Eustaquio Aguirreolea pintore eta argazkilaria Eustaquio Aguirreolea pintore eta argazkilaria * Arantza Oregi Goñi Bergarako Udalak Eustaquio Aguirreoleari buruzko liburu bat argitaratu berri du. Aldi berean, Udaleko Pleno Aretoan erakusketa bat ere antolatu dugu. Bi ekintza horien helburua Eustaquio Aguirreolearen lana ezagutaraztea izan da. Hasiera Udal artxiboan argazki fondoak jasotzeari ekin genionean, 1996an, argazkiek duten informazio motagatik izan zen; eta ordutik aurrera artxiboko egitasmoen artean izan dugu argazki fondoak jasotzea, antolatzea eta hedatzea. Horrek, berriz, Bergarako argazkigintzaren historian sakontzera eraman gaitu. Horrela izan genuen Eustaquio Aguirreolea argazkilariaren berri. Alde batetik, Bergarako jende nagusiak beretaz hitz egiten zigun. Bestetik, artxiboan Eustaquio Aguirreoleak ateratako postalak ere bageneuzkan. Gure hurrengo pausua bere familiarekin harremanetan jartzea izan zen; ez dira Bergaran bizi baina bertan dauzkaten ezagunei esker eurekin egotea lortu genuen. Lehenengo momentutik oso harrera ona egin ziguten eta gordetzen zutena erakusteko prest agertu ziren. Eustaquio Aguirreolea fondoa Familiak gordetzen zuen fondoa herritarrentzako interesgarria zela baieztatu ondoren, akordio batera iritsi ginen: Kristalezko plaka orijinalak garbitu eta kaxa egoki batzutan gordetzea eta bidenabar internegatiboak ateratzea. Internegatiboak Udalak jaso ditu eta handik irudiak digitalizatu egin dira, "tif." formatuan bina kopia eginez; bata familiarentzat eta bestea Udalarentzat. Harrezkero Udalak irudiak erabiltzeko baimena jaso du, eta irudiak hartu ondoren deskripzioa egin da datu base batean. Bergarako bista orokorra, 1918 inguruan Egilea: Eustaquio Aguirreolea Bergarako Udal Agiritegia. E. Aguirreolea fondoa, 0048. Liburua Liburua, beraz, egitasmoaren azkeneko urratsa izan da. Horretarako, argazki fondoa eskuratu ondoren, Eustaquio Aguirreoleari buruzko ikerketa egin dugu. Udal artxibotik bultzatutakoa izan arren, pertsona ezberdinekparte hartu dute lan honetan, ikuspuntu osagarriak jasotzea garrantzitsua dela uste dugulako. Liburua honela banatzen da: 1) Hitzaurrea Leopoldo Zugazak egin du. 2) "Argazkigintzaren hasiera Bergaran" Mikel Murgizu Bakaikoak idatzitakoa da. 3) "Eustaquio Aguirreolea: biografia" Arantzazu Oregi Goñik egindakoa. 4) "Eustaquio Aguirreolea pintorea" Ana Arregui Barandiaranek egindakoa. 5) "Fondoaren kontserbazioa" Pablo Ruiz Garciak egindakoa da. 6) Katalogoa 7) Postalak Hasierako lau kapituluetan Eustaquio Aguirreolearen bizitzan eta lanean sakontzea nahi izan dugu. Irudiak soil soilik argitaratzea ez dela nahikoa pentsatuta, gure herriko argazkigintzaren historiaren lehenengo saioari ekin diogu. Gure ustetan, tokian tokiko ikerketak eginez, denon artean, argazkigintza nola, noiz eta zeintzuren artean zabaldu zen jakiteko bidean egongo gara. Esan bezala, lehenengo kapituluan, argazkigintzak Bergaran izan zuen hasiera lantzen da, Mikel Murgizuren eskutik. Datuak jasotzea zaila izan bada ere, argi eta garbi azaltzen da Valleko III. kondeak Jose Maria Murua Gaytan de Ayalak zuen zaletasuna, 1842. urterako Sevillan atera zuen dagerrotipoari esker (kontuan izan behar da Daguerrek 1839.ean Parisen aurkeztu zuela bere asmakuntza). Bergarako handiki honek bere bidaietan argazkiak erosten zituen; eta kontuan izan behar da garai horretan oraindik argazkiak erostea ez zegoela edozeinen esku, garestiak baitziren. XIX. mendeko bigarren zatian, 1854.ean hain zuzen, Jose Miguel Olazabal gure herrira etorri zen bizi izatera. Azpeitiar hau Errege Seminarioko marrazketako ikuskari laguntzaile zen, baina argazkilaria zela era badakigu, Valleko IV. Kondearen argazki baten "J.M. Olazabal. Pintor y Fotógrafo" jartzen duelako. Hasiera batean argazkigintzaren eta marrazketaren arteko harremanak estuak zirela ziurtatzen du honek. Lehen aipatu dugun Valleko IV. Kondeak Ignacio de Murua y Balzolak bere aitaren zaletasuna areagotu egin zuen; argazkiak erostetik argazkiak egitera pasatu baitzen.1863an jaio zen Errotalde jauregian eta bertan hil 1953an. Badirudi bere etxean sekulako laborategia zuela eta milaka eta milaka kristalezko plaka zeuzkala. Tamalez, bere argazki fondoaren zati txiki bat bakarrik heldu zaigu udal artxibora. Badirudi, beraz, Bergarak zituen berezitasunek Errege Seminarioa alde batetik eta hainbat familia dirudun eta errentadun bestetik gure herriko argazkigintzaren hasierarekin lotura zuzena dutela. Eustaquio Aguirreolea, Valleko IV. Kondearen garaikide da: 1867an jaio zen Bergaran eta 1953 hil zen Donostian. Bere lehenengo ikasketak Bergaran egin zituen eta marrazketa klaseak ere hartu zituen Jose Miguel Olazabalek izan zuen akademian. Bukatu zuenean, familiak zuen gozodendan gelditu beharrean, Donostiara joan zen. Dakigunez, 1883rako joan zen eta hango Arte eta Lanbide eskolan ikasi zuen. 1885ean, berriz, ikasketa planak aldatu egin zituzten, hiru atal ezberdin bereizteko; bata industriala, bestea artistikoa eta azkena komertziala. Eustaquiok atal artistikoa aukeratuko zuela uste dugu, bere ogibidea pinturara bideratzeko asmoarekin. Ikasgaiak hauexek ziren: irudien eta adornuen marrazketa, igeltsuzko kopiak, aritmetika eta geometria praktikoak. Ikasketak 1888 inguruan bukatuko zituen, eta nota onak eta sariak ere jaso zituela badakigu "La Voz de Guipuzcoa" egunkarian azaldu zen artikulu bati esker. Zubietako zubia eta kalea mende hasieran (Postala) Egilea: Eustaquio Aguirreolea Bergarako Udal Agiritegia. Juan Idigoras fondoa, R. 8742 Ikasketak bukatu ondoren, Parisera abiatu zen ikasketak sakontzera. Hango Julian akademia famatuan hartu zituen klaseak. Parisen zegoela, Gipuzkoako Aldundiak ateratzen zituen dirulaguntzetara aurkeztu zen, baina bigarren gelditu zen. Gero Erromara ere joan omen zen. Berriz gure herrira bueltatu zenean, 1891n, Juliana Josefa Aranarekin ezkontzeko izan zen. Ezkonberriak Barrenkale 19ra joan ziren bizitzera eta etxe bereko beheko solairuan denda jarri zuen Eustaquio Aguirreoleak: drogeria, perfumeria,pintura, dekorazio lanak eta argazkilaria. Gure ikerketaren arabera industria zergako datuak 1905ean hasten dira , Eustaquio Aguirreolea Bergaran zegoen argazkilari bakarra zen. Argazkiak bere etxeko ganbaran ateratzen zituen egun argia aprobetxatzeko eta gero behean errebelatzen zituen. Eustaquio Aguirreoleak 1918an utzi zien dekoratzaile eta pintura lanei. Denda, berriz, Toribio Jauregiri traspasoan eman zion 1927an. Eustaquio Aguirreoleak pintura arloan egindako lana aztertu duena Ana Arregui Barandiaran izan da. Esan dugun bezala, pintura ikasketak Bergaran hasi zituen, Jose Miguel Olazabalen akademian, eta gero Donostiako Arte eta Lanbide eskolan jarraitu zuen. Parisera joan ziren euskal artisten artean, lehenengo taldean sartuko genuke; garai hartan joan baitziren Manuel Losada, Nemesio Mogrovejo, Ignacio Zuloaga eta Pablo Uranga euskal artistak ere Parisera, euren pintura ikasketak sakontzera. Ez da batere erraza Eustaquio Aguirreolearen pintura lan guztiak zeintzuk diren jakitea. Hala eta guztiz ere, ezagutzen ditugun pintura lan gehienak 1891tik 1905 1910era bitartekoak dira. Aurretik San Martzial ermitarako bi apostolu margotu zituen 1887an eta San Blas ermitarako beste bi apostolu bi urte beranduago. Seguraski, egin zuen lehenengo lan handia Antzuolako Errukizko Amaren elizan izan zen 1891n, erdiko nabean dauden lau petxinetan, bakoitzean ebanjelari bat margotu zuen eta. Aipatzekoa da, baita ere, Bergarako Udalarentzako 1900ean Pleno Aretoan egindako lana; badirudi orain dela gutxi eraberritu den dekorazio lanaren egilea dela. Angiozarko San Migel elizako presbiterioko bi hormetan ikus daitekeena 1901ean margotu zituen; batean Familia Santua agertzen da eta bestean San Joseren heriotza. San Inazio irudia. Seminarioko elizan kokatuta dago Gregorio Hernández ek egindako eskultura hau (Postala) Egilea: Eustaquio Aguirreolea. Bergarako Udal Agiritegia. B.K.E. (Ariz Ondo) fondoa, R.4827 Eustaquio Aguirreolearen lanjarduna ez da honetan bukatzen. 1902tik aurreraMarrazketa akademia bat zabaldu zuen bere etxean, Cayetano Bornerekin batera. Mende honen hasieran, Gipuzkoako Aldundia dirulaguntzak ematen hasi zen, udalek arte eta lanbide eskolak zabal zitzaten. Bergarako Udalak, egoera hau aprobetxatuz, berarengana jo zuen eta udalaren arte eta lanbide eskolako zuzendari eta irakaslea izendatu zuen. Klaseak, 1906tik aurrera, azokarako egin berria zen eraikuntzako azkeneko pisuan izan ziren. Ikasgaiak hauexek ziren: aritmetika, geometria, marrazketa lineala, irudi marrazketa eta adornu marrazketa. Lana alde batera utzita, Eustaquio Aguirreoleak bazuen kulturarekiko eta Bergararekiko ardura. Hori dela eta, gure herriko kultur ekintza askotan parte hartu zuen; 1905ean izandako Euskal Jaietan adibidez, eta 1926an Hilzoriko Kristoa Bergarara heldu zeneko III mendeurrena ospatzeko egi ziren jaietako batzordekide ere izan zen. Beranduago, 1930ean ere, Eusko Ikaskuntzako V. Kongresua antolatzeko eratu ziren batzordeetako bateko kide izan zen. Liburuaren azkeneko bi kapituluak Eustaquio Aguirreoleak berak egindako lana ezagutarazteko dira. "Katalogoa" eta "postalak" kapituluetan aldi berean Udaleko Pleno aretoan egindako erakusketan ipini direnak azaltzen dira orohar. Argazkien katalogoak lan handia eman digu, argazki bakoitzari buruz batere informaziorik ez zegoelako. Gure asmoa bakoitza bere testuinguruan azaltzea izan da; hau da, non aterata dagoen jakitea, noiz egina eta nortzuk azaltzen diren. Horrek Bergarako jende nagusiarekin hitz egitera, Udaleko aktak eta espedienteak begiratzera edo/eta bere garaiko aldizkariak irakurtzera behartu gaitu. Dantzariak San Martzial ermitaren aurrean, 1911 inguruan Egilea: Eustaquio Aguirreolea Bergarako Udal Agiritegia. E.Aguirreolea fondoa, 0066 Liburua argitaratzerakoan argazki bakoitzaren neurriak gorde egin dira, orijinala ahal den gehien errespetatzeko. Denera 44 argazki dira eta gaika banatuta daude. Lehenengo gaia Eustaquio Aguirreolea eta bere familia da. Bigarrenen atalean Bergarako Arteeta Lanbide Eskolari buruzko argazkiak ditugu. Hirugarrenean, berriz, herriko bistak eta kaleak. Laugarrenak Bergarako arte lanak erakusten ditu. Bosgarrena argazkilariak estudioan ateratako argazkiek osatzen dute. Hurrengo bietan, Bergaran izandako ekintza sozial ugari daude: prozesioak, dantzariak, ikasleak. Aurrerago, Bergaratik kanpo ateratako argazkiak agertzen dira: Elgetan, Zumaian, Arrasaten eta Antzuolan. Azkenekoak, berriz, Bergaran egondako beste argazkilari baten argazkiak Jose Miguel Olazabalenak eta argazkizale batenak Valleko Kondearenak dira. Eustaquio Aguirreoleak Bergarako postalak ere egin zituen. Askotan erabili izan diren argazkiak izan arren, gehienetan ez da egilea aipatu izan. Denak 1905etik aurrerakoak dira. Hiru bilduma kaleratu zituen; bi postal bilduma "Vergara. 10 tarjetas postales" izenarekin; eta hirugarrenean "E.A. Vergara" eta agertzen denaren identifikazioa tinta gorriz azaltzen da idatzita. Postal horietan gure herriko arte lanen (Hilzoriko Kristoa eta San Inazioren eskultura, adibidez) eta etxe dotoreen (Zavala etxea Errege Seminarioko laborategia egon zenekoa edo Olaso dorrea adibidez) argazkiak agertzen dira. Garai hartan Bergara ezagutarazteko modu bat zen, postalak bidaltzeko ohitura edo moda zabaldu zelako. Arantza Oregi Goñi, Udal Artxibozaina Euskonews & Media 118.zbk (2001 / 4 / 6 20) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.