Gipuzkoa Kultura

Lotutako artikuluak

Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Monumentua, estatua eta eskultura publikoa: Oteizaren lau adibide ezagun Euskal Herrian

“Nolabait ere, artea galtzen ari da hiriaren estetika zehazteko erreferente nagusi izateko zuen gaitasuna eta, horren ondorioz, objektu artistikoak ere galdu egin du espazio publikoaren konfigurazioan zuen lehentasunezko posizioa”.
Santiago Eraso

1. Hitzaurrea

XX. mendeko erdialdetik hona gune publikoetan eskulturak izan duen berragerpena, arkitekturarekin edota inguruarekin elkarrekintzak sustatzeko ahaleginekin nozitu izan da oso maiz. Tradizioaren erroetan sustraiturik zegoen monumentuak erakusten zuen sama sinboliko astuna arindu baizen pronto, eskultura bere horretan gelditu da biluzik, arkitekturaren eta hiri-altzarien geroz eta presentzia bortitzagoaren pentzuan makalduta. Euskal Herriko panoraman eta batik bat, bizitzea tokatu zitzaien denbora kontuan izanda, zenbait artista eta eskulturagile izan dira ohiko erakustoki, azoka eta museoetatik at euren lekukotasunaren aztarna utzi izan dutenak. Beti ere monumentuaren, eskulturaren, arkitekturaren zein hirigintzaren edota paisaiaren antolaketaren baldintza sano iheskorretan murgilduta.

Bere jaiotzaren mendeurrenean Jorge Oteiza gogora ekarrita, eskultorearen belaunaldiko eta ondorengokoetako kideek jaso izan dute zuzenean abangoardietan euskarritutako ikerkuntza plastikoaren oinordekotza eta zeharka, kultur erreferentziez hornituriko diskurtso estetiko, etnografiko eta antropologikoaren lekukotasuna. Lerro xume hauetara Oteizaren eskultura publikoaren lau adibide dakartzagu, laurak ere Euskal Herriko paraje ezagunetan kokatuak.

Lehenengo biek Oteizaren ibilbidearen unerik adierazgarrienak gogoraraziko dizkigute, era batera edo bestera XX. mende erdi horretako euskal kulturaren gorabeherak azalduz. Bizpahiru hitzetan, Arantzazuko santutegian Oteizak lehen garaietako figurazioaren saiakera espresiboen hariari eusten dio, hain justu ere hutsuneari eta hustuketari buruzko gogoetak plazaratzen hasten den momentuan, 1950eko “Figura para regreso de la muerte” egiten duenean1. Urte batzuk beranduago, Agiña mendiko hilarriak Oteizak izandako garapena agerian jartzen du, bere eskulturaren amaierako fasean legokeen konklusiozko etapan, ‘zero-abstrakzio-hutsaren’ lorpenarekin, ‘espresio kontrolatuaren’ eta ‘estetika negatiboaren’ ildoan.

Gainerako beste bi adibideek, ordea, ez digute monumentu-izaeraren hizkuntza sinboliko berbera helarazten. Bai Bilbon eta bai Donostian XX. mendearen azkenean jarririko bi eskultura ospetsuak, beste hainbat herri zein hirietan (Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo) aurkitu ditzakegun gehienen paradigma legez aipatu ditzakegula uste dugu. Normalean, Oteiza omentzeko eta bere lana ezagutarazteko aitzakiaz buruturiko eskala handiko erreprodukzioak izaten dira, sarri askotan hiri-espazioan egituratu beharreko kokapen estrategia egokiak ongi asmatzeko oztopo nabarmenekin.

2. Monumentua eta historia: Arantzazuko esperientzia eta Aita Donostia zenari eskainitako oroitarria

Oteizak propio zuen sorkuntza esparrua, bizi baldintza pertsonalak eta kolektibitatearenganako konpromiso politikoa medio, bere gain hartu izan du XX. mendeaz geroztik arteak aukeratu zituen bide bihurrietatik igarotzeko eginkizuna eta, oso maiz, arnasestuka dabilenaren pareko nekea. Alde batetik, Oñatiko Arantzazun zenbait mendetan izan diren frantziskotarren elizaren berreraikuntzan ipini beharreko apostoluen frisoan, monumentuaren errepresentazio-baloreak antzematen dira oraindik ere, nahiz eta estetika formal berritzailea argi eta garbi azaldu. Arantzazun ez ditu soilik ohiko imajina erlijiosoak modernitateko mintzaira artistiko estetikoarekin eguneratzeko asmoak erakusten, zeren eta eskultura-estatuaren gorpuzkera formalari gizarte jakin bateko ezaugarri sozial eta politikoak batuko zaizkio. Interpretazio eskultorikoaren izaera kolektiboan barneratuz, euskal ohitura eta tradizio erlijiosoan horrenbesteko pisua izan duen ingurumari sinbolikoan utziko digu iragan hurbileko denbora erreal baizen utopikoaren testigantza etiko eta estetikoa.

Arantzazuko apostoluak basilikaren aurreko fatxadan

Arantzazuko apostoluak basilikaren aurreko fatxadan. Hamar urte inguru bide bazterrean botata gelditu ostean, 1960ko hamarraldiaren amaieran kokatu zituen Oteizak. Argazkia: Isusko Vivas Ziarrusta

Bestetik, aipaturiko dialektika zeharo aldatzen da Aita Donostia kaputxino eta musikagilearen oroimenari Natur Zientzietako Aranzadi taldeak eskaini zion estelarekin (1957-59). Hemendik aurrera erradikalagoa eta askozaz soilagoa den ikerkuntza plastikoan arituko da J. Oteiza buru belarri, kuboaren eta esferaren hustuketara heldu arte; kutxa metafisikoekin, klarionen laborategiarekin eta egitasmo esperimentalarekin. Dena dela, Aita Donostiaren estela mendi sinboliko baten ezarritako monumentua (estatua) dela ezin ukatu; eskulturaren ‘hustasunarekin’ lotura duen cromlech deritzen harri txikiz osaturiko zirkuluak aldamenean dituela, oinarrizko ‘erakargarri espiritual’ gisa. Modernitatetik eta abangoardiatik abiatutako arteak garai mitologikoarekin topo egiten du; talka horretan kontu zaharretako paisaia magikoekin, arrasto arkeologikoekin eta berriro ere funtzio erlijiosoa duen kaperarekin integratuz. Eskulturaren eta arkitekturaren jakintzak elkarlotzen dituen proiektuak, estazio megalitikoa aurkitzen den orografia konplexuan erlazio oparoak proposatzen dizkigu, harrespilen eta trikuharrien kultura neolitikoa abangoardiako estetika iraultzailearekin hartu-emanetara erakarriz2. Horrela, hiruzpalau elementu dira bertako espazioan eragiten dutenak:

. Toki sakratua Cromlech mikrolitikoaren lekuan, ‘cronotopos’ jakinean irudikaturiko identitate kolektiboaren aurriekin (‘paisaia etnografikoa’). ‘Jaungoikoa harrapatzeko tranpa’ eraikitzen duen artista-magoarena.

. Modernitatearen arau eta berezitasunetik lurralde mitikoarekin eta ‘objektu sakratuarekin’ kidetzen den eskultura-estatua (‘huts’ sinbolikoaren adierazle paregabea den estela-hilarria).

. Kristautasunari loturiko benerazio erlijiosorako kapera arkitektonikoa (‘mikro-arkitektura’), Oteizarengan, nola edo hala, ‘inperio’ indoeuroparraren ‘ofizialtasunetik’ aurre-indoeuropar kulturaren ustezko kontzientzia modu sinkretikoak kateatzen dituena.

. Altzari-esertoki litikoak, inertzia eta interferentziarik gabe lokarri neutroak korapilatzen dituztenak; isiltasunez, erresonantzia gutxirekin eta tentsioak baretuz.

Kaperak, monumentuak eta historiak elkarren eskutik lekua eratzen dute Lesakako Agiñan

(1957ko Munibe 3, Suplemento de Ciencias Naturales del Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País aldizkariaren 188-189 orrialdeetan argitaraturiko krokisak oinarritzat hartuta trazaturiko marrazkia). Kaperak (Luis de Vallet y Montano arkitektoaren estruktura paraboloidea, bertako soinuak erakartzeko), monumentuak (eskultura-estelak; ‘kutxa beltz’ baten barnean erliebe negatiboz inskribaturiko zirkulua, erdigunetik zertxobait desbideratua) eta historiak (cromlech mikrolitikoarekin paisaia hori jada monumentu baitzen) elkarren eskutik ‘lekua’ eratzen dute Lesakako Agiñan; sor litezkeen tentsioak zinez leuntzen dituen toki-kokagune adierazkorrean.

3. Eskalaren eraldaketak: Oteizaren oihartzuna hirietako paisaia urbano postmodernoetan

Hasieran genion bezala, goiko paragrafoetan XX. mende erdialdeko Oteizaren lan publiko esanguratsuenak aipatu ditugu. Izan ere, tailerra uztearekin batera esperimentazio plastikoaren bilakaerak ez zuen helmuga ikusiko baizik bide berrietarako iragapidea: Oteizak eskultura utzi eta ‘hirira pasa behar dut’ zioenean bere ibilbide intelektual eta artistikoaren punturik goren eta interesgarrienaren ateetara urreratuko gintuen. Erro kultural sendoak zituen pentsaera politiko estetikoa arte hezkuntzaren eremuan, gizakiaren heziketa izpiritualerako ezinbestekoa zena, eta bestalde hiri-espazioetan proposaturiko esku-hartzeekin gauzatuko du. Horien testigu apartak izango dira Montevideoko José Batlle eta Ordoñez-en monumentua eraikitzeko konkurtsoa (Roberto Puig arkitektoarekin, 1959an), Donostiako ‘Izarrak Alde’ hilerria Ametzagañan (Daniel Fullaondo-rekin, 1985en) edota Bilboko Ardo Biltegiko ‘kuboa’, hau ere laurogeigarren hamarkadaren akabuan (Sáenz de Oiza-rekin). Eskultura eta arkitekturaren uztarketa helburu zuten ekintza hauen nondik norakoak agertuko dira ziurrenik ale berezi honetan ere3. Kontu egin behar da beraz, ‘arteak hiriaren estetika zehazteko erreferente nagusi izateko zuen gaitasuna’ zuzen-zuzenean ari zela islatzen, Santiago Erasok hastapeneko aipuan esaten zigun legez, inoiz portu onera iritziko ez ziren proposamen nahiz proiektu arkitektoniko eta eskultoriko hauekin.

Arras desberdina litzateke, hain zuzen, Euskal Herriko geografian han-hemenka barreiaturik dauzkagun Oteizaren eskultura publikoen kasua. Lehen genionez, gehientxoenak bere prozesu esperimentalaren fruituetatik eratorririko eskala handitzeak izaki, hiri-eskenatoki postmodernoetan zeresan izugarria daukate. Azkenaldian izan du entzuterik, besteak beste, Bilboko Udaletxearen aurrean ezarritako ‘esfera huts’ erraldoiak. Uren Partzuergoak ordaindu zuen eskultura ibai ertzeko ‘Campo de Volantín’ erriberako pasealekura eraman zuten, dirudienez, arazo teknikoak bitarteko4. Gaur egun Bilboko Arte Eder Museoko bildumako parte den “Esferaren hustuketaren” serieko piezak nolabaiteko oreka apurtzen du Udaletxeko zubiaren eta eraikin historikoaren (Joaquín Rucobarena, 1883-93) testuinguruan. Ikonografikoki oso indartsua den paisaia urbanoari neurriz kanpoko eskultura auto erreferentziala gainjarri zaio, berau ere txit boteretsua eta potentzia ikonografiko erabakigarria duena5, urteen joan etorrian irudikaturiko perspektiba eta simetria guztiak eraldatuz6.

Kaperak, monumentuak eta historiak elkarren eskutik lekua eratzen dute Lesakako Agiñan

Oteizaren Bilboko obra honek ez du lortzen bateratasunik ez arkitekturarekin, ez ingurunearekin ezta materialekin, ikuskizun benetan nahasiak sorraraziz.
Oteizaren “Eraikuntza Hutsa (lau unitate zapalekin negatiboa/positiboa)”, 1957 (Donostia). Argazkiak: Isusko Vivas Ziarrusta

4. ‘Hain gertu baina hain urruti’: Oteiza eta Chillida parez pare Donostiako Badian

Distantzia fisiko eta kontzeptualak tarteko, antzeko irakurketa posiblea ez ezik erabat zilegia litzateke Donostian, Kontxako Badiaren eskuineko erlaitzeko Paseo Berrian. Hau ere itsas bazterreko espazio bitxia kontsidera daiteke, portu zaharraren, Erdi Aroko hiriaren eta Kortazarren zabalgunearen arteko elkargunean; Urgull mendiko harresien azpian eta Donostiaren historiak berak abiapuntua duen tokian. Hemen, eskala egokirik lortzeke dakusagun Oteizaren pieza monumentu bilakatua ez da erraztasunez txertatzen inguruneko paisaiarekin elkarrekintzan. Hiri altzariz gainezka, egurrezko plataformara igoa eta autoen aparkalekuaren ondoan, bertako izaera bereziarekin zubirik eraikitzea kosta egiten zaio7. Oteizak utzitako ondare artistikoaren kudeaketak ohituta gauzka aspaldi esperientzia eskultorikoaren sustraietan dautzan interes gakotik at sortzen dituzten erreprodukzioetara, Euskal Herriko gure hiri eta herrietan.

Aitzitik, Eduardo Chillidak eta Luis Peña Gantxegi arkitektoak 70. urteetan gauzaturiko “Haizearen Orrazia” deritzon hirigintza jarduera eskultoriko, urbanistiko eta arkitektonikoak hiriaren eta itsasoaren arteko mugak identifikatzen ditu, itsasaldeko harkaitzek hiriari ‘tartea’ irekitzen dioten lekuan. Burdinaren herdoildurak margoturiko harrietan txertatzen dira eskultura gorri arreak, mendiaren eta itsasoaren arteko erdigune ‘sakratutik’ ikuskatzen ditugunak8. Kontxako beste aldean dena da gainjarria; lorategiak, euskarria eta ‘altzariak’. Chillida eta Oteiza, hain hurbil baina horren urruti; bai joera pertsonalean eta baita Donostian ere, kostaldeko hiri-espazioetan. ‘Haizearen Orrazian’ paisaiak berak hartzen du eskulturaren eskalara egokituriko itxura eszenografikoa. Oteizarekin aldiz, onartu beharko genuke haren eskulturek ez dutela eskalarik; ezen ‘tokirik’ ere ez baitute. Pedro Manterolaren hitzak gogoratuz, haien ‘lekuak’ abstrakzio hutsa behar du izan, berorrek (Oteizak) ‘espazio irekia’ izendatzen zuena9. Gure egunetan, gune publikoetarako espresuki landu ez diren artelanekin (Oteizarenak ez eze beste hamaika), laster uler daiteke objektu artistikoak ere galdu egin duela edo galtzeko zorian dagoela, agian, espazio publikoaren konfigurazioan zuen lehentasunezko posizioa (S. Eraso).

1 Ikus; “Experiencia y vacío: los componentes míticos y místicos en la obra de Jorge Oteiza”, in: Ondare 25, 1939-1975 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2006, 327-335 orr.

2 Ikus: ARNAIZ, Ana. “Entre escultura y monumento. La estela del Padre Donostia para Agiña del escultor Jorge Oteiza”, in: Ondare 25, 1939-1975 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2006, 305-325 orr. Ikus baita ere; DELGADO, António. “Estela, escultura e memória”, in: O Arqueólogo Português. Actas do VIII Congresso Internacional de Estelas Funerárias, Lisboa, Museu Nacional de Arqueologia, 2006, 515-522 orr.

3 Autore eta aditu asko izan dira Oteizaren obraren, pentsamenduaren eta bizitzaren inguruan liburuak eta artikuluak idatzi dituztenak. Jarduera eskultoriko arkitektonikoari buruz duela gutxi ikerketa akademikoen ondorioz argia ikusi duten testu hauek gomendatuko ditugu, beste batzuen artean;
- ARNAIZ, Ana; ELORRIAGA, Jabier; LAKA, Xabier; MORENO, Jabier. “Monumento para una ciudad: Oteiza y el cementerio de Ametzagaña”, in: Ondare 26, 1975-2005 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2008, 255-275 orr.
- REMENTERÍA, Iskandar. “Ambivalencia de lo estético en la construcción del imaginario. El caso de Oteiza en la Alhóndiga de Bilbao y su contexto histórico-social”, Ondare 26, 1975-2005 bitarteko Euskal Artearen Berrikusketa, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2008, 201-215 orr.

4Antza denez, Udaletxearen pareko errepide-gurutzean ipintzea izan omen zen hasiera-hasierako nahia. Azkenez, Francs Bacardit i Segués eta Manuel Ruisánchez i Capelastegui arkitektoek diseinatu behar izan duten euskarriak zubiaren eta moilen elkarguneari maldadun plataforma eransten dio, antzinako eskailerak ezkutatuz eta kota diferentziak zeharo aldatuz.

5Ez dezagun ahaztu altzairuzko eskultura handiak modernitatearen sinbolo izan direla azken boladan; baita Euskal Herrian ere.

6Behin baino gehiagotan eta nahi genukeena baino maizago, monumentuaren izaeratik ‘anti-monumentu’ edo ‘neo-monumentu’ bihurtzen diren heinean, ezein artistaren ekarpen ugari erabili izan dira irudi korporatiboen, administrazio publikoen zein erakunde pribatuen interesen mesedetan.

7 Oro har, ez du sintoniarik espazioen konposaketarekin, ez hiri-egiturarekin ezta espazio publikoekin. Alderantziz gertatzen de adibidez Tolosan, hiriko plano eta ardatz anizkoitzekin harreman espazialak zaintzen direnean.

8Itsasoak eta hiriak nola borroka egiten duten ikusteko txoko aparta, urbanizaturiko espazio antropikoa zoru publikoaren gestio egokia bidelagun zuela hezurmamitu zen Ondarretako hondartzaren luzapenean eta Igeldoren magalean. Aldi berean hiriaren hasiera eta amaierako espazioa (a/O); hau da, azkenekoa edo aurrenekoa, segun eta lur barnetik edo itsasotik hurbiltzen gatzaizkion. Bokazio urbanoa duena alegia, hiriaren limiteen metafora ur kolektore abandonatuaren gainean buruturiko interbentzioarekin, arrantzaleen pasabide zaharraren eta moilaren gainean eraikia.

9MANTEROLA, Pedro. “Oteiza era un seductor”, El Correo, 2008ko urtarrilaren 6an, 92-93 orr.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media