Xalotasunaren soinua Xalotasunaren soinua * Jose Antonio Quijera Sailkapen sistematikaren gainetik, hurrengo tresnek badute denen artean ezaugarri amankomun bat, eta hori haien soiltasuna da. Bai tresnak egiteko materialez, bai soinua sortzeko eraz, musika tresna sinpleak dira denak. Baina, nortasunezko tresnak ere badira, eta hau guztiarengatik ere, eraginkorrak. Aurreko ezaugarri honek tresna hauei ateak zabaltzen dizkie: oso erabiliak izan dira, gainera duela gutxi arte; haien eremu geografikoa ere zabala izan da, kasu askotan Euskal Herriko mugetatik esparru zabalagoetan aurkitzen dira; teknikoki zailtasunik gabeko tresnak izatean, helduen nahiz haurren eskuetatik mugitu dira askotan. Soinu hutsa eta musikaren arteko muga ez da erraztasunez finkatzen. Askotan, ondoko tresnak leku anbiguo horretan bizi izan dira. Hona hemen Euskal Herrian erabilitako batzuk: Burrunbera Sailkapenean, tresna honi hobeto doakion taldea aerofonoena da. Berarentzat beste izen batzuk ere ezagutzen dira Euskal Herrian: zurrunbera eta firringila, esate baterako. XX. mendera iritsi zaigun moduan, batez ere artzaiek erabilitako objetu soinu sortzailea izan da. Askotan nahiko artistikoki landutako taulatxoan, zulo bat egiten da. Hemendik, soka mehea lotzen da. Orduan, buru gainean birarazte zaio, eta ondorioz soinu grabe, sakon eta luzea sortzen du. Baita ere, haurren jostailua izan da. Tresnaren aldaerak badaude. Kriskitinak Tresna idiofonoa zaigu ondokoa. Egurrez egindako bi pieza ahur dira, aurrez aurre elkarri lotuak. Horrelako bikote bana eskuetan erabiltzen dira, esku osoan harrapatuta erritmikoki doinua jarraitzeko, eta ez edozein modutan. Erabilitako beste izen euskaldun bat arxaluak da. Bitartean, euskararik gabeko tokietan batez ere castañuelas erabiltzen da. Gaur egun batez ere, leku batzuetako dantzariek erabiltzen dituzte, lekuko izaki sakratuaren aurrean tresna dantzak egiteko, eta gehienbat uneko jarraoietan. Horra hor, adibide batzuk aipatzeagatik, Oñatiko dantzarien trebeziaerritmikoa San Migel aurreko dantzetan, edota Eltziegoko dantzarien lana Plazako Ama Birginaren aurrean, Otsagikoen Muskildako Ama Birginari emandako soinu akonpainamedua. Saga koreografiko konplexu hauetatik kanpo ere erabiliak izan dira, batez ere arin arin, orripeko eta ingurutxoetan. Aldaera bat aipatu behar da: horrelako tresna txikiagoak ezagutu dira duela gutxi arte. Orduan, bikote bakoitza hatz lodietatik zintzilikatzen zen, esku osoan heldu ordez, pulgateras izenez ezagututakoak. Tarrañuelak Ondoko idiofonoek aurrekoekin zerikusi handia dute. Oraingoan, tresna bikotea bi taula txikik osatzen dute, errektangularrak biak. Eskuetako hatzen artean heltzen dira, eta jolea trebea baldin bada, taulatxo bikote bina erabiltzen dira. Horrela, bi eskuek parte hartzen dute, doinua erritmikoki jarraitzeko asmoz. Bizkaia aldean paluek erabiltzen da izentzat, eta Errioxan tabletas.. Tronpa Idiofonoetan sailka daitekeen tresna da hau. Gutxienez, ondoko izenak ere erabiliak izan dira iraganean: mosu musika eta mosu gitarra. Iraganean oso erabilia izan arren, egun ia ezezaguna da. J.A. Donostiak adierazten duen bezala, bere itxura giltzaren perimetroarena bezalakoa da, metalezkoa, eta luzeka xafla mehea darama, metazlekoa ere. Aho irekian, ezpainetan kokatu, esku batez heldu eta besteak xafla hori mugimenduan jarri behar du. Ahoak oihartzun kutxaren lana egiten du, eta bibrazioa menperatuz nota ezberdinak lor daitezke. Alberretxiku hezurra Aerofono sinple hau haurren eskuetatik iritsi zaigu. Herrietako umeek, arbeletxeko edo abrikotondo hezurra aho barruan ondo zuritu ondoren, eskuetan hartu eta, zoru edo hormaren aurka higatuz mutur batean zulotxo bat egiten zaio, ongi definitua. Gero, barrutik husten da. Ezpaina zuloan kokatuta, airea barrenera botatzen da hezurrak soinu bihurtuta itzul dezan. Sunpriñua Mihi bikoitzeko aerofonoa da hau. Urritz azalez egindakoa da. Adarrari azala kendu behar zaio biraka adarraren luzeran, bost edo sei zentimetrotako xafla bat lortzeko. Gero,xafla mehe eta luze honen bitartez bueltaka aritzen gaita edo dultzainaren antzeko egitura sortzea bilatzen da, hodi bat, aho aldeko zatia mehe mehea, eta beste muturra kanpai erara. Kanpai honetan bi zulo egiten zaizikio. Horrela, nota ezberdinak lor daitezke. Azala erraztasunez askatzeko, urritzak bere izerdia bota behar du. Orduan, tresna egiteko sasoi hoberena udaberria da. Gero, tresnaren bizitza ez da oso luzea. Azala lehortzen den adinean, hauskorrago bihurtzen da, eta oso erraz puskatzen da. Txilibitua Edo txulubita, horrela ere ezagutzen dela eta Euskal Herriko beste lekuetan. XX. mendean gutxienez, haurrek erabilitako aerofonoa izan da. Toki askotan ezagutua izan da, eta haurrek berek egiten zuten jolasteko, edota aitak bere seme edo alabari prestatzen zion, hau txikia bazen. Materialik erabiliena, berriro, urritza izan da. Azala hodi moduan askatuta, lehen bezala udaberrian ere erraztasunez, mokoa egur berdinez egiten zaio mutur batean airea barneratzeko zuloaz hornituta. Goikaldeko beste zuloak mihiaren lana egiten du. Soinua aldatzeko, notak emateko gauza baita tresna hau, beste muturretik hodi barrura makil puska sartzen eta atzeratzen zaio, joleak haizea barrura botatzen duen bitartean. Jose Antonio Quijera Folklore Saila, Eusko Ikaskuntza Soinu edizio digitala: Elena Moreno Zaldibar
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.