170 Zenbakia 2002-06-07 / 2002-06-14

Elkarrizketa

Manu Leguineche: "Munduaren amaierara joateko gauza naiz isiltasuna aurkitzeko"

DOXANDABARATZ OTAEGI, Beñat

Elkarrizketa: Manu Leguineche Manu Leguineche, idazle eta kazetaria "Munduaren amaierara joateko gauza naiz isiltasuna aurkitzeko" * Beñat Doxandabaratz Trumoia non, Leguineche han. Euskaldun mundutarra, Manuel Leguineche (Arratzu, Bizkaia, 1941) gure garaiko kazetari handienetakoa dugu. Oso jende gutxik bezala, kazetaritza eta literatura maisuki uztartuz estilo limurkorra sortu du, kritikoak liluratu eta bere irakurleak jarraitzaile bihurtzen dituena. Kontuak kontu, monje budistek ez bezala, eta gehiengoaren antzera, Leguinechek ez dauka zoriontasunaren edabea, baina badaki biziaren ibaian behera ongi pasatzen ; alde batetik, bidaia miresgarriak eginez munduaren norabidearen lekuko izanez ; eta bestetik, bere sorburura itzuliz, hau da, azken hamabost urteotan bere bizilekua izan den Brihuegako bere etxera, gerlariaren atseden lekura, hain zuzen. Izan ere, berak dioen gisan, Belendizeko herritarra izaten segitzen du, Athletic zale amorratua eta muslari porrokatua ; hainbesteraino, aitortzen digula bart gaueko mus partida goizeko bostak arte luzatu zaiela Brihuegako tabernan. Hasierako telefono solasaldian ordea, ez dirudi ordu txikietako gehiegikeria estrategikoek bizkortasuna kendu diotenik. Haratago, bere Arratzuko euskara, erdi herdoilduta izan arren, bizirik eta jatorra segitzen duela erakusten digu Leguinechek. Zerbaitetik ihesi heldu al zinen Brihuega ra? Bai, bizitza erregarri batetik ihesean. Lasaitasun pixka baten bila etorri nintzen hona, urte askotan Madrileko zarata eta ozpina jasan ondoren. Gainera, nire barne bidaia kontatzeko beharra sentitu nuen. Eta uste dut lehenago egin behar nuela, baina badakizu, bizitza modernoaren zurrunbiloak batzuetan ez dizu pentsatzen uzten. Beraz, muturreko gizona al zaitugu? Ez, inondik inora. Ez zait gauzak muturrera eramatea gustatzen. Hirietan oso zoriontsua den jendea ezagutzen dut. Eta ez dut uste landetako jendea hirietakoa baino interesgarriagoa denik. Are gehiago, Antzinako Grezian gauza on guztiak hirikobizitzari ematen zizkioten, eta miseria guztiak aldiz, landetako bizitzari. Arazoa beste bat da ; hain zuzen, gaur egungo gizartean "egotea" askoz inportanteagoa bihurtu da "izatea" baino, eta horrek ni, nire onetik ateratzen nau. Zer ikasi duzu bertakoengandik? Hemengo nire lagunek esaten didatenean : "Kontxo, On Manuel, zuk bai dakizula! Nik erantzuten diet : "Vietnamez dakidanaren zati bat emango nuke zuek dakizuena jakiteagatik. Alegia, zein eguraldi egingo duen bihar, lurraren sekretuak ezagutu, baita urte sasoi, zuhaitz eta animaliatxoekin batera ere bizitzen ikasteko". Eta bertoko zein animalia duzu kuttunena? Ez dakit, baina akaso kukua. Txikitako oroitzapenak ekartzen dizkit gogora, Arratzuko San Lorenzo ermitaren ondoan kantatzen zuenekoa. Lurralde honetara etorri nintzenean bi gauza ikusi nituen : lehenik, arte izugarri bat, eta gero, kukua kantari artearen adarretan pausatua. Zapla ! Hura predestinazioa izan zen, eta nire artean esan nuen : "Hemen geratu beharra daukat bizitzen" Zeren zaporea du zure haurtzaroak Arratzun? Sagardo eta txakolin zaporea du. Txarribodaren garrasi ozenak ere gogoan ditut, herriko frontoian esku pilotan ari ginela. A, eta akordeoiaren doinuak Belendizeko zelaietan akordeoilari itsu batek jotzen zituela. Goiz honetan, zerekin hasi duzu mundua? Zaratarik gabe. Eta hori ordainezina da. Munduaren amaierara joateko gauza naiz isiltasuna aurkitzeko. Schopenhauer ek zioen bezala : jendearen gaitasuna zarata jasateko bere inteligentziaren alderantziz proportzionala da. Dena den, nahiz eta landetako bizitza idealizatu nahi izan, egia da motor "karrakari" horiek dagoeneko landetako paisaiaren zati bat direla. Zer egingo diogu, ba ! Jendeari bost axola. Zarataren apologian bizi garelako. Hori da. Herriak zaharberritu eta dezibelioei eskaini. Baina, harritzekoa ! Inor ez da arduratzen isiltasuna itzularazteaz. Jendeak zarataren beharra dauka inportantea sentitzeko. Batzuek demokrazia bere osotasunean lortutzat ematen dute, baina ahaztuegiten zaie kontuan hartzea demokrazia ere besteenganako errespetuan datzala. Hori dela eta, demokrazia berriz aurkitu behar da, alegia, partidu politiko eta joku demokratikoa ez ezik, politikariek paso egiten duten kontu guzti haiek ere oinarrian izan ditzagun. Hara gure bizimodua : zaratak bultzatua eta erlojuaren kontra. Erabat, gainera. Enfrentamenduaren gizartea sortzen ari gara, gehiegizko lehiarena, japoniarren modura. Eta gero harritzen gara umeak estresatuta ikusita? Ni ez naiz hasiko arkadia zoriontsua eta mundu ideala aldarrikatzen, berez ez dudalako sinesten zoriontasuna dagoenik ere ; gizona zoriontasunaren gainetik pasatzen baita. Neuk defendatzen dudana ez da hori, baizik eta lurraren zoriontasuna bere buruarekin. Orson Wellesek esana: Makinak gure bizitzan agintzen duenetik aurrerapena eta garapena ez dira gauza bera. Ez zitzaion arrazoirik falta. Hortxe ñabardura erabakiorra dago. Egia da aurrerapenak oso gutxietan egiten duela bat nire ikuspuntuarekin, baina garbi dago txorakeria litzatekeela aurrerapenaren kontra jartzea. Hala ere, nahiz eta aurrerapen zientifikoa badaukagun, txanponaren beste aldea ere badago. Alde batetik, erosotasunaren izenean, orain auto gehiago daude, errepide eta autopista gehiago, abiadura handiko trenak eta uralitako pabilioiak nonahi. Bestetik, gero eta satisfakzio falta eta asperdura gehiago dago gizartean. Garrantzi gehiago du "edukitzeak" izateak baino, dirua lehenbailehen irabaztea, eta jadanik berdin dio nola. Bien bitartean, noski, pobreek eta gutxiengo marjinatuek hor diraute. Ez naiz misiolaria edo intelektuala, baina nire zentzumenez ikusten dudana zera da : pobrezia gehiagora doan premiazko arazoa dela, eta bitartean, hemen gaude gu giza miserien kontura literatura egiten. Bada dioenik inbidiarik gabe bizia aspergarriagoa litzatekeela. Inbidia bizio bat da, min gehiago egiten diona sufritzen duenari sentitzen duenari baino. Gazteleraz zerbait ona denean "inbidiagarria" deitzen zaio. Beraz, tentsio gutxiago etahurbiltasun baten aldekoa nintzateke ni. Izan ere, bizitza makurragoa eta susmagarriagoa bihurtu da, hertsiagoa da. Pixka bat adarretatik joanez, nik halako esperientzia bat bizi berri izan dut Israelen, Jerusalemgo aireportuan, alegia. Iritsi ahala, susmagarritzat jo ninduten bizarra utzi eta bekain lodiak ditudalako. Eta ni hiru ordu luze eduki baninduten itaunka alde batetik bestera, hori gainera hirugarren gradu bat da, zer egingo ez ote duten palestinarrekin..... ! Ideiek dagoeneko ez dute saltzen. Ez, gizabanakoaren domestikazioaren izenean proposamen berritzaileen galbiderantz goaz. Orain jendeari telebista kate mordoiloa jartzea baino ez dago, inork txintik esan ez dezan. Zure bakardadea borondatezkoa da. Bakarrik bizitzen jakin behar da, edota hori nartzisismo hutsa da? Ez dut uste nartzisismoa denik. Baina tira, nire ustez, ona da beti banitate ikutu bat edukitzea. Osterantzean, inork gutxik egingo luke zerbait. Dena den, nirea borondatezko bakardadea da, ez ordea, "full time", herri giroan murgiltzen naiz eta. Inor ez da irla bat. Baina zu "arautik" ateratzen zara. Finkatutako arauetatik ateratzen den orori (jaio, bataiatu, ezkondu, seme alabak izan) arraroa deitzen zaio. Brihuegara iritsi nintzenean deigarria gertatzen nintzaien xelebrea nintzelako : "Ah, mutilzahar hori". Baina betidanik izan naiz bakartia, sei urterekin jada interno, niretzat, bakardadea bizimodua da. Munduari itzulia 81 egunetan eman zenionean, Phileas Fogg ena baino Picaporteren antza hartuta amaitu zenuen: ez zenuen Indiako printzesa bat ekarri. Ez nuen zorte hori izan. Agian ez nuen behar bezalako gogoa ipini ; egia esanda, ez naiz abenturazale bat. Bidaiatzen dudanean, idazteko izaten da. Gainera, oso bidaia gogorra izan zen, zentzu guztietan. Eta kontraesana badirudi ere, Julio Verneren sasoian egingarria zena, gaur egun berriz, askoz zailagoa da ; munduko itzulia 80 egunetan egitea hegazkina erabili gabe ez da batere samurra. Eta amodioaren kilikak ez al zaitu inoiz samurtu?Bai, horixe ! Nik bikoteak izan ditut. Baina García Márquezek dioen bezala : Zeinen polita den amodioa elkarbizitzagatik ez balitz ! Hortaz, nire lema hau da : zure bizitza bizi eta utzi bizitzen. (isiltasuna). Ideien globalizazioa kazetaritzaren gibeleko atetik sartu da. Objektibotasun irrikatuaren amaiera al da hori? Kazetaritza erdi hilda dago. Oso gogoan dut "Le Monde" frantses egunkariko fundatzaileak esan zidana : "Objektibotasuna ezinezkoa da, baina bada zerbait sakratua, irakurlearekin garbi jokatzea". Horren haritik, ni ezin naiz izan objektiboa. Ezin naiz izan Sharonen eraso bortitza eta odolisurlea palestinarren lurraldean. Izan ere, horrek, arazoa konpondu baino, gehiago izorratu egin baitu. Logikoki, giza eskubideen zapalkuntza edo tortura kasuak daudenean, salatu egin behar duzu, nahiz eta batzuetan Iranen bezala gertatu, non torturatuak izan zirenak, gero torturatzaile bilakatu ziren. Azkenean, gerra batean, estatubatuar senadore batek 1917an esan zuen legez, lehen biktima egia izaten da. Hortaz, nik uste dut kazetaria ezin dela objektiboa izan, baina bai garbi jokatu. Luterok zioen bezala: "Justizia aldi baterako da. Kontzientzia, betirako". Ados nago. Gerrak eta gatazkak amaitzen direnean, denbora egoten da ikertu eta datuak egiaztatzeko. Gainera, protagonistek egia kontatzen amaitzen dute, bai damua dutelako, bai dena bukatu eta garbi hitz egin ahal dutelako. Benetan zer gertatu zen jakiteko liburuak, dokumentalak eta erreportajeak ateratzen dira, baina jakina, egiaren zati handi bat ezkutupean gordetzen da. Aurrerapen teknologikoak..... Lanbidea hoztu egin du. Lehen, komunikatzeko bitarteko gutxiago izatean, zuk zeuk joan behar zenuen berriaren bila. Urte haietan, inork non geunden ez zekiela, 12.000 kilometrora komunikazioa lortu eta telex a ordaindu ahal izateko hitzak elkartzen ibiltzen ginen. Orain ostera, jokuaren arauak aldatu egin dira, kazetaritza aseptikoagoa bihurtuz. Eta zer egingo duzu ? CNNko emanaldi birtualetan ikusi dena kontatu? Ez. Orain frontean dena jendez josia dago, kate estatubatuarrek zirko mediatikoa antolatzen hasi zirenetik, hotelak goitik behera erreserbatuz eta. Horrekin jada ez dut ez interesik eta ez gozamenik. Badakit ezin naizela korrontearen kontra joan, baina eskubidea daukat esateko bitarteko gutxiagorekin zoriontsuagoa nintzela. Berriak momentuan iraungitzen dira, gainera. Hori da bestea. Abiadurak inbadituta eta menderatuta gaudela, erreportaje zabalaren freskotasun eta bat batekotasuna galdu egin da. Lehen, Vietnameko bezalako gatazkek gutxienez iraun egiten zuten. Orain aldiz, berriak aitaren batean Israeletik Frantziara eta hortik Kubara igarotzen direla, gaietan ganoraz sakontzea oztopatzen zaigu. Halaber, erreportari "frankotiratzailea" desagertzeko zorian dago. Dagoeneko desagertu dela ez esateagatik. Lehen, gu bonbero toreatzaileak ginen, Afrikako Estatu kolpe baten berri ematera eta handik Venezuelan gertatzen ari zena kontatzera. Gaur egun ordea, Israelera joanez gero, Belenen sartzea debekatzeaz gain lekuko deserosoa zarelako, susmagarri bihurtzen zara zure itxura soilagatik. Lehendik ere gertatu izan zait hori, baina askoz gutxiago. Esanak esan, gerra erreportariaren irudia desmitifikatu behar dela iruditzen zait. Izan ere, nik, erreportari modura, mila arrisku eta estualdi izan dezaket, baina aldi baterako da, jakin badakidalako Europako mundu oparo eta asebetera bueltatuko naizela. Noiz arte musulmandar munduaren madarikazioa? Nik baneki ! Deabrutze guztiak bezala, ez dago eskubiderik Islama deabru bihurtzeko. Bizi garen munduaren ideal politikoa gorroto biszeralei uko egitea litzateke, dena txuri beltzean ez ikusi eta bide berriak urratu. Baina garbi dagoena zera da : Estatu Batuen eta Europaren arteko dikotomia gero eta handiagoa dela, zer esanik ez Irailaren 11az geroztik, Europak "jokaldiaren" ikuspuntu gizatiarragoa baitauka. Zer iradokitzen dizu Javier Bauluzen argazkiak, non bikote bat hondartza batean eguzkia lasaiki hartzen agertzen den bereatzean etorkin ito baten gorpua dutela? Etorkinen dramaren isla aproposa eta adierazgarria dela. Inoiz baino gehiago argazkilariak eta kazetariak biktima eta arazoa pairatzen ari direnen alde egon behar dute ; eta hori da guri geratzen zaigun zirrikitua. Protagonista anonimoak dira benetako heroiak, eta are gehiago jakinda protagonista ofizialak ez direla batere interesgarriak. Nelson Mandela kenduta, ezagutu ditudan liderrek ez naute batere konbentzitu, harri kartoizkoak dira eta beti erantzun berberak ematen dituzte. Zein gomendio ematen diezu kazetari hasberriei? Gazte asko hurbildu egiten zaizkit eta galdetu : "Zer egin behar dut zu bezalakoa izan nadin ? Eta nik erantzuten diet : "Pila bat irakurri, baina ez egunkariak bakarrik, liburuak ere bai". Kazetariek ez badituzte egunkariak irakurtzen, eta hori da gertatzen dena, gureak egin du. Bistan da kazetaritzak ez zaituela asetzen. Ez erabat. Apur bat asetu gabe uzten nau ; toki batera joan, izugarrizko drama bat bizi, eta azkenean zure kronika zeharo murrizten dute espazio falta dagoela argudiatuta. Clark Gable k "It happened one night" filmean esaten zuena gertatzen da, hau da, kazetaritzan 300 hitzetatik pasatzen dena idazle bat da. Geroari begira, egingo dudana gutxiago idatzi eta prosa gehiago zaindu izango da. Baina tira, nire liburuak kazetaritzaren luzapena baino ez dira izaten. Idazmakina ala ordenadorea? Garai luze batean Kanadan erositako pila bidezko idazmakina batean idazten eman nuen. Behin ordea, erabiltzen nuen paper termikoa erre, eta ondorioz, ordenadorera pasa nintzen. Eta ez naiz damutzen, nahiz eta mundu guztiak esan ordenadorearen abiadura prosaren kalterako dela. Baina nola ez daukadan Nobel Saria irabazteko asmorik, bost axola. Zuri ez zaizu Flaubert i bezala gertatzen, koma bat non ipini ez jakite hutsarekin depresio larri batek jota geratzen zela. Ez, horretan ez naiz batere perfekziozalea. Premiazko eskolan zailduta nago, ia ia notarik gabeko erretransmisioak egitera. Horrek noski,eragina izan du nire idazkeran, eta orain Internetekin, are gehiago. Bestalde, esanak esan, modu pausatuago batean idazten badut, "La felicidad de la tierra"n bezala, nabaritzen delakoan nago. Bidaiatzeari gagozkiola, "overbooking", "charterrak" eta "dena barne" bezalako hitzak kaleko hizkerak bereganatu ditu. Bai, bidaiatzea herritartu egin da. Baina kontuz ! Askotan errealitatea mozorrotu baino ez dute egiten eta, alegia, urdin turkesazko hondartza eta kokoteroz beteta paradisu bezala saltzen digute. Eta bertara iritsi bezain pronto, errealitate galantarekin topo egiten duzu, desengainua eta frustrazioari bide emanez. Turismoaren industriak denok bilatzen dugun paradisu galduaren mitoarekin jokatzen du. Baina ez da tokia, paradisua zeure baitan dago eta. Filosofia taoistan benetako bidaia argiranzko bidaia da. Masaien esaera batek dioenez: "Bidaiatzen duen begia argia da". Bai, bidaiatzea garbitasun ariketa delako. Herrialde batera iristen zarenean, umila izan behar duzu, eta ez konparatu. Jende asko edozein herrialdetara modu harro batean heltzen da, eta areago hirugarren munduan. Segituan, kexuka hasten da, eltxoengatik eta janariagatik, purrustaka patata tortila faltan botatzen duelako. Eta hori benetan penagarria da. Monumentuak baino ez dituzte bisitatzen. Eta marmarka. Bidaiatzeko patxada behar da eta, guztiaren gainetik, ez erreparatu harriei bakarrik, baizik eta bertako jendeari, beraiekin berba eginez eta bere kultura ulertzen saiatuz. Alde horretatik, umore zentzuak asko laguntzen du besteak ezagutzeko orduan. Bidaiatzeak zure zentzumenak loraldian jarri dizkizu. Bai, batzuk besteak baino gehiago (barreak). Egia da, motel ! Ez, egia da bidaiari trebatua izateak seigarren zentzumena garatzen laguntzen dizula, arriskuan zauden ala ez jakiteko. Baina zenbat aldiz seguru sentitu eta, bat batean, metraileta baten rafagak ileak ikutuz pasa didan ! Askotan. Zein toki ageri dira izar artean zure munduko mapan? Birmania, dudarik gabe. Biziki maite dudan herrialdeada, irribarretsua, kutsatu gabea eta xenofiloa. Diktadura militarragatik ez balitz, maizago bueltatuko nintzateke. Oso gogoan dut tenplu budista bateraino Irauadi ibaian zehar untzi batean egin nuen bidaia. Orain, urte eta erdi konfinatuta izanda gero, 1991ko Bakaren Nobel Saria eta oposizioaren liderra den Anng San Suu Kyi askatu dute. Birmaniara joandako azken aldian, ahalegindu nintzen lore sorta bat eramaten bera giltzaperatua zegoen etxe erdi erorira iritsiz. Baina atean bertan nengoela, zaindariek eskopetekin mehatxuka aterarazi ninduten. Herrialde horietara bidaiatzea ez da lagungarria joku demokratikoa berriz ezartzeko. Hor dago koska eta daukadan damua halako herrialde batera joaten naizen bakoitzean. Militarrek Birmania hertsita eduki zuten harik eta dibisak behar izatean turismora ireki zuten arte. Perspektiba fisiko eta mentalean bizi den euskaldun baten ikusmoldetik, Euskal Herriak zein soinurekin lotzen duzu? Musikarekin gehiago lotu nahiko nuke. Artea da, hain zuzen, euskaldunok nabarmendu garen arloetako bat eta gehiago egin beharko genuke. Hau da, gure kemena musikan, zinean eta literaturan jarri, azken hau, esaterako, gehiagora doa argi eta garbi. Eta trumoi soziopolitikoak, nola bihurtu musika? Ez dakit. Euskal egoerak, orain dagoen bezala, bihozmina eta ezkortasuna ematen dit, sorginaren gurpila dirudi. ETAren suetenaren berri izan nuenean, bakarrik negoela ere txanpainarekin ospatu nuen nire buruarekin. Tamalez, gero, ilusioa galdu nuen beste behin. Itxaropen une faltsua izan zen, baina ezkorren pentsamendu eskolan sartuz gero, akabo ! Gaizto samarra zen Jorge Luis Borges ek, esaterako, Malvinetako gerraren garaian berarekin egon nintzenean Buenos Aireseko bere apartamenduan, zera esan zidan : "Zuek euskaldunak harriak altxatzeko baino ez duzue balio, eta esnea eramateko Buenos Airesen" (ohituraz, euskaldunak esne saltzaileak izan dira bertan). Ba, Borgesen gogoeta maltzur horrek zer pentsatua eman beharko liguke. Nire iritziz, Euskal Herrikoegoera soziopolitikoa konpontzen saiatzeko irudimen eta arte gehiago erabili beharko genuke, euskaldunok hain berezko dugun sormen izpiritu hori martxan jarriz. Zure hurrengo bidaia fisiko literarioa. Israelen jasandako umilazioen ondoren, nire buruari hitz eman diot ez naizela bertara itzuliko. Hortik aurrera, mundua irekita daukat, hori bai, kontuan hartuz ezin naizela astebururo "gori gorian" dauden tokietara joan, hau da, Beirut, Checheniara, eta abar. Orain berriz, Asiak erakarri egiten nau, Sri Lankak, adibidez. Baina saltzen ez duten gerrak direnez, agian inguruari buruzko liburu bat idazteko baliatzen dut. Eta ez da bidaien zentzu enpirikoa eta probetxugarria daukadalako, baizik ezin naizelako "egonean" egotera joan. Latinoamerika ere tentagarria egiten zait, Guatemalako Antigua, esaterako, aldi batean bertan bizi izan bainintzen. Azken finean, menuz aldatu eta kilikatzen nauten tokietan zehar mugitu, modu honetan, barrutik berritzen lagun nazaten. Manu Leguineche Idazle eta kazetaria, Manu Leguineche Colpisa eta Fax Press albiste agentzietako sortzailea da. Egun, azken honen zuzendaria dugu. Bere liburuei dagokienez, hona hemen arrakasta gehien izan duten izenburuak: "Adiós Hong Kong, El viaje prodigioso", María Antonia Velasco rekin batera idatzia (Alfaguara, 1995), "Yo te diré..." eta "Yo pondré la guerra" (El País Aguilar, 1998), "Los topos" eta "Hotel Nirvana" (El País Aguilar, 1999), "La tierra de Oz" (2000). Halaber, lortu dituen sariak zeharo adierazgarriak dira, hala nola, Kazetaritzako Sari Nazionala, Urrezko Luma, Cirilo Rodríguez, Julio Camba, Godó edota Ortega eta Gasset. Argazkiak: Fusión (2. eta 3. argazkiak) eta Consum (4. argazkia) aldizkarietan argitaraturik daude Euskonews & Media 170.zbk (2002 / 6 / 7 14) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria