Etika enpresa binomioa Arrasateko Kooperatiba Esperientzian. Hurbilketa Etika enpresa binomioa Arrasateko Kooperatiba Esperientzian. Hurbilketa * Joseba Azkarraga Etxagibel 1) 2) 3) 1. Etika enpresa binomioa genesi garai Kooperatibak sortzen diren garaian, hau da, genesi garaian, ekintza sozial kooperatiboak hainbat zentzu eta esanahi kolektibo izango ditu. Lau azpimarratu daitezke: a) GIZARTE AUZIA. Arrasateko Kooperatiba Esperientzia (AKE) gizarte industrial kapitalistak sortutako gizarte auziari konponbidea bilatzeko saiakera da. Beraz, gizarte modernoaren gatazka zentrala denari aurre egin nahi izango zaio. b) EGITURAK ALDATU. Modernitatearen gatazka zentrala, kapital eta lanaren artekoak, gizarte espazio jakin batean gorpuzten da: enpresa kapitalistan. Enpresa kapitalistaren egitura injustutzat joko da: ezberdintasun sozialak areagotu egiten ditu eta langilearen duintasuna ez dago bermatuta. Beraz, egitura hori aldatu beharra dago, kapitala eta lanaren arteko harreman eredua eraldatu eta subjektu kolektibo berria sortzeko, kapitala eta lana uztartuko dituena, betiere, lanaren nagusigoa aitortuz. c) GIZARTE ZIBILAREN AUTOERAKETA. Badakigu ZER jarri nahi zen konponbidean: gizarte auzia. Badakigu NOLA: enpresaren egitura errotik aldatuz. Baina NORK egingo zuen hori? Eraldaketaren subjektua langileria bera izan beharko da. Gaurko berbak erabiliz, gizarte zibilaren protagonismo arduratsua izango da iparra. Demostratu beharra zegoen langileek gai zirela inoren kanpo gidaritzarik gabe enpresak aurrera ateratzeko. d) GIZARTE ERALDAKETA MULTIDIMENTSIONALA. Erronka historikoa ez zetzan soilik enpresaren kudeaketa arrakastatsuan. Herriak bere autogobernurako ahalmena komunitatearen eta gizarte bizitzaren bestelako alorretan ere demostratu beharra zeukan: hezkuntzan eta osasunean esaterako. Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren azken helburua gizarte ordena eta gizaki berria lortzea zen, autogobernu pertsonal eta kolektiboan oinarritutako giza esperientziahedatzea. 2. Lankidetzarako atzoko eta egungo gizarte baldintzak Gaur egungo gizartea ez da kooperatiben genesi garaikoa. Gauzak asko aldatu dira. Zeintzuk dira, genesi garaiko gizarte baldintzekin alderatuz, egun lankidetza proiektua aurrera eramateko ditugun gizarte baldintzak? Hona hemen egungo gizarte markoak jaso duen bilakaeraren aspektu batzuk, jasotako testigantzen haritik: Testuinguru politikoa Genesi garaian frankismoa nagusi izanik kooperatibek oasi demokratikoa osatuko dute. Marko politikoaren aldaketarekin jardunbide demokratikorako aukerak zabalduz , kooperatibagintzaren funtzio eta esanahi historiko hori moteldu egingo da. Publikotasunaren indartzea Marko politikoaren aldaketarekin batera funtzio publikoak bete duen lekua ere aldatu egin da. Ongizate estatuaren ezarrera historikoak ekimen autogestionarioetarako tartea estutu egin du. Badirudi ongizate estatuaren kuestionamendu partzialaren ondorioz autoeraketan oinarritutako ekimenek protagonismo handiagoa hartuko dutela etorkizunean. Testuinguru ekonomikoa Autarkia ekonomiko egoera batetik (frankismo garaian) globalizazio egoera batera pasa gara. Exijentzia konpetitiboen areagotzearekin arrazionalizazio ekonomikotik haratago dauden logika eta ekintzak martxan jartzeko tartea murriztu egin da. Ekonomia globalizatuan arrazionalitate etiko baterako aukerak moteldu egin dira. Testuinguru soziala Genesi garaian kooperatibagintzak arazo sozial larriei erantzun zien: egoera material kaxkarra eta langileen heteronomia egoera gordina. Egungo gizartea, ostera, ongizatean instalatuta dago. Horren ondorioz kooperatibagintza eredu batetik beste eredu batera pasa gara: beharrizanaren kooperatibagintzatik ongizatearen edo ugaritasunaren kooperatibagintzara pasa gara. Bilakaera horrek eragina du kooperatibagintzaren zentzu eta esanahietan, konpondu nahi denaren karga dramatikoa moteldu egin delako eta eraldaketa agentearen karga utopiko motibazionala ere jeitsi egin delako. Testuinguru ideologikoa eta kulturalaGizarte moderno aurreratuetan esanahi sistema kolektibo handien gainbehera gertatu da. Ideologiak motelduta, gizaki pragmatikoa eta idealismo gutxiagokoa da egungo figura nagusia. Fenomeno kooperatiboaren inguruan ere, bestelako gizarte gertakariekin gertatu den antzera, pasioak pilatzeko eta metatzeko ahalmena gutxitu egin da. 3. XXI. mendeko erronka etikoak Ingurune politiko, ekonomiko, soziologiko eta ideologikoaren sakoneko aldaketa horiek ezinbestean eragiten diote lankidetzari. Gainera kontuan hartu behar da azken bi hamarkadetan bizi ditugun aldaketak aro historiko berri batera garamatzatela, globalizazioaren eta iraultza zientifiko teknikoaren eskutik. Horrek guztiak lankidetzaren zentzuak eta identitatea birkokatzera behartzen gaitu. Hots, gerturatzen ari den mundu berrian etikaren dimentsioak ere berriak dira, eta lankidetzaren proiektu etiko ekonomikoa koordenada berrietara egokitu beharko da. Hona hemen hurrengo urteetan Arrasateko Kooperatiba Esperientziak, eta baita ere enpresa munduak orotar, izango dituen, eta dagoeneko dituen, erronketako batzuk. Kontua ez da ezer berririk asmatzen ibiltzea, baizik eta esperientzia honetan dagoeneko bizirik dauden logika eta praktika batzuk indartzen joatea: 1) Demokraziaren biziberritzea. Badirudi ezartzen ari den enpresa kultura berria, kudeaketa partehartzaileagoekin, demokraziaren biziberritzerako bitarteko garrantzitsua izan daitekeela. 2) Enpresa munduak eta Arrasateko kooperatibek bere gizarte errespontsabilitateari eutsi egin beharko diote, enpleguak sortzen jarraituz, eta beraz aberastasuna sortuz eta berau modu orekatuan banatuz. 3) Nazioarteratze prozesua lankidetzaren baloreekin ahalik eta modu koherenteenean burutu beharko da. Dagoeneko MCC ek heldu dio gogoeta prozesu serio bati. 4) Hirugarren Munduaren problematika da XXI. mendean izango dugun oinarrizko exijentzia etikoa. Norabide honetan aipatzekoa da Mundukide bezalako ekimen baten sorrera eta finkapena. 5) Egungo garapen eredua ez da eutsigarriaez ikuspegi humano batetik ez ikuspegi ekologikotik. Kontzientzia ekologiko gero eta hedatuagoak enpresari etorkizunean ingurumenarekin errespetuz jokatzeko eskatuko dio. Garapen ereduaren galdera da etorkizunean enpresa munduak, gizarteko bestelako eragileekin batera, erantzun beharko duen galdera garrantzitsuenetakoa. 6) Globalizazioak kultur aniztasunaren galeraren arriskua ere badakarkigu. Gizadia aberasten duen kultur eta hizkuntza aniztasunari eustea da nazioarteko erakunde gero eta gehiagok aldarrikatzen duten zeregin garrantzitsua. Enpresa munduak ere egin dezake bere ekarpena alor honetan. Aipatzekoa da MCC barruko hainbat kooperatibek euskararen normalizazio bidean egiten diharduten lana, normalizazio bidean funtsezkoa izango den alorrean egin ere: lan eta enpresa munduan. 7) Kalitatea da gizarteak gero eta gehiago exijitzen duena. Etorkizunean ere errentagarritasunaz gain gizarteak kalitatea eskatuko dio enpresari, eta badirudi enpresa kultura berrian alde horrek leku berezia beteko duela. 8) Esandako guztia aurrera eramateko estrategikoa den aspektua aipatzea falta zaigu: kooperatibista eta hiritar prestatuak `sortzea'. Aurrerantzean ere garai berrietara egokitutako hezkuntza zeregina klabea izango da: hezkuntza integrala, hezkuntza teknikoa eta etiko soziala uztartuko dituena. Bide honetan Arrasateko Kooperatiba esperientziak errekurtso sendo eta propioak ditu. Horietatik aipagarriena Mondragon Unibertsitatea, unibertsitate kooperatiboa, gizarte pentsamendu eta praktika aurrerakoi eta aurreratua sustatzeko nukleoa izan daitekeena. `Mendeberri' bezalako proiektuak hezkuntza prozesu hori sendotzeko aurrerapauso eraginkorrak izan daitezke. Arrasateko esperientzia kooperatiboa atomo txiki bat da nazioarteko unibertso zabalean. Bistan da AKEa ezin dela izan munduko arazo guztien konponbidea, norbaitek horrelakorik posible dela pentsatu baldin badu behintzat. Kontua da bere izaera historikoari eta indarren neurriei erreparaturik, jaiotzen ari den mundu berriarenbeharrizan etikoak eta belaunaldi berriek duten exijentzia etikoak integratuko dituen proiektu ekonomikoari ekitea. Etika eta ekonomiaren arteko oreka gaiztoan murgilduta egoten segitzea da kontuan, egun etikak eskatzen dituenak kontuan hartuz eta logika eta praktika horiek ahal den neurrian garatuz. Joseba Azkarraga Etxagibel, LANKI Ikertegiko kidea. Soziologoa Argazkiak: "Mondragón Corporación Cooperativa", MCC webgunetik Euskonews & Media 133.zbk (2001 / 7 27 / 9 7) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.