Susa literatura argitaletxea XX eta XXI. mendeen artean Susa literatura argitaletxea XX eta XXI mendeen artean * Gorka Arrese Literatur aldizkari bat zen Susa, estreinakoz 1980ko urtarrilean Donostian agertua, eta 1994 bitartean 33 zenbaki kaleratu zituena. Bien bitartean, 1983ko udazkenean argitaletxe bilakatu zen, Xabier Montoiaren lehen poema liburua plazaratuta: Anfetamiña. Aurreneko urte haietan eragile nagusiak Josu Landa, Eneko Olasagasti, Iñaki Uria, Pablo Sastre, Xabier Montoia eta Mikel Antza izan ziren, eta pixkanaka beste idazle batzuk ere batu zitzaizkien (adibidez): Joxerra Utretx, Itxaro Borda, Edorta Jimenez, Jon Arano, Iñigo Aranbarri. 1986an Gabriel Arestiren lan osoak argitaratu zituen Susak hamar liburutan. 1987an bilduma bereziak atondu ziren, gaur egun ezagutzen ditugunak: Narratiba saila (nobela, ipuina, kronika), Poesia saila, Erreferentziak saila (itzulpena), Liburuak saila (saiakera, gutunak, artikuluak). 1995etik Zarautzen dauka egoitza Susa literatura argitaletxeak, Gorka Arresek gidatua. LIBURUAK ETA IDAZLEAK 170 liburu argitaratu ditu Susa literatura argitaletxeak 2000ko abendua bitartean; orotara 105 idazleren lanak (horietatik euskaratutako idazle atzerritarrak: 17). Katalogoan 81 poema liburu aurkituko dituzu, antzezlanak 12, saiakerak eta gutunak 9; gainerakoak kronikak, ipuinak eta nobelak dira. Narratiban irakurrienak izan diren idazleak: Juan Luis Zabala, Xabier Montoia, Harkaitz Cano, Koldo Izagirre, Jon Alonso, Edorta Jimenez, Iñigo Aranbarri, Pablo Sastre. Poesian irakurrienak: Joseba Sarrionandia, Koldo Izagirre, Jose Luis Otamendi, Gabriel Aresti, Itxaro Borda, Juanjo Olasagarre, Urtzi Urrutikoetxea, Igor Estankona. Gaur gaurko literaturaz arduratzeaz gainera, Susa bi proiektu berritan murgildu da: 20. mendeko euskal POESIGINTZA eta LITERATUR ALDIZKARIGINTZA ahalik eta bizien eramatea ekartzea 21. mendera. XX. MENDEKO POESIA KAIERAK Berrogei antologia laburrez osatuko den XX. Mendeko Poesia Kaierak izeneko bilduma hasizuen Susak 2000ko ekainean eta 2001eko azaroan amaituko du, Koldo Izagirrek apailatua goitik behera. Dagoeneko 20 kaiera argitaratuta daude; beste 20 kaleratuko dira aurtengo udaberrian eta udazkenean. Gure literaturak XX. mendean eta poesiaren bitartez eman ditu urratsik garrantzitsuenak. Baina kontu jakina da poesia ez dela sekulan izan kontsumo handiko jeneroa (nahiz eta askok uste baino kantatuagoa izan den). Euskal literaturako obra nagusi batzuk liburu zirkulaziotik desagertu egin dira. Horrexegatik iruditu zitzaigun egitasmo funtsezkoa izango zela, XX. mendeko poesigintzaren antologia moderno bat apailatzea. Hiru arazo nagusi zituen egitasmoak: a) antologiak edukiz sakona eta zehatza izan behar zuen; eta orduan, bolumenez mardula (beraz, garestia; irakurle gazteentzat batere komeni ez zena); b) antologia erabilgarria egin behar genuen (ez pisu handikoa), irakurria izateko sortu nahi baikenuen (eta ez zuzenean liburutegietan gordetzeko sortua); c) mendea ia amaituta zegoenez, presazko lana zen (ez genuen lanean asko luzatu nahi, XXI. mendeko ahalik eta denbora gutxien baliatu behar zen, alegia). Hortik ondorioztatu genuen liburu oso bat egitea baino hobe zela kaierak edo koadernoak egitea: 40 kaiera antologia, 64 orrialdekoak. Modu honetan lortu ditugu abantaila hauek denontzat: 1) autore bakoitzak bere antologia propioa eta autonomoa dauka: espresuki idatzitako hitzaurrea, poema antologia, bibliografia propioa, eta diskografia; 2) antologia bakoitza merkea, osoa eta erabilgarria da; 3) derrigorrez dena batera kaleratu behar ez denez, ez da dena batera ekoiztu behar; eta aldi berean, irakurleek pixkanaka jaso eta barneratu dezakete mende oso bateko edukia; 4) multzoka argitara ematen dihardugu (hamarnaka): 2000ko udaberrian, 2000ko udazkenean, 2001eko udaberrian eta 2001eko udazkenean; hamarreko multzo bakoitzean mendeko garai ezberdinetako poetak erakutsiz; 5) poetak ez ditugu ordena kronologiko baten arabera plazaratu behar, adibidez: Orixe, Lizardi, Lauaxeta...;beraz, Orixe, Atxaga, Aranbarri... egin dezakegu, edo Lizardi, Aresti, Montoia...; irakurleek estimatuko dute orotarik izatea argitalpen multzo bakoitzean, antzinakotik pixka bat, gaurkotik beste pixka bat. Beraz, 40 kaiera 64 orrialdeko: antologiak orotara: 2.560 orrialde (bi urtetan). Neurri egokia mende osoko poesigintzaren erretratu sakona eta zehatza eskaintzeko. Kontu nagusia falta zen: Nork egingo du? Talde lanean burutuz gero, irizpideak ia bateraezinak bilakatuko ziren; antologia desorekatua eta nahasia. Koldo Izagirre idazleari (eta poetari) proposatu genion egitasmo erraldoia, bakarrik burutzekoa, maratoilari baten gisara. Baietz esan zuen, 16.000 poema baino gehiago irakurri zituen, eta argitaratzeko lehen 10 poetei erakutsi zizkien antologiak eta sarrerak. Sorpresa pozgarria izan zen denentzat. Lehenik plazaratu genituen: Orixe, Salbatore Mitxelena, Xabier Iratzeder, Nemesio Etxaniz, Joxe Azurmendi, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Itxaro Borda, Iñigo Aranbarri eta Luis Berrizbeitia. Ondoren iritsi dira: Xabier Lizardi, Iokin Zaitegi, Juan Mari Lekuona, Manex Erdozaintzi Etxart, Gabriel Aresti, Joxanton Artze, Jose Luis Otamendi, Xabier Montoia, Patziku Perurena eta Rikardo Arregi Diaz de Heredia. Interneten ere irakur daitezke kaieretako pasarte batzuk. Eta osorik sarrera guztiak, bibliografiak eta diskografiak. Hilik diren idazleen poemei ahotsa ipini die Koldo Izagirrek, audio artxiboetan. http://literatura.com LITERATUR ALDIZKARIEN GORDAILUA Literatur aldizkariak izan dira, nolabait esateko, gaur egungo literaturaren sukaldea. 1975eko urtarrilean sortu zuten "Panpina Ustela" aldizkaria Bernardo Atxagak eta Koldo Izagirrek. Handik gutxira hil zen, ekainean, XX. mendeko idazle handienetariko bat, Gabriel Aresti. Fusilatuak izan ziren Txiki eta Otaegi irailean. Franco jenerala, Espainiako diktadorea hil zen azaroan. 25 urte besterik ez ziren falta mende berri batera jauzi egiteko, ia dena zegoen berregituratzeko, eta gainera gure literatura modernokoeditorial garrantzitsuena (Lur argitaletxea) erabat ahulduta geratu zen: aurrena istripuan hil zen Rikardo Arregi eta ospitalean gero Gabriel Aresti. Jarraian etorriko dira aldizkari gehiago: "Pott Bandaren Berriemailea" Bilbon 1978an (Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika, Jon Juaristi, Manu Ertzila, Joseba Sarrionandia, Jimu Iturralde); "Oh! Euzkadi" Donostian 1979an (Ramon Saizarbitoria, Koldo Izagirre, Joxan Elosegi, Juanba Berasategi, Ramon Etxezarreta, Gotzon Egia, Joxan Muñoz). Eta berehala gehiago: "Susa" eta "Xaguxarra" (Donostia), "Maiatz" (Baiona), "Txistu y Tamboliñ" (Durango), "Korrok" eta "Pamiela" (Iruñea), "Stultifera Navis" eta "Kandela" (Gasteiz)... Gaur egun idazle oso ezagun diren askoren plaza, frogaleku eta aldarrikapen tresna izan ziren literatur aldizkariak. Aldizkari haietatik gehienak amatatu dira (bizi dira hala ere Maiatz, Idatz eta Mintz, Egan...). Zaila da liburutegietan denak eskuragarri aurkitzea. Literatur aldizkari horiek aztertu gabe (eta ia irakurri ezinik) herren geratuko da gure literaturaren historia ulertzeko bidea, kontuan hartuta idazleen garai bizi eta gazteena hor zela jokoan. Guri, Susa literatur aldizkaria osorik liburu batean ematea otu izan zitzaigun noiz edo noiz. Baina ez zuen zentzu handirik Susa soilik argitaratzeak. Desagertutako aldizkari guztiak argitaratzen hasi beharko genuen? Aldizkarien antologiak egiten agian? Astakeria zen, ekonomikoki eta editorialki. 2000ko ekainean hasi ginen lanean 16 aldizkari digitalizatzen eta fitxak egiten. 2001eko martxoaren 24an aurkeztu genuen jendaurrean IBIÑAGABEITIA PROIEKTUA (Literatur Aldizkarien Gordailua). Oraingoz 16 aldizkariren zenbaki guztietako testuak osorik paratu ditugu Interneten, doan: "Igela", "Ustela", "Pott", "Oh! Euzkadi", "Susa", "Xaguxarra", "Txistu y Tamboliñ", "Korrok", "Kandela", "Ttu ttua", "Txortan", "Porrot", "Literatuz Gazeta", "Mazantini", "Garziarena" eta "Zantzoa". Hurrengo fase batean erantsiko ditugu gehiago: Euzko Gogoa, Gernika, Plazara... eta abar.Literatur Aldizkarien Gordailua Interneten: http:// Eskerrik asko hauek guztiak egiten lagundu diguten adiskide guztiei. Eta bereziki hiru idazle eta langile nekaezini: Koldo Izagirreri, Mikel Elorzari eta Josu Landari. Gorka Arrese, Susako editorea Euskonews & Media 121.zbk (2001 / 5 / 4 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.