107 Zenbakia 2001-01-19 / 2001-01-26

Gaiak

Zientzia erakundeak eta euskarazko sorkuntza

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Zientzia erakundeak eta euskarazko sorkuntza Zientzia erakundeak eta euskarazko sorkuntza Josemari Velez de Mendizabal "Ez dut uste, bestalde, sekretua denik, euskararen gaineko ikerketetarako zaletasuna dugun guztiok, beste esparru batzuetatik salto egin dugula: zuzenbidea, medikuntza, teologia tik linguistikara jo dugu. Beste nazioetan, ordea, linguistikan ari direnak diziplina horri buruzko urte luzetako esperientzia dute" (Julio Urkijo/1918/EI ren I Kongresuan) "Euskarazko irakaskintzan, irakasleak beste hizkuntza batzuetan eman daitezkeen aldaera eta formulismoak saihestu behar baditu ere gure hizkuntzaren nolakotasunetara egokitzen ez direlako ikerkuntza zientifikoaren goi mailetan metodo berrien aplikapenaren alde jokatu behar dugu, horiek arrotzak zaizkigun arren" (Julio Urkijo/1918/ EI ren I Kongresuan) "Nahaspila euskaltzale eta euskologoen artean sor daiteke. Euskologoek, normalean, atzera begira egiten dute lan, linguistikan oinarritzen dira eta edozein hizkuntzatan ari daitezke. Etorkizunari begira inoiz aritzen badira, ez da euskararen martxan nola edo hala eragiteko. Euskaltzaleak, ordea, zentzu etimologikoan, euskararen biziraupenerako ahaleginetan jardungo du, euskaraz beti" (Julio Urkijo/1918/ EI ren I Kongresuan) "Euskaldunok, munduko garapen zientifiko eta kulturalerako sarbidea benetan bilatu nahi badugu, zeharo konprometitu behar gara, diziplina guztiak geure hizkuntzan jasotzeko, oinarriko hezkuntzatik gorenekoetaraino, aurreneko hizkiak ikastetik planeta orbitaren baten kalkulua egiteraino. Une hori iristen denean, kultura ertaineko euskaldunak euskara beste hizkuntzarik ez du beharko bizitza arrunta garatzeko. Goi mailakoak, berriz, aukeran izango ditu munduko beste hizkuntzak ere" (Luis Eleizalde/1918/ EI ren I Kongresuan) "Euskaldunak, linguistikoki, isolamendu eder, bikain bezain hilgarrian bizi gara" (Luis Eleizalde/1918/ EI ren I Kongresuan) "Nazionalitatearen aurreneko elementutzat daukat hizkuntza. Horrexegatik, edozein euskaldunek,eskura dituen bitartekoekin, euskararen garapen osoa bilatuko du" (Txurrukako Kondea/1918/ EI ren I Kongresuan) Gogoeta horiek ez dira gaur goizekoak, orain dela 82 urtekoak baino. Oraingo egoera sozio teknologikoaz ezta ideia izpirik ere ez zen une historiko batean eginda. 1918ko Eusko Ikaskuntzaren lehen Kongresuan argi eta garbi esaten zuen Eusko Ikaskuntzak (konkretuki D. Julio Urkijok, berak idatzitako txosten batean): Euskarari dagokionez, indarren batasunean konfiantza osoa dugularik, abian jarri dugu plangintza estrategiko bat. Eusko Ikaskuntzak urte dezente daramatza lantegi honetan, nahiz eta sarritan bere lana zeharo ezezaguna izan den. Zeinen errua? Ez gara hemen jarriko errudunak bilatzen, ez alajaina!, ez baita hori gure estiloa. Baina aurrera baino lehenago, garbi utzi nahi nuke Eusko Ikaskuntzaren betebeharra euskararen sustapenean oinarritu dela, hein handi batean. Ezaguna den bezala, 1918ko Kongresu haren ondorioz, urtebete bat beranduago Euskaltzaindia sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitatik. Ez zen urrats makala, egiteke zegoen lan eskergari aurre egiteko. Oinarriak jartzen ari ziren. Baina, aipu horietako batean eginiko sailkapenaren arabera, ez dugu euskerologo bezala soilik aritu behar, bere herriaren izanarekin erabat konprometitua dagoen euskaltzale bezala ere, baizik. Eta horrela bakarrik ulertu ahal izango da, euskararen bilakaera arruntean zientziak eduki behar duen tokia. Ez dela makala, jakina. Gaurko hitzaldiño honen izenburuak dioen bezala, Euskararen Sustapenerako Erakundeek egin dezaketen eta egin behar luketenari buruz mintzatu behar dut. Ez dut uste titulua egokia denik, niri gauden une kritikoan gaudelarik (globalizazioaren eraginez, hein handi batean) Zientzia Erakundeek euskararengatik egin dezaketenari buruz mintzatzea gustatuko bailitzaidake. Bestela, badirudi, euskararen ardura Euskaltzaindia, Elhuyar, UZEI, UEU eta antzerako erakundeena bakarrik dela, eta hori ez da horrela. Horien lan eskergari beste askorena ere gehitubeharko zaio, euskararen normalizazioa erabatekoa izango bada, gizartearen maila guztietara helduko bada. Eremu urriko hizkuntzek europar eta munduko esparruan adierazten dutena azaltzen jarriko bagina, aurreneko arazoa eremu urriko horren mugak kokatzean egongo litzateke, izan ere kontzeptuak berak dimentsio desberdinak hartzen ditu, egunez egun, batez ere teknologia berrien aplikapenen eraginarengatik. Hori alde batetik, eta bestetik, eremu urriko hizkuntzak definitzerakoan nahiz eta geografikoki oso eremu urrikoak izan ez da berdina batzuek eta besteek duten tratamendua.. Hobeto azalduko dut ideia hau: suomiera, hizkuntza urrikoa al da? Suediera? Bat ere zalantzarik gabe, bai. Europako hizkuntza minoritarioen mapa aztertuko bagenu, berrogei bat hizkuntza aurkituko genituzke sailkapen horretan. Horien artean suomiera eta suediera daude. Baina, Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen artean bi horiek agertzen dira, beste bederatzirekin batera. Eta, jakina, Finlandia eta Suediako gobernuen aldetik bi hizkuntza ofizial horiek jasoko duten tratamendua, arreta, ez da euskararen moduko hizkuntza batek jasotzen duenaren modukoa. Ala bai? Eta, hizkuntza minoritarioen arazoan ematen den nahasia hobeto uler dezagun, irakurri besterik ez da egin behar, Europar Batasunaren agiri ofizialak. "Languages in Europe" atalera jotzen badugu, han estatu hizkuntzak beste ezer ez dugu aurkituko. Besteak ez omen dira existitzen. Edozein modutan, eta Europako agintari txit gorenek eremu urriko edo gutxiago erabilitako hizkuntzei buruz duten iritziak axola behar badigu ere (batez ere, gure diruarekin ari direlako), geuk euskaldunok geure ahalmen txikitik zer egin dezakegun aztertzea dugu ezinbesteko erronka, osterantzean beste inork egingo ez duelako. Euskarak, geure esparrura nator, urrats handiak eman ditu azken urteotan, orain dela hogeita hamar urte inguru imajina ezin genitzakeenak. Eta alderantzizkoa uste duenari ez diodala sinesten esango nioke. Oinarri zabala jarri da, jardunzuzen eta burutsua eman baita euskal gizartean, euskaldunok geure garapen integrala euskaraz burutu nahi dugula aldarrikatu dugularik, gau eta egun. Geure seme alabek orain dela hogeita hamar urte inguru gizartearen euskalduntzearen erdi utopia hartan geniharduenon seme alabek euren ikasketak euskaraz burutu ahal izan dituzte, ikastolatik unibertsitaterainokoak. Eta hori, jaun andreok, urrats handia izan da, euskal gizartearen normalizazioan. Baina, zorioneko europar batasuna eraikitzean, itxura guztien arabera, abiadura desberdinak diren bezalatsu, euskal gizartearen normalizazioari dagokionez, esparru desberdinetako abiadurak ere oso diferenteak gertatzen ari zaizkigu. Eta hizkuntzari dagokionez, zoritxarrez, jasan genitzakeen motelenetakoa da. Zergatik? Lehen lehenik, euskara hilzorian zegoen, osasunbidean jartzen hasi zenean. Tratamendu egokia ematen baimendu zitzaigunerako azken hatsetan zegoen. Eta gaixoaren zuzperketa ez da hain samurra gertatu. Bigarrenik, beste hizkuntza askok euren zuzperketarako giro, diogun, lasaia izan duten bitartean, geure gaixoari gizarte mota ero bat egokitu zaio, garapen teknologikoei begira. Hau da, euskara askoz osasuntsuago aurkituko zatekeen gaur egun, azken hogeita hamar urteotako susperraldia, adibidez, mende honen erdialdean gertatu izan balitz. Pellokeria hutsa dirudikeen baieztapen hau ez da hain txotxolokeria, euskara osasunbidean jartzea eta gizartearen usadioak zeharo aldatzea bat etorri baitziren, horrek suposatu zuen abiadurako galerarekin. Euskarak, ia ia, ez du Gutenberg en galaxia ezagutu. Aitzitik, MacLuhan en galaxiaren eragin negatiboa jasan du, teknologia berriek mundu osora ohituren bilakaera uniformakorra ireki zutenetik. Euskararen normalizaziorako ikastola eta eskoletako ateak ireki zirenean, egundoko iraultza teknologikoa ematen ari zen hezkuntza munduan, eta gure hizkuntzak besteen artean eman zezakeen jokoa nolakoa izan zitekeen ezagutu aitzin, zeharo baldintzatuta aurkitu ginen, mundu arrotzetatik zetozkigunuhin akabatzaileak zirela eta. Hau da, eskola giroa irabazi ez eta etxeko giroa galdu genuen. Telebistaren eraso kontrolagaitzari ondorio latzak jarraitu zion, eta horien artean adibidez gizartearen irakurketarako gero eta zaletasun txikiagoa dugu. Galera horrek ez zion batere onik ekarri euskarari, noski. Eta telebista katea luzeago baten aurreneko maila izan zen, gaur bizi ari garen egoeraraino. Nolako bilakaera? Kontrakoa, orain arte bederen. Orain dela gutxi, UNESCO ren babespean buruturiko Munduko Hizkuntzei Buruzko Txostena Bilbon aurkeztu zenean, globalizazioak gaur egungo hizkuntzetatik erdia galaraz dezakeela entzun ahal izan genuen. Hitz potolo eta esanguratsuak, entzun nahi dituztenentzat. UNESCO ren datuen arabera, 6000 bide dira munduko hizkuntzak eta mende erdi baten barru horietatik erdia historiako erreferentzia hilak suerta daitezke. Eta gizarteak daraman abiadura esponentziala kontuan izanik, mehatxu hori lehenago ere bihur liteke errealitatea, inor oraindik konturatu ez bada garbi esango diot gizarteak berak bere axolagabekerian zut, eragiten baitu bere itsukeriarengatik hainbat arlotako galera jarraia: hizkuntzak, ingurugiroa, giza komunitateak. Murgilduta gaudeneko erokeria honek itsu ezaxolati bihurrarazi gaitu, globalizazio eta ekonomiaren mundializazioa dela eta. Dirudienez, dena da zilegi eta edozein astakeria eman daiteke, auskalo zeren izenean! Hizkuntzei dagokienez, globalizazioak eta teknologia berrien aplikapen masiboak arrisku berri bat gehitu dio munduko panorama ilunari. Eta komunikazio parametro berrietan, hizkuntza minoritarioak galtzaile atera daitezke, indar eta osasuntsuen mesedetan, berehalako neurririk ezean. Ene ustez, maioritario/minoritario erlazio horretan, eta Internet sareari dagokionez, hizkuntza bakoitza zein sailean dagoen asmatzea ez da erraza. Badakigu jakin, hori bai, zein den maioritarioa, edo sareak gehien erabiltzen duena: ingelesa. Zein da ingelesaren helburua Interneten? Jaun eta jabe izatea, eta horren esperoan,besteek kalte egin diezaiokete. Azken finean, eta ez gaitezen engainatu, teknologia berriak planteatzen ari direna merkatal jardunbide ekonomiko erraldoia da. Beraz, edukiaren hedapen kontrolatua negozioaren sinonimoa izan daiteke eta horren atzetik abiatzen dira munduko hizkuntza guztiak, ahalmen txikiago edo handiagorekin. Bai, jaun andreok: geure euskarak ere aurre planteatu beharko dio erronkari, mende erdi baten barru bizirik iraungo badu. Helburu samurra? Bai, zera! Euskaldunok, hizkuntzen norgehiagoketa itzel horretan sartzen bagara, bi alderditatik eutsi behar diogu apustuari: a) Edukien sorkuntza b) Azpiegitura aproposaren gertuketa a) Edukien sorkuntza Hori eta ez beste izango da helburuaren mamia. Zer egin genezake, euskaraz sorturiko kalitatezko edukirik gabe? b) Azpiegitura aproposaren gertuketa Euskaraz sorturiko edukiak, bitartekorik aproposen laguntzarekin hedatu beharko dira, jakinarazi, eta horretarako azpiegitura egokia prestatu behar da. Euts diezaiogun, besterik gabe, hitzaldiño honen izenburuak dioenari: Nola aritu behar dute euskal erakunde zientifikoek, euskara garaile atera dadin? Batere zalantzarik gabe, goi mailako zientzia erakundeek eta sailkapen horretan Eusko Ikaskuntzaren gisakoak eta baita Unibertsitateak ere sartzen ditut betebehar garrantzia dute euskararen garapenean, ez soilik hizkuntzaren irakaskuntzan, baizik, nire ustez bestea bezain inportantea, euskarazko zientziaren sorkuntzan. Goi mailako zientzia erakundeek, hori bai, hizkuntza adituak prestatu behar ditu, gero eta identifikatuagoak beraien betebeharretan. Baina zientzia hitzak adierazten duen esparru zabaleko adituak ere sortu behar dituzte gure erakundeek, egiazko euskal gizakia errealitatea bilakatzen joan dadin. Zertan ibiliko ginateke, medikuak, injineruak, enpresa gizonak, abokatu, antropologo edota politologoak behar den bezala hezituko ez bagenitu? Nik ez dut uste oraindik ohartu garenik EUSKAL GIZAKI OSOA gauzatu ahal izateko ia ia dena egiteke dugunaz. Eta bideakez dira errazak. Inguruak batere laguntzen ez digulako eta guk euskaldunok ere eragozpenak jartzen dizkiogulako lantegiari. Eusko Ikaskuntzaren gisako erakunde batean zientzia egitasmoak garatzen dira, eta produkzioa altu samarra dela azalduko dizuet. Ez da sekretua. Gure argitalpenak, Eusko Ikaskuntzarenak, gutxi gora behera, berrogei bat liburu dira urtero, era guztietako diziplinak jorratzen direlarik. Gure elkartean 3000 bat bazkide ditugu, eta horietan goi mailako zientzialariak dira. Bazkideek ikerketa lanak burutzen dituzte eta, argitalpen batzorde batek ontzat ematen baditu, lan horiek argitaratu egiten dira, liburu gisa edo aldizkari espezializatuetan. Zenbat dira, bataz beste, euskaraz argitaratzen ditugun lanak? Gutxi, oso gutxi. Zergatik? Ikerketa lanetarako egileek aukeratzen duten hizkuntza, gehien bat, espainiera delako. Nola irauli joera hori? Hortxe galdera... baina ez dakit erantzun aproposik ote dudan. Egileari ezin dakioke hizkuntza inposatu. Askatasunean ekoiztu behar du eta aurreneko eskubidea hizkuntzari dagokiona da. Eta euskarak, zientzialarien artean XX. mendearen hondarretan duen presentzia txikiarengatik, gorantz egin dezakeen arren, lor genezakeen abiadura ez litzateke datozen berrogeita hamar urteetan, EUSKAL GIZAKI OSOA erdiesteko euskarak beharko lukeena: lehenago bidean hila geratuko litzaiguke, elikadura egokirik ezarengatik. Eusko Ikaskuntzaren gisako erakundeek, beharko al lukete izan BI SAIL DESBERDIN, bata euskaraz lan egiten dutenentzat eta bestea erdaldunentzat? Ez dut uste. Hori, ene iritziz, eskubide naturalari ostiko bat ematea izango litzateke. Behintzat, hori ez lukete azken helburua izan beharko; agian, tarteko mugatzat jo genezake ahalegin hori, behin behinekotzat, baina inolaz ere erabatekoa. Gizarte herren bat sortzen ibiliko ginateke horri ekinez gero. Baina, diodan bezala, behin behineko irtenbidetzat ez nuke ezetzik esango. Hobeto esplikatuko naiz: Euroak euskal ekonomiaren baitan izango duen eraginari buruzko lanegitasmo bana aurkezten dute bi pertsonak. Batek garbi du espainieraz egin nahi duela (berdin dit erdalduna den edo euskaldun petoa) Bigarrenari euskaraz sortzea gustatuko litzaioke, baina hizkuntza horretan arituz gero bere lan zientifikoak irakurlego murritzagoa izango duela badaki jakin. Bi egitasmoen prozesu eta helburuak antzerakoak dira eta, beraz, bat bakarrik aukeratu behar da. Nola asmatu? Zer egin genezake? Erdal planteamendu negatiboetatik, orain arte entzun ahal izan denez, zientzia politikak ez du hizkuntzen tratamendua dela eta baztertzaile izan behar (edo, argiago esanda, euskaraz egiteagatik ez da erdal produkzioa azpiratu behar) Horren estiloko jarrerek, erdaraz sortzen den zientzia euskarazkoa baino hobea dela aurreirizten dute. Eta hori ez da, ezta urrik ere, egia. Euskaraz garaturiko zientziak espainieraz edo beste edozein hizkuntzaz eginikoa baino balio handiagoa eduki dezake gaur egun. Beraz, utz ditzagun alde batera betiko topiko antzu bezain pozoitsuak eta epai dezagun zientzia bere balioarengatik. Euskal zientziak onak, meritu duenak aukera egokiak eduki behar ditu mundu zabalean ezaguna izan dadin. Mundu zabalean diodanean, euskarak duen irakurlegoaz baino harantzagoko hartzaileez ari naiz. Eta hori, nik dakidanez, itzulpengintzaren bidez bakarrik lor daiteke. Gertatzen dena, ordea, formula garestiagoa dela eta euskara bihar etziko hizkuntzen artean ikusi nahi badugu NORBAITEK laguntza bitartekoak ahalbidetu beharko ditu. Formula honek balio beharko luke. Noiz arte? Bada, euskararen normalizazioa erabatekoa den arte. Horrek esan nahi du, bizi dugun gizartea nolakoa den ikusita, planteatzen ari naizen formulak aplikapen jarrai eta luzea exijitzen duela. Eusko Ikaskuntza, bere kabuz, formula horren aplikapenaren alde agertu da azken urteotan, eta batez ere euskarri elektronikoetan erabiltzen ari da. Zergatik euskarri elektronikoetan? Ekonomikoagoa delako, paperezko euskarrietan baino. Eta, garbi utzi behar da, gure ekonomia larriak ez diguahalbidetzen testu luzeko itzulpena egitea, orain arte bederen. Beraz, kalitatezko testu ertainak aukeratzen ditugu itzulpenetarako. Horrek ez du esan nahi, dena den, itzulpengintzarekin dena konponduta dagoenik. Ez da hori. Baina, bai behintzat, beste hizkuntzetarako itzulpengintza ezinbesteko urratsa dela aurrera egiteko. Euskarara eginiko itzulpenak ez du, derrigorrez, euskararen sendotasuna bermatuko. Euskaratik beste edozein hizkuntzatarako itzulpenak, berriz, hizkuntzaren normalizaziorako bidea indartzen ari da. Badira kolektiboak, arrazoi desberdinak tarteko, euren testuei itzulpenekin laguntzeari uko egin diotenak eta zuzeneko emaitza bilatzen dute, nahiz eta hartzaileen kopurua askozaz txikiagoa dela badakiten. Hori, adibidez, Eusko Ikaskuntzaren kasuan, ELERIA aldizkariarekin gertatzen zaigu, legelari euskaldunen aldizkaria dena. Eusko Ikaskuntzak asumitzen du bere osotasunean aldizkari horren defizita. Beste aukera bat da. Euskarari dagokionez, badira jakina beste adibideak ere, euskal zientziarekin lotura zuzena dutenak (Euskaltzaindia, Elhuyar, UZEI, UEU, BAT eta abar) Gorago esan dudan bezala, erronkaren luzapena ez da epe laburrean amaitzen, gure gaixoaren amaiera adieraziko bailuke. Baina behin eta berriz azpimarratuko dudana zera da, testuinguru osoak behar duen edukiaren sorkuntza, hori gabe gainerakoa alferrikakoa izango bailitzateke. Azken urteotan, euskal kultura eta euskara teknologia berriekin uztartu direnean, gehien bat teknologia hutsari egin zaio jaramon, "hard" eta "soft" en aldetik zer nolako erantzuna eman dakiokeen erantzunez. Eta hori ez dago gaizki... baina ez da nahikoa. Eusko Ikaskuntzak parte hartu izan du zenbait esperientziatan alde horretatik eta, aitortu behar dut, ez gara oso pozik geratu, batez ere arazoaren muinari heldu beharrean azalari, oskolari, heldu zaiola uste dugulako. Hau da, euskararen bitartezko hedapen masiboari muzin egin zaiola iruditzen zait, herri teknokrata honetan eta Euskal Herria egundoko maisutasunaerakutsi du beti alderdi horretan oso arreta gutxi eskaini baitzaio, zientzia euskaraz sortu eta mundu osora hedatu ahal izateko arazoari. Beharrezkoak direla teknologia berriak euskara irakasteko? Batere zalantzarik gabe, baina horretan geratuko bagina, berehala itoko ginateke gure ezintasunean. Zergatik? Bada, oso erantzun sinplea: sistemak elikadura jarraia behar duelako bizirik iraungo badu. Eta gorputz bati ez bazaizkio era guztietako bitaminak eskaintzen gaixotu egingo da, ahuldu, eta laster hilko. Ikus entzunezkoen teknologia, informazioaren autopistak, disko trinko eta multimedia diskoak, liburu elektroniko eta etorkizunak oraindik zerbitzatu ez dizkigun produktuei buruz mintza gintezke, baina horietatik joan behar duen elementuaren gain ez bada behar bezala ikertzen, agur! Eusko Ikaskuntzaren gisako erakundeei ekoizpen jarrai...eta garestia dagokigula uste dut. Eta ez dago beste irtenbiderik. Hizkuntza guztiek ez dute osasunbide tratamendu berdina behar, inguratzen gaituzten espainierak eta frantseserak, adibidez, bestelako arazoak dituzte, besteak beste, Internet sarean maioritario izatezko maila lortuko ote duten, edo ingelesaren morroi izaten jarraituko duten. Gureak ez; gureak tokitxo bat eskatzen du, aurreneko erronka bezala, mende erdi barruko hizkuntzen artean. Eta hori geure esku dago, euskaldunon esku. Izan ere, guk ez badugu gurea zaintzen, nork egingo du? Konturatu al zarete oso baikorra naizela euskarak eduki dezakeen etorkizunari dagokionez? Gauden egoera larrian egonda ere, esperantzarekin begiratzen dut aurrera, eta teknologia berriek ekarpen ezin hobea ekar dezaketela iruditzen zait, ezelako zalantzarik gabe PAPERAK ekarri zuena baino askozaz onuragarriagoa... BALDIN ETA HAIEK ONGI ERABILTZEN BADAKIGU. Nazionalismoaren aliatua izatearen susmagarria ez zen Txurrukako Kondeak 1918an zioena gogoratu nahi dut berriz ere, nazionalitatearen aurreneko elementua hizkuntza dela zioenean. Hori horrela izanda, eta euskaldunon gogo muina euskara dela asumitzenbadugu, euskarak ez luke arazorik eduki beharko, erabateko komunikazioaren galaxia honetan aurrerapen erabakigarriak egiteko. Hori, badakit, nire barruko nahiaren islapena da... baina, une zailagoak ezagutu ditudalako, baikor izatera behartzen dut neure burua, itxaropentsu azalduz. Komunikazio eta informazioko merkatu erraldoiak, gehien bat, informazioaren edukia hautatuko du lehengaitzat. Horretaz konbentzituta nago, zeharo. Eta, aizue!, euskal gogo muinaz sortutako materialak... euskaldunek bakarrik burutu ahal izango ditugu. Hori bai, eduki antzeratsuen merkatu irudikatuezin horretan, kalitateak aginduko du, eta prezioak, gure hirietako edozein merkatutan bezala. Ala inork galdetzen al du, adibidez,kilo bat patata erostera doanean, baserri txiki ala handi batekoak ote diren? Internet sarean, ene ustez, laster ez dira hizkuntza maioritario edo minoritarioak izango, behintzat guk orain kontzeptu horien barruan ulertzen dugunaren arabera. Sarean tokitxo bat, txikiena ere, izanez gero, hizkuntza erabilia bihurtuko da, BIZIA. Ezin digutela kanpotarrek euskaraz irakurri? Eta zer? Hori ez da garrantzitsuena. Inportanteena, eta nirekin egongo zaretela uste dut, euskaraz kalitatezko edukiak SORTZEA da eta zientzia esparrura zer eskaintzerik badugula ERAKUSTEA eta zientzia hori DIBULGATZEA eta azkenik SALTZEA. Eta hori euskal baratza behar bezala jorratu eta ongarrituz gero erdietsiko dugu, hots, zientzialari euskaldunei aukera ematen, euren ikerketa lanak eta euren jarduna euskaraz garatzeko. Hitz politak... baina garestiak asmoak gauzatuko badira. Ez dago lotan jarraitzerik, oso epe laburrean euskara hilzorian egon baitaiteke. Nire ikuspuntutik, euskal agintariek euskararen sustapenean inbertitu beharreko diruak bi ataletan sartu beharko lituzkete: a) Euskarazko sorkuntza beste hizkuntzetara itzultzen b) Itzulpengintza hori ahalik eta aberatsena izan dadin, teknologia egokia prestatzen Sorkuntza GEURI dagokigu, geu garelako euskaldunak. Teknologia prestatzea, lehen azpiegiturabezala identifikatutakoa, GEURI eta BESTEEI ere dagokigu, elkarlanean, hain zuzen, teknologiaren aplikapena arlorik gehienetan antzerakoa baita. Sinergiaren indarraz baliatuta, euskaldunok EUSKARA BESTE HIZKUNTZAK arteko itzulpen sistemak garatu beharko genituzke. Ordenadoreek ahotsaren erregistroak ezagutzeko gaitasuna duten une hauetan, eskatzen den erlazio hori (Euskara Beste hizkuntzak) betetzeko teknologia berandutuko dela uste al duzue? Baikorra izan nahi dut eta laster testu itzulpen automatikoak zerbitzatu ahal izango direla pentsatzen dut, testuarekin batera edozein hizkuntzatara joango den itzulpen mekanismoa erantsita. Euskarak hori behar du teknologia berrien aplikapenak etekina ekar diezaion. Jar dezagun adibide bat: Donostiako Nazioarteko Fisika Zentroan (hain zuzen ere, eta oker ez banago, bere izena ingelesez bakarrik duen Zentroari nagokio) euskaldun talde batek "Elektroi molekulen dentsitatea"ri buruzko ikerketa on bat prestatu nahi dute. Hizkuntzaren gorabeheretan euskararen alde jotzen dute, denok euskaldunak direlako eta euren arteko hizkuntza euskara delako. Lana burutzen dute eta dibulgaziorako testu elektroniko bat aukeratzen dute, liburu edo artikulu gisa. Euskarazko testuarekin batera, adibidez, (ingeles euskara) itzulpen ona bermatuko lukeen mekanismoa eskaintzen da. Hortxe dugu EDUKIA Eta hortxe dugu GARRAGAILUA, ikerketa lanak munduko interesatuen arreta lortzea ahalbidetzen duena. Urruti gaudela puntu horretatik? Ez dakit zer den urruntasuna. Baina seguraski, batzuentzat utopia daitekeen horretatik askoz hurbilago gaude gaur atzo baino. TARTEKO MUGA Teknologiek ezinbesteko baliabideak ekartzen ez dizkiguten bitartean, beste bideak ohikoak jorratu beharko ditugu, baina horretarako finantza lerroak egokitu behar dira. Zertarako? Jar dezadan adibide bat Eusko Ikaskuntzak ikastaro birtual berri bat abiarazi du Internet sarean: JAKINET izenekoa, eta horren bidez euskal gaietan adituak preparatu nahi ditu, gure zientzia eta kulturaz benetakoadituak izan daitezen. Ikastaro honek aurrerapen bat izan du, presentzia ikastaro bat bezala, eta laugarren edizioan gaude. 1. Ikus dezagun zer gertatzen zaigun presentzia ikastaroarekin: Ikastaroak 125 irakasle inguru mugiarazten ditu, goi mailakoak, eta uler daitekeen bezala, denak ez dira euskaldunak. Bestalde, ikasleria mugatua izaten da, irakaskintzako kalitateari eman baitiogu lehentasuna eta ikasle bakoitzak bere tutorea edukitzea nahiago izan dugu, ikasleen kopurua masifikatu gabe. Ez dira berrogeitik pasatzen urtebete batez ikastaro hori jarraitzen dutenak. Askoz errazagoa da ikasleen kasuan, denak euskaldunak izatea. Zer gertatzen da ikastaroan zehar? Ikasleek, nahiz eta DENAK euskaldunak izan, zenbait irakaslerengandik espainiera, frantsesera edo ingeleseraz jasotzen dituztela horien ikasgaiak. Eta irakasle euskaldunak IKASLE BAKAR BAT ERE erdalduna dela ohartzean erdarara jo behar du ikasgaiaren edukia guztiengana helarazteko. Beraz, EUSKARA BETI GALTZAILE, irakaslea edo ikaslearen erruz, euskal gaiak izan arren. Inoiz ez dugu euskara hutsez eman ahal izan. 2. Ikastaroa formula birtualean: Aurreneko aldiz urrian abian jarri dugula eta bi adar ditu ikastaroak: euskaraz eta espainieraz. Irakaslea, euskalduna ez den arren, ikasle euskaldunekin ari daiteke, itzulpenari esker eta ikastaroaren idazkaritzak ahalbidetzen dion sistema logiko baten bitartez. Zer esanik ez, irakasle euskaldunek euskaraz eman ditzakete euren testuak... edota espainieraz, ikaslea erdalduna bada. Ikasleak BETI DU AUKERA hizkuntza aukeratzeko. IKASLEA GARAILE, beti. Aurten espainiera eta euskara hautatu ditugu ikastaroko hizkuntzak bezala, baina ekonomiak utziko baligu beste hizkuntza batzuetara ere frantsesera, ingelesa pasa genezake modeloa. Planteatzen ari naizen formula honek ekonomia errentabilitatearekin al du zerikusirik? Bai, hein handi batean, guztian ez esatearren. Izan ere, lehen nioen legez, merkatu legeei eutsi behar diegu Internet sarean eta, oro har, edukien merkatuan,horiek sortuko diren hizkuntzak edozein izanik ere. Baina, otoi!, ezin dakioke erabile gutxiko hizkuntza bati tamaina handiagoko beste baten ekonomia oreka. Oinarrizko arautik abiatuta, kalitatezko produktuak beste batzuekin lehian egiteko adina meritu baldin badu, eremu urrikoak abantailaren bat eduki beharko luke, gain kostuei aurre egiteko. Ez al dugu urtetan zehar esportazioko desgrabazioa ezagutu, atzerrira bidali nahi genituen produktuak lehiakorrak izan zitezen? Hemen ere antzerako zerbait asmatu beharko litzateke. Eta gure artean Europar Batasunaren zenbait erakundetako ordezkariak daudela aprobetxaturik, mezu bat iristarazi nahi diet, adierazteko Europar Batasunak oraindik ez duela ezertxo ere egin bete beharko lukeenarekin alderatuta hizkuntza minoritarioak behar bezala babesteko. Asmatu dituzten laguntza lerroak, gutxi eta herrenak direla esango nieke, hizkuntzaren irakaskintzara baitaude gehien bat zuzenduta. Eta hori ez da nahikoa. Hizkuntza maioritarioek estatu hizkuntzek daramatenarekin konparatuta, txikiei eskainitakoa hutsaren hurrena da. Hori onartzen ez duenak, ez du benetako korapiloa non dagoen ikusi nahi. Erabile gutxiko hizkuntzek, beraien eskubideetan sinesten bada behintzat, askoz tratamendu sendoagoak beharko lituzkete, integralak, eta demokratak izatera jokatu nahi bada ezin daitezke abiaburu berdinean osasuntsuak eta gaixoak jarri, hau da, estatu hizkuntzak eta gehienez jota lurralde hizkuntzen mailara ozta ozta heltzen direnak. Eta hori ez bada ulertzen, barka nazazue baina estatu horiei bost axola zaie euren "cultural heritage" zorionekoa. Nahiz eta hitz arranditsuak erabili, argazkia egiteko unean. Eta gure herriko agintariei, gauza bera adieraziko nieke, inbertsio handiagoak egin behar dituztela, batez ere itzulpen sistema automatikoak berma lezaketen "hard" eta "soft" egokiak garatzeko. Bitartean, kalitateari zuzeneko bidetik laguntzea, programa ausartagoak asmatuz. Laburbilduz: Eusko Ikaskuntzaren gisako erakundeek euskararenalde egin lezaketen gauzarik probetxugarriena , batere duda izpirik ez, euskarazko eduki onak ekoiztea da. Besterik gabe. Euskararen eta orohar hizkuntza minoritarioen defentsan ari direla diotenei, eskuzabalagoak izatea, alde batetik, eta kritikoagoak, bestetik. Zabaltasuna laguntzen iturria irekitzeko orduan eta kritikoak izatea edukien kalitatea baloratzean. Horrela, seguru asko, mende erdi baten barru, egoera larrian dauden gure hizkuntzei betarte hobea igarri ahal izango zaie. Eskerrik asko. Oharra: testu hau, 2000ko azaroaren 8an, "Multimedia eta Gutxiengo Hizkuntzen II Nazioarteko Topagunea" ekitaldian egileak irakurritakoa da. Josemari Velez de Mendizabal, Eusko Ikaskuntzako Gerentea Euskonews & Media 107.zbk (2001 / 1 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria