Aldaketaren sinboloak Aldaketaren sinboloak Jaime Anduaga Gizarte prozesu oro bilakaerazko izaerakoak dira eta gizarte errealitatea interpretatzeko saioak egiterakoan horrela ulertu behar dugu. Prozesu aldakor horren barruan orain bizi eta burutzen ari garen alda unea bi sistema eraginkorren menpe dago, posmodernitatea eta globalizazioa hain zuzen. Hurrenez hurren kultura eta ekonomia arloetan, eremu geografiko eta eragin maila ezberdinetan nagusitzen dira biak. Posmodernismoak eta globalizazioak Hondarribiko arrantzale kolektiboaren errealitatean dituzten eraginak, eta ikuspuntu antropologikotik ikusita, arlo jakin hauetan dautza: batak, alde soziala non elkarrekintzen ereduak eta espazioaren erabilerak ildo jakin eta hauskor batzuek jarraitzen dituzten; besteak, alde ekonomikoa, non dagoeneko endekatuta dagoen ekonomia jardueran ekoizpen eraren eraldatze pausatua ematen ari den. Hondarribian, sektore tertziarioa mota askotako sinboloaz jabetzen ari da. "Beko Errota" jatetxeko ingurua. Guri dagokigunez, ekonomia mailan burututako eragina kulturan egindakoa bezain sakona izan bada ere azkeneko honetaz ez gara apenas erreparatzen, nahiz eta, aldez edo moldez, orain arte ezagutzen genituen gizarte elkarrekintzen eremuak eragiten dituzten. Eta egoera horretan berezkoa kolokan gelditzen da; areago, telematikaren erabileraren hedapenetik ondorioztatzen diren portaera eredu berriak direla eta, gizarte elkarrekintza bera ere baldintzatuta suertatzen da. Kultura, kontsumogaitzat hartuta, bere sormen gaitasunean manipulatuta dago harik eta botere politikoaren erreferente bihurtu arte. Sinbolo eraikuntza da banakoak bere burua ekonomia globalaren barruan kokatuta eta normaldua ikus dezan erabilitako bidea (Lourdes Mendez: La Europa de la Cultura, Construyendo una nueva identidad?) Irudiaren marketinak eta irudipenak osatzen dute errealitate birtuala edo alegiazkoaren paradigma (Josep Pico: 1999). Posmodernitatea, irudiaren zentzu zabalean eta itxuraren kultura jarduerarengidoia da (Frederic Jameson:1991) ikuspuntu "unibertsalista" eta kultura anitzekoaren bidez aurkeztutako eredu nagusia non "berezkoa" insolidaritate mailaraino gutxitua den. Banakoaren eta bere gizarte eremu hurbilaren arteko hausturak ezaugarritzen duen kultura garapenaren testuinguru honetan, orain arte ohikoa eta nagusia zen industria eredu ekonomikoa, finantza merkatua, ideiak, kultura, artea, komunikapena etab eragiten dituen "sistema sarekatuak" ordezkatzen du. 80ko hamarkadan eta krisi garaiarekin batera edo beharbada horren ondorioz gizarte eredu honi dagokion gizarte klase berri bat sortu zen herri industrializatuetan. Klase honek, berez 60ko hamarkadarenaren oinordeko kulturala izanik, berezko ezaugarriak zituen, unibertsitarioez, funtzionariez, publizitate eta informazio teknikariez, liberalez, langile gaituez eta abarrez osatuta, ohiko sailkapen marxiarraren gainetik paratzen den gizarte sintesi gisa sortu zen. Gizarte neo liberala, demokratikoa eta progresista bati zegokion klase arrakastatsuaren sorkuntza, ezkerra politikoaren krisiarekin batera agertu zena. Klase honek, burgesiaren eta indar ekoizleen arteko dialektikaren gainditzea irudikatzen du; erosteko ahalmen handikoa eta kontsumismoan murgilduta, kultura eta politika jardueraren instituzionalizazioaren beharra agerian uzten duena. Posmodernitateak bultzatutako indibidualizazio prozesuak kultura eragilearen irudiaren suntsipena eragin du eta baldin eta kapitala izaki anonimo bihurtu bada, kultura eragileak ere bere izaera galdu du, eta honekin batera kultura jarduera kolektiboaren kontzeptu tradizionala. Izan ere, kapitalismoaren erarik peto petoaren ondorioa den globalizazioa garatzeko, lekuko erreferentzia identitarioetan eta sinboloen eraikuntzan bere burua zuritzen saiatzea da "ad hoc" estrategia. Sinboloaren eta banako eragilearen heriotzak errazten du inorako bidea, alde batetik zientzia eta teknologian oinarrituta eta instituzioek bultzatutako irudi kultura unibertsalaren presentzia, nongizarte erro dinamikoaren gabezia nabarmena den eta bestetik erkidego bakoitzaren berezko kultura, zeinek komunikabideetara heltzeko benetako oztopoak topatzen dituen. Azken finean posmodernitatea, kultura aniztasunetik sortutako arazoen irtenbidea bailitzan aurkezten zaigu, baldin eta horrekin batera datorren globalizazioaren kontzeptua onartzen bada; horrela, kultura ezberdinekiko ustezko begiramenduaz, eredu ekonomikoaren zabalkuntza globalaren justifikazioa lortzen saiatzen da, baina hondarrean gelditzen dena da masa banakoaren indibidualizazioa. Ez ote da, gizarte krisiaren egoeraren aztarna sintomatikoa, gizarte elkarrekintzaz hitz egitea? Azken finean "giz artea" hitzak, berezko harremanen kutsua darama bere baitan eta alde hori azpimarratzeko beharrak bi gauza uzten ditu agerian: Egun posiblea dela harreman mota ezberdinak betetzea gizartean parte hartu gabe, eta hau, ezkutatu nahi duten ondorioa dela. Bigarrena, gizartea, harremanetarako gune bezala beharrezkoa ez bada, sinbolismoaren inguruko manipulazioa inoiz bainoagoa izan delako dela, besteak beste. Testuinguru isla azkar honetan, kontrapuntu gisa jarri nahi dut industria garapen txikiko gizarte urbano bat, ideologia tradizionala kontserbadoreduna eta kultura komunitarioan murgilduta non izaera tertziarioa handiagotzen ari den. Hau da, identitate folk bati dagozkion ezaugarriak (Robert Redfield 1947) dauzkan azpikultura bat. Errealitate bakar batean baldintza ezberdinez lehiatzen ari diren bi eredu geopolitiko ezberdinen arteko kontrastea ematen den herria. Hala ere, bien artean izan ohi dira elkarrekintza lokarri mota ezberdinak eta hauetatik guztietatik interesa zaidana turismoa da. Turismoaz mintzatzea ez da fenomeno estatiko edo behin betiko balore zehaztu batez hitz egitea, turismoa da banakoari "turista" nortasuna ematen diona; futbolean "hooligan"ek hartzen duen izaeraren antzera, honetan ere fenomenorik gabe ez litzateke izaerarik izango. Beraz, turista ez da, bere ohiko egoitzatik nahita lekualdatzeneta bere aisialdian jatorri lekuan egiten zuena egiten duen baina beste bitartekoren bidez banakoa, baizik eta honek talde jarduera horretan hartzen duen behin behineko gizarte identitatea. Horrenbestez, turismoa, gizarte azpisistema bat da, ez ohiko denbora espazioan autoerregulatzen eta sinboloz elikatzen dena eta burutzen dituen kontsumo jarraibideen arabera sailkatuta; horrela, abentura turismoa, kultura turismoa, ekologia turismoa, negozio turismoa edo motxila turismoa ez dira inolaz ere berdinak, edo hobeto esanda, fenomeno beraren bertsio ezberdinak dira. Batzuk kalitatezko turismoaren esparruan kokatuta daude eta ondasun murritzatzat hartuta diren neurrian, erakargarriak. Non datza, ordea, honen erakargarritasuna? Bada bere kontsumo gaitasunean, eta kontsumoa aipatzean eskaintza eskariaz hitz egiten dugunez gero, turismo jarduera bermatuta dago baldin eta, lehengo industria gizarteari, gaurko gizarte informatizatuaren ongizatean ohituta eta subjektibitatean hezituta, dagokion hirugarren klase horren talde banakoarekin topo egiten badugu erakartzen jakiten badugu eta areago, bere eskakizunak betetzeko prest egongo bagina. Talde honek daramatza bere baitan globalizazioaren eta posmodernitatearen arrastoak eta eskaintzen zaizkion alegiazko irudiak ez dakit noraino ez ote diren geure erreferente bihurtzen ari. Lerro hauek idazten ari nintzelarik, Bidasoa Txingudi Partzuergoak antolatuta Mugaz Gaindiko I. Turismo Kongresura joateko gomita jaso nuen, eta joan nintzen. Untzia eta jatetxea. Hondarribiko "Beko Errota" jatetxea; untzia, "San Francisco" da. Txingudi badiaren inguruan kokatuta dauden hiru udalerrien turismoa ustiapenaren planteamenduari buruzko I Kongresua, alegia. Bertan, Bidasoa Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren jardunbideak ezagutzera eman nahi zaizkio sektore pribatuari . Gizarte dinamikak berak bultzatzen duen aldaketa kualitatiboari buruzko balorapena behar den bezala egiteko eta horren arabera markatutako ildo berriei ekiteko ezinbestekoakdiren baliabide teorikoen ezak, edo hauen aplikapen partzialak, batzuetan, errealitate horren izaera era gutxituaz jabetzera bultzatzen gaitu. Kasu honetan hala gertatu zen. Planteamendu isolatua eta bertan indarrean dauden ekoizle ekonomikoaren eragilerik kontuan hartu gabe, sukarra europarrez jota bailiran, arrantza jarduerari buruzko aipamenik ez zen izan. Itsasoari buruzko kontzeptua, beste arlo batean naturarenarekin gertatu ohi den lez, turismoaren interesen arabera eraikita dago oraingo honetan ere. Asuntoa ez omen da ekonomia suspertzea, ekonomia eredu mota jakin bat suspertzea baizik. Kongresuan behin eta berriro agertu zen kezka, kalitatezko turismoari lekua saltzeko marka irudia egokiena lortzea izan zen. Kito. Eta horrekin itzultzen gara gaiaren harira. Testuinguru honetan egindako interpretapen azkarraren arabera, korronte berriaren erabateko asimilazioa, ohiko sinboloen esanahien aldaketatik abiatzen da. Asmatutako irudiak sinboloak eta sinbolo zaharren erabilera berriak, esanahi hutsekoak izan arren halako ikonolatria sortarazten du. Zergatik? Bada botere jardueraren oinarria alegiazko espazioaren menperakuntzan datza lako (Jean Baudrillard :1984:33). Horregatik, akaso, botereak, erabiliko eta dagokien esanahia bultzatuko dituen kultura tradizionalaren sinbolo bakarrak, bere gizarte proiekturako galgarriak ez eta horretarako gaurkotasun eraginkorrik ez daukatenak izango dira zentzu folklorizatua daukatenak, alegia . Argazkiak: Jaime Anduaga Euskonews & Media 164.zbk (2002 / 4 26 / 5 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.