151 Zenbakia 2002-01-18 / 2002-01-25

Gaiak

Emakumeen eginkizunak Gipuzkoako oinordetza sisteman XVI-XVIII. mendeetan

OLIVERI KORTA, Oihane

Emakumeen eginkizunak Gipuzkoako oinordetza sisteman XVI XVIII. mendeetan Emakumeen eginkizunak Gipuzkoako oinordetza sisteman XVI XVIII. mendeetan * Oihane Oliveri Korta Lerro hauetan Gipuzkoako oinordeko bakarraren sisteman emakumeak etxeko partaide bezala betetzen zituen betekizunetaz arituko gara. Gipuzkoar herentzia sisteman emakumeek betetako funtzioetako bat oinordetzarena zen, hau da, etxea jaso zezaketen herentzia bezala. Kasu hauetan, emakume hauen bitartez ematen zitzaion jarraipena etxeari. Etxearen inguruan estamentu kapareak herentzia modu propio bat eraiki zuen. Bertan funtsezkoa zen ondarea seme edo alaba bakar bati transmititzea eskualdatzea,uztea (seme edo alaba horrek ez zuen nahita nahiez zaharrena izan behar). Pertsona horrek jasotzen zuen etxea eta berari loturik zeuden gainontzeko ondasun garrantzitsuenak, batez ere, lurra eta etxeari zegozkion ohore eta statusa. Gainontzekoek "legitima" edo seniparte bat jasotzen zuten, askotan alabei dote edo ezkonsari moduan ematen zitzaiena. Seniparte hori dirutan ematen zen etxearen ondarea ez banantzeko. Herentzia sistema honetan emakume gipuzkoarrak gai ziren, esan bezala, oinordeko izateko. Gaitasun hau etxeko partaide moduan zeukaten eta etxearen beharren baitan erabakitzen zuten gurasoek seme edo alaba bat aukeratzea etxea jasotzeko. Gaitasun honek ez zuen esan nahi emakumeak gizonezkoen berdinak zirenik edo oinordeko izateko aukera bera zutenik. Izan ere, Gipuzkoar etxeek gizonezkoak nahiago zituzten oinordeko bezala. Baina emakume oinordekoak ez ziren hain arraroak, izan ere etxeko partaide bezala eta, beti ere taldearen beharretan pentsatuz, emakume bat oinordeko aukera baitzitekeen. Gure ikerketen arabera, emakume gipuzkoarrak oinordeko bezala aukeratuak ziren kasuak ondorengoak ziren normalean: alaba bakarra zenean edo alabak bakarrik zeudenean; seme alabak izanda, semeek ezin zutenean oinordeko izan edo hauei beste funtzio batzuk ematen zitzaizkienean (apaizak ziren, Ameriketara joanak zirenetab.); eta azkenik, etxearen egoera konkretuaren baitan, alaba bat gertatzen zenean aukera egokiena (adibidez, ezkontza on baten bidez beharrezko zen diru kantitatea ekarriko zuen gizon batekin lotzen zenean). Bestalde, emakumeek beren ahaideen bitartez ere jaso zezaketen etxearen herentzia, izan ere, normala baitzen seme alabarik ez zituzten pertsonek zituzten ondasunak beren ahaideei uztea, horrela leinuaren barruan gera zitezen. Kasu hauetan ere posible zen aukeratutako ahaide hori emakumezkoa izatea. Emakume hauek, etxekoandre izateaz gain ondarearen jabe izatean, botere eta autoritate handiagoa izan zezaketen beren etxeetan, jabetzak boterea eta statusa ematen baitzuen. Era berean, etxeko jabe bezala beraiek jasotako ondarea utziko zuten. Oinordeko bezala, gipuzkoar emakume kapareek paper eginkizun garrantzitsua izan , zuten askotan etxearen jarraipena bermatu baitzuten. Dudarik gabe estamentu kapareak garatutako herentzia eta gizarte harreman sisteman emakumeen funtzio garrantzitsuenetako bat ezkontzarena zen. Ezkontzaren bitartez, etxeak beraien artean lotzen ziren, herrietako gizarte harremanen oinarri bihurtuz. Lotura horiek benetako sareak sor zitzaketen, sare hauek etxe eta pertsona ezberdinak batzen zituztelarik. Hein handi batean botere sareak, merkatal harremanak, Gipuzkoako eta Gaztelako Koroako botere postuetan zeuden pertsonekiko harremanak ezkontzen bitartez lortzen ziren. Gizarte hartan ezkontzak ez zuen guretzat duen esanahia, etxearen jarraipena lortzeko funtsezkoa zen, ezkontzarik eta seme alabarik gabe ez baitzegoen ondorengorik. Baina estamentu kaparean, gainera, ezkontzak etxearen boterea eta ohore maila erakusteko momentua ziren, erakustekoa eta iraunaraztekoa. Horregatik, ezkontza ez zen seme alaben eskuetan uzten, gurasoak ziren ezkontzak erabakitzen zituztenak. Bestalde, beharrezkoa gertatzen zen maila berdin edo goragoko etxe batekin lotzea bakoitzaren statusa mantentzeko. Ezkontzaren inguruan sortutako harreman joko horretan emakumeaketa ezkonsariak garrantzi handia zuten. Emakume batek bere ezkontzara eramaten zituen ondasunek osatzen zuten dotea. Askotan, emakume batek bere gurasoengandik jasoko zuen guztia zen. Bestalde, seme alaben ezkonsari eta seniparteak etxe askorentzat karga handi bat baziren ere, herentzia sisteman oinordeko bakar bat izendatu eta gainontzeko seme alabei status bat eman beharraren arteko oreka mantentzeko ezinbestekoak ziren. Harreman eta herentzia sistema honetan alabak ezkontzaren bitartez beste etxeekin loturak lortzeko erabiltzen ziren. Ezkontzetan emandako eta jasotako doteak etxearen kalitatearen adierazle ziren. Horregatik, emakumeen etorkizuna ezkontzarekin eta beren etxeen egoera ekonomiko eta beharrekin estuki loturik zegoen. Gurasoak beren seme alabak ahal bezain ondoen ezkontzen saiatzen ziren. Baina egoera ekonomikoak ez zuen beti helburu hori betetzen uzten. Honela, beste erremediorik ez zegoenean, ezkonsari on bat emanez alaba bat ondo ezkontzen saiatzen ziren, adibidez, beste etxe bateko oinordeko batekin, eta gainontzekoak dote okerragoak jasotzen zituzten. Honenbestez, berriz ere etxeari loturik agertzen da emakumeen etorkizuna. Semeak ere ezkontzetarako erabiltzen ziren, baina hauek beren etxea ohorazteko beste bide batzuk ere bazituzten. Oñatiko maiorazko famili batetako etxekoandrea. 1870. urtea. Argazkia: Auñamendi Entziklopedia. Azkenik, estamentu kaparean eta herentzia sisteman emakumeek andere edo etxeko andere bezala ere eginkizun garrantzitsu bat betetzen zuten. Izan ere, estamentu kapareak etxeari ordenamendu jakin bat eman zion, eta antolamendu horretan etxeko jaun eta etxeko anderearen figurek garrantzia handia hartu zuten. Haiek jasotzen zuten etxea herentzia bezala belaunaldi bakoitzean eta etxea eta ondarea zuzen gobernatu eta beren seme alabetako bati uzteko erantzukizuna berenganatzen zuten herentzia honekin batera. Kontuan izan behar da gizarte sistema honetan jarduera ekonomikoak, botere sareak eta ondasunak lortzeko moduak (herentziarenbitartez, hain zuzen ere) etxearen inguruan antolatzen zirela eta ondorioz etxearen gobernua oinarrizkoa zela gizarte harentzat. Emakumeak oinordeko zirenean etxeko andere bihurtzen ziren automatikoki. Ezkontzaren bitartez beste etxe bateko oinordeko batekin batzen zirenean ere, postu hau lortzen zuten. Etxeko andere bezala bazituzten zenbait betekizun, adibidez, etxeko hildakoen zaintza eta hilobiaren zaintzaren bitartez, etxeak elizan betetzen zuen postua gordetzea. Gainera, ez da ahaztu behar gurasoek, biek, aukeratzen zutela oinordekoa. Alargun geratzen zirenean, batez ere seme alabak adin txikikoak zirela, bere eskuetan uzten zen haien gobernua eta etxeko ondarearen kudeaketa. Zentzu honetan, esan daiteke etxeko jaunarekin batera elkarlanean aritzen zirela, nahiz eta garbi geratu etxearen barne hierarkian senarra zela boterearen burua. Hauek dira gure ikerketen arabera emakumeak betetzen zituen funtzio garrantzitsuenak gipuzkoarrek XVI eta XVIII. mendeetan zehar garatutako herentzia sisteman. Oraindik ere asko geratzen da ikertzeko. Gure asmoa emakume kapareek beren gizarte sisteman betetako funtzio eta zereginak zeintzuk izan ziren aztertzen jarraitzea da. Oihane Oliveri Korta, Historian lizentziatua Euskonews & Media 151.zbk (2002/1/18 25) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria