164 Zenbakia 2002-04-26 / 2002-05-03

Gaiak

Zentralismoari eutsi eta Europak eskualdeak onartu

MUÑOA GANUZA, José María

Zentralismoari eutsi eta Europak eskualdeak onartu Zentralismoari eutsi eta Europak eskualdeak onartu * Jose María Muñoa Ganuza Laeken en 2001eko abenduan egin zen goi bilera arrakastatsua izan zen, bilera hartan izenpetutako agiri politiko batean Europako Batasuneko 15 estatuek lehenengo aldiz onartu baitzuten legegintza eskumenak dituzten eskualdeak daudela. Agiri horretan, Eskualdeen Batzordeari Europako eskualde eta toki erakundeen organo ofizial bakarrari, alegia beste eskubide bat ere onartu zitzaion: Europako etorkizunari buruzko erreforma aztertzeko 2004an izango den Nazioarteko Konferentziarako sei ordezkari begirale izendatzea. Europar legebiltzarra. Argazkia: http://sp.bundesregierung.de/top/dokumente/Artikel/ix 67092.htm? template=single&id=67092 3176&script=1&ixepf= 67092 3176 Europako Batasunean betearazte eskumenak dituzten udalek eta eskualdeek eta legegintza eskumenak dituzten eskualdeek aukeratu dituzte dagoeneko sei ordezkariok. Aukeraketa horren emaitza oso garrantzitsua da Euskadirentzat, sei ordezkari horietako bost legegintza eskumenak dituzten eskualdeen ordezkariak direlako eta, horrela, gurea bezalako eskualdeek ordezkatuko gaituztelako gehienetan. Hona hemen bost eskualde horiek: Flandes, Nordrhein Westfalia, Brusela eskualdea, Toscana eta Valencia, eta Picardie eskualde frantziarra. Konbentzio horretan parte hartzeko era dela eta, gure ordezkariei begirale estatusa ematea ez dela egokia uste badu ere Euskadik, aitortu behar dugu konferentzia horretan parte hartzea gure interesak defendatzeko aurrerapausoa dela, ordezkariok aukera izango baitute bileretara joateko, eztabaidetan parte hartzeko eta bere proposamenak aurkezteko; alegia, konferentzia horretako gainontzeko kide guztiak bezala jardungo dute, baina ez dute botoa emateko eskubiderik izango. Gure etorkizuna Europan eraikitzen parte hartzeko abagune historikoa dugunez, legegintza eskumenak ditugun eskualdeok antolatzea erabaki dugu. Iazko azaroan, legegintza eskumenak dituzteneskualdeen presidenteek horien artean, Lehendakariak ere adierazpen bat izenpetu zuten Liejan. Adierazpen horretan legegintza eskumenak dituzten eskualdeen arteko sare informal bat eratzea eta eskualde horien presidenteek urtero biltzea onartu zen. Presidente horiek emango dituzte sare horrek bete beharreko jarraibide eta arau politikoak. Zerk eragin du sare hori eratuz gauzatu den antolatzeko premia hori? Alde batetik, Eskualdeen Batzordeak ez ditu betetzen legegintza eskumenak dituzten eskualdeen espektatibak, Eskualdeen Batzordeak erabaki komunitarioak hartzen duen eragina eta indarra ez baitira legegintza eskumenak dituzten eskualdeen barne eraginaren eta eskumenen araberakoak. Beraz, Eskualdeen Batzordea ez da baliagarria. Horregatik, zenbait eskualdek honako hau aurkeztu zuten Eskualdeen Batzordean: legegintza eskumenak dituzten eskualdeen talde bat sortzeko aukera aztertzea, beti ere, eskualde horiei bakarrik eragiten dieten gaiak aztertzeko. Euskadi eta Extremadura buru zirela aurkeztutako ekimen horrek ez zuen aurrera egiterik izan, Eskualdeen Batzordean guztizko kideak 222 izanda, legegintza eskumenak dituzten eskualdeak 70en bat baino ez baitira. Gainontzeko udalek eta eskualdeek talde hori sortzearen kontra azaldu ziren erabat, beldurra baitzioten kideen eskumenen araberako mailak edo multzoak sortzeari; horrek, izan ere, taldeen pisu politikoaren araberako banaketa ekarriko bailuke ezinbestean. Baina, oraingoz Euskadik Europako Batasunean dituen iritziak azaltzeko aukera bakarra hori denez, iruditzen zait behar beharrezkoa dugula bertan parte hartzea, gure asmoak betetzeko beste egitura bat lortu arte. Beste alde batetik, legegintza eskumen esklusiboak ditugun eskualdeok uste dugu Europan dugun esku hartzea ezin dela mugatu Eskualdeen Batzordera eta Europa mailako negoziazioetan ere parte hartu behar dugula negoziazio horietan gure eskumen esklusiboei eragiten dieten gaiak eztabaidatzen badira , herritarren aurrean erantzun behar baitugu gure agintearenerabilera egokiaz. Horren adierazgarri da Eusko Jaurlaritzak etengabe eskatzea Euskadik parte har dezala Europako Batasuneko Ministro Kontseiluetan. Aurreko aldiekin alderatuta, Europak bizi duen egoera itxaropentsua dela esatea badaukagu ere, Espainiako Estatuak bizi duena ez da itxaropentsua, inondik ere. Euskadi eta autonomia erkidego gehienak aspalditik ari gara Europako Ministroen Kontseiluan parte hartzeko aukera eskatzen, Alemaniako eta Austriako länderrek, Belgikako eskualdeek eta erkidegoek, eta Eskoziak Ministroen Kontseiluan parte hartzen baitute. Baina, aukera horiek geldiarazi edo geldiarazi baino gehiago, betatu egiten ditu Gobernu Zentralak. Madrilen egoskorkeria izugarria dago gai horretaz eta ekin eta ekin ari dira Estatua dela gaitutako erakunde bakarra Estatu osoaren jarrera Europako Batasunean azaltzeko eta defendatzeko. Beraz, bide bakarra dago autonomia erkidegoek parte har dezaten: Gobernu Zentralak sortutako barne organoetan parte hartu eta autonomia erkidego guztiek jarrera bat adostu, nahiz eta lan hori ezinezkoa dela erakutsi duen esperientziak. Ezintasun hori zenbait autonomia erkidegoren koherentzia ezak eta erkidego horiek Europan eta Estatuan erakusten duten jarrera bikoitzak eragiten dute; jarrera bikoitz hori erabiliz, Europan ideia bat defendatu eta Espainian ideia bera gaitzetsi egiten baitute. Jarrera aldaketa hori gobernu zentralaren aginduek eragiten dute, adostutako jarrera bat eragozteko, adostutako jarrera hori izan ezik, Madrilek ez baitu onartzen autonomia erkidegoen iritzia defendatzea, ezta iritzi hori entzutea ere. Horren guztiaren adierazgarri da Eskualdeen Batzarrak autonomia erkidegoek ministro kontseiluetan parte hartzearen alde eman zuen irizpena. Autonomia erkidego guztiek azaldu ziren irizpen horren alde 2001eko azaroan egindako osoko bilkuran; hilabete beranduago, ordea, irizpen horren kontra azaldu ziren Europako Gaietarako Sektore Konferentzian Posada ministroaren aurrean. Laburbiltzeko, Madrilek beti jarri diebetoa autonomia erkidegoek Europako Batasuneko erakunde erabakitzaileetan zuzenean parte hartzeari, baita Estatuaren ordezkaritzaren bitartez zeharka parte hartzeari ere. Eta borondate politiko hori falta dela Espainiak seihileko honetan bete behar duen presidentetzarako lanetan ere islatu da. Jakinarazi nahi dut ez zaiela inolako aukerarik eskaini ez Euskadiri, ezta gainontzeko autonomia erkidegoei, Espainiaren presidentetzaren programa prestatzen parte hartzeko; are gehiago, ez ziguten ezertxo ere aipatu horretaz. Espainia bezain deszentralizatuta dauden estatuek guztiz bestelako jokabidea izan dute: aldez aurretik informatu eta eskualdeei presidentetza prestatzen parte hartzeko aukera eman. Horrela egin dute, adibidez, Belgikako Estatuak Europako Batasunaren lanak zuzendu ditu 2001eko uztailetik abendura bitartean , Alemaniak, Austriak edo Erresuma Batuak. Autonomia erkidegoak boikotatzeko jarrera hori gero eta ulergaitzagoa da Europako Batasuneko hainbat arlotan. Harrigarria da, gero, Espainiaren presidentetzari buruzko zerbaiten berri izateko, Alemaniako edo Austriako landërretara jo behar izatea, horiekin dugun harremana oso estua baita eta estatu horietako gobernu zentralek unean uneko informazioa ematen baitiete landërroi. Horregatik guztiarengatik, Espainiako autonomia erkidegoek Madriletik jasotzen duten trataera estatu zentralizatu eta jakobino batek emandakoa dela esanez bukatu nahi dut. Halaber, gogorarazi nahi diot Aznar jaunari onartu behar duela ez duela berak nahi lukeen estatua zuzentzen, beste estatu bat baino: estatu plurinazionala, asimetrikoa eta anitza. Adjektibo horiek ezin hobeto zehazten dute Espainiako estatua eta Espainiako Konstituzioan jasota daude, Presidenteak hainbeste gurtzen eta aldarrikatzen duen konstituzio horretan, hain zuzen. Jose María Muñoa Ganuza, Kanpo Harremanetarako Lehendakariaren ordezkaria Euskonews & Media 164.zbk (2002 / 4 26 / 5 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria