105 Zenbakia 2001-01-05 / 2001-01-12

Gaiak

Umandiren hiztegi ideologikoa kalean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Umandiren hiztegi ideologikoa kalean Umandiren hiztegi ideologikoa kalean Andoni Urrestarazu, Umandi ren "Asmo iztegia" argitaratu du UZEI k * Zuriñe Velez de Mendizabal Umandi euskaltzalearen lana, hiztegi ideologikoa izateaz gainera, esanahiez eta atsotitzez osaturik dago. Bere heriotzaren zazpigarren urtemuga zela eta ikusi zuen argia urte askotako lan horrek. Arabako lautadaren iparraldean dagoen Araia herrian jaio zen Andoni Urrestarazu 1902.urtean. Askok Umandi izengoitiarenkin ezagutu zuten euskaltzalea. Euskara eta Euskal Herria ardatz nagusi izan zituen gizon honek bere bizitzan zehar. 91 urte zituela hil zen Gasteizen, 1993an. Umandi k ikasketak Madrilen eta Donostian burutu zituen, eta gerra piztu arte euskaraz ikasten aritu zen. Gasteizen euskarako klaseak ematen hasi zen bere etxean 1942.urtean, nahiz eta aurretik, 1936an, gartzelan zegoela euskaraz ez zekien jende askori irakatsi zien. Parisen ere, erbesteraturik zegoela, irakasle gisa jardun zuen. Lan ugari egin zituen soin txikiko euskaltzale honek bere bizitza luzean. Ospe handia erdietsi zuen bere gramatikak, "Seminario de filologia Vasca Julio Urquijo" k argitaratua 1955.urtean. Horretaz gain Euzko Deya, Euzko Gogoa, Goiz Argi eta beste aldizkari batzuetan idatzi zuen, eta zenbait liburu eder argitaratu zituen. Bere heriotzaren zazpigarren urtemuga izan berri da, eta UZEI k arabarraren azken lana argitaratu du: "Asmo iztegia". Umandi k bukatzear utzi zuen bere lana, eta Gaspar Erkiziak, Andoniren laguntzaile handienetarikoak, hiztegiari geratzen zitzaizkion xehetasunak bete ondoren, ikusi du argia. Hiztegia kaleratzeko Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan da, UZEI renarekin batera. Umandi 1983.urtean hasi zen hiztegia preparatzen. Entzuna zuen Raimundo Olabide(1869 1942) gasteiztarrak horrelako lan bat egiteko asmoa izan zuela beti, baina ezin izan zuela burutu. Gauzak horrela, eginbehar hau bere esku hartzea pentsatu zuen araiarrak. Hiztegiak 385000 fitxaren edukia gordetzen du, eta Umandi k hamarurte behar izan zituen fitxa horiek osotu ahal izateko. Urte hauetan, eguneko hamar bat ordu lanean ematen zituen. Fitxa guzti hauek 3226 orrialdetan batu dira, eta bi liburutan banatu. Hiztegiak hiru atal ditu. Lehenik eta behin hiztegi ideologikoa. Hemen, hitzak familiaka biltzen dira (landareak, abereak, ...). Bigarren zatiak lehenengo ataleko hitzen esanahiak biltzen ditu; eta hirugarrenean aldiz euskal atsotitzak aurki daitezke. Hiztegia osatzerakoan zailtasunak eduki ditu UZEI ren lan taldeak, eta hauen artean bi bitxikeria: lehenengoa egilearen letra zail egin zitzaiela ulertzeko, eta beraz, lana behar bezala burutu ahal izateko Andoniren familiaren laguntza behar izan zuten. Bigarrena, "ll" eta "rr" hitzak "l" eta "r" gangardunak idazten zituenez, eta formato orijinala mantendu nahi izan dutenez gero, ordenagailurako letra era berezia sortu behar izan dute. Umandi k jasotako laguntza Andoni Urrestarazuren arreba, Miren Teresek azaldu digunez, "Asmo iztegia" egiteko Andonik Gaspar Erkiziaren laguntza izan zuen Umandi k: "Larunbatetan euskal mezetara joaten ziren biak Gasteizen, eta bakoitzak astean eginiko fitxak zeramatzan; elkarri eman eta bestearen okerrak zuzentzen zituzten." Erkiziaren laguntzaz gain, Andoni Perez Cuadradok ere lagundu zuen lana burutzen: "Biok aritzen ginen nire anaiaren fitxak makinaz pasatzen. Zoratzeko lana zen hura, zuzenketak egin behar ziren, beste gauza batzuekin batera. Umandi hil zenean, eginbehar hau UZEI k hartu zuen." Perez Cuadradok liburua egiteko erabili ziren 385000 fitxak pertsonalki garraiatu zituen Gasteiztik Donostiara, horrela bakar bat ere galduko ez zela ziurtatuz. Umandi k lan ordua piloa inbertitu zituen lantegi honetan. Goizean goiz jaiki, eta mezetara joaten zen. Gosaldu eta berehala ekiten zion lanari. Bazkaltzeko atsedena hartzen zuen, eta bazkalostean, denborarik galdu gabe lanarekin jarraitzen zuen, afaltzeko ordura arte. Esan daiteke Andonik azkenengo hamar urteak hiztegi hau lantzen eman zituela atsedenikgabe. Baina ez zuen itxaropen handirik bere lanak argia ikusiko zuen ala ez, eta nahiko etsita esan ohi zuen: "Ez dakit hau guztia botatzeko ez ote den izango azkenean." Horregatik "Asmo iztegia" Umandi euskaltzale handiari egin ahal izan zaion omenaldirik onenetarikoa da, bere arrebaren ustez. Zuriñe Velez de Mendizabal Euskonews & Media 105.zbk (2001 / 1 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria