertatu behar du, ezen alde batetik dirua behar da, eta filmak gestionatu beharra dago. Agentziari esker, merkataritza zirkuituak genituen gure esku. Orain, duela bi edo hiru urtetik hona egoera aldatu da, irudiak digitalizatzen baitira. Digitalizazioak erabat aldatu du gure lanbide hau. Sigma agentzia desagertu da gaur egun. Bill Gatesek erosi zuen. Enpresa bat antolatu du, irudi banku gisako bat, eta argazki agentzia batzuk erosi zituen Frantzian etamundu osoan. Desilusio handiak izan dituzte irudiak gestionatzen ez dakitelako, eta duela bi hilabete argazkilari guztiak bota zituzten. Produkzioan zentraturik zegoen Sigma, irudiaren kalitatearen gainean, beraz. Argazkilariak kanpora bidalirik, produkzio enpresa bat besterik ez da agentzia, jadanik badiren argazkiak erabiltzen dituzte digitalizazioaren bidez. Denok ari gara, bestalde, kontratuak sinatzen ari. Alabaina, irudi mailan badira egile eskubideak. Bai. Izan ere, Sigma erosi zutenean, argazkilari guztiak AEBetako zuzenbidearen mende jartzea pentsatu zuten, egile eskubideak ez ordaintzearren. Mundu guztiak erreakzionatu zuen, eta atzera egin behar izan dute. Frantziako zuzenbidean abantailak ditugu, zeren eta guk, argazkilariok, gure irudien jabe izaten jarraitzen baitugu. Badira irudiak historiaren barrutian sartzen hasten direnak; irudi horiek era sistematikoan saltzen dira egunkarietan edo liburuetan. Horrenbestez, guk, argazkilari gisa, gure eskubideak kobratzen ditugu. Digitalizazioak pixkana pixkana desagertarazi egin ditu agentzia horiek? Bai, seguru. Zirkunstantzia mukurua pilatu da horretan. Lehenik eta behin, belaunaldi kontua da. Gero, digitalizazioa dago, sistemak eraldatu dituena; lehen egunkarietako agentzia argazkilariek egunerokoa egiten zuten eta guk aldizkarietarako lana egiten genuen, baina orain hori guztia nahasten ari da. Dena den, digitalizazioa abantaila da. Berez bai, abantaila da. Baina, orobat, lan egiteko eta artxibatzeko sistema baten eraldaketa ere bada. Gaur, argazkiak artxibatzea garesti ateratzen da, hartarako gai den jendea behar da, irudi ez digitalizatuen stocketan aukeratu beharra dago. Gaur egun irudi banku handi bi dira. Gaur digitalizazio sistema bereganatua dute argazkilariek. Egia da digitalizazioak asko ekarri duela, baina filmak hegazkinez bidaltzea ere ongi zegoen! Zalantzaz betea zegoen, ez baikenekien nola iritsi behar zuen... Alderdi horretatik, halako estres gehigarri bat zegoen. Zein dira argazkilariek aurkiditzaketen zailtasunak? Betikoa, gai baten berri ematera zoazen bakoitzean ez dakizula nor aurkitu behar duzun. Urduri genbiltzan etengabe. Ez genekien nola gertatu behar zuen. Esperientzia pertsonalak zerbait balio du, baina askorik ez. Ez duzu deus zureganaturik. Lehia beldurgarria zegoen gure artean. Ez dago gai handirik edo txikirik, gai ororen aitzinean egon behar duzu beti ere. Argazkilaria zarenean, gaiari buru egitea da arazoa. Hori da erreportaiaren zailtasuna. Nola hasi zinen prentsako gaietan? Fotografia oso pertsonala egiten hasi nintzen. Irudi ederrak biziki maite nituen, aitak irakatsi zidan hori. Eta adinean aitzinatu ahala, eta egin ditudan lan desberdinetan, prentsako gaiaren errealitateari ekin behar izan diot. Prentsako gaia, gauza sinplea da... besteen ordez tokiren batera joan eta ikusi duzuna pasarazi behar diozu jendeari. Fotografian eta, arazo bat dago kazetaritza idatziarekiko, eta zera da, elementu aski ikaragarria dela teknika, zeren eta azkeneraino ez baitakizu horrek nola funtzionatu duen, ongi enkoadratu duzun... Gainera, inoiz ez dakizu nolako bilakaera izango duen gertakari batek. Gertakari garrantzitsu askoren berri eman duzu zure karreran zehar. Bai, Iran Irak gerran izan nintzen ia hamar urtean. Urte bat eman nuen Vietnamen eta Txinako itsasoan. Prentsa argazkilaria zarenean, ez zara gelditzen, gai batek aurrekoa baztertzen du eta. Lanean aitzinatu ahala, gertakarietan gero eta gehiago inplikatzeko joera izan duzu? Gatazka lekura iristen garenetik, presio profesionalak aski hotz egotera bultzatzen du. Egia esan, inplikatzeko joera zenbait unetan bestetan baino gehiago agertzen da. Nolanahi ere, ahalik eta objektiboena geratu beharra dago. Baina egia da, zenbait gatazkatan elkar jotzen ikustearen poderioz... azkenean ez nintzen inplikatzen. Garbiki burutzen dut nire lana. Agentzia horietan lan egitean, hainbeste gai desberdin direnez, portaera aldetik aski garbi jokatzera iristen zara laster asko, bai eta laster erabaki ere. Zukasko bidaiatzen zenuen, ikuspegi pertsonaletik ez zen erraza izanen? Bai, eta gainera gaurkotasuna halako eran egina dagoen non dena sakrifikatzen baituzu lanaren alde. Alabaina, ez du horren txarra izan behar, ezen nik lau haur ditut: alabak Sigman egiten du lan, eta seme nagusia zuzendaria da. Beraz, ez dute halako oroitzapen txarrik izango. Nola moldatzen zinen informazioa lortzeko? Herrialde horietan oso zaila zen informazioa eskuratzea. Giltza ematen baitzieten bisei. Baina agentzia zela bide, informazioa lortzeko sistemak genituen gure esku. Ni ongi hartu ninduten. Sadam Hussein bi aldiz ikusteko aukera izan nuen. Eta hori balentria handia da, oso gutxi baikara bi aldiz elkarren segidan harengana hurbildu ahal izan garenok. Munduan barna urte anitz eman eta gero, Euskal Herrira itzultzean, paisaiako fotografiari ekin diozu gehienbat. Egunen batean atseden hartu beharra ote? Lagun batek esan zidan behin: "Ez zara konturatzen badirela barre egiten duten haurrak, drama ez dela guztia bizitzan". Eta une hartan ene buruari galdezka hasi nintzaion: egun guztia maleta dantzan ibiltzea ongi dago, baina... Eta orduan pentsatu nuen gauza asko nituela egiteko egun guztia ezker eskuin lasterka ibili gabe. Gero, egun batean gelditu nintzen eta Donibane Lohizunera itzuli. Loriatua naiz, gauza anitz egin ahal izan baititut. Orain nahi dudanean eta nahi dudan bezala egiten ditu, jadanik ez nago irudiak egitera beharturik. Adibidez, bi urtez lan egin dut Thierry Malandainen Ballet de Biarritz delakoarekin, dantzaren inguruko argazki sail libre bat egiten. Abentura handia izan da hori eta argazkiekin liburu txiki bat egitea erabaki dute. Guztiz atsegingarria da egin gogo dituzun gauzak askatasunez egitea. Gauza bat izugarria du fotografiak, argazkiak 150 urte artean egin ditzakezula. Irudian hainbeste aldaera posible baitira. Dena egin daiteke. Ez duzu eskas munduko azken muturreraino partitu behar hura? Ez. Hasieran zaila zen, baina gero batere ez. Informazioari atxikia jarraitzendut, baina ez dut berriro partitzeko gogorik. Gero, suertea izan dut Euskal Herrira itzultzean, zeren eta aita arkitektoa nuen, eta berehala eskatu zidaten hari buruzko liburu bat egin nezan. Halaber, itsutuki maite nuen pottoka, eta liburu bat egin dut horri buruz; gero, duela bi urtetik hona, ikerketak egiten ari naiz nire aitonari buruz, Errusiako iraultzailea zen bera eta 1884an liburu bat idatzi zuen, "Visite au Pays Basque". Nire lanean jarraituz gero sekula ezin egingo nituen gauzak ditut eginak orain. Jacques Pavlovsky Donibane Lohizunen sortua 1931n. André Pavlovsky, arkitektoaren eta Yvonne Longi ren semea. Ikasketak, Parisko Arte Ederretako Eskola (Leconte tailerra) eta Ecole Vaugirard de Photographie et de Cinéma. Publizitate argazkilaria, ilustraziokoa gero. Nire lehen 24/36 tresna erosi nuen (Nikon). Lehen albiste argazkiak Parisen, 68ko Maiatzeko gertakariei buruz. Parisko Agence de Presse Photographique Rapho izenekoan sartu nintzen; gero, 1974an, sortu eta berehala, Sygma Prentsa Agentziako taldekoa izan nintzen. Erreportaia nagusiak: . Vietnamgo gerraren amaiera, 1975eko apirila . Fronte Polisario . El Salvador . Frankismoaren amaiera, Juan Carlos erregea tronuan . Khomeini Frantzian eta Iranen . Txinako Itsasoa (boat people), 10 hilabete . Irak Iran Gerra, 10 urte baino gehiago . Europako 12 herrialdeak, 92 urtearen aurretik . Atentatuak, mundu osoko era guztietako hondamendiak . Frantziako eta nazioarteko polikari ezagunak, etab. 1991 92 Association Nationale du Pottok elkarteko Burua. Thierry Malandainen «Ballet Biarritz» Centre National Chorégraphique ko Administrazio Batzordeko Kidea. Liburuak: «L'Architecture d'André Pavlovsky, la Côte basque des années trente» (Andre Pavlovskyren arkitektura, hogeita hamargarren urteetako euskal kostaldea), Maurice Culot, Institut français d'Architecture ko gaurko historia saileko zuzendariarekin batera. 1991 «Pottoka, le petit cheval basque». 1994, elebiduna frantsesez eta euskaraz. Frantses euskara itzulpena,Danielle Albizu Bakarkako erakusketak Euskal Herrian: . «Reportages» Baiona, Scène Nationale. 1993 . «L'aurresku» Getariako Museoa eta Hegoaldea . «Pays basque» Le Colisée, Miarritze. 1998 . «Lumières de Biarritz» Espace Bellevue. 1999 Argazkiak: Ainize Butron Euskonews & Media 171.zbk (2002 / 6 / 14 21) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria