Tabakismoaren tratamendua osasungintzan Tabakismoaren tratamendua osasungintzan * Juan Carlos Arboniés Ortiz MEREZI DU ERRETZEARI UZTEA Osasungintzaren arlotik iristen zaizkigun mezu gehienak kolesterola, hipertentsioa edota diabetesa bezalako gaixotasunei ematen zaien tratamendu eta kontrolari buruzkoak izaten dira, eta agian behar baino arreta gutxiago eskaintzen zaio erretzeko ohiturari. Ostera, tabakismoa da gure gaurko gizartean morbihilkortasun ekidingarrien artean heriotza gehien sortzen dituena . Ekidingarria dela diogu, gure esku dagoelako ohitura horri aurrea hartzea, ez baitago inolako baldintza genetikorik. Morbihilkortasun tasa, oraindik bizi urte ugari zeuzkaten pertsonen kasuan igo da gehienbat; horregatik, tabakoa erretzea da gure inguruan heriotza goiztiar gehien sortzen dituen lehenengo arrazoia . Tabakoagatik hiltzen diren gehienek 35 eta 69 urte bitartean dauzkate, eta 20tik 25era bitarteko bizi urte galtzen dituzte batez beste. Tabakismoak EEBBetan, HIESak, alkoholak, trafiko istripuek, droga ilegalek, suteek, hilketek eta suizidioek baino heriotza gehiago sortzen ditu . Euskadin, berriz, heriotzen %20 egozten zaizkio tabakoari . Adibide gisa 10.000 pertsona heldu artatzen dituen osasun zentro estandar bat hartuz gero, ikusiko litzateke horietatik 3.600 inguru erretzaileak direla, eta urtean 12 edo 13 pertsona hilko direla tabakoa erretzearen ondorioz. Artikulu mediku asko eta askotan aurki daiteke tabakoa erretzeak sortzen dituen kalteei buruzko informazioa, baina oraingo honetan erretzeari uztearen abantailak azpimarratu nahiko nituzke: minbizia sortzeko arriskua txikitu egiten da, odolaren zirkulazioa hobetu egiten da, norberaren gaitasun fisikoa ere bai, energia eta bizitasun handiagoak lortzen dira, ingurumena garbiago mantentzen da, larruazalaren zahartzaroa atzeratu egiten da, dirua aurrezten da... Gainera, argi eta garbi esan behar dugu erretzeari uzteak funtzionatu egiten duela. Patologiarik ez duen pertsona batek erretzeariuzten dionetik 8 ordutara, bere odoleko oxigeno maila normaltasunera itzultzen da. Oro har, erretzaile ohiek erretzen jarraitzen dutenek baino askoz ere arrisku txikiagoa daukate biriketako minbizia izateko. Arnasketakoak ez diren minbizien kasuan, arriskuak nabarmen egiten du behera erretzeari utzitakoan, eta, ikerketa batzuren arabera, 10 urtetan ez erretzaileen egoera lortzen da. Ondorio kardiobaskularrak arteriosklerosiak izan ezik erretzeari utzi eta epe gutxira lehengoratzen dira; 5 urteren buruan erdira jaisten da bihotzekoa izateko arriskua, eta 15 urteren ondoren sekula erre ez dutenen maila berdinera iristen da. Gainera, erretzeari bizitzaren erdialdean uzten baldin bazaio, patologia garrantzitsuren bat garatu baino lehen, ekidin egin daitezke tabakotik eratortzen diren hilkortasun gehienak. Eta erretzeari lehenago utziz gero, are handiagoa izango litzateke onura . Arrazoi asko daude erretzeari uzteko, ez osasuna hobetzea bakarrik: seme alabei eredua ematea, substantzia batekiko mendetasunik ez izatea, arinago sentitzea, dirua aurreztea, kirol gehiago egitea, kiratsa hobetzea, larruazalean zimur gutxiago izatea, arnasten dugun airea hobetzea, usaina gutxitzea, tabakoari buruz eztabaida gutxiago izatea... Izan ere, pertsonek arrazoi desberdin ugarigatik aldatzen dute beren jarrera, eta oso modu desberdinetara. Garrantzitsuena, nolanahi ere, erretzeari uztea da. ERRETZEARI UZTEKO PROZESUA Erretzeari uzteko moduen berri eman baino lehen, zergatik erretzen den azaltzea komeni da. Hiru gauza izan behar ditugu kontuan: 1) Erretzea adikzio bat da: Nikotina substantzia kimiko bat da. Plazerra ematen du, arreta handitu, gosea gutxitu, umorea hobetu, eta abstinentziaren sintomak baretzen ditu. 2) Erretzea, ohitura bihurtzen da: Lagunekin ateratzean, kafea hartzean, lasaitzeko tarte bat hartzean, ikastean... eguneroko bizitzako egoerei lotuta dago erretzea. 3) Erretzea, mendetasun soziala da: Gure bizitzako une garrantzitsu askotan egoten dira zigarroak presente:ezkontzatan, bataioetan, ospakizunetan... Beste alde batetik, erretzeak heldu bihurtzearen sinbolo bat izaten darrai, eta taldeko kide izatearen ezaugarri. Horregatik guztiagatik, jakin badakigu duela urte batzuk uste zena baino konplexuagoa dela erretzeari uztea. Normalean, erretzeko ohitura ez da bat batean baztertzen, erretzaile bat ez baita ez erretzaile egun batetik bestera bihurtzen. Aitzitik, orokorrean nahiko denbora luzea hartzen duen prozesu hau hainbat etapa edo fasetan dago banatuta. Prochaska eta Di Clemente ren iritzian, gaur egun 6 fase bereiz daitezke aldaketa prozesuan zehar: Azterketa aurrekoa Azterketa Prestakuntza Ekintza Mantenimendua Bukaera ALDAKETAKO FASEAK Azterketa aurrekoa Ez du hurrengo 6 hilabeteetan erretzeari uzteko asmorik Azterketa Hurrengo 6 hilabeteetan aldatzeko asmoa du Prestakuntza Aldaketa txikiak. Hilabete batean uzteko prest Ekintza Erretzeari uzten dionetik 6 hilabete igaro bitartean Mantenimendua 6 hilabeteetatik urte betera bitartean Bukaera Erretzeari utzi dionetik urte betera Berrerorketa Azterketa aurreko egoeran, erretzea ez da arazo kontsideratzen, eta erretzaileak ez du bere ohitura hurrengo 6 hilabeteetan aldatzeko asmo handiegirik. Azterketa egoeran, erretzailea arazo baten aurrean dagoela jabetzen hasten da. Baina anbibalentziaren fenomenoa agertzen da; alegia, "nahi, baina ezin" edota "gustura utziko nuke, baina ezin dut". Erretzeari hurrengo 6 hilabeteetan utzi nahi dionean egoten da erretzailea egoera honetan. Prestakuntza egoeran, erretzaileak hurrengo 30 eguneko epean utzi nahi dio erretzeari, eta aldaketa txikiak egiten hasten da: beranduago pizten du lehenengo zigarroa, zigarro gutxiago erretzen ditu... Ekintza egoeran, erretzaileak aldatu egiten ditu bere ohiturak, eta erretzeari uzten hasia da. Tabakismoaren prozeduran, 6 hilabeteko iraupen akademikoa du. Hain zuzen ere epealdi honetan daude berrerortzeko aukera gehien. Mantenimendu egoeran, erretzailea ikasi dituen jarrerak mantentzen, etaberrerorketa ekiditen saiatzen da. Berrerorketa, erretzaileak lehenagoko ohiturak berreskuratzen dituenean gertatzen da. Ohiturak aldatzeko prozesu guztietan gertatzen dira horrelakoak. Kasuotan, azterketa aurreko edo azterketako egoeretara itzul daiteke erretzailea. Oro har, erretzaile bakoitza 3 edo 4 aldiz berrerortzen da, erretzeari behin betiko utzi baino lehen. Mantenimendu garaia gainditu ondoren, pertsona ez denean gehiago berrerortzen, bukaera fasean egongo da. Hortik aurrera, jarrera berri bat izango du. ERRETZAILEARI ALDAKETA PROZESUAN LAGUNTZEKO OSASUNGINTZAK DUEN PAPERA Osasungintzaren zeregin zehatzenetako bat, osasuna sustatu eta prebenitzen laguntzea da. Horrez gain, pertsonekiko hurbiltasuna du ezaugarri. Biztanleen %70 baino gehiago etortzen da osasungintzako zentroetara, urtean batez beste 4 6 aldiz. Gainera, gehienetan ondo ezagutzen ditugunez pertsona bakoitzaren inguruabar familiar eta sozialak, profesionalei errazagoa egiten zaie mezua pertsonari egokitzea. Bada hirugarren abantaila bat ere; hau da, taldean egiten dela lana, diziplina anitzek batera dihardutela, eta ondorioz guztien artean banatzen da erretzaileari laguntzeko prozesua. Lehenik eta behin eman beharreko pausoa, erretzailea bere historial klinikoan identifikatzea da. Gogoan izan beharrekoa da erretzaileari laguntzeko moduak ezin duela guztientzat berdina izan. Batik bat erretzailea dagoen aldaketa fasea hartu behar izaten da kontuan, interbentzioak etapa bakoitzari egokituta egonez gero, ondorio hobeak lortu ahal izango direlako. Lehenengo ebaluazioko emaitzen arabera erabakiko du Osasungintzako profesionalak zeintzuk diren zehazki landu behar dituen alderdiak. Horrela, azterketa aurreko egoeran, gehienbat informatu egin beharko litzateke: zein onura ekar ditzakeen erretzeari uzteak, zein kalte sor ditzakeen erretzen jarraitzeak, zein modu dauden erretzeari uzteko... Betiere laguntza eskaini behar zaio erretzaileari, eta, erretzeari uzteko saiorik egin izango balu, positibizatu.Hori guztia mezu argi, labur eta pertsonalizatuen bidez egin behar da. Honen bidez lortu nahi dena da erretzaileak, lehen erretzeko ohitura arazo gisa ikusten ez bazuen ere, erretzeari uztea merezi duela ikusten hastea da; hau da, azterketa aurreko fasetik azterketa fasera igarotzea. Azterketa fasean dagoen erretzailea anbibalentzia egoera batean egongo da; "nahi, baina ezin" tankerako balantza batean. Profesionalak, erretzailearen autonomia errespetatuz eta bere jarrera ulertzen duela adieraziz, erretzeko ohiturarekin duen lotura, eta erretzearen alde onak eta txarrak adieraztera bultzatuko du erretzailea. Berez fase guztietan erabili beharko litzatekeen arren, osasungintzako profesionalak lehen bi fase hauetan erabil dezake oinarrizko elkarrizketa motibazionalaren teknika: erretzailea bere ohiturari buruz erabateko askatasunez hitz egitera bultzatuko duten galdera irekiak egingo dizkio. Erretzailearen "ispilu" gisa jokatuz, erreflexiboki entzungo du, erretzaileak bere ohitura eta anbibalentzia ikusteko moduaren inguruan sakondu eta hausnar dezan. Ordura arte lortutakoa azpimarratu edo positibizatuko du, edo, besterik gabe, gaiari buruz hitz egingo du. Hizpide dutenari buruzko laburpenak egingo ditu, erretzailea eta profesionala gaian zentra daitezen. Baieztapen automotibatzaileak probokatuko ditu, erretzailea bera izan dadin aldaketari ekiteko arrazoiak emango dituena . Azterketa fasean dagoen erretzailearen helburua, prestakuntza fasera igarotzea da. Prestakuntza fasean, erretzaileari estrategiarik egokiena aukeratzen lagunduko diogu, betiere zein behar dauzkan ikusirik. Erretzaile asko beren kabuz saiatuko dira, eta azkenean erretzeari uztea lortuko dute, baina beste batzuek gure laguntza beharko dute, eta beren alboan egon beharko dugu prozesuan zehar. Horretarako, sakondu egin beharko dugu beraiekin dugun harremana, eta horrek denbora gehiago eskatuko du ziurrenik, gauza asko aztertu beharko baititugu: motibazioak, dependentzia, erretzeko ohiturari lotutakojarrerak, eta prozesuan zehar erretzaileak familiaren eta gizartearen aldetik jasoko duen laguntza. Garrantzitsua da, halaber, erretzeari uzteko aurrez egin zituzten saioen esperientziak gogora ekarri eta orduko alderdi onak eta oztopoak aztertzea. Fase honen helburuak, erretzeari uzteko aldaketa txikiak egitea eta data bat zehaztea lirateke. Ekintza fasean, estrategiarik onenak erabiliko ditugu erretzailearekin: familiaren eta gizartearen laguntza jasotzeko teknikak, pentsamenduak birbideratzeko teknikak, eta arazoak konpontzeko teknikak. Zenbaitetan, tratamendu farmakologiko eraginkorrak, nikotina ordezteko terapiak edota bupropiona erabiltzea gomendatuko dizkiogu. Fase honetan nahiz aurrekoan, taldeko tratamendua jasotzeko aukera ere azter daiteke. Berrerorketak ekiditeko asmoz, unerik zailenak aztertuko dira, eta erretzaileak berak hautatuko ditu bere aukerak, edota, bestela, profesionalak iradokitakoei atxikiko zaie. Aldaketak nola doazen jakiteko, jarraipenerako kontaktuak egingo ditugu. Mantenimendu fasean, jarrera eta harremanetarako ildo berriak errotuko dira, eta jarraipenean zehar, batik bat ordura arte lortutakoa positibatzen saiatuko da profesionala, berrerorketak ekiditeko estrategiak bilatuz. Berrerorketa fasean, erretzailea ulertzen eta egoera normalizatzen saiatuko gara, ordura arte lortutakoa positibatuz. Erretzaileak hala nahi izanez gero, prozesuari berriz ere ekiten lagunduko diogu, zein fasetan dagoen kontuan hartuz. Gogoan izan behar dugu prestakuntza berezia eta denbora luzea behar direla fase aurreratuetako interbentzioetarako (prestakuntza, ekintza, mantenimendua). Izan ere, litekeena da lehen faseetan aholku soil bat emateak 2 edo 3 minutu baino gehiago ez hartzea. Halaber, kontuan izan behar dugu ohitura bat aldatzeko interbentzioek arrakasta handiagoa izan ohi dutela profesionala, sendagilea edo erizaina enpatikoa denean, erretzailearen autonomia sustatzen duenean (esate baterako, aukeren artean bat hautatzerakoan), eta autoeraginkortasunabultzatzen duenean. ONDORIOAK Azaldutako guztiaren ondoren, zera ondoriozta genezake: 1) Merezi du erretzaileei erretzen uzten laguntzea. 2) Erretzailea bera da aldaketarako prozesua garatzen duena; guk, osasungintzako profesional garen aldetik, estimulatu egin dezakegu prozesu hori. 3) Hainbat fase daude aldaketa prozesuan. Fase bakoitzera egokitzen jakinez gero, modu eraginkorrago batean lagundu ahal izango diogu erretzaileari fase batetik bestera igarotzen. 4) Ziklo honetan zehar, erreminta komunikatiboak erabili ahal izango ditugu fase batetik bestera igarotzeko (galdera irekiak, hausnarketarako entzutea, laburpenak, positibizazioak, automotibazioa sustatzea...) 5) Faserik aurreratuenetan (prestakuntza, ekintza, mantenimendua, berrerorketa), interbentzioek espezializatuagoak izan behar dute erretzaileak bere helburua lor dezan. Nire eskerrona Antton Aldanondo Gabilondo sendagileari, artikulua berrikusi eta zuzentzeagatik. BIBLIOGRAFIA 1. Fiore MC. Bailey WC,Cohen Sj et al: Smoking Cessation:Clinical Practice Guideline Nº 18.Rockville,Md:US Dept of Healt and human services,Public Healt Service, Agency for Healt Care PoliCy and research,1996. AHCPR publication Nº 00 0032. 2. Gonzalez Enriquez J, Villar Alvarez F y cols. Tendencia de la mortalidad atribuible al tabaquismo en España, 1978 1992. 600.000 muertes en 15 años. Med Clin (Barc) 1997; 109: 577 582. 3. Mc Ginnis JM et al. Actual causes of death in the United Stattes.J ama 1993;270:2207 2212. 4. Esnaola S, Aldasoro E. Las enfermedades cardiovasculares en la C.A.P.V. Osasunkaria,1994; 7:15 18. 5. Peto R, Lopez AD y col. Healt c. Mortality from tobacco in developed countries: indirect estimate fromnational vital statistics (revised August 1993).ICRF Cancer studies Unit WHO Tobacco or Health Unit. 6. Prochaska JO, Norcross JC , Di Clemente cc. Changing for good. Nueva York, Wiliam Morrow and Cia, 1994. 7. Prochaska JO, Goldtein MG. Process of smoking cessation. Implications for clinicians in Clin. Chast.Med,1991;12:727 735. 8. Miller WR, Rollnick S. La Entrevista Motivacional. Preparar para el cambio de conductas adictivas. Ed Paidós Iberica S.A. 1999. Juan Carlos Arboniés Ortiz, Familiako eta Erkidegoko Medikuntzan Espezializatua. Beraungo Osasun Zentroa. Errenteria. Gipuzkoa Argazkiak: larioja.com webgunetik Euskonews & Media 124.zbk (2001 / 5 25 / 6 1) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.