Elhuyar Kultur Elkartea Elhuyar Kultur Elkartea * Iñaki Irazabalbeitia Historia laburra izanik ere, uzta oparoa eman dio euskalgintzari Elhuyar Kultur Elkarteak. Donostian sortu zen 1973an, injineru gaztez osatutako talde batek beren lanbidea, zientzia eta teknologia, euskararekin uztartzeko beharra sentitu zuenean. Garaiak aldatu dira eta euskal gizartearen eta euskararen beraren egoera eta statusa aldatu egin dira; hobera, jakina. Alabaina, orduko eta gaur egungo helburua bera dira funtsean: euskara garatzeko bitarteko egokiak sortzea eta sortzen laguntzea. Zientzia eta teknikaren inguruan, batipat, bildu zen hasierako Elhuyar hura eta zientzia eta teknikaren dibulgazioa da egun gure lan alor garrantzitsuenetako bat. Izan ere, gizarte moderno eta aurreratu batek behar beharrezkoa du zientzi eta teknologi gaietaz informazio egokia, zehatza eta ulergarria izatea, besteak beste, gizarte horrek garapen zientifikoari buruzko erabakiak hartu behar dituelako eta deliberamendu zentzudunak hartzeko informazioa eta ezagutza dira oinarrizko erremintak. Herri honek, halaber, informazio hori euskaraz ere jasotzeko eskubidea du. Zientziaren dibulgazioaren alor guztiak jorratzen ditugu: komunikabide idatziak, ikusentzunezko komunikabideak, hitzaldiak, ikastaroak, etab. Bestetik, hauek dira gure baliabide nagusiak: Elhuyar. Zientzia eta Teknika hilabetekaria, Norteko Ferrokarrilla irrati programa (Euskadi Irratian,ostegunero arratsaldeko 8tan) eta 1999ko urtarrilean hasiko dugun telebista programa. Gainera, zubi lana egin nahi dugu Euskal Herriko zientzi produktoreen eta gizartearen artean, haien jarduerak eta lanak ezagutarazi nahi ditugu, sarri errazagoa baitzaio euskal hiritarrari NASAren berri izatea Zamudioko Gaikerrena baino. Azken finean, Elhuyarren helburuetako bat zientzi dibulgazioaren Euskal Herriko erreferente behinena izatea da. Euskararen katea eten ohi da enpresaren munduan. Ikasketak euskaraz burutu dituen gazteak erdaraz ari den mundu batekin egiten du topo laneanhasten denean, baita eskualde euskaldunenetan ere. Erlazio ez formalak euskaraz burutu ahal izango ditu, baina erlazio formaletan gaztelania izango da nagusi. Elhuyarren aspaldi jabetu ginen horretaz eta aintzidariak izan ginen esanez, euskarak lan munduaren esparru formalean tokia izan behar duela. Enpresa munduan euskararen erabilera handiagotzeko planak inplementatzeko metodologia landu eta garatu genuen. Plan hauek, Euskal Herriko enpresa mordoxka batean aplikatzen ari dira (ELAY, CAF, Irizar, JMA, Labein, etab.) eta ondorioak oso positiboak gertatzen ari dira, euskararen normalizazioaren zein enpresaren kudeaketa integralaren ikuspegitik. Gero eta garbiago dago, gaur egun, Euskal Herrian enpresaren kudeaketa aurreratu eta kalitatezkoa egin nahi bada, hizkuntzaren faktoreak kudeaketaren ezinbesteko elementua izan behar duela eta ideia hori sortu eta bultzatu izanaz oso harro gaude Elhuyarren. Hezkuntz materialaren sorkuntza izan da tradizioz Elhuyarren lan esparru nagusietako bat. Material horren barnean testu liburuak, material osagarriak, erreferentziazko obrak (atlas, hiztegi eta entziklopediak), bideoak eta softwareak landu ditugu. Egia esan, alor honek aldaketa handiak izan ditu azken urteotan. Hezkuntz materialaren alorrean Espainiako argitaletxe handiak edo horien sukurtsalak sartu izanak aldaketa nabarmenak eragin ditu merkatuan eta Elhuyar bezalako erakunde txikiok birplanteatu behar izan dugu alor horretako gure jarduna. Duela hamar urte testu liburuak ziren Elhuyarren produkzio nagusia alor honetan; egun, material osagarrietara lerratu dugu gehien bat gure produkzioa. CD ROMetan eta hiztegietan ari gara ahaleginik handienak egiten. Euskarak teknologiak berriak baliatu behar dituela uste dugu, batetik, eta, bestetik, lehen aldiz bere historian, euskara aurrerapen teknologikoen trena garaiz hartzeko paradan dago. Elhuyarren ikuspegitik ezin diogu tren horri muzin egin eta aintzindariak izan gara informatikaren erabileran produkzio alorretan zein produktuinformatikoen garapenean. Bestetik, Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoa eta Euskara gaztelania/ castellano vasco Elhuyar Hiztegia lanak izango dira, apika, Elhuyarren ikurra jendeartean. Egia esan, euskararen estandarizazioaren baitan ahalegin handia egin dugu terminologi eta lexikologi alorrean azken urteotan. Aipatu lanek izan duten arrakasta asmatu egin dugula adieratzen dute. Aurrera begira, on line zerbitzuak eta bezeroaren neurrira egindako datu baseak enpresetako zerbitzarietan instalatzea dira erronka nagusiak eta bide horretan ibiltzen hasiak gara jada. Azkenik, bestelako zerbitzu eta jarduerak ere burutzen ditu Elhuyarrek: itzulpenak, komunikazio zerbitzuak, hizkuntz aholkularitza, etab. Ondorioz, Elhuyar euskararen normalizazio eta estandarizazio prozesuetan eragile izan nahi duen profesional taldea da, atzean 26 urteko historiaren bermea eta kultur elkartearen figura juridikoa duena. Iñaki Irazabalbeitia, Elhuyar eko zuzendaria Copyright © Eusko Ikaskuntza
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.