"Bertatik Bertara". Hurbileko informazioaren arrakasta Bertatik Bertara. Hurbileko informazioaren arrakasta * Elixabete Garmendia Iazko azaroan, Estatu mailako egunkari baten azalean, hizki haundi eta beltz lodietan irakur zitekeen "El magazine estrella de la ETB en euskara..." . Hortik aurrera izenburu horrek zekarrena ez dator harira. BERTATIK BERTARAri buruz ari zen, nolanahi ere. Liskarra liskar horretara bait zetorren informazioa izenburuaren lehen zati horrekin geratu ginen harrituenik: magazin izarra gurea. Hara non, kanpotik jakin behar kalifikatibo horren berri. Egia da egun batzuk lehenago milagarren atalaren ospakizuna izan genuela, eta hori asko da telebistako saio batentzako. Egia da, baita ere, aurreko ikasturtea, 1999 2000koa Madrilen sari bat jasoz hasi eta Andoaingo Udalak ematen duen Rikardo Arregi kazetaritza sariarekin bukatua genuela. Eraberean, askotxotan entzuna genuen "zuen saioa onena ETB 1en". Edo poza dexente lausotzen duen beste hori: "zuena ikus litekeen bakarra", on askoren artean onena izatea baita meritua, eta ez aukera eskasa denean. Kontua da seigarren denboraldia osatzen ari dela BERTATIK BERTARA, bikoiztuta gainera, gauekoaz gain eguerdiko edizioarekin, eta honek ETB 1eko klasikoen artean sartzen du, orpoz orpo jarraitzen diola, bai iraupenean eta baita ikusleen onarpenean ere, arrakastarik haundiena izan duen beste tele ekoizpen bati, GOENKALEri. BERTATIK BERTARAren arrakasta, dena den, ez da izan ideia diztiratsu eta telebistan ohizkoak diren bitarteko milionarioen emaitza. BERTATIK BERTARAren istorioa ahatetxo itsusiarena da. ZISNE BIHURTU AURRETIK 1994 95 ikasturtean Euskal Telebistako bi kateetan paraleloan egiten zen EUSKADI ZUZENEAN EUSKADI DIRECTO magazinean dauka aurrekaria BERTATIK BERTARAk. Denboraldi oso batean lantalde zabalarekin eta bitarteko dexenterekin atera zen airera eguerdiko albistegien osagarri zen informazio lokaleko magazin hori. Denboraldi bakarreko lorea izan zen, ordea. Hurrengo ikasturterako lantaldeabanatu, ETB 2n CATORCE HORAS zeritzan saioa sortu eta ETB 1erako agindu hau eman zigun Zuzendaritzak: euskaldunentzako zerbait egiteko. Horretarako, erreus taldetxo bat ginen nolabait. Elkartzen gintuen kapitala horixe: euskal izatea eta sena bagenuela, eta eskarmentu apur bat telebistan. Hasierako talde hartatik Andoni Aizpuru, Joxe Mari Gabiria eta hirurok jarraitzen dugu saioan. Izena, nahiko adierazgarria, Andoni Aizpuruk aurkitu zuen. Izenari erantzunez, intuizio hutsez hasi ginen saioa osatzen: feriak, festak, ohitura zaharrak, eguneroko bizitzako gertaera arruntak, istorio xelebreak... eta albistegietan beti sobera gertatzen diren kulturako ekitaldi eta ekoizpenak. Gainerantzean saioa ez zegoen oso definitua. 1995eko irailetik abendura bakarrik iraun zuen eguerdiko ordutegian, 1996ko urtarrilean gauera pasa baitzuten ETBko programatzaileek, ILARGIPEra, prime timetik kanpora, jakina. Garaitsu horretan azterketa bat egin zuten soziologoek eta BERTATIK BERTARAren ikusleen perfila hau zela esan ziguten: inguru ruraletan bizi ziren 65 urtetik gorako gizonezkoak. Horiei ezer kendu gabe, guk beste pretentsio batzuk genituen, gure adin eta tankerako jendea, ez derrigorrean rurala, erakartzea. Hala ere, HUERTATIK HUERTARA bataiatu gintuzten lankide batzuek. Egia da txapela beti jantzita izaten genuela, zentimetro batzuk gora behera. Albistegietako inflakzio politikoari ihes egin nahian "lore eta txoriei" buruz jarduten genuen apropos. Nolanahi ere, etnografiak eta naturak ondo saltzen zuten. LOKATZETIK ASFALTORA Lantaldea osatuz zihoan, eta Estepan Aldamiz Etxebarria, ETB ko kazetaririk berritzaile eta ausartenetakoa, izendatu zuten zuzendari 1996ko irailean. Estepanek bere eskola ekarri zuen: tokian, "in situ", egindako erreportaiak, kazetaria aurpegia emanez eta zuzeneko kontalari bihurtuta; gaietan giro urbanora ere hurbiltzea eta pikardia pixka bat. Saioa nortasuna borobiltzen zihoan, ezaugarri propioak finkatzen eta ikusleen artean ere sona eta onargarritasuna irabazten.Hurrengo ikasturtean, 1997 98koan, gaueko prime timerako saltoa eman zuen. Hortik aurrera eta ETBko Zuzendaritza berriak lehen katea indartzeko ekarritako erizpideari esker, lantalde zabalagoa eta bitarteko egokiagoak izan zituen BERTATIK BERTARAk. Horrela beste bi denboraldi egin ondoren neure ardurapean, ETBko eskaintza informatiboa aberastearren saioa bikoiztea erabaki zuen Zuzendaritzak, gauekoaz gain eguerdiko edizioa sortuz. Horretarako taldea birrantolatu egin behar; kazetari taldea bitan banatu zen: gauekoa, Andoni Aizpuru aurkezlez gain zuzendari dela, eta eguerdikoa berriz Nerea Iriarte aurkezle izanik eta neu zuzendari. Horrela, bikoiztuta, bete genuen milagarren atala eta ari gara osatzen seigarren denboraldia. IZARRAREN PRINTZAK Honenbestez, BERTATIK BERTARAren bilakaeraren mugarriak finkatuta, eta apalkeria alde batera utzita, ikuslegoaren faborea irabazi izanaren arrazoiak aletzen has gintezke. Lehenengo eta behin hurbiltasuna. *Hurbiltasuna gaietan. Informazio lokalaren esparrutik abiatu zen BERTATIK BERTARA eta hortxe eusten dio bere buruari, baina leku informazioa unibertsalizatuz nolabait, askotarikoa den euskal hiztunen multzo osoari interesatzeko ahaleginean. *Hurbiltasuna kontaeran. Aurkezleak nahiz kazetariak hurbileko eta zuzeneko kontalari dira, nor bere estiloan. Gertutasun horrek erreportaien protagonistak ere kutsatu egiten ditu, naturalidadez azaldu eta mintzatzera eramanez. *Hurbiltasuna pertsonaietan. Edonor izan liteke protagonista, kontatzeko, edo erakusteko edo hizpidea emateko zerbait daukan edonor, normalean albistegi konbentzionaletatik kanpora geratzen den jendea. Hurbiltasuna, beraz, ezaugarri nagusi. Horrekin, gurean azken urteotan nabarmendu den hurbileko informazioaren fenomenoan kokatzen da BERTATIK BERTARA. Adituek iragarria zuten globalizazioaren garaian hurbileko informazioa geroz eta garrantzi haundiagoa hartzen joango zela. Horren lekuko ditugu toki hedabideak herri aldizkari eta irratiak, eta berrikiago telebistak .Eta oso berrikitan beste gertakari bat: hedabide talde haundiak esparru horretan sartzeko egiten ari diren ahalegina. Informazio lokala gutxietsita egon izan da hedabide haundietan, gehienaz ere senide txiki modura. Bukatu ziren garai horiek, eta orain mokadu gozo modura begiratzen diote hedabide haundietako arduradunek, bereziki telebistaren arloan. HIZTUNEN KOMUNITATEAREN ZERBITZURA Hurbiltasunak konplizitatera garamatza. BERTATIK BERTARAk euskal hiztunen komunitatea du informazio iturri nagusi eta helburu. Horrek marrazten du bere mapa geografiko, sozial eta kulturala. Euskal hiztunen komunitatea osatzen duten gizatalde ezberdinak elkar ezagutu eta identifikatu nahian dabiltza askotan, euskalki, muga administratibo eta beste edozein motatako zatiketen gainetik. Hau, hain zuzen ere, euskal hiztunen komunitate hori geroz eta zabal eta ezberdinagoa eta askotarikoa den garaian. BERTATIK BERTARAk Guggenheimeko edozein erakusketatik Behe Nafarroara, Bankako etxalde batera, salto egiten duen neurrian, euskaraz edozein zoru klasetan ibili litekeela erakutsiz, euskal hiztunen sarea bilbatzen ari da, mutur arras ezberdinei helduz. Egia esan, hori ez da zaila. Herri hau hain da dinamikoa, mila eratako ekimenez betea, arazoa ez da izaten hizpideak eta gaiak bilatzea, telebistan oihartzuna izan nahi luketen guztiei bidea ematea baizik. Nolanahi ere, telebista publiko bateko zati denez saioa, horixe du eguneroko erronka, ahalik eta interes zabalenei erantzutea, denekikoa egitea, jakin arren hori erabat lortzea ezinezkoa dela. Nolanahi ere, sei denboralditan zehar BERTATIK BERTARAk markatutako bidea, bere xumetasunean izarrarena sinetsi gabe erreferentzia puntu izatera iritsi da, baita ETB 2rako ere. Esperientziak zerbaitetarako balio baldin badezake, hauxe giltza: kanpoko modeloak inportatu beharrik gabe, bertako jeneroarekin saio aski duin eta arrakastatsuak egin daitezkeela, labeldunak. Kopurutan beti irabaziko du McDonalsek, baina gustoan... Elixabete Garmendia, "BertatikBertara"ko eguerdiko edizioko zuzendaria Argazkiak: saretxo.es webgunetik Euskonews & Media 126.zbk (2001 / 6 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.