107 Zenbakia 2001-01-19 / 2001-01-26

Gaiak

Euskal gramatika-testu zaharren (berr)argitaratzeaz

GÓMEZ, Ricardo

Euskal gramatika testu zaharren (berr)argitaratzeaz Euskal gramatika testu zaharren (berr)argitaratzeaz * Ricardo Gómez Euskal gramatikagintzak ez du corpus zabalegirik, inguruko tradizio handienekin (espainola, frantsesa, ingelesa, etab.) konparatuz gero behinik behin, baina Europako esparruan ez da inondik ere makalenetakoa, ezta berrienetakoa ere; kontuan har bedi hainbat eta hainbat hizkuntzak ez zutela gramatika idatzirik izan XIX. mendea iritsi arte (novegiera eta bulgariera, kasu). Jakina denez, lehen euskal gramatika argitaratua Larramendiren El imposible vencido (Salamanca, 1729) dugu. Ez da hau alabaina euskararen gramatikaz idatzitako aurreneko testua. XVI. mende hondarraz geroztik, luze zein labur, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo, gai horretaz diharduten testu bakan batzuk aurkitzen ditugu: Garibai, Voltoire, Oihenart, Mikoleta (ik. gehienen azterketarako, Oyharçabal 1989). XVIII. mendea ere urri da gramatika testuen ekoizpenari dagokionez, nahiz Larramendi edo Sarako Etxeberri gisako autoreak izan. XIX. mendean, ordea, euskal gramatika testuen kopurua nabarmenki haziko da, lehenbiziko erdian bertako euskalarien (Astarloa, Darrigol, Abbadie, Xaho, Zabala, etab.) eta bigarrenean kanpoko euskalarien eskutik batik bat (Bonaparte, van Eys, Vinson, Schuchardt, etab.). Mota askotako testuak ditugu mende hauetan: euskal gramatikaren deskribapen osoa eman nahi dutenak (Larramendirena, esaterako), eskola gramatikak (arras gutxi, euskarazko eskolatzea gertakari aski berria baita), euskara ikasten laguntzeko lanak (horrelakoak ditugu, besteak beste, Voltoire edo Mikoletaren lantxoak) edo bestelako artikulu eta ohar gramatikalak (Vinson edo Schuchardt batenak, beste hainbaten artean). Testu zahar hauek antzina idatzi ziren. Egun, haatik ez dira guretzat interesik gabekoak. Egungo gramatikalarientzat zein dialektologilarientzat oso baliagarriak izan daitezkeen datuak ahaztu gabe, gramatika testu zaharrek euskararen historia ezagutzeko garrantzitsuak dira,arretaz erabiliz gero (ik. honetaz Gómez 1997). Azkenik, jakina, euskal gramatikagintzaren historia bera egiteko ezinbestekoak ditugu. Hori dela eta, testuok eskuragarri behar ditugu eta horretarako edizio moderno egokiak ezinbestekoak dira. Alabaina testu edizioak egiteko modu desberdinak daude, jakina denez. Edizio faksimile edo mekanikoak, edizio paleografiko edo diplomatiko izenekoak eta, azkenik, edizio kritikoak ditugu argitalpenak egiteko mota nagusiak. Ez dugu hau modu bakoitzaren ezaugarrietan sakontzeko lekua (ik. horretarako Blecua 1983), baina esan dezadan, ezer baino lehen, ez dagoela edizioak egiteko era zuzen bakarra. Testu bakoitzak eskatzen digu, nolabait, edizioa egiteko moldea. Edizio faksimileak modu mekaniko batez eginak dira: argazkia, fotokopia, mikrofilmea, digitalizazioa, etab.; beraz, izkribu bat (eskuizkribua zein argitalpena) bere ezaugarri guztiekin ematen da, baita hutsak ere. Ez dute, hortaz, testuaren tradizoa aintzat hartzen, ezta testua zuzentzen. Euskal Herrian argitalpen faksimileak egiteko ohitura oso zabalduta egon zen duela hogei bat urte, Hordago argitaletxearen eskutik bereziki. Nire iritziz, faksimile horiek laguntza handia eman zuten zenbait gramatika zahar ezagutarazteko (Larramendi, Intxauspe etra Ithurrirenak), baina beharbada edizio egokiagoak egitea eragotzi zuten nonbait. Izan ere, gramatika testu zaharren edizioak egiteko faksimilea metodo baliagarria izan daiteke, baina sarrera argigarri batez hornitzen badira (hemendik kanpo aski ohitura zabaldua da hori, bilduma osoak ere horrelako lanak egiteko eskaintzen direlarik, hala nola Stuttgart eko Friedrich Frommann ena). Edizio diplomatikoetan izkribua (gehienetan eskuizkribua) zehazki eta fidelki islatu nahi da. Hori dela eta, argitaratzaileak ez dio testuari inongo aldaketarik ezartzen: ez ditu hutsak zuzentzen (nahiz eta zeharo nabarmenak izan), ez hutsuneak betetzen saiatzen, ez hitzak banatzen edo biltzen; grafia eta puntuazioa ere ez dira ukitzen eta eskuarki izkribuarenorrialde banaketa eta lerroak zehazten dira. Hau da, testua ematen da ezer interpretatu edo berreraiki gabe, transkripzio hutsa da. Funtsean, edizio mekanikoetatik bereizten duten bakarra irakurtzeko erraztasuna da, bereziki testu oso zaharren kasuan ez baita paleografiaz jakin beharrik. Zalantzarik gabe, edizio egokienak, printzipioz, edizio kritikoak izaten dira. Labur esanda, edizio kritiko baten helburua egileak idatzi nahi izan zuen testua islatzea da (original ideala deitu ohi dena). Alde horretatik, edizio kritiko bat beti hartu behar dugu behin behinekotzat, lan hipotesitzat, etengabe ediziogile berberak edo bestek hobetu dezaketen lana. Edizio kritiko batek testuaren lekukotasun guztiak aintzat hartzen ditu, ez ale bakar bat, eta euren arteko erlazioak zehaztu ondoren testu kritiko bat (original idealera hurbildu nahi dena) proposatzen du. Sarrera batean lekukotasunen deskribapena egin eta euren arteko loturak, baita edizioa egiteko gainerako irizpide guztiak ere zehaztu behar dira. Azkenik, aparatu kritikoan lekukotasunen arteko aldaerak, aurkitutako hutsak eta hizkuntzazko eta bestelako ohar argigarriak sartzen dira. Metodo mekaniko, paleografiko edo kritikoa erabili, euskal gramatika lan zaharren edizioek sarrera argigarri onak izan behar lituzkete. Ene aburuz, ondoko puntuez gutxienez jardun liteke honelako sarreretan (ez nahitaez ordena honetan): testuaren garaiko gramatikagintza, egilea eta haren beste lanak, gramatika lanaren helburua eta egitura, testuan azaldutako ideia gramatikalak, lanaren iturriak, testuaren tradizioa eta eragina eta, azkenik, ediziorako irizpideak (faksimilea bada, zein eta nongo alea den zehaztuko litzateke). Gramatika zaharren (berr)argitalpen modernoei so egiten badiegu, ikus daiteke gurean edizio kritiko egokiak ia erabat falta direla bi baino ez ditut ezagutzen, Mikoleta eta Voltoire ren edizio berriak (Zelaieta 1988 eta Lakarra 1997, 1999, hurrenez hurren) eta gehienak faksimileak izan direla (14 edizio faksimile eta12 edizio paleografiko). Nabarmentzekoa da, oroz gainetik, zenbat gramatika zahar dagoen oraindik argitaratu gabe edo argitalpen modernorik izan gabe (26 dira, gramatika lan garrantzitsuak baino ez baditugu kontuan hartzen). Aurtengo Donostiako Uda Ikastaroetan arazo batek sortu zuen eztabaidarik beroena bertan euskal testuen edizioaz eta historiaz mintzatzeko bildu ziren filologilarien artean, testuaren kanpoko itxura gaurko irakurleari egokitzeko abaguneak, alegia. Izan ere, edizio kritikoek testuaren kanpoko itxura (grafia, puntuazioa, hitzen banaketa, etab.) moldatu ohi dute dispositio textus deitu ohi den lana irakurleari irakurterrazago bilakatzeko asmoz, baina testuaren funtsezko ezaugarriak ezabatu gabe (eta hortxe dago gakoa, zein diren testu baten funtsezko ezaugarriak asmatzea). Eztabaidan parte hartu zuten zenbaitek testua zegoenean uzteko egokiera defendatzen zutelarik, beste batzuek testuaren "azala" aldatzeak ez diola testuari kalte egiten, aitzitik hobetu egiten duela onartzen zuten. Ni bigarren hauei atxikitzen banatzaie ere, uste dut gramatika testuek aski bereziak direla puntu honetan. Testuon interes nagusiak hizkuntzarekin du zerikusia, hasieran esan dudanez, eta, esaterako, askok ortografiari buruzko atal bat dute, ortografi sistema bat proposatzen dutelarik. Edizioan grafia aldatuko bagenu, nabarmenki hondatuko genuke testuaren barneko koherentzia. Horregatik, eta testu baten edizioa egiteko modu bakarrik ez dagoela berriz gogora ekarriz, honelako proposamen hau egin nahi nuke gramatika testuen azaleko moldaketei dagokienez: Grafia bere horretan utzi (v / u, s / "+ bikoteak eguneratu litezke, haatik); hitzen banaketa eguneratu; puntuazioa eguneratu; letra larrien erabilera ere eguneratu; laburdurak osatu; huts nabarmenak zuzendu (eta oharretan adierazi, jakina) eta bestelako huts posibleak aparatu kritikoko oharretan bakarrik adierazi. Esan bezala, aparatu kritikoan testu aldaerak, hutsak eta bestelako argibideak azaldu behar dira. Gainera,edizioa gutxi lantzea, testua gutxi "aldatzea", aparatu kritiko sendo batek edota sarrera zehatz batek orekatu beharko lukete. Bibliografia: Blecua, Alberto. 1983. Manual de crítica textual. Madril: Castalia. Gómez, Ricardo. 1997. "Euskalaritzaren historiarako ikerketa norabideak: zenbait proposamendu". ASJU 31:2.393 409. Lakarra, Joseba A. 1997. "Hizkuntz eskuliburuen tradizioa Euskal Herrian: I. L'interprect ou Traduction du François, Espagnol & Basque (~1620)". ASJU 31:1.1 66. . 1999. "Hizkuntz eskuliburuen tradizioa Euskal Herrian: II. L'interprect ou Traduction du François, Espagnol & Basque (~1620)". ASJU 33:1 (inprimategian). Oyharçabal, Beñat. 1989. "Les travaux de grammaire basque avant Larramendi (1729)". ASJU 23:1.59 73. Zelaieta, Angel, arg. 1988 1653 . "Rafael Micoleta Çamudio: Modo Breue de aprender la lengua vizcayna". Hizkuntza eta Literatura 7.133 214. Berrarg. zuzendu eta osatua: Rafael Mikoletaren era llaburra. Bilbo: AEK, 1995. Ricardo Gómez, EHUko irakaslea Euskonews & Media 107.zbk (2001 / 1 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria