Elkarrizketa: Xabier Usabiaga Xabier Usabiaga, txirrindulari ohia eta kazetaria "Kazetaritzan lan bikoitza daukat. Batetik kirol albisteen aurkezlea, eta bestetik txirrindularitzako emankizunetan iritzi emaile" * Ainhoa Aiertza Xabier Usabiaga Oiartzabal Asteasun jaio zen 1969an. Egun, bere emaztea eta alaba txikiarekin bizi da bertan. 13 urterekin hasi zen txirrindularitzan, nahiz etxean hasieran horretarako baimenik ez eman. Profesional mailara iritsi eta hirugarren urtean bihotzeko lesio batek txirrindularitza profesionala uztea derrigortu zuen. Egun, hainbat komunikabidetan kirol albisteen berri ematen eta iritziemaile gisa dihardu. Era berean, afizionatu eta profesional mailako txirrindularitzaren datu basea osatzen ari da. Noiz hasi zinen txirrindularitzan? Nondik datorkizu afizioa? Gure auzoan, Asteasuko Kale Nagusia 30ean, ni baino zahartxeagoa zen gazte batek ziklokrosa egiten zuen. Hura ikusi eta haren bizikleta garbituz, nahiko gertukoa egin zitzaidan ziklismoa. Gainera, adineko batek Billabonan txirrindularitza eskola sortu berri zutela, Irrintzi elkartea, eta apuntatzera animatu ninduen. Pixkanaka pixkanaka karreretan ondo ibiltzen hasi nintzen eta garaipen bat edo beste ere lortu nituen.. Zein zen zure idoloa? 15 16 urte nituenean Hinault zen garai hartako agintaria, baina Greg Lemond estatubatuarrak guregana errazago iristen zen beste filosofia bat ekarri zuen. Txirrindularitza, betidanik izan da kirol zorrotza eta Lemondek hura dena apurtu egin zuen. Gazteentzat erreferentea izan zen, eta nik izan dudan idolo bakarra Greg Lemond izan da. Adinak aurrera egin ahala idolatratzeko joera hori galdu egiten duzu, baina beste era batera eskertzen diezu edota miresten dituzu. Zure ibilbide profesionala aipatu. Taldeak, urteak... Nire lehen taldea Billabonako eskola izan zen; 13 urtetik 18ra bitartean Billabonan korritu nuen. Afizionatutan, 4 urtez, Hernaniko Kaiku taldean izan nintzen, eta, profesionaletan bi urte egin nituen Clas Cajasturren. HirugarrenaEuskaltelen hasi nuen, Euskadi fundazioan, sortu berria zen taldea, baina orduan atera zitzaidan bihotzeko arazo hura eta bizikleta utzi behar izan nuen. Lesio batengatik utzi zenuen txirrindularitza. Une latzak izango ziren horiek. Une horretan txirrindularitza neukan ibilbide bakarra zen. 18 urterekin aita hil zen eta orduan ikasten ari banintzen ere, ikasteko gogo eta borondate handirik ez nuen, eta taldeko zuzendariei kontsulta egin eta ziklismoan etorkizunik izan nezakeela esan zidatenez, ikasketak utzi eta ea profesionaletara iristen nintzen eta horretatik bizi nintekeen erabaki nuen. Profesionaletara igo nintzen, bi urte horietan hainbestean ibili nintzen, postu politak egin nituen, eta profesional duin bat izateko moduko zantzua hartzeko moduan nengoen. Hirugarren urtean osasun arazo hori gertatu zitzaidanean, ordurarte jorratu nuen arlo bakarra txirrindularitza zen. Une horretan, etorkizunari nondik helduko nion ere ez nekien, eta ikasketa batzuk egin eta entrenatzaile nazionala izateko titulua atera nuen.. Txirrindularitzaren munduan zer aldatu da zure garaitik hona? (prestaketa, teknologia, lasterketak...) Ez da aldaketa askorik izan. Ziklismoan izan den aldaketarik handiena 80. hamarkadaren hasieran eman zen. Ziklismoa oso giltzatua zegoen iraganean, tradizio handikoa eta zientziaren baliabideak oso berandu erabili dituen kirola izan da. 80. hamarkada hasieran, batipat, Francesco Moserrek orduko marka egin zuenean, haiek hasi ziren erabiltzen zientziak beste kirol batzuetan zituen baliabideak eta ezagutzak, ikerketak etab. ziklistak entrenatu ahal izateko. Geroztik ez pentsa ikaragarri aldatu denik. Xehetasun batzuk aldatu dira baino oso txikiak izan direnak. Orduan hasitako bide horri heldu zaio eta orain, beste edozein kirolen pare dago txirrindularitza, bai ikerkuntzan,bai material aldetik. Zeintzuk izan ziren aldaketa horiek? Gurpil lentikularra, posturak,bizikleta gainean ziklistak izan behar duen egokiera, aerodinamismoaren garrantzia,horiek denakFrancesco Moser eta, batez ere, Francesco Conconi medikuaren ekarpenak dira.Horretaz gain, lehen txirrindularitza kirol pobrea zen, soldatak ez ziren handiak, baina 1985 urtetik aurrera txirrindulari onak dexente hasi ziren irabazten. Aldaketarik handiena soldatetan eta gizartean izan duen onarpenean izan da. Euskal Herrian txirrindularitzarekiko afizio handia dago ikusle nahiz kirolari gisa. Beste herrialdetan ere gauza bera gertatzen da? Askotan esan izan da munduko zalegorik onena dagoela, baina nik horrelako etiketetan ez dut sinesten. Beste zenbait herrialdetan ziklismo kultura handia dago, eta kultura aberastasun ikuspegi horretatik ikusten dute zaleek txirrindularitza. Hala ere, dudarik ez dago Euskal Herria oso herri txikia dela, eta azterketa baten emaitzei begiratuz gero, Euskal Herriak duen biztanlego kopuruarekin alderatuz, txirrindulari gehien dituen herrialdea da; hau da, Euskal Herria da munduan txirrindulari kopuru handiena duen herrialdea. Datu hori bere osotasunean aztertuz, Euskal Herriak duen zalegoa, antolaketa lana eta komunikabideen betebeharra ere kontutan hartu behar dira. Badira ikasketak utzi eta txirrindularitzan burubelarri dihardutenak, eta zoritxarrez, denak ez dira profesionaletara iristen. Ez al da erabaki arriskutsua? Aholku, laguntza nahikoa dute gazte horiek? Ikasketak egitea ezinbestekoa dela gogorarazi behar diegu gazte horiei.Batetik, ziklismo profesionaletara iristen diren gazte kopurua oso baxua da; proportzionalki, seguruenik, ez da %2 3ra ere iritsiko. 18 urterekin objetibotasunez eta zuhurtziaz pentsatzea zaila da, baina elkarte eta gurasoen lana beraz funtsezkoa da gazteak ikasketekin jarraitu dezan. Bestetik, txirrindularitzak denbora asko eskatzen du, erresistentziazko kirola baita. Oso dohatsua bada txirrindularia entrenamendu gutxirekin irabazi ditzake karrerak. Gazteak konturatu behar du ikasketak burutzeagatik ez diola bere buruari galerazi ziklista profesionala izatea; hau da, ziklista profesionala izateko baliobadu, ikasketak burututa ere berdin lortuko du maila hori: Zorionez, ziklista profesionalak badira ikasketa unibertsitarioak dituztenak. Zergatik dago afizionatu eta profesional mailako hain talde gutxi? Babesle arazoagatik. Txirrindularitza oso garraiobide ona da norberaren produktua saltzeko. Ziklismoaren funtsa ahalegin mugagabea eta sufrimenduaren ondorengo saria da nik uste , eta hori oso erakargarria da gizarteari edozein mezu bidaltzeko. Kontua da ordea, egun dopinga dela eta, azken urteotan, txirrindularitza nahikoa zikindua dagoela, eta beraz, babesleek ez dute garraiobide hori erabili nahi produktua saltzeko. Ondorioz, talde gutxiago dago, eta beraz, talderik ez badago, talde multzo batek ez du irtenbiderik. Profesionaletara jauzia egiteko zein ezaugarri behar ditu txirrindulari batek? Talde profesionaletako zuzendarien begietara ailegatzeko batetik sailkapenak daude. Karrerak irabaziz gero, lehendabiziko datu bat badago, nolabait ere ziklista baten maila adierazten dutenak. Palmaresaz gain, ziklista batek dituen doaiak ere kontutan hartzen dira. Beraz, oreka lortu behar da; batetik palmares txukun bat behar da, bestetik, doai horiek erabat landu gabe eta zaildu gabe egotea ere garrantzitsua da. Era berean, txirrindulariaren jokabidea eta izaerak ere badu eragina erabaki hartzeko garaian. Belaunaldi berriak (Beloki, Zubeldia, Osa...) indartsu datoz. Zaila izango dute aurreko txirrindularien mailari eustea? Zaila daukate, baina oraingoz maila eutsi ez ezik gorago ere utz dezaketela uste dut nik. Lehengo oinarria hor dago, eta beti, aurrekoa gainditu nahi izaten da. Miguel Indurain alde batera utzi behar da, izan ere, hari begira jartzea kaltegarria izan daiteke. Haren ondoren etorri diren batzuek, batik bat Abraham Olanok, kalte hori izan du. Denek Indurainekin alderatu izan dute, gainera, beste interes batzuk bazeuden. Talde batzuek zuten sostenguari eutsi ahal izateko, nolabait ere, salmenta hori egin behar izan dute, hau da, Indurainen ordezkoa badaukagu,eta horrek Abraham Olanori egin dio kalte, haren parera ailegatzea ezinezkoa baita. Abrahamek lortu duen palmaresaz gain, bere garaiko ziklista askok hori eskertu behar diote Abrahami; erantzukizun guztia berak izan duelako, eta bien bitartean, beste batzuk itzalean lanean aritu dira aparteko erantzukizunik gabe. Erreferente bat izateak, Indurain imitatu nahi horretan jende doatsu asko ailegatu da ziklismora eta orain emaitzak onak dira. Epe laburrerako etorkizuna ziurtatuta ikusten da, luzeragokoa ikustea zaila da; baina ziklismoak hartu duen bidea kontutan hartuta ez da erreza izango beti maila honi eustea. Zeintzuk izan dira txirrindulari gisa bizitutako une goxoenak eta latzenak? Une goxoenak afizionatuetan bizitutako urte guztiak izan ziren, zeren, goi mailan lehiatzeaz gain, nik ziklismoari zor diodana da mundua erakutsi izan didala. Lagunak egin eta ziklismoko perla batzuetan parte hartu eta beste ziklismo bateko kultura eta ohiturak ezagutzea oso aberasgarria izan da niretzat. Une latzenak, ezinean ibili izan naizenean, izan ere, momentu horretan gorputzak eta buruak jasaten duten sufrimendua ikaragarria baita. Horretaz gain, utzi behar izan nuen une hura oso gogorra izan zen. Hala ere, txarrak baino errezago etortzen zaizkit burura oroitzapen onak. Egun esatari, kazetari gisa ari zara lanean. Noiz hasi zinen kazetaritzan lanean? Profesionala nintzenean Euskadi Irratira komentarista gisa joan nintzen baina gonbidatu gisa. 1994an berriz, txirrindularitza utzi berria nuenean, Ser irrati kateak Euskal Herriko Itzuliko komentarista lanak egiteko deitu zidan. Hura bukatu bezain pronto, Espainiako bueltarako 3 lan eskaintza jaso nituen. Haietako bat Euskadi Irratiarena izan zen, eta euskaraz hobeto moldatzen nintzenez huraxe hautatu nuen. Aldi baterako lana izango zela uste nuen, baina, gero, kontua da, beste eskaintza batzuk izan nituela. Lau bost urte bitartean ez nuen argi ikusten; iritzia ematetik eta ziklismo afizionatuaren berri ematetik bizitza atera beharnuela pentsatzea ere ez zitzaidan burutik pasa. Komunikabideetan hasitako bide horrek ez du amaierarik izan, eta momentuz behintzat gustora nago. Zertan datza zure lana? Bi lan mota egiten ditut kazetaritzan. Batetik, informazioa ematean datza, eta lan horretan informazioa datorkidan moduan ematen dut, eta ez daukat inolako eskusartzerik, eta bestetik, eta gehienbat, iritzigile gisa dihardut. Iritzia eskatzen zaidanean, saiatzen naiz neure buruarekiko eta ikusentzule, entzule edota irakurlearekiko jator eta zintzo jokatzen eta ahalik eta objetibotasun gehiena eskaintzen. Jende askok pasioz bizi duelako bihotzarekin jokatzen du buruarekin baino gehiago, eta ni ahalegintzen naiz, erabat buruarekin jokatzea. Jendeak pentsatu izan du Abraham Olanori kritika egin izan diodala, eta justu horren kontrakoa izan da nire betiko intentzioa. Inor ondo ezagutzen badut, eta inor gertuko sentitzen badut, hori Abraham Olano da. Horrek ez du kentzen, ordea, nire ustez, zerbait gaizki egin duela iruditzen zaidanean hori esatea. Telebista, irratia eta egunkaria, hirurak jorratu dituzu. Orain 2 3 etxetan ari naiz lanean. Euskaldunon Egunkarian astean behin iritzi, hausnarketa lan bat egin ohi dut. Idaztea eta irakurtzea gustoko dut eta nire burutazioak idazteko aukera polita da. Euskadi Irratian, urte osoan, afizionatu eta profesionalen egutegia jarraituz, txirrindularitza berriak eta iritziak ematen aritzen naiz. Euskal Telebistan berriz, kirol albisteen aurkezle eta txirrindularitzako emankizunetan iritziemaile gisa dihardut. Xabier Usabiaga eta Haimar Zubeldia. Kamara aurrean oso ondo moldatzen zara. Kazetariek, txirrindulariek aditutzat jotzen zaituzte; ikusleek ere komunikatzaile ona kontsideratzen zaituzte. Ezer gehiagorik eskatu ahal daiteke? Komunikatzaile bezala ez nuen maila batetara iritsi nahi. Era bateko naturaltasunez, ustez zerbait nekien hartaz hitzegiten nuen, azalpenak eta iritziak ematen nituen, eta kontua da, horrek ikusentzule, irakurle eta entzuleen artean harreraona izan duela, eta hori eskertzekoa da. Nik uste, nire kirola zertan zetzan jakiteak eta gertu gertutik bizi izanak asko aberastu du nire jarduna, baina ez diot horri aparteko meriturik ematen. Niretzat oso betegarria da ziklismo kontutaz bizi ahal izatea. Aukeran jarrita, ziklista izatearen ondoren, beste aukerarik izanda, hauxe izango litzake aukerarik onena. Helburua ez da inoren gustagarri izatea, gero hori gertatu bada hobe. Nire helburua ikusten eta sentitzen dudana ahalik eta hobekien adieraztea izan da. Komunikabideen betebeharra garrantzitsua da oso. Neutroa beharko luke izan? Lagundu edota kaltetu dezakete kirolari bat? Nire kasuan, nire oinarrizko ikuspuntua kirolari batena da, eta horregatik, jabetzen naizenean norbait sobera goraipatzen dela eta beste batzuk gutxiesten direla, horrek mina egiten dit. Objetibotasuna ahal den neurrian behintzat landu beharreko ezaugarria da. Gainera, egun, informazioa ematea bezain garrantzitsua bihurtu da iritzia ematea. Nik uste, bata zein bestea, informazioa eta iritzia, bata bestearen osagarriak dira, baina oinarrizkoa informazioa da, nahiz alderantzizko joera nabarmendu den orain. Komunikabideen mundua muturretik muturrera mugitzen da. Onak oso onak dira, eta besteak oso txarrak dira. Tartean ordea badago jende asko, baina horiek ez dira albiste, itzalean gelditzen dira. Nola ikusi duzu aurtengo Euskal Bizikleta? Azken urte hauetan ezustekoak bat baino gehiago ari dira sortzen eta, nik uste, hori pozgarria, aberasgarria, eta ziklismoarentzat mesedegarria da. Lehen, garai batean, txapeldunik handienak ere egun txarren bat bazuen. Azken hamar urteotan prestaketa direla eta, ziklistak programatuak zeuden eta inorrek ez zuen hutsik egiten. Azken urtetan gertatu da bestelakorik, eta horren lekuko aurtengo Euskal Bizikleta dugu. Bi hautagai nagusi zeuden, Joseba Beloki eta Juanma Garate, eta lehenengo bi egunetan podiumetik kanpo geratu ziren. Ezusteko horiei esker lasterketa oso irekia, erakargarria eta lehiakorra izanda, eta hori ziklismoarentzat aberasgarria eta beharrezkoa da. Komunikatzaile izateaz gain, datu basea ere osatzen ari zara. Nolatan hasi zinen lan horretan? 1994an ziklismoa utzi eta berriz ikasten hasi nintzenean, iritzia emateko garaian karreren informazioa izatea oinarrizkoa zela ohartu nintzen. Txirrindulari baten bilakaera, karrera bat ondo dagokion ala ez jakitea, urtean zehar izan dituen lesio eta bestelako gorabeherak, datu horiek denak pelotoi osoari aplikatuz, denak gogoratzea ezinezkoa zenez eta informatikak aukera hori eskaintzen zidanez, datu basea osatzen hasi nintzen. Iritzia ematerakoan, nik txirrindulari profesional gisa izenik ez nuen; beste ziklista ohi batzuek beraien izena hartu zezaketen oinarri sinesgarritasuna izateko, baina nik beste argumentu batzuk behar nituen, iritzi landuagoa, datuetan oinarritutakoa behar nuen, eta horregatik, ziklismoaren historia datu base batean sartzen hasi nintzen. Geroztik hori eguneratu egiten dut. Etorkizunerako zein asmo edota proiektu dituzu? Aparteko proiekturik ez dut. Eguneroko lanean murgilduta zabiltzala denbora falta zaizu etorkizunean zer egin nahi duzun pentsatzeko. Oraingoz, telebista mundua ezagutzen ari naiz, horretan gehiago sakondu nahiko nuke, ikasi, etab. Telebistak eta irratiak bizitzeko adina ematen didate eta akaso etorkizunean idazteak ere emango du. Ahal izanez gero behintzat ziklismo munduan jarraitu nahi dut; ziklismoko berriak eta iritziak ematen jarraitu nahi dut, zeren, min handia emango lidake, arrazoiren batengatik, berriz mundu hau utzi beharko banu. Nire burua ziklismo munduan ikusten dut; zertan ez dakit, baina ziklismo munduan. Xabier Usabiaga (Asteasu, 1969) Txirrindulari profesionala izan zen 1992tik 1994ra bitartean. Osasun arazo batengatik utzi zuen bizikleta, 1994an. SER irrati katearekin egindako Euskal Herriko Itzuliko komentarista izan zen kazetaritzan burututako lehenengo lana. Geroztik, Euskadi Irratian, egunero, txirrindularitzako albisteen berri eman eta Tour a, Giroa eta Munduko Koparako baliogarriak diren lasterketetan komentarista gisa dihardu. Euskaldunon Egunkarian, astero, iritzi atal bat idazten du. Euskal Telebistan, "Bertatik Bertara" saioko kirol albisteen aurkezle da, eta era berean, txirrindularitzako emankizunetan iritziemaile gisa dihardu. Argazkiak: Ainhoa Aiertza eta Xabier Usabiaga Euskonews & Media 173.zbk (2002 / 6 28 / 7 5) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.