121 Zenbakia 2001-05-04 / 2001-05-11

Gaiak

Antzerkia bizitzaren ildoan

IRASTORZA, Iñake

Antzerkia bizitzaren ildoan Antzerkia bizitzaren ildoan * Iñake Irastorza Euri asko egin du grekoek, Dionisos (Bako) jainkoaren ohoretan antolatzen zituzten nola halako antzezpen erraldoi haiek ospatzen zituztenetik. Iturri hortatik sortu ziren gaur egun ezagutzen ditugun tragedia, komedia eta drama satirikoa. Gure antzerkiaren zutabe izan dira eta oraindik ere badira, besteak beste, Eskilo, Sofokles eta Euripides autore handiak. Tragedia eta Komediaren Maskarak *Eskilo. Tragediaren aita dela esan genezake eta poeta liriko honek, bere hitzaren indarrari esker, tragedia bere gailurreraino eraman zuen. Bere obretan: "Prometeo kateatua", "Oresteren trilogia", ... zuzenbidearen lehentasuna azpimarratu zuen mendekuaren gogo itsuaren kontra, justizia legearen kontra, izpiritua indarraren kontra. Teatro greko bat *Sofokles. Izpiritu irekiko eta izaera baketsuko gizona zen. Jainkoei ez zien Eskilok beste garrantzirik eman, baina, bestalde, ez zuen Euripidesen ikuspegi arrazionalista hutsa ere. Sofoklesen ustez patuaren ezinbesteko legeek baino areago, kausa psikologikoek eramaten dute heroia galbidera edo moldatzen dute haren arrakasta. Sofok1esengan gizakiaren zoriontasun ezaren kontzientzia eta oinazearen aurreko duintasuna biltzen dira, baita pentsamendu arrazionala eta haren menpeko ez diren indar ilunak ere. Sofoklesen eraginaz ohartzeko, aski da pentsatzea egungo kulturaren alorrean Elektra, Antigona edo Edipo bezain garrantzitsuak eta erabiliak diren pertsonaiak, gehienbat, autore horrek bideraturiko bertsioan ezagutu direla. Sarrera txartel modura erabiltzen zituzten antzinako bi fitxa *Euripides. Bere garaiko jakintsuek eszeptikoa zela aurpegiratu zioten, jainkoei ez ziela deboziorik, Greziako mitoak ez zitzaizkiola axo1a. Nahiago zuen gizakien grinak eta beren barneko izaera deskribatu, antzinako heroien handitasun tragikoa goraipatu baino, eta hartaz Euripidesek bat egin zuen bere belaunaldikoekin. Hil ondoren lortu zuen ospea da horren lekukorik garbiena.Euripidesen obrarik ezagunenak, besteak beste, Medea, Bakanteak, Troiarrak, Helena, Hekuba eta Ziklopea (drama satirikoa)dira. Gaur egungo gizarte honetan, arnasa hartzeko ere ia, ia, denborarik hartzen ez dugun gizarte honetan, autore hauen lanak irakurri, landu edo taula gainean ikusi ahal izaten ditudan bakoitzean, harriduraz beterik gelditzen naiz, gizakia bere baitan zein gutxi aldatu den behin eta berriz baieztatzen baitut. Gure kanpoaldea, duda izpirik gabe, guztiz ezberdina da, baina gizakiaren muinean murgiltzen garenean besterik ikusten dugu. Gure ikuspegi moralistak, arrazionalistak, zoriontasun ezaren kontzientziak, gure mendeku edo justizia egarriak, burrukak, grinak, izaerak, lotzen gaituela guztiok orduko gizakia bezelaxe. Jakin, badakit, jende askok pentsatzen duela ikusentzunezkoen eta Interneten garaian antzerkiak ez daukala tokirik, zaharkituta gelditu den artea dela. Baina nire uste apalean, bidaia guztiak ezin dira abiadura handiko trenean egin. Azken batean, oso bitxia izan arren, garrantzi handiagoa du oinez ibiltzen eta orientatzen jakiteak, nor bere buruaren jabe izateko. Bizitzaren bidaia egiteko. Gauzak horrela, orain dela gutxi, Georges Lavaudant (Odeón Théâtre de L'Europe) ko zuzendariak esandakoa datorkit burura: "Antzerkiaren EDERTASUNA gaurkotasunari kontuak eman nahi ez izatea da. Antzerkiak ez du egunerokotasunaren bila ziztu bizian zertan joanik". Iñake Irastorza, aktorea Euskonews & Media 121.zbk (2001 / 5 / 4 11) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria