140 Zenbakia 2001-10-19 / 2001-10-26

Gaiak

Euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrentzat aukera paregabea

KAPEROTXIPI URAIN, Martha

Euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrentzat aukera paregabea Euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrentzat aukera paregabea * Martha Kaperotxipi Urain Egun arte euskarari buruz hitz egin dugunean ahozko hizkuntzari buruz besterik ez dugu egin. Euskal Herrian oso ezberdinak diren bi errealitate daude, Iparraldekoa eta Hegoaldekoa, non frantsesa eta espainola dira hizkuntza ofizialak. Aurten, ordea, gure inguruan dugun keinu hizkuntzari buruz hitz egiten hasi gara. Keinu hizkuntzarekin ahozko hizkuntzarekin bezala gertatzen da, bi errealitate gertatzen dira, Iparraldekoa, zeinetan frantziar keinu hizkuntza erabiltzen den, eta Hegoaldekoa, zeinetan espainiar keinu hizkuntza erabiltzen den. Nire tesiaren helburu nagusia, beraz, bi errealitate horiek batzea da. Horretarako, ordea, hainbat eta hainbat gauza egin behar dira. Batetik, keinu hizkuntza arautu behar da, egun egiten ari naizena. Ez da lan erraza ez baitago ia material bibliografikorik. Esan daiteke Madrilen lanean dihardutela, Alacanten ere badago gaia gogoko duenik ere, eta Euskal Herrian hau da keinu hizkuntzari buruz egiten den horrelako lehenengo lana. Aipatu beharra dago badagoela hiztegitxo bat eskoletan eta erabili ahal dena eta nire ustez oso azalekoa. Bestetik, egun eskoletan, ikastoletan, zein unibertsitatean D eredua indartzen ari da. Zer dela eta ikasi ahal dute entzumendunek euskara eta euskaraz eta gorrek ezin dute gauza bera egin? Zergatik ikasi behar dute espainola, hegoaldeko kasuan, familia osoa, herria eta orokorrean euren ingurunea euskalduna denean? Gaur arte, gorrak gaixotzat izan ditu jende askok, edo hobe esanda, nahiz eta ondo ez egon, gizajotzat jo dira beraiek duten ezinagatik (minusbaliotasuna). Hori dela eta inoiz ez zaie inguruan dituzten bi hizkuntzak ikasteko aukera eman, bakarra baizik, gehienetan gaztelania izan delarik. Badaude gorrak diren pare bat pertsona euskara ikasi eta euskaraz bizi direnak. Bestelako kasutan familiak nahi ez duelako edota hezitzaileek nahiez dutelako ez zaie euskara irakasten, "no puede aprender euskara porque es muy difícil, no lo va a utilizar, es poco práctico, es mejor que aprenda bien una lengua oral, que va a utilizar en el colegio, etc." eta horrelakoak esan ohi dizkiete gorrak dituzten familiartekoei. Horrela, ordea, euskaltzaleak diren gorrak gaztelania ikasi eta erdaraz bizitzera derrigortuak daude. Zer da hau diskriminazioa ez bada? Nire ustez beraiek ere euskara ikasi ahal dute, eurek arazoa belarrian dute, ez buruan, non hizkuntza dagoen. Horretarako, ordea, irakasleak eta hezitzaileak prestatu beharko dira. Horrela diskriminatzailea den heziketarekin bukatu eta nahiz eta jende askok espainola ikasten jarraitu, euskara eta euskaraz ikasi nahi duten gorrek aukera izango dute. Hau guztia dela eta, nire tesi lana eta aurten abian jarri den pertsona gorrentzako euskara ikastaroa da horren garrantzitsua. Eskoletan, ikastoletan, haurtzaindegietan zein unibertsitatean gorrak direnak euskara ikasteko aukera izango dutelako, eta beraien inguruan bizi direnak keinu hizkuntza ikasi ahal izango dute eta. Tesia gorrei euren hizkuntzan alfabetatze prozesuan lagunduko dielakoan nago, euren hizkuntza eta nortasunaren parte handia den keinu hizkuntza zabaltzeko eta euskara eta keinu hizkuntza bera uztartzeko ere balioko duelakoan nago. Ikastaroaren helburua Zarauzko eta inguruko herrietako pertsona gorrek euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko aukera izatea zen. Ikastaroa abian jartzearen zergatiak ugariak izan dira. 1880tik, hau da Milango kongresutik orain dela hamar urte arte, gorrak guztiz bazterturik izan dira, bai heziketa arloan, baita hizkuntzaren arloan ere. Jaso duten heziketa ahozkoa (oralista) izan da,non ikasgai guztiak ahoz ikasi dituzten, beraiena den eta beraiek identifikatzen dituen hizkuntza debekatuta izan delarik. Ez dakit irakurleari, ziur aski euskaldun zaren horri, ezaguna egiten zaizun gertaera hau. Agian ez duzu zuzenean keinu hizkuntzarekin lotzen, zure hizkuntzarekin, baizik. Euskaramailan oraindik ere lan ugari egiteke badago, keinu hizkuntzan askoz gehiago da egin beharreko lana, hau lehenengo urratsa izan delarik. Bestetik, eurena ere den euskara helaraztea izan dut helburu. Hau da, Euskaldunak diren familia askotan seme alaba zein guraso gorrak aurki daitezke, beraien arteko komunikazioa erdaraz delarik. Baina zergatik erabili behar dute pertsona gorrarekin beraien ama hizkuntza ez den gaztelania? Gorrak euskaltzale direlako eta euren eskubidea delako euskara ikasteko aukera, bederen, izan behar dute. Gainera, gaur egun guztion ahotan dabilen integrazioa benetan gauzatzeko abiapuntu bat izan da. Hasieran pentsaturiko helburu guztiak bete dira, hizkuntza mailan, zein gizarte mailan, jende askok ez baitaki bere inguruan bizi diren gorrek ez dutela euskara erabiltzen.Irailaren 29an ospatu da Donostian Gorren Egun Mundiala,gorren egoerari buruz informazio zabalagoa lortzeko aukera paregabea. Uztaileko ikastaro honek hogeita hamar orduko iraupena izan du eta hasiera izateko ez dago gaizki, baina oso laburra iruditu zaigu, bai ikasleei eta baita neuri ere. Jendeak, gainera, oso epe laburrean gauza asko ikasteko gogoa erakutsi du. Hori, ordea, oso zaila da horrelako ikastaro batean, ondo dago, ordea, jendeak ikastaroari jarraipena emateko gogoa izatea. Bi hitzetan baloratuz, oso aberasgarria eta positiboa. Halere, fenomeno bitxi bat gertatu da. Hasiera batean pertsona gorrentzat izan behar zuen ikastaroa, gor zein entzumendunentzat suertatu zen. Hori dela eta, euren arteko komunikazioa ez zen oso ona izan komunitate bat oso itxia baitzen, horrek bien arteko harremana uztartu beharrean banatu zuelarik. Neure tesi lanerako ere oso baliagarria izan da. Espainiar Estatuko Keinu Hizkuntza ikertzen ari naiz, hau deskribatzeko sistema sortzen ari naizelarik. Mundiala eta beharrezkoa izango litzateke tesian lortutako emaitzak eta ikastaroak lotzea. Hori, ordea, ez dago nire esku. Oso garrantzitsua izan bada Zarauzko Udalak ikastaroa abian jarri izana, askozgarrantzitsuagoa, edo hobe esanda, beharrezkoa dirudit ikastaroari jarraipena ematea. Hori, ordea, Eusko Jaurlaritza, Diputazioa, Gorren Elkarteak, zein Euskal Herriko Unibertsitatearen parte hartzerik gabe ezinezkoa da. Hauek plangintza bateratu batean lanean hastea beharrezkoa delakoan nago. Beraz, entzumendunon euskararen normalizazioan aurrera pauso ikaragarria bada, gorren komunitatean itzela da ematen ari diren lehenengo urrats hauek. Gorrak ere euskaltzale direlako eta beraien eskubidea delako! Martha Kaperotxipi Urain, Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak bideratuta, pertsona gorrentzako euskara ikastaroaren arduraduna Argazkiak: "Comunidad escolar", "CEE de Sordos CRAS, Sabadell" eta "Diario de Hoy" webguneetatik Euskonews & Media 140.zbk (2001/10/19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria