171 Zenbakia 2002-06-14 / 2002-06-21

Gaiak

Lurrikarak Euskal Herrian: lurra dantzan hasten denean

NUÑEZ BETELU, Koldo

Lurrikarak Euskal Herrian: lurra dantzan hasten denean Lurrikarak Euskal Herrian: lurra dantzan hasten denean * Koldo Núñez Betelu Nire leihotik begiratzen badut aurrean mendi ederrak ikusten ditut. Aitzak, labarrak eta maldak. Egunero hortxe, irmo, mugitu gabe. Eta horrela ikusi ditut betidanik. Ez dira aldatzen, geldi geldi daude. Bertan oinak jarriz gero, seguru sentitzen naiz. Itsasoan, aldiz, dena mugitzen da; ez dago ezer irmo. Hortxe dago lehorralde eta ozeanoen arteko aldea. Baina noizean behin gauzak, unetxo batez besterik ezpada ere, aldatzen dira eta betidanik zurruna ikusi duguna olatuez betetzen da, lurrikara baten uhinek zeharkatzen baitute lehorraldea. Lurrikarak, lur astinduak oso ohikoak dira lurralde askotan. Hala nola, Japonian, Californian edota Turkian, maiz gertatzen dira. Eskualde horietan gertatzen diren lurrikarak, gehien bat, indar txikikoak dira. Baina, tarteka, indar handiagoz astintzen da lurra kalteak eraginez. Orduan iristen da berria komunikabideetara. Izan ere, kalterik gabe, gehienetan ez dago berririk. Horrela, telebistan ikusi ditugu Afganistan, Hego Amerika edo, beste askoren artean, Alaskan gertatutako lurrikara indartsuak. Lurrikara guztiak, dena den, ez dira lehorraldean sortzen. Badaude, itsaso aldean sorrera duten lurrikarak. Azken hauek bortitzak badira itsasoetan zehar barreiatzen dira, olatu txiki baina oso azkarren bidez. Ozeanoaren erdian metro erdiko altuera besterik ez badute hartzen ere, mila kilometro ordukoko abiadurarekin mugitzen dira eta, ondorioz, itsasontziek ez dituzte nabaritzen. Lurrikarek eragindako olatutxo hauek, tsunamiak alegia, lehorraldera hurbiltzen direnean, olatu izugarri handi eta indartsuak bihurtzen dira eta kostalde lauetan kilometroak sartzen dira lehorraldean barrura, txikizioa eta hondamendia sortuz. Horrelako bat ikusi zuen Darwin famatuak Txileko Concepcion hiri inguruan, munduaren bira egiten ari zenean Beagle itsasontzian. Darwin lehorraldean zegoen egun haietan, eta Beagle ontzialehorretik nahiko urrun. Egunero bezala, Darwinek mendialdera jo zuen basoak eta inguruak ikertzeko asmoz. Mendian goian zegoela lurrikara gogor batek astindu zuen lurra. Darwinek ondo asko sentitu zuen lurrikara, eta bere hitzetan zuhaitzak bortizki mugitu ziren lurrikarak iraundu zuen bitartean. Hau ikusita, herrira itzultzera deliberatu zuen. Bertara iristean, nahiko hondamendi aurkitu zuen, zenbait etxe kalteturik, kaiako txalupa guztiak hondatuta eta lehorraldean kostaldetik urrun. Berak ez bazuen ikusi ere, bertakoek jakin arazi zioten lehenengoz itsasoko urak urrun erretiratu zirela, inoiz airepean egoten ez dena azalduz. Denbora tartetxo bat pasa ondoren itsasotik hurbildu zen ltuera, izugarrizko olatua bidean harrapatzen zuen guztia lehorraldera jaurtiki zuena. Bertako jendeak aurretik ezagutzen zituen horrelako gertaerak eta itsasoa ohikoa baino gehiago eta azkarrago erretiratzen zela ikustean, mendi aldera joan zen jendea etor zitezkeen tsunamietatik ihes egiteko asmoz. Urrunago denboran baina gugandik gertuago, Biblian datorren gertaera bat, ikertzaile batzuen aburuz, jatorri berekoa izan zitekeen. Moisesen agindupean judutarrak basamortuan luzaro ibili ondoren Itsas Gorrira heldu zirenean, txaluparik gabe zeharkatu zuten eskualdea itsasoak atzera egin zuenean. Bibliak berak kontatzen digu nola egiptiarrak saiatu ziren gauza bera egiten judutarrei jarraituz baina itsasoak oldartu ziren judutarren arerioak irentsiz, bertan egiptiarren armada ito zelarik. Geologo batzuk Greziako Santorini irlan zibilizazio mizenoa iraungi omen zuen erupzio bolkaniko indartsuarekin lotu dute Itsas Gorriko gertakizun biblikoa. Lurrikarak, horrela ikusita, atzerrian gertatzen diren gertaera apokaliptikoak dirudite. Baina ez da beti horrela, Iberiar Penintsulan, Euskal Herrian barne, jakina, maiz izaten dira astinduak. Gehienak oso indar txikikoak dira eta inortxo ere ez da ezertaz jabetzen. Ez dira itsasoak oldartzen, ez dira mendiak bitan banatzen. Gure eskualdeko lurrikarak,lurraren dar dar lotsatiak baizik ez dira. Hala ere, inoiz indar handiagoko astinduak gertatzen dira eta orduan harridura, lehenengoz, eta izua ondoren barreiatzen dira eskualde batzuetan. Esaterako, Nafarroako Irurtzun eta Sakana aldean aurtengo negu eta udaberri partean hainbat aldiz mugitu da lurra, hotzez balego legez, dardarka. Astindu hauen jatorria puntu batean dago, epizentroa alegia, eta bertatik barreiatzen dira uhinak inguruetara lurra bizirik dagoela adieraziz. Izan ere, lurrazalak zurrun izatearen itxura dauka. Guztiok dakigu zein gogorrak diren haitzak, zein astunak mendiak eta irudikatu ezina bihurtzen zaigu arrokak toles eta apur daitezkeenik, baina labar askotan ikus ditzakegu arrokak tolestuta, tolesak erakutsiz edo failak dauden tokian apurtuta. Honek adierazten digu zein okerra den Lurraren zurruntasunari buruz zentzumenek adierazten digutena. Izatez, Lurraren kanpoaldea, geologoek Lurrazala deitzen duguna, zati askotan dago banatuta, azken batez puzzle baten modura. Puzzle honen piezak bai itsasoaren azpian zein lehorraldean daude. Esaterako, Afrika eta Atlantikoaren eskualde zabal batek pieza bat osatzen dute edo, Ipar Amerika eta Atlantikoaren beste puska bat, e.a. Pieza handiak eta pieza txikiak daude. Txikietako bat Iberiar Penintsula da. Azaldu dudan bezala, Lurraren kanpoaldea puska desberdinez eratutako puzlea da, izenez Lurrazala ezagutzen dena. Lurrazala, azal fina da, apenas kilometro gutxi batzuetako lodiera duena eta gehien bat zurruna eta hotza. Lurra aguakate esferiko batekin konparatuko bagenu, Lurrazalak aguakate horren azala litzateke. Aguakateak bezalaxe, Lurrak badu ere erdialdean hezur gogorra, gune metalikoa hain zuzen ere, eta aguakateak legez hezurra edo gune eta azalaren artean mamia edo mantua dago. Mantua ez da zurruna, bero dago eta etengabe mugitzen, heltzean purea irakiten dagonean bezala. Mantua, pure beroa bezala, mugitzen denean gainean flotatzen dagoen guztia alde batetik bestera eramaten du. Horrela, Lurrazalarenpiezak, plakak alegia, mantuaren eraginez mugitzen ari dira, batzuetan azkarrago, batzuetan astiroago. Izan ere, Atlantikoaren erdian plakak elkarrengandik urruntzen ari dira, azpiko mantua azaleratuz eta plakak hasiz. Bestalde, mendi kateetan plakak hurbildu dira edo oraindik hurbiltzen ari dira, talka emanez eta mendiak altxatuz. Gurean, Iberiar Penintsula Lurrazalaren piezetako bat edo, hobeto esanda, plaketako bat da. Afrika beste plaka batean dago eta Europaren gehientsuena beste batean. Afrikar plaka gorantz, iparralderantz, ari da mugitzen nahiko azkar eta Europa, aldiz, ia geldi dago. Ondorioz, Iberiar plaka Afrikarenaren eta Europarenaren artean harrapaturik, betik datorrenaren bultzada jasaten du. Hortaz, Iberiar penintsularen hegoaldean, Andaluzian alegia, eta Afrikaren Iparraldean, mendiak altxatu dira, Sierra Nevada eta Rift mendiak, hurrenez hurren. Bi mendi kate hauen inguruan oso maiz ematen dira lurrikarak, ia egunero. Iberiar Penintsularen hegoaldean bezalaxe, iparraldean ere talka gertatu ohi da Pirinioak altxatuz. Bultzada ez da agortu, Afrikak temati aharien modura segitzen du iparralderantz mugitu nahian, Europak eusten dio eta, bitartean, Iberiar penintsula bien artean harrapaturik, ahal duen bezala nozitzen du bi handien arteko borroka. Euskal Herria, Iberiar eta Europar Plaken talka eremuan dago kokatuta, hortik horren menditsua izatea. Borroka honen ondorioz failak eratzen dira, lurrazalaren etendurak alegia, eta failetan ematen da mugimendua, lurrikara eraginez. Euskal Herria zeharkatzen duen faila bat, Iruñeako Faila da, Behe Nafarroaren hegoaldetik Baztanera sartu, Lekunberri eta Irurtzun aldera jaitsi eta hortik Sakana aldera egiten duena. Faila honetan jaio dira aurtengo negu eta udaberri partean sentitu diren lurrikarak. Oso faila garrantzitsua da eta historian zehar maiz mugitu dena. Izan ere, ia hilabetero gertatzen dira lurrikara txikiak faila honetan. Beraz, berriro ere, laster sentituko dira astinduak faila honek eta bere taldekoakdiren failek zeharkatzen dituzten eskualdeetan, hau da, Nafarroa, Behe eta Goi, eta Zuberoaren mendi aldeetan. Ala ere, ez dago larritu beharrik, Euskal Herrian eman diren lurrikarak txikiak izan ohi dira, inolaz ere, arriskutsuak eta ez dugu arrazoirik ezagutzen kontrakorik pentsatzeko. Lurrikarak, gertatu gertatuko dira, baina ez gure kalterako, Lurra bizirik dirauela gogorarazteko baizik. Koldo Núñez Betelu, geologoa eta Elhuyarreko kidea Argazkiak: http:// http:// forces/tsunamis.jpg, http:// http://members.freespeech.org/ ehj/images/baztan.jpg Euskonews & Media 171.zbk (2002 / 6 / 14 21) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria