Elkarrizketa: Jose Antonio Fiestras Jose Antonio Fiestras, pintorea "Arte galeriek odola zurgatzen diote artistari" * Zuriñe Velez de Mendizabal Jose Antonio Fiestras 1943ko otsailaren lehenengoan jaio zen Gasteizen. Oinarrizko batxilerra egin eta zenbait urtetan industria lanean aritu ondoren, bere zaletasunetik bizitzea erabaki eta enpresa utzi zuen hogeita hamar urterekin. Mende erdi baino gehiago duen gizonak bere ametsa egia bihurtu du. Bere artelanak munduko zenbait museo eta bilduma pribatutan aurkitzen dira, hala nola Kolonbia, Kanada eta Mexikon, espainiar estatuaz gain. Baina artista arabarrak badu ezkutuko beste zaletasunik ere: poesia idaztea. Oraindik ez du baztertu horiek argitaratzeko ideia. Eta bere lagunekin golfean ari denean, jokoan duen maisutasuna pintura lanetan aplikatuz gero munduko margolaririk onena izango litzatekeela adierazten die, umore klabean. Diotenez, Hamilton argazkilariaren errealismo fantastikoaren antza dute zure koadroek... Egia esan, margotzen hasi nintzenean argazkilari honen lana jarraitzen nuen, bere lanak oinarritzat hartu eta horiek margotzen nituen. Bai, eragina nabarmena dela esan daiteke. Nire hastapenean puntilismoa jorratu nuen. Baina denborarekin puntuek zertzeladak ziruditen, eta beste zerbaiti heldu behar niola iritzi nion. Gasteizko Antxo Jakintsua kalean bazegoen leihoaren atzean panpinak zituen etxabe bat. Haiek marrazteari ekin nion, eta kristalaren ostean zegoenak eragindako efektua atsegin nuela ikusi nuen. Horregatik margotzen ditut lausodurak. Beti lotu al zaituzte errealismo fantastikoarekin? Jaso ditudan kritika gehienetan "oniriko" hitza agertu izan da. Ametsekin loturiko elea den arren, ez da barruan daramadan ezer. Nik beti egin dut atsegin dudana, sentitzen nuena, eta ez zaizkit axola izan kritika horiek. Nire koadroek gidatu naute beti, eta ez naiz inoiz nire estiloaren menpeko izan. Arabar pinturaren aitzindaritzan aurkitzen zaitugu aspalditik. Nola ikusten duzu azken urteotan emandako bilakaera?Gazte nintzela Grupo Pajarita zeritzona izan zen lehenengo ezagutu nuena, eta hura hartu nuen erreferentzia gisa: Suárez Alba, Pichot,... Gerora Ortiz de Elgea, Mieg, eta hauen gisako pintoreak zeuden denon ahotan. Eta gaur egun artisten artean "denak balio du" ideia dagoela deritzot. Baina Grupo Pajarita edo Orain ziren ez bezala, gaur ez dago talde ideiarik. Gaur egun lagunen taldeak daude, beste batzuk alboratzen dituztenak eta kritika guztiek sinadura bera daramate...Ez bazara horien gustukoa, agur! Baina ni ez naiz horretan sartzen, bakarrik ibiltzea nahiago baitut. Egia esan, oso eskaintza zabal eta joria dugu arabar pinturan: zu zeu, Carmelo Ortiz de Elgea, Rafa Lafuente, Mieg... Bai. Baina gauza bat argi utzi behar da. Ez dakit ni marrazteko orduan arruntegia ote naizen, baina aipaturiko beste artistak teknikaren hausleak izan ziren, ni baino gehiago bai behintzat. Denek bide desberdinei ekin genien, batzuetan topo egin dugun arren. Gainerako artisten aukerak errespetatzen ditut... denak duinak direlako. Oker ez banago, ez zara arte galerien produktu tipiko horietakoa. Behintzat, zure komertzializazioa ohiko zirkuituetatik kanpo dagoela uste dut... Egia esan, ni arte galeria komertzialen produktu izana naiz. Bertan dagoenak badaki arte galeriak zutaz baliatzen direla negozioa aurrera eramateko, eta ez alderantziz. Azken finean ez dakizu norentzat diharduzun lanean, zuretzako edo beraientzako. Orokorrean hitz eginda: arte galeriek "odola zurgatzen" diote artistari. Sarri erakustokian duzuna saldu arren, ez da irabazirik lortzen. Baina benetan ospea lortu nahi bada, oso zaila da galeria hauetan egon gabe lortzea. Nire zoria bestelakoa izan da. Bost bat urte daramatzat leku hauetan ezer erakutsi gabe, eta ahoz aho iritsi naiz jendearengana. Oso eztabaidatua izan da, eta oraindik ere horrela da, erakundeen arte inbertsioetarako politika. Beharrezkoa ikusten da, baina nor agintarien erabakietatik kanpo geratzen denean... haxe zalaparta! Noraino lagundu behar duteerakunde publikoek arte plastikoa? Nire aburuz, instituzioek estutu egiten dituztelako hartzen dute esku artelanen erosketan, eta ez benetan sentitzen dutelako. Eta bigarren arrazoiak izan beharko luke pisu gehiago. Berriz ere nire ustetan, jendeak esan edo pentsa dezakeenaren aurrean politikari askok lotsa ikaragarria dute. Hori dela eta edozer erosteko prest agertzen dira, nahiz eta artelan hori ulertu ez. Baina niri ez dit askorik axola horrek, nik atsegin dudana egiten jarraitzen dudalako. Apirilaren 26an Artium a inauguratu zen Gasteizen. Zer sentsazio mota igar dezakezu zure baitan? Nahiko galduta nago kontu horren aurrean. Egia esan, Gasteiz eta Bilboren arteko borrokaren zati bat dela deritzot. Publikoari saldu zaiona zera da: sotoetan aurkitzen den ustezko bilduma zoragarria, Espainiako onenetarikoa omen dena argitaratzeko proiektua dela Artium ekoa. Jazoera ikusgarri horrekin, Gasteiz artearekin gerta daitekeen panazearen hurrena izango dela saldu da. Eta masak, esan zaiona ikus dezan nahi dut. Beraz zabaltzearen "aldekoa" naiz. Ea zer gertatzen den hurrengo egunean... Zerk inspiratzen zaitu? Batzutan ideiaren bat izaten dut kaskezurrean, eta hortik abiatzen nahiz gutxi gora behera. Baina sarri ez dut ezer ikusten. Beraz, koadro abstraktu bat egiten dut, alde batera eta bestera jarriaz, zerbait esaten didan arte. Orduan ideiak ateratzen hasten dira. Bitxikeria bezala nire alabari oparitu diodan azken lanean gertatutakoa: Koadroaren goiko aldean geriza ugari daude, bata bestearen aldamenean. Baina jaisten diren heinean, tarte gehiago dago batetik bestera. Lan hau egiteko inspirazioa Frantziako Itzulia ikusten lortu nuen, mendiko mailotari esker. Orokorrean esan daiteke koadroak gidatzen nauela, baina beti hori ere menperatzen saiatzen naiz. Hiru gauza garrantzitsu ikusten ditut lan ona egiteko: argia, konposaketa eta kolorea. Hauekin jokatzea ezinbestekoa dut. Eguneko zer orduak nahiago dituzu margotzeko? Goiza. Egunero goizeko bederatzietarako estudioanegoten naiz, nahiz eta bertan ordu askorik ez eman. Esperientzia izateak asko laguntzen du lan egiteko orduan. Sarri koadro bat baino gehiagorekin jarduten dut lanean, azken ukituak emanez, aldaketak eginez. Azkenean, gehiago egin ezin dezakedala ikusita amaitutzat ematen dut artelana. Non ikusi nahiko zenuke zure koadroren bat? Biziki zorionekoa naizela uste dut, nire zaletasunetik bizi naiz eta. Munduko bilduma garrantzitsuenen artean gure artelanak ikustea. artista gehienon ametsa dela uste dut. Tira, zergatik ez! Inoiz esan al diozu balizko bezeroren bati, ezetz, ez zeniola koadroa egin edo salduko? Bati baino gehiagori. Esaterako erretratuak eskatu dizkidan pertsona orori. Artearen alde pertsonalegia dela deritzot, eta ez dut eremu hori jorratu nahi izan. Beste behin Fernando Buesari, Arabako Foru Diputazioko presidentea zenean. Nik gogoko nuen koadro bat erosi nahi zidan, eta ezetza eman nion, nire etxera eraman eta bertan jarri nahi nuelako. Pentsatu eta egin. No me busquéis entre las muchedumbres, buscadme... siempre al borde de la niebla, donde apenas se nota la silueta, donde el sol lucha a muerte con la sombra, y el paisaje amanece diferente... y es ambigua la fauna que lo puebla... (J.A.Fiestras) Jose Antonio Fiestras (Gasteiz, 1943) Jose Antonio Fiestras 1943ko otsailaren lehenengoan jaio zen Gasteizen. Oinarrizko batxilerra egin eta zenbait urtetan industria lanean aritu ondoren, pintura bere jaiduratik bizitzea erabaki eta enpresa utzi zuen. Ordudanik badira dagoeneko hogeita hamabost urte eta ez du egun bat ere bere langelatik pasatu gabe utzi, bere barne mundua biziki dosifikaturiko artelanetan islatzeko. Bere obra munduko zenbait bilduma pribatutan aurkitzen da, hala nola Kolonbia, Kanada eta Mexikon, espainiar estatuaz gain. Azken hogeita hamabost urteotan erakusketa ugari egin ditu Fiestrasek, Euskal Herrian zein kanpoan. Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Euskonews & Media 167.zbk (2002 / 5 / 17 24) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.