10 Zenbakia 1998-11-13 / 1998-11-20

Gaiak

Euskal soinutresnak Herri Musikan

BELTRÁN ARGIÑENA, Juan Mari

Soinutresnak Herri Musikan Euskal soinutresnak herri musikan * Juan Mari Beltrán Argiñena Bat baino geiago dira musikari forma ematen dioten osagarriak, nabarmenenak, melodia bere eskala eta interbalikakin, erritmoa, armonia eta tinbrea. Horrela, munduan zehar sortu izan diren musika herrikoi bakoitzaren itxura hartzean eragina izan duten zergatiak zehazteko, ikerketa sakon bat beharko litzateke. Baina, zalantzarik gabe, herri bakoitzeko musika autoktonoaren itxura estetikoan eragin izan dutenak, soinutresna autoktonoak izan dira. Soinutresna hauen tinbre, eskala berezi, tesitura, estensioa, e.a, ek kolore eta forma melodiko ezberdina eman diete herri ezberdinetako musika autoktonoei. Orkestra eraketak eta soinutresna polifonikoek ere eragin dute eraketa armonikoetan. SOINUTRESNEN SAILKAPENA Asko izan dira, ezagutzen diren soinutresna moten ezagutzan sakontzeko aurkeztutako irizpideak, beraien berezitasunetan oinarrituriko kategorietan taldekatuz. Honela, soinutresnen arteko erlazio eta zerikusiak planteatzeko ordenak finkatu nahi izan dira. Hona hemen zenbait sailkapen sistema: Soinutresnaren funtzio musikalean oinarrituak: melodiko, erritmiko, armonikoa,... Bere osaketan parte hartzen duten materialen arabera. Soinutresnaren hots iturrien eta akustikaren arabera. Gaurko orkestra akademizistak esatebaterako aipatutako hiru sistema hauek nahasten ditu: Erritmiko edo perkusio taldea "Madera eta metal" direlako taldeak "Viento" delako taldea. Hiru sistema horietako azken horretan oinarriturik, hau da, printzipio akustikoetan oinarriturik dagoena, 1914an, Erich M. von Hornbostel eta Curt Sachs alemaniarrek osatu zuten, sailkapen sistema berria, orokorrean, unibertsalki onartua izan da. Sistema hau da, gure soinutresna autoktonoak sailkatu, erlazionatu eta taldekatzeko aukeratu duguna, nahiz eta jakin, kasu guztietan ezin dela era absolutuan erabaki, bai baitaude sailkatzen zailak diren batzuk, eta baita talde batean baino gehiagotan sartu ditzakegunak ere. E. vonHornbostel eta Curt Sachs ek beren sisteman, oinarrizko bost talde proposatzen dituzte. Talde honetako bostgarren taldea Elektrofonoena da, eta berau alde batera utziko dugu, landu behar dugun gaiatik at geratzen baita. Hona hemen beste lau taldeak: Idiofonoak; soinutresnaren gorputza bera denean bibratzen duen elementua. Berau beraz, aparteko tinkaketarik behar ez duen (soka edo partxeak behar duten bezala) eta soinua sortu dezakeen materialekin egina egongo da. Aerofonoak; haizezko soinutresna bezala ere ezagutzen diren hauek oinarrizko bi elementu dituzte: aire zutabe bat gordetzen duen hodi edo ontzi bat eta aire hori bibrarazteko beharrezko dugun eragilea. Menbranofonoak; hotsa, zabaldu eta tinkaturiko menbrana baten bibrazioek sortzen dutenean. Kordofonoak; bibratzen jarritako soka tinkatuek osatzen duten soinutresnak dira. SOINUTRESNAK EUSKAL HERRI MUSIKAN Hona hemen, aurkezturiko sistema erabiliz, Euskal Herriko soinutresnen zerrenda. Hau, Aita Donostiak "Instrumentos de Música Popular Española" lanean erabilitakoaren antzekoa da, bera ere, E. Hornbostel eta C. Sachs en sailkapen eran oinarritu baitzen. IDIOFONOAK Soinutresna jotzeko erabiltzen den eraren arabera banaturik. A) Zuzenean perkutituriko idiofonoak: Txalaparta eta bere bariante diren toberak eta kirikoketa,...eskuak txaloak, zurrume edo takoiak..., bata bestearen kontra jotako bastoiak, makilak, ezpatak, mailu kabiko, almaizak, "hierros". B) Era ez zuzenean perkutituriko idiofonoak: Tarrañuelak, kriskitinak, arxaluak, goilareak, kalaka, matraka mailuak, ezkilak joaleak txintxarriak, kaskabilo, kanpaiak, panderoaren txindak, kainabera, kaskabeleta, kilikalaska, klasketa (behatzak), intxaurrak, kaskamelan, talaka. D) Igurtzi edo harraskaturiko idiofonoak: Karraka, igurtzitako botilak, E) Punteaturiko idiofonoak (malguak): tronpa mosugitarra mosumusika, igela, AEROFONOAK Airea bibratzen jartzeko erabiltzen diren sistema edo eragilearen arabera taldekatzen dira. A) Flauta baten ertz zorroztua: Jostailuzkoflautak: Txulubitak, txilibituak. Esku bateko flauta zuzenak: Txistua, txirula. Bi eskuko flauta zuzenak: Txilibitua, Orduñako txilibitua. Irun Hondarribiko txilibitoa. Zeharkako flauta: "Pifano". Hodi hertsikoak (Flauta de Pan): Zikirotzaile txilibitua. Bestelako txulubitak: Albarikoke hezurra, latazko txulubita. B) Ezpainen bibrazioa Tronpeta: Adar mota desberdinak, turuta korneta. D) Mihien bibrazioa: Mihi bakarrekoa Klarinetea: (batientea) Alboka, xirularrua, harrobietako korneta. (librea) Akordeoi diatonikoa soinutxiki trikitixa, akordeoi kromatikoa, ahosoinua xotixe armonika. Mihi bikoitzekoa Oboea: Gari sustarra, Sunprinu, tronpeta, txanbela, dultzaina gaita, xirolarru gaita bota. E) Aerofono librea: Firringila, furrufarra, burrun. F) Bestelakoak: Hegabera erreklamua. Orkestra bandako herri musikan erabilitako bestelako haizezko soinutresnak: klarinetea, rekintoa, trabeskako flauta, tronpeta, tronboia, bonbardinoa..... MENBRANOFONOAK Eragiteko eraren arabera sailkatuko ditugu. A) Perkutitu kolpeatuak, makil, baketa edo eskuarekin: Atabala, danborra, danbolina, tinbalak, bonboa, panderoa,... B) Igurtzitakoak: Zuzenean: Panderoa Ez zuzenean, ziri edo soka baten bitartez bidalitako bibrazioa: Eltzegorra, ttipiuntzia zanbonba. D) Airearen bidez (mirlinton delakoa): Turuta, tulurte. KORDOFONOAK Soka eragiteko eraren arabera, hiru taldetan sailkatzen ditugu: A) Pultsaturiko soka: Lauda, bandurria, kitarra, maniura arpa. B) Igurtzitako soka: Arrabita bibolina, zarrabete, Arizkungo "arpa". D) Perkutituriko soka: Danburia ttunttun. Ez ditugu ahaztu behar, musika emateko eta entzuteko gure herrietan erabili izan diren beste tresnak, hala nola, "organilloa" piano mekanikoa, gramola gramofonoa eta musika erreproduzitzeko bestelako tresnak. Zerrenda hau ikusirik, garbi dago Euskal Herri musikak izan duela eta zenbaitetan baduela organologia aldetik, hots tresna jostailu edo soinutresna barietate ugaritasuna eta aberastasuna. Asko dira azken ehun urtetan galdu edo jotzenutzi egin direnak: xirularruak, zarrabetea, arrabitak, gaurko zaharrek ezagutu zuten Larraungo artzaiek jotzen zuten sunpriñuak, Bidasoa eta baztanaldeko txalaparta moduko kirikoketa, arrabitajoleak, aire libreetako burrun eta furrufarrak... bainan nahiz eta murrizten ari, ez dira denak desagertu. Gaur egun entzun daitezke idiofono taldeetako txalaparta, tobera, dantza doinuetarako erritmoa markatzeko erabiltzen diren kainaberak, harxaluak eta kriskitinak. Gure sukalde, ostatu eta plazetan orain gutxi arte entzun den malgua den tronpa mosukitarra txikia. Aerofonoetako flauta diren txistu eta xirula, oboe motako txanbela, dultzaina gaita, klarinete bikoitza den alboka, adarrak eta azken garaietan gure herri musikan nagusitu den akordeoi diatoniko. Menbrafonoetako diren atabalak, danborrak, panderoak eta animali edo pertsonak izutzeko Gipuzkoa eta Nafarroako zaharrek ezagutu duten eltzegorra, madarikatua. Kordofono kolpeatua edo sokazko danborra den ttun ttuna eta oraindik herrialde batzuetan ihauteri eta herriko festeetan entzuten diren soka taldeak. Juan Mari Beltrán Argiñena, Herri Musikaren txokoko arduraduna Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza Copyright © Eusko Ikaskuntza