Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola Helduen euskalduntzean eragiten duten prozesu psikosozialak: motibazioaren errola * Nekane Arratibel Insausti Lerro hauetan laburbiltzen den doktorego tesi hau egungo gure gizartearen islada da neurri handi batean. Egungo gizarte kulturanitzetan geroz eta ohikoagoa da, egoera elebidun eta kulturbidunak, hobeto esan eleanitzak, aurkitzea. Egoera honek, gizabanakoarengan eragiten du bi hizkuntza eta bi kultura, edo gehiagoren arteko erlazioak mota batekoak edo bestekoak izango direlarik. Bigarren hizkuntzen jabekuntza, diziplina ezberdinetatik modu ezberdinean aztertua izan bada ere, eta prozesu horretan parte hartzen duten aldagaiak ere mota askotakoak izanik, guk aldagai psikosozialak hartu ditugu batik bat kontutan: sare sozialak, bizitasun etnolinguistikoa, identitate etnolinguistikoa, jarrerak eta bereziki motibazioa. Lan honetan bi lagin erabili ditugu. Lagin orokorra euskara bigarren hizkuntza 2H bezala ikasten duten 566 helduk osatzen dute orohar, hauetatik %61.4a emakumezkoa izanik. Hauek: gazteak dira, ia %75ak 30 urte baino gutxiago ditu; erdia baino gehiago euskaldunen presentzia populazioaren %20a baino baxuagoa den herrietan jaio eta bizi dena da; gutxi gora behera erdiak bi gurasoak Euskal Herrian jaioak ditu; gurasoak erdaldunak dira gehiengoaren kasuan eta sujetuen ama hizkuntza ere gaztelania da kasurik gehienetan. Bigarren lagina euskara transmisio kanpainetan ikasten duten helduek osatzen dute, 451 guztira, eta hauetatik %90a emakumezkoa da. Hauek: batazbeste 35 urte dituzte; laurdena Euskal Herritik kanpo jaioa da eta hemen jaioak direnak orohar gune erdaldunetan; bizi ere gune ia erabat erdaldunetan bizi dira erdiak inguru; erdiek gurasoak ere Euskal Herritik kanpo jaioak dituzte; gurasoen lehen hizkuntza gaztelania da eta baita beraiena ere. Lagin orokorreko galdesortak Euskal Autonomi Elkartean eta Nafarroan pasa ditugu eta transmisio kanpainako laginekoakEuskal Autonomi Elkartean bakarrik. Gainera, kontutan izan dugun beste aspektu bat euskaltegia kokatua zegoen herriko euskaldunen presentziaren portzentaiarena izan da, horrela bost gune soziolinguistiko ezberdindu ditugularik: %0 20, %20 40, %40 60, %60 80 eta %80a baino gehiago euskalduna izatea. Aldagai psikosozial hauek kontutan izanik eredu bat proposatu dugu eta gure laginetan betetzen den ikusi nahi izan dugu (ikus 1 Irudia). Diseinu korrelazionala eta eredu kausalak (LISREL) erabili ditugu proposaturiko eredu hori gure laginean frogatzeko, eta emaitzek zera adierazi dute:1) badaude sujetuarengan garrantzitsuak diren zenbait aspektu (jaioterria, gurasoen lehen hizkuntza eta sujetuaren gertuko sareak duen euskara ezagutza maila) hauek sujetu horren sare soziala baimentzen dutelarik, hau da, sujetuak gertuko nahiz urrutiko sarean eta norbanako erabilpenetan egiten duen euskara erabilpen maila aurrez aipatu ditugun aspektuek markatua dago; 2) sare honek, aldi berean, sujetuarengan gertatuko diren azpiprozesu psikosozialetan eragingo du, eta sarearen arabera, identitate bat, jarrera jakin batzuk eta orientazio motibazional jakin bat garatuko dira. Horrela, zenbat eta euskara ezagutza handiagoa izan sujetuaren sarean eta ondorioz erabilpen handiagoa egin, sujetuak identitate euskaldunagoa garatuko du, euskaldunekiko jarrera positiboagoa eta orientazio motibazional integratzaileagoa izango ditu; eta, 3) sare sozialak eta aspektu psikosozialek sujetuaren portaera, edo bestela esanda euskararen jabekuntza mailan, eragingo dute. Beraz, eta gure ereduan proposatzen genuen bezala, sujetuaren sare soziala eszenatoki moduko bat litzateke, eta hemen gertatzen denaren arabera, azpiprozesuak modu batera edo bestera gertatuko dira sujetua eta objektuaren (kasu honetan euskararen) arteko interakzioan. Eredu hau lagin orokorrean frogatu dugu, esanguratsua izanik (c =27.61, 22 a.g., p=0.18; GFI=0.97 eta AGFI=0.94), baina transmisio kanpainako laginean ez da esanguratsua. 1 IRUDIA:Ukipenezko 2Hen jabekuntza eredu soziopsikologikoa. Emaitza eta ondorioei dagokienez, bi motatako ondorioak atera ditugu: 1) teorikoak, eta 2) aplikaziorako baliagarriak izango direnak. 1) Teorikoen artean lehenengo motibazioari buruzkoak aipatuko ditugu: a) Gardner ek (1985) planteaturiko orientazio integratzaile, komunikatzaile eta instrumentaletik, integratzailea dena aurkitu dugu eta antzera funtzionatzen du gure egoeran ere. Baina orientazio komunikatzailea ez da bereziki gure testuinguruan agertzen, orientazio mota honi dagozkion itemak orientazio integratzaileari dagozkionekin batera agertzen direlarik. Honen arrazoia izan liteke beste bigarren hizkuntza batzuk atzerriko jendearekin komunikatzeko balio dutela eta euskarak ez duela gaitasun hori. Modu honetan baieztatzen da, zeharka bada ere, 2H atzerritarra eta 2H ukipenezkoen arteko ezberdintasuna garrantzitsua dela: 2H atzerritarretan orientazio komunikatzailea orientazio motibazional berezia izango da, baina 2H ukipenezkoetan orientazio integratzailean barneratua agertzen da; b) orientazio instrumentala orientazio motibazional berezia dela esan genezake, gure testuinguruan ere aurkitu dugulako. Baina hau ere modu berri batean aurkitu dugu, bitan banatzen baita: b1) lan munduarekin soilik lotzen den irabazia alde batetik, instrumental laborala edo deituko dioguna eta, b2) bestelako irabaziak, hautazkoagoak direnak gizabanakoarentzat eta instrumental pragmatikoa deituko geniokeena; eta d) bestelako orientazio motibazionalak ere aurkitu ditugu lan honetan, transmisio motako orientazio motibazionala hain zuzen ere, lagin bereziek dituzten helburu bereziekin lotzen dena izanik azken hau. Ondorio teorikoekin jarraituaz, eta gure eredu psikosozialari dagokionean berriz: a) lortutako eredu kausala baliagarria da literaturako ereduen berrikusteken etengabeko bilakaeran ere parte hartzeko; b) prozesu psikosozialen artean motibazioa, identitate etnolinguistikoa eta jarrerak garrantzitsuak gertatzen dira (baina ez bizitasunetnolinguistiko subjetiboa), baita beraien arteko erlazioa ere, guzti honen bitartez euskalduntzea ulertzeko, eta d) euskalduntzea zuzenean esplikatzen da aipatutako prozesu psikosozialen arabera, baina baita sare sozialaren arabera ere, azken hau emaitza enpiriko berria izanik. 2) Ondorio aplikagarrien artean, lehenengo lortu den eredu psikosozialari dagokionez: a) egoera soziala neurri batean bakarrik aztertu dugu, egoera mikrosozialaren ezaugarri batzuk kontutan hartuaz: gizabanakoaren testuinguru soziodemografikoa eta soziolinguistikoa hain zuzen. Egoera honetatik hasten da prozesu kausala, hau da, egoera honetan ematen diren ezberdintasunen arabera bide ezberdinak jarraituaz, eta errazagoa ala nekezagoa suertatuz, gertatuko da helduen euskalduntzea. Ondorioz, Euskal Herriko ikerketa soziolinguistikoek lortu dituzten emaitzak kontutan hartu behar dira azpi egoera bakoitzerako zein motatako hizkuntz plangintza egin behar den jakiteko, horrela euskalduntzea arrakastatsua gerta dadin; b) azpi egoera hauetako aldagai esanguratsuak zeintzuk diren aurkitu dugu gure ereduan: b1) sujetuen jaioterria (soziodemografikoa), eta b2) gurasoen lehen hizkuntza (soziolinguistikoa). Horrela, hauen arabera multzokatu beharko litzateke helduen populazioa, multzo bakoitzarentzako plangintza egokitu berezia egiteko; d) sare sozialak erdigunea betetzen du lortu dugun ereduan guzti honegatik: d1) gizabanakoaren egoera soziala eta prozesu psikosozialen artean lotura egiten duelako; d2) zuzenean ere eragina duelako helduen euskalduntze prozesuan, horregatik helduen populazioa multzokatzeko beste bide egoki bat litzateke esanguratsu gertatu diren aldagaiak ezagutzen ditugulako kasu honetan ere: gertuko sareak duen euskara ezagutza maila, sujetuak gertuko nahiz urrutiko sarean egiten dituen euskara erabilpenak eta norbanako kanpo nahiz barne erabilpenak; eta e) gizabanako egoera psikosoziala ere erabil daiteke populazioan azpi multzoak egiteko, hau biderik egokiena izan daitekeelarik: e1)prozesu psikosozialak eragin zuzena duelako euskalduntzearen emaitzetan; e2) prozesu honen arabera multzokatze sakonagoa eta finagoa egin daitekeelako; e3) honen arabera esplika daitezkeelako euskalduntzearen arrakasta nahioz porrota eta azkenik e4) hauek aukerazkoenak direnez aldakorrenak eta zentzu horretan maneiagarrienak direlako euskalduntze arrakastatsuraino iristeko. Ondorio aplikagarriekin jarraituz, baina tipologia psikosozialari dagokionean: a) motibazio prozesuaren arabera, aztertu ditugun bi laginek tipologia antzekoa bakarrik azaldu dute, neurri batean berdina baina beste neurri batean ezberdina; b) ondorioz euskaltegiek orain artekoaz gain ia aurrez azpi populazio berezietarako ikastaro bereziak prestatu behar dituzte eta beste batzuetan, malgutasun handiz, ikastaro bakoitzean egongo den populazioaren ezaugarrien arabera gauzak berrantolatu, emaitza arrakastatsuetaraino heldu nahi bada eta d) helburu eta motibazio mota guztiekin lor daitezke emaitza onak, motibazio mota bakoitzaren perfil soziodemografiko, soziolinguistiko eta psikosoziala nolakoa den, alde batetik, eta nolako helburuak lortzeko baliagarria den bestetik, ezagutzen dugulako, badirudi tipo bakoitzarekiko ondo planifikatuz gero, lortuko diren emaitzak onak behar dutela izan kasu guztietan. Nekane Arratibel Insausti, Gizarte Psikologia eta Portaera Zientzien Metodologia Saila Psikologia Fakultatea, Tolosa hiribidea, 70, 20080 Donostia Euskonews & Media 99.zbk (2000 / 11 / 10 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik "konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu Irakurri gehiago lotura informazio gehiago lortzeko.