145 Zenbakia 2001-11-23 / 2001-11-30

Gaiak

Literatura eta antzez artea

GARZIA GARMENDIA, Joxerra

Literatura eta antzez artea Literatura eta antzez artea Joxerra Garzia Garmendia Sei alor bildu ditugu laugarren sail honetara: antzerkia, bertsolaritza, dantza, literatura, musika eta zinema. Alor horietako bakoitzaren diagnosi halako bat egitea da sailaren lehen helburua. Gaur egungo egoeratik abiatu, eta etorkizunari begira alor bakoitzak dituen aukera eta arriskuak aztertuko ditu, beraz, alor bakoitzak. Alde horretatik, sei alor horietako bakar batean interesaturik dagoenak ere aurkituko du bere interesari dagokion informazioa gure sailean. Aipatu sei alorrok, ordea, ez dira elkarren artean zerikusirik eta harremanik gabekoak. Asko eta asko dira partekatzen dituzten arazoak, eta, arazook gainditzeko neurriak eskatzen hasita, ez litzateke txarra alor guztiek batera egitea eskabidea, nahiz gero bakoitzak bere eskabide propioak gehitu eskaera orokorrari. Sei alorron arteko erlazioak askotara uler litezke. Hona hemen, esaterako, sei alorrak bikoteka jarriak, beharbada sailkapenik ohikoenean: antzerkia eta zinema, musika eta dantza, bertsolaritza eta literatura... Ez da hori, ordea, litekeen sailkepen bakarra. Hain zuzen ere, sailean sei alorrak batera edukitzeak aukera ezin hobea eskaintzen digu alorron arteko ohiko harremana kritikoki zalantzan jartzeko. Horrenbestez, sail osoa ikuspegi berri batez ikusteko aukera izango dugu, eta alor bakoitzaren barne azterketa osoago, aberatsago eta argigarriagoa izango da. Bertsolaritza, esaterako, literaturaren azpisail moduan ulertu da orain arte. Antzerkiaren bikotekide jarrita, ordea, literaturatik ikusten ez zaizkion alderdiak ikusten zaizkio bertsolaritzari. Beste horrenbeste gertatzen da gainerako alor guztiekin ere. Esaterako, musikak zineman duen garrantzia ez du gaur egun inork ukatuko. Baina literatura jendeaganatzeko moduak hain bizkor aldatzen ari diren honetan, egiteke eta egiteko dago oraindik ere, literatura jendeaganatzerakoan musikak joka dezakeen funtzioa. Muturrera eramanik, hedabide berriek egituratzen dutenInformazio Gizarte honetan arteen arteko mugak gero eta lausoagoak, gero eta zalantzazkoagoak direla esan daiteke. Badirudi den dena batzeko joera dela gaur egungo joera nagusia: antzerkiak, dantzak eta zinemak hedabide berriak baliatzen dituzte bere burua berritzeko, baina hedabide berrien funtsean antzerkia, dantza eta zinema daude oraindik ere. Edukietan omen dago hedabide guztiak batuko omen dituen Sareen Sareko giltza, eta, bistan denez, gure sail honetako alorrak izan dira, dira eta izango dira, eduki hornitzaile nagusiak. Alor bakoitza sakontzea eta alorren arteko erlazioak kritikoki birpentsatzea dira, beraz, laugarren sail honen helburuak. Helburu horrek badu bere alderdi praktikoa ere: alor guztientzat baliagarri liratekeen eskabideak adostea, hain zuzen ere. Joxerra Garzia Garmendia, Kongresuko 4. Saileko arduraduna "Literatura eta antzez arteak" Euskonews & Media 145.zbk (2001/11/23 30) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria